L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Vladimir aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Vladimir. Ale berezia (2000ko martxoa) —<vlad1403>




 

 

21.30

 

Geratu ginen bezala, Arranon elkartu gara Beatza eta Gurru. Juergiren arrastorik ez dugu oraindik. Fundamentu ederrarekin prestatuko dugu gaurko emanaldia ere! Udaletxearen aginduz bi egunetan zehar itxita izan den gaztetxean, Manuelan dugu errezitaldia, astebururako prestatu diren ekitaldiei hasiera emateko ohorea egokitu baitzaigu. Kartelean, Vladimir eta Mikel Markezen izenak ageri badira ere, azken unean Mikelek etortzerik ez duela esan digu. Haren partez Kutxus omen dator kitarrarekin laguntzera, Txilikuk hala ziurtatu digu behintzat.

        Juergiren zain gauden bitartean, errezitaldirako poema bat egiten dihardugu Beatza eta Gurruk. Beatzak dituen esaldi solte batzuk lotzea da gure denborapasa, batetik besterako zubiak egitea. "Amets nostalgikoetan murgildurik / erretzen dinago denbora".  Gaurko emanaldia ez da hain gorria, hain iraultzailea izango. Ez hasieran behintzat. "Harrizko lorea dinat bihotz ondoan". Vladimirren bihotz ttipia agerian geratuko dela dirudi. Inoiz baino gehiago.

        Juergiren atzerapenak poemaren luzatzea ekarri du. Azkenean, poema baten faltan bi poema ere egin ditugu. Gurru hasi da poema ozen irakurtzen, orritik eztarrira poesia asko aldatzen baita.

 

        Herdoilak oroitzapenak bezala

                Barrutik erretzen nain denborak

                Metalezko txontxongiloak ditinat

                Ohe ertzean esekita

                Eta guk haiei begira

                Amets nostalgikoetan murgildurik

                erretzen dinagu denbora

                badakin

                ametsak eta desioak

                suizidioaren esklabu bihurtzen direnean

                nik ere hik bezalaxe

                harrizko lorea dinat bihotz ondoan

                sentitzen dinat

                baina ez naun ohitzen

                inoiz kolorerik izango ez duenari

                ur gardenegia botatzen

                alferrik irtengo naun

                ausardiaren balkoietara

                burua zutik eta bularra blai

                handik begiratuko dinat

                baina beti izango ditun leiho garaiagoak

                beti izango ditinagu

                begi haiek zelatan

                eta guk ez dinagu ulertuko

                begirada hark eskainitako definizioa

                ta begirada hark ere

        ez gaitin gu ulertuko

 

        Poema irakurtzen bukatuta, Manuelara abiatzea erabaki dugu Beatza eta Gurruk. Juergik badaki emanaldia noiz eta non dugun, eta azalduko da (azalduko ote da?!).

 

 

21.55

 

Beatza eta Gurru gaztetxera iritsi gara. Jendearengan poztasuna antzematen da, alaitasuna arnasten da airean. Bi egun itxita izan ondoren berriz ere ireki izanak irribarre bana marraztu du bertakoen aurpegietan.

        Txiliku, gaztetxeko anfitrioia, hurreratu zaigu, inork baino irribarre zabalagoa dakar. Lepotik heldu eta Bukowskiri buruz hitz egiten hasi zaigu, berekin dakarren lagun bat definitu nahi baitigu. Charles zaharraren oinarria eta filosofiaren arteko aldea azaldu nahi digu, baina ez diogu gauza handirik ulertzen. Azalpen erdian beste ezagun bat ikusi eta harengana doa.

 

 

22.10

 

Gaztetxeko atea ireki da, eta Beatza eta Gurruk lepoa biratu dugu sarrera aldera. Ez, ez da Juergi, harritzekoa den bezala. Etsi dugunik ezin da esan, baina dagoeneko aspertzen hasiak gara. Halako batean, atetik arnasestu batzuk entzuten dira. Azkenean, iritsi da gure Juergi, ahoan zotz antzeko zigarro bat duelarik. Ezer baino lehen, poema batzuk eskatzen dizkigu beste bioi.

        —Hi, nire poemak oso motxa'ituk, nik abisatu iteit— esan digu.

        —Lasai, nik beatzi poema ekarri dixkit.

        Nolabait hasi gara, hamarretan hasi behar zuen emanaldia hamarrak eta hogei aldera prestatzen. Kutxusengana hurbiltzen gara, ea gitarra ekarri duen galdetzeko. Dena lotuta nahi dugu, jakina. Baina dena dugu lotzeko.

        —Ze esaten ai haiz? Ze gitarra?

        Laster igarri diogu Kutxusi egin behar duenaren berri handiegirik ez duela. Txilikuri galdetzen diogu ea zer pasatzen den, kargu hartzen diogu. Baina alferrik, buelta eman eta garagardo bat eskatzera doa. Beste edozeinek egingo baligu gaizki hartuko genuke, baina Txiliku gehiegi ezagutzen dugu honegatik haserretzeko.

        Lehen lana Arranora bueltatzea da, gitarra baten bila, normalean, ez dugu kitarrarik gainean ibiltzen eta. "Vladimirrek gitarra bat biar dik" aipatu diogu elkarri. Beatza eta Gurru goaz, Juergi gaztetxean geratzen da, bere poemak amaitzen, hori sinetsi nahi dugu. Zorionez, gitarra bat aurkitzen dugu herrikoan, eta hura hartuta itzultzen gara, tuna bat bagina bezala, kitarra astindu eta kanta izateko pretentsioa duten oihuak botaz.

        —Y si Adelita se fuera con otro, lo seguiria por tierra y por mar...

        Rantxera tartean, gaztetxera iritsi gara berriz. Emanaldia ahalik azkarren hasi behar dugu.

 

 

22.30

 

Emanaldia hasi dugu. Aurretik, Txilikuren esanetara, Gurru eta publiko artean zen Epeldek bertso batzuk abesten dituzte, mikrofono gisan fregona bat harturik. Hala behar zuen, gure herri honetan ez baitago jairik bertsolariek ofizialki irekitzen ez dutenik.

        Kutxus gitarrari eragiten hastearekin bat, lehen eztabaida hasten da Vladimirtarron artean.

        —Hi, ni enauk hasiko.

        —Hi, ba ni're ez.

        Kutxus lehen kanta bukatzera doa, eta azkenean Gurru ausartzen da lehen poema errezitatzera. Hasierak gainontzekoa berekin dakar, eta horrela gertatu da oraingoan ere. Kutxus dagoeneko erabat Silviotu zaigu, eta gu gure gisara eta nahi dugun bezala ari gara. Txiliku ere gehitu zaigu emanaldira, obratako kasko hori bat jantzi eta eskuetan tam-tam bat hartu eta perkusioa joz. Jendea ere nolabaiteko borobilean ipini da, nahiko bildua bihurtu zaigu emanaldia.

        Inor konturatzerako Beni sartu da Manuelara, Gasteiztik iritsi berria, bere hitzetan, "oaindik afya dijestitu gabe". Bera ere emanaldira gehitu da, Vladimir Brigadek osaturik ekin diogu hemendik aurrerakoari.

        Poemak eskaintzen hasi gara, hari eta honi, eta ez dakigu zein teniente-koronel ari da eskaintza gehien jasotzen. Poemaren baten oinarrian ere bera ageri da.

 

                Haurtzaroan irakatsi ziguten zenbatzen;

                Bat, bi, hiru, lau, hamar... infinituraino.

 

                Eta zin egin genuen

                Hilabete urrenak ospatuko genituela

                Lehen urtea kontsumatu

                Eta kontsumitu bitarte

                Behar bada ziur gaude

                Behin urtea betez gero

                Itxaropenaren kalendak

                Egunero gure bihotzetan apur bat gehiago

                Erortzen den hosto hori izango direna

                Baina gaur ere

                Zortziak eta hamar izan dira

                Eta garaipen bat aurkeztu digute

                Azken liburua bailitzan

                Eta haurtzaroko gogo berberaz

                Aspaldian ez bezala

                Berriz ikasi dugu zenbatzen:

                Teniente-koronel bat,

                Bi auto,

                Hiru kale gurutzatu,

                Lau eztandak zikindutako historia,

                Hamar...

                Eta errautsetatik berpiztu den guda infinituraino.

 

        Kutxusek errepertorioa bukatzen ari zaiola dio, eta jotzen ari den abestia amaituta, gitarra Manuelatik bueltaka hasten da, musika erauziko dion beste norbaiten bila. Azkenean Gurrurengana iristen da, bertatik bertara. Badirudi kitarrak Silvioren kantak baino ez dituela onartzen, eta Ojalá jotzen hasten da gitarra. Poemak ere amaitzen ari zaizkigu, eta musika tarteak gero eta zabalagoak dira. Jendeak zerbait eskatzen du, eta Beatzak galdera luzatzen du entzule artera.

        —Hi, ze ingoiu, irakurri eo kantau?

        Jendeak ez du zalantza handiegirik. "Kantau!" masibo bat entzun da, eta Beatzak desafinatzeari ekin dio.

        —Ojalá que las hojas no te toquen el cuerpo cuando caigan..

        Ez dago alde handirik Manuelara etorri aurreko rantxeratatik hona. Benik, ohituraz, urruneko lotsa sentitzen du auskalo zenbatgarren aldiz.

 

 

23.10

 

Desfasea puntu gorenera iritsi da. Gurru kitarraren sokak apurtu beharrean, abesti flamenko bat jotzen hasi da, eta entzule guztiek oihu eta palmaítekin lagundu diote. Camaronenak amaituta, Beni, Beatza eta Txili bat bateko poema osatzen ahalegindu dira, puntutan ari diren bertsolariak bailiran.

        Poemak, pixkanaka, tonu satirikoa hartu du, eta Gurrurekin sartu dira, "eta gitarraren soka artean urkatu zen". Behin poemako protagonista erailda, repentistak ixildu eta Gurru bakarrik geratu da gitarrarekin, arriskuaren aurrean. Zenbait poema musikatu jo eta emanaldia amaitutzat eman dugu.

        Norbaitek kitarrarekin erokeriaren bat egin aurretik, Arranora goaz lau Vladimirtarrok, gitarra han utzi eta zerbait hartzera. Ura ez.

        —Bo, ni gora nitxek, kuadrillakuana.

        Juergi soziedadera igo da, eta besteok tabernan geratu gara.

        —Bi lejia ta beltz berezi bat, eskillarapekua.

 

 

23.35

 

Tragoa amaitzerako gazte asanbladako kide batzuk sartu dira herrikora. Presa dutela nabari zaie, arnasestuko zerbait diote tabernako buila artean.

—Munipak etorri'tuk, hamar minutuako gaztetxia desalojatzeko esan diye. Danok gaztetxea, benga!

        Arrano hutsa geratu da. Gazte asko ikus daiteke Manuelarako bidean, laster zabaldu da desalojoaren berria tabernetatik.

        Berrehun bat lagun bildu gara gaztetxe aurrean, eta gurekin batera lau furgona iritsi dira. Nahiko estu etorri behar izan dute ertzainek, lau furgonatatik berrogei bat atera baitira, eta ez metro t'erdikoak prezixamente. Manuela barruan hogei bat lagun itxi dira.

        Fusilamentuko pelotoia bailiran, lerroan kokatu dira ertzainetarik hogeita hamar bat, euren porra, pelotero ta pipa. Vladimir Brigadak gustora, Beni, Beatza eta Gurru behintzat, gure errezitaldiak ezin izan badu ere, Ertzaintzak gorri-gorri jarri baitu Manuela. Juergiren arrastorik ez dugu, beti bezala, bestalde.

 

 

00.00

 

Jendea ertzainei kontu eske ari bada ere, hauek ez-entzunarena egiten ari dira. Emakume bat Manuela aurreko etxeko balkoira irten eta oihuka hasi da, ertzainen aurka eta gazteen alde.

        —Gure etxe aurrian eoteia eta eztue kalteik iten, eztue kalteik iten!

        Alkatearen kontrako lemak sortu dira askoren ahotik, ea non dagoen aurreko astean eta telebistako kamaren aurrean erakutsi zuen hitz egiteko gogo hura galdetuz. Arrazoiaren indarraren faltan, indarraren arrazoia oraingoan ere.

        Denbora asko pasa baino lehen, ertzainak ostikoka gaztetxe barrura sartzen saiatu dira. Jendeak orduan eta oihu ozenagoak eta sutsuagoak bota ditu. Gaztetxearen aldeok abestiak eta okupazioaren inguruko proklamak areagotzen doaz, tentsioa ere bai uneka.

        Bi zinegotzi hurreratu dira ertzainekin hitz egitera. Lehen unean erasotzeko jarrera erakutsi dute ertzainek, baina nor diren argitu ondoren, ertzain nagusiarengana doaz. Honek ez du hitz egiteko gogo handiegirik erakusten.

        Tentsioa goraka doa, bi aldeak berotzen ari dira. Oihuak ugaldu egin dira, eta ertzainek lehen porra-kolpeak askatu dituzte. Biolentziaren aurrean, gaztetxe kanpoko berrehun gazteak Manuelaren alde kantatzen eta dantzan hasi dira. Ertzainek pelota-tiroekin erantzuten dute, ordea. Zorionez, inor ez da zauritu, oraindik. Gazteak, eskuak gora jasota, ertzainei zuzendu gara, armak eurek dituzten arren, guk oraindik duintasuna dugula esanez. Bitartean, beste ertzainek gaztetxeko ateari ostikoka jarraitzen dute.

 

 

00.30

 

Pelotazoak tartean direla, gazteok kantari jarraitzen dugu. Ertzainek ez dute lortzen atea botatzerik, eta nahiko egoera irrigarrian geratzen ari dira. Ezinbestean, barre algarak eta isekak sortzen dira gure artetik.

—Kokaina geyegi ta babarrun gutxitxo! Eman motel, halako baten irikiko'ek eta!

        Iseken, algaren eta porrazoen erdian, bertso eske hasi dira gazteak, eta Vladimirrek bere errepresentazioa bidali du, Gurru. Berekin Julen hasi da kantuan. Ertzainak ezin dituzte bakean utzi.

 

                Manuelara hurbildu eta

                bazen nahikoa ezuste,

                ertzainak hemen badaude ere

                gaztetxea nahi genuke,

                nahiz gure aurka aritu diren

                unez-une, urtez-urte,

                beldurra eman nahi dute eta

                pena ematen digute.

 

        Jendeak txaloz erantzun dio Gurruri, baina matizaziorik ere entzun da: ez dute ertzainek euskararik ulertzen, jakina. Julenek horri heldu dio bertsoan.

 

                Hauek euskaraz inoiz ez dute

                beraien mingainik bete,

                baina egurra banatzen dute

                kilotan bastante merke.

                Orain bertsoa bota beharko

                txukun eta derrepente,

                ona botatzen ez baldin badet

                porrakin joko bainaute

 

        Gazteak barre algaratan ari dira, ertzainak ez noski. Gurruk ertzain guztiei ulertarazi nahi die gazteok sentitzen duguna, eta bigarren bertso bat botatzen du.

 

                Gaztetxe hontan burutu dira

                horrenbeste egitasmo,

                eta horrela jarraitzea da

                gure xede eta asmo.

                Beldurra eman nahi digutela

                lehen bota det xano-xano,

                si no entendeis, que pena nos dais,

                os digo en castellano.

 

        Ertzainek gela txikira sartzea lortu dute azkenean, porrak aurretik dituztela. Gazteak kanpora datoz, oraingoan bai. Ertzainek lurrean etzan arazten dituzte guztiak, nahiz eta batzuk nahi ta nahi ez etzan behar duten, kolpeen ondorioz. Begia luzatu dugu ea itxi direnak nor diren ikusi nahian, eta atetik hegan irten den norbait begiztatu dugu. Lehen unean ez, baina laster konturatu gara nor den.

        —Hi, hoi Juergi'ek!

        Orain badakigu non sartu den gure Juergi. Laster dator guregana, oraindik umoretsu, buruari helduz. Gurruk galdera luzatu dio, baina bestelako erantzuna bota dio Juergik.

        —Hi, ze, eman in al diye?

        —Hau dek kazkarreko miña!

        Ez da Juergi berehalakoan aldatuko! Denak kanpoan daudela dirudi, baina ez da hala, Txiliku falta da. Bere hutsaz konturatu orduko, oihuka hasi gara, Txiliku-Txiliku-ka. Ertzainak gehiago urduritu eta gaztetxerako sarreratik gehiago urrundu gaituzte.

 

 

1.25

 

Txiliku oraintxe atera dute barrutik. Gaztetxearen goiko aldetik daramate, inor gutxi konturatu delarik gorantz joan den furgonara. Elkartasuna adierazi diogu guztiok, baita Vladimirrek ere, nola ez, gaurko emanaldiko klabe nagusietako bat bera izan bada.

        Bost minutu baino gehiago ez dugu egin Txiliku eraman dutenetik. Ertzain guztiak han geratu dira, baina gazte guztiak kalera goaz, pankarta bat gure aurretik delarik

 

 

Hurrengo eguna

 

Txiliku eguerdi aldera azaldu da Arranotik. Azpeitira eramana omen dute Zarauzko basetik, epaileagana. Handik orain itzuli da, autoestopean. Gitarra bat dakar besapean. Juergirengana joan da.

        —Hi, etxian nitxakan, oain dala etzakiat zenbatetik. Soka bat hausita zekak, baño zuek jarrikoyozue berriya. Nik alperrik nitxakan eta zuentzako ekarriyat, krixton pilla gustau zitzaiten emanaldiya.

        Orain, hurrengo batean gitarra baten faltan bagara, ez dugu Arranora joan beharrik izango. Vladimir formaldu nahi digu Zarauzko tipo informalenak.

 

 

Oraintxe bertan

 

Txilikuren gitarrari atera genion bere etekina, soka berriak jarri eta gauera eragiten zion norbaitek udaletxe aurrean akanpaturik egon ginen bitartean, baina hura ere bukatu zen. Orain apal batean dago, hautsa biltzen.

        Manuela ez da izan zenaren itzal bat besterik, gaztetxearen errautsak soilik geratzen dira. Ilusio eta esperantzen baratze oparoa zena mortu bilakatu da udaletxearekin "negoziatzen" hasi ginenetik, beti bezala monologoak izan dira nagusi bileretan eta gaztetxea presondegi bihurtu digute, inork ez du ukitu ere egin apalean.

 

 

Bihar edo etzi...

Agian, norbaitek, gaztetxearen hilotza hustutzean gitarra bat aurkituko du apaletako batean eta hartu egingo du, eta agian jo egingo du, eta agian entzuleak izango ditu, eta agian beste errezital bat izango da, eta agian beste gaztetxe batean izango da, edo agian Manuelan bertan. Agian gu geu izango gara gitarra hartuko dugunak.

        Manuelako gitarra ez da inoiz isilduko.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.