Mexiko matxinatua
Mikel Ayllon
Ama iraultza
Izkiriatuko nituzke milaka eta bat poema iraultzaile
askatasunari oihu eginen nioke
esperantza eta burrukaren dorre irmearen puntatik
agurtuko nituzke betiko malko garratzez eraikiriko murrailak
noiz arte ibiliko gara larrosa petalo gorriz blaituriko ibilbideak idoro arte?
gala galduak, kontuz bala galduekin, zioskun iraultzak
eroriko dira zeldetako barrote eternalak
ez dago giltzarik gabeko aterik zioskun iraultzak
milaka eta bat gau irabazi arte
Egin ezazu iraultza
mundua aldatzea ez dut erdietsiko
saldu baitigute historiaren bukaera
bukatu omen dira iraultzak
Marxen teoriak hil direla esatera
ausartu dira profeta arkaikoak
baina ez dituzte Platonen esanak kontutan hartu
iraultzaren ideia hilezkor eta eternala delako
gorriz tindatu artean inguruak
munduak bederen ez nau ni aldatuko
baina ohar gaitezen laiek
ez dutela soilik lurrean lan egiteko balio
aitzurra, goldea eta bandera gorriak
danbolin urrun baten internazionalaren doinua
dakarkigunean aidean hegaka
egin ezazu iraultza.
|