Ion Miranderen oroiz
Joxe Azurmendi
Datorren urtean hamar urte burutzen direla gogoratuz, Parisen hil zela, eta merezi duelakoan omenaldiren batetan pentsatuz joatea, Ion Miranderen lau testutxo ematen ditugu ezagutzera, poesiazko bi eta beste bi prosazko, hiru behintzat orai artean inon argitara gabekoak eta ezezagunak, laugarrena, Gudu Zalduntzarena EUZKO GOGOAn argitaratu baina ("Idazlan Hautatuetan" jaso gabeko esate baterako) jendeak asko aipatua bezain gutxi ezagutua.
Txomin Peilleni zor diogu hiru berrien ezagutza. Jainkozalea-ren euskarazko orijinalak galdua bait dirudi, Tx. Peillenek, Miranderen gauzetan beti nahitaezko biderakusleak, berak duen itzulpen frantzesetik, euskarara berritzuli digu, gutxi-gorabehera Miranderena izan litekeen era batetan. Bihoakio gure eskerrona hemendixe.
Bi poesien artean hamar urteren aldea dago. Nabari dute espresioan bertan. Eder bati (masturbazioaz) Miranderen lehenetakoa dugu, 1950. Agian Zaitegi konpromezu larri batetan ez jartzearren EGra bidaliz, Miranderen beste poesia berde batzuk bezala, argitara gabe geratu zen bere garaian. Euskaldun laminei (1961), Mirandek berritu nahi zuen euskal paganismoaren tematika ezagunean koadratzen da, Akelarre (1950), Ortziren ttunttuna (1952), Harrizko jainko bati (1953) eta Sanguis Martyrum bezala, besteak beste. Tematika pagano-mistiko horretan ikusi behar da orai lehen aldiz jendaurreko argia ikusten duen hitz-lauzko Jainkozalea ere.
Euskaldun gudu-zalduntza baten beharrkiaz (EG 9/10, 1952, 18-19), Miranderen "ideia faxisten" kapitulu eztabaidagarri eta eztabaidatua sartzen da noski. Baina, hori aparte, biolentziaren fenomenoak hainbeste analista zorrotz eta historigile kamuts gure herrian aurkitzen duen garai honetan, kasi dokumentu historiko bat ere bada, bere 50garrentasun goiztiarragatik, batik-bat (Vasconia 62koa da), baina demokraziaren bere kondenagatik ere euskal izpiritu jatorren izenean eta euskal herria ez omen dagoelako demokrazia bidez askatzerik, zigorkadaz eta pogromez edo baino. Egunotaraxe arte luzatu den auzia. Artikuluxka hori GERNIKAn publikatu zituen antzeko besteekin batera hartu behar da (Euskaldungoaren etsaiak, etab.) eta Jeiki, jeiki (1950), Euskaldun zintzoen balada, Eresi (1951), Lili bat (1953), etc. poesiekin batera orobat. Mirande, profeta harmatua.
Ez badugu ere derrigor bedeinkatu egingo, ezagutu eta errekuperatu behintzat egin beharko dugu atzo arratsaldekoa besterik ez den gure historiatxo llabur oraindiokoa (egia da gure gaztelaniazko euskal historigileek enteratu ere gabe jarraituko dutela halere), bere biolentzi ametsak eta guzti askatasuna bidean.
|