L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Nuria, urduri zaude

 

Mikel Antza

 

"Zai egotea ez da itxoiten egotea bezala. Esate baterako ezin daiteke luzaroan zai egon. Itxoiten berriz posible da bizitza oso pasatzea".

Ramon Saizarbitoria

 

Nuria urduri dago harrizko petril gastatuan eserita, ez bait da normala Javi berandu iristea zitara; normalki Javik orduak errespetatzen ditu, are gehiago, bere puntualtasuna gogorarazten dio edonori egoki iruditzen zaion bakoitzean; eta maiz iruditzen zaio egoki Javiri hau eta beste fineziak haizetzea.

        Nuriak karretera amaitzen den kurbara begiratzen du Javiren motorraren hotsa entzuteko esperantzaz. Noiztikan behin ohartzeke, aurreko dantzatokitik datorren musika artxiezaguneko akorde batek erakatzen du bere adimena eta dibujatzen zaizkio pieza berbera dantzatu zituzteneko beste larunbatak, edozein larunbata; izan ere, dantzatoki hortara etortzen dira beti.

        Javiren perfume itsasgarria senditzen zuen honen kamisa garbian juntu juntu dantzatzen zutenean. Ez da harritzen jadanik hain fermuki bereganatzen duenean lentak dantzatzerakoan; bainan geratzen zaio memoriako zokoren batetan fotografiaturik angustia distirante hori, lehen dantzetako angustia, zeinetan ez zen Javiren gorputz, orduan gogorregia iruditzen zitzaion gorputzetik aldentzen lagunen begiradak beraiengan asmatzen zituelako. Eta Javik markatzen zuen erritmoa eta pausoa gainera.

        Iristen da perzepzio guzti horien gorenera, arrats gorrian eguzkia itsaslerroan sartzen den azken mementu horren gailurra balitz bezala, atzean eztanda egiten duten olatuen burrunba jarraituek lagundurik. Eta bapatean, gaitzetsi ezin diren gauza horietako bat olatu batek besteek baino ozenkiago egiten du eztanda, goizetan ametsen errepikapenean gaudenean despertadoreak jotzen gaitun antzera, eta Nuriak konturatu gabe gustora ez dagoelaz sinistarazten du bere burua; Javi ez dela etorri, eta zer gertatu ote zaion pentsatu behar duela sinistera iristen da. Azken finean Javiren gabeziak ez duela baketan uzten.

        Bienbitartean, burnizko eskulturak kokatu zituzten lekura daraman paseotik bikoteak doaz, eta batzutan koadrillaren bat. Jende asko igaro da Nuriaren aurretik bera konturatu ez bada ere; bizpahiru maitemindutako bikote ezik besteak Nuriak isurtzen duen bakardade itxuraz urrikaldu dira. Orain, beste olatu haundi bat apar bihurtu denean, eta honek Nuria lehen musuaren tabako gustotik harrizko petril gastatura jaitsi duenean, pasa da horietako bikote bat eta sentitu da karreteratik zetorren motoan Javi ez datorrela ikusi ahal izan duenean. Ez dezake ulertu nolatan ez den iritsi Javi dagoeneko.

        Era berdinean, ez bakarrik ez ulertu, ez du ardatzik gabeko gurdia dirudien bikotearen paseoak utzi duen bakartasunezko lorratza atzeman. Eskutik helduta granitozko panteoi erditzaldurantz urrutiratu da bikotea. Eta ahalegin guztiak egingo balitu ere, ez luke jakin ahal izango bikoteari ez zaizkiola eskuak izerditzen. Hontara, egia esan Nuria urduri ipintzen duena larunbateko betikotasuna hausten dion gertaera harrigarria da. Javi ez dator garaiz ez eta berandu izan baino lehen dagoen denbora tartean.

        Nuriak ez daki oraintsu ahopeko komentarioak eginez bere bakardadeaz urrikaldu den bikoteari ardatza ez diola lapurtuko inongo mutiko pijuk. Bataren eskubiko eskua eta bestearen ezkerrekoa lehen aldiz oratu zirenean izerdi epel batek korritu zituen eskuazaleko zirrizkuak eta ximurrak; biak sentitu zuten almohada baten xarma eskutartean. Denbora pasa da ordutik eta izerdiak egunaren poderioz eraiki zuten ardatza igurzten ez zuenez gero, itsasaizeak, herdoildutako burdin puska hori birrindu du.

        Nuriari bart eduki zuten eztabaida tentela ipintzen zaio begien aurrean, eta horregaitik ez ditu eskolakide izandako batzuk mutil ezezagunek lagundurik dantzatokira sartzen ikusi. Dena dela, eztabaida tentelaz oroituko ez balitz ere ez luke ikusiko nola berregiten duten larunbateroko zeremonia; oraindik Nuriak ez bait du ikasi ormak nola trabeskatzen diren begiradaz, ez eta ere maitasunaren azal zimela hebaintzen kanpokaldetik ikusi ahal izateko. Hortaz, beraiek larunbatero erritua berregitean ez da jabetzen zehazki bueltak ematen dituen engranaiako hortz guztiak berdinak direla. Gaur ordea, ez dago Javiren arrastorik eta Javi berandu datorrela erabaki du Nuriak. Horrekin batera zerbait pasatu zaion pentsamendu firmea egiten du.

        Ez litzaioke burutik pasako Nuriari bart Javirekin edukitako ekaitza dela atzerapenaren erruduna. Javi horietakoa ez dela mila aldiz jakinarazten dio barne itsaso hamorratuari, honek dikeak hautsi ez ditzan esperantzaz. Baina hala ere tanta batzuek ihes egiten dute esaldiek osatutako txirrikituetatik eta goibel dago Nuria, orain ere gastatzen ari den harrizko petrilaren gainean.

        Zita, eguzkiak argitzen duen ordu batetan zegoen ipinita nahiz orain, lainoak ez baleude, ilargia eta izarrak ere bai ikusi beharko lirateken. Hor, bihurguneko itzal xuabeari ikatz berdezko ilunpea nagusitu zaio, hau da, hostroen eta itzalen beltzera ez dela iristen farolen argi herbaildua, zeintzuk orain dela gutxi piztu ditzute Nuria despistatua zegoen memento batetan. Bere aurrean, errezkan, moto pila dago, makina bat, eta gero eta gehiago, denbora pasaz gero, gutxiagotzen hasiko diren erritmo berdinaz gehiagotuz.

        Detaile txiki batek piztu du petroleozko itsasoa, berau sutan ipiniz eta dagoeneko bata bestearen gainean pilatzen joan zaizkion arrazoin posibleei beste bat erantsi zaie Javiren tardantza esplikatzeko. Detaile mengel bat, zein berez ez den arrazoin bat; Javik ez zion musurik eman elkar agurtu zutenean. Bart elkar agurtu zutela esan badaiteke, zeuek juzga lurrera begira, inperzeptibleki, ahopeka eta marmarren artean "bihararte" esatea zer den. Beraz, Javik musurik ez ziola eman. Eta koño, pentsatu beharko luke Nuriak hain edukatua ez balitz, musu emateko gogoak ditut. Esan dizuedanez, Nuria oso edukatua da eta horregatik pentsamendu ezkutu hori ezpainez egiten duen higidura ilaun batetan gauzatzen da besterik gabe deuseztuz.

        Petrila, Nuriatik bostpasei metrotara busti da, maria gorantz doa. Bainan Nuriak ez du bustitzeko arriskurik, ordu baten epean behintzat. Gero bai, itsasoaren hiru olatu handiak hasten direnean, paseante xaloak engainatzeko tregua batez jarraituak, orduan lau olatu txiki eta berriz ere norbait bustiko duen hiru olatuen txanda. Itsasoaren erritmoa itsasertzean, eta ez besterik. Erritmo lojikoa, Nuriaren pentsamenduena den bezalakoa; baina pentsamendu hau oraindik erasotzen dioten eskola urteek indargetua ageri da. Nuria petrilean eserita dago eta ez dio ondoan orroaka daukan itsasoari jaramonik egiten. Ez dio inoiz egin.

        Falta ez zitekeen hotza egiten hasi da haize gaztua altxatzearekin batera; Nuriak, inkoszienteki agian, Javirekin pakea egiteko pentsamenduz aukeraturiko soineko fina ez da batere batere egokia dagoen girorako. Nuriari ez zaio bururatzen zergatik maite ote nau Javik edo beharbada bai, baino ez dirudi. Seguraski suposatu egiten du arrazoina eta basta zaio, nahikoa du.

        Nuriak, aitzitik, egunkari bat badu bere mesanotxeko kajoian, azkenaldi hontan nahiko utzita; esaminak, etabar. Baino hori ez daki inork, ez eta bere ama kuxkuxerak ere. Eta arraroa da; pentsatzen dut amak apunte koaderno bat zelakoan ez zuela begiratuko, ez dakit. Hara, zaila da Nuriaren berri zehatzik izatea, Nuria, nola esango nuke, hermetikoa dela esan nezakeen baina ez zait atsegin hitza, ez ez delako egokia, ez dakit, ez zait atsegin, Nuria oso... Nuria da. Badakit honek ez dituela gauzak argitzen; hori bai, gauza argien bila bazabiltzate galde egin iezaiozue Nuriari. Dena dela apostu egingo nuke ez zenuketela ezer garbirik aterako. Nuriak engainatuko zaituzte. Kristo guztia engainatzen du Nuriak; baina hau ere ez du aitortuko, ze hori Javirekin gustora ez dagoela aitortzea litzateke. Ze letxe, hori larunbatero dantzara etortzea ez zaiola piperrik be atsegin baieztatzea litzateke.

        Auzi honegatik dauka Nuriak urduri egon beharra, begiratu behar du maiz, jadanik ilunpe sakon bihurtua den karreterara Javiren motorrotsa entzuteko esperantza balu bezala. Behin Nuriak pentsatu zuen, beste norbaitek idatzi duen, edertasuna ez da frogatu daiteken zerbait, ia ia ziur amaren gelako espilu haundian agertzen zitzaion gorputza begiratzen zuen bitartean.

        Dudarik ez dago Nuriak ez dituela sirena urdin metalikoak entzun Hernani kaletik kontrako zuzenbidean Boulevarderantz joaten, han, badiaren beste aldean. Ikusi ere, ikusi ez baditu petrilean eserita dagoen moduan Boulevardari bizkarra eta dantzatokiari aurrea ematen diolako izan da. Eta hau guztia da orain, ez dakit Boulevardera begira zegoen paseante baten begi urduriak ikustean, edota pelotazoak entzutean, burua jiratu eta Alde Zaharretik altxatzen den hodei dentsu hori ikusi duenean asaldatuta ipini duen ardura lehenago ez izatearen arrazoin bakarra.

        Eta flash itxugarri bat balitz bezala: Javi. Javi, non ote dago Javi. Oso desitxurosoki kozka egiten ditu harkazalak, baino ez zaio inporta. Javi. Eta bi mila eszena, guztiak batera, marraztu zaizkio buruan; Javi erdigune dutela, denak trajikoak bezainbat ezinezkoak. Ze Nuriak ez du manifestapen bat badiaren distantzia baino hurbilagotik usaindu. Larunbatero dantzatokira etortzen direnean, ea larunbatero izan ditu begien aurrean beregan kezkarik sortu gabe. Eta orain bai, Javiren faltak lotu du manifestapenera. Manifestapenak, munstro hordi bat balitz bezala, Javi tartean harrapatu izan balu... Une lotsagarri batez funeralak eta lagunak komentatzen bera zein triste dagoen... pentsatzen hasi da eta gero ja ez.

        Nuria pintatzen da, noski. Eta honek Javiri ez dio goragalerik ematen, bestalde ez du txoratzen ere. Javiri normala iruditzen zaio. Nuriari ere bai.

        Bainan Javi ez dator, seguraski manifestatzaileek ipinitako barrikadaren batek ez dio garaiz etortzen utzi; ez bait da Javi horietakoa, Javi ez da manifestapenetara joaten diren horietakoa, ez.

        Lehen aipatu dudan ordubeteko epea betetzear dago eta beraz minutu gutxi barru Nuria blai eginda geratuko da. Orduan bai hotza Nuria, aro honetan itsasoko ura oso hotza dago eta, nik badakit, zuk ez Nuria. Baina ez zaizu inporta, bakarrik Javi; eta zergaitik maite ote duzun pentsatzen ari naiz, baina ahal banu ere ez nizuke galdera hori botako une larri hauetan, lasai egon...

        Motor bat atera da kurbako ilunpetik. Errezkan frenatu, Javi motorretik jeitsi da eta isil isilik atzetik datorkizu. Ez dizkizu begiak tapatuko eskuak grasaz zikindurik dituelako eta giltzurrinetan kilipak egitearekin konformatuko da. Une horietan egin behar denari jarraituz urdailetatik aterako zaizun garraixi isteriko bat botako duzu Nuria. Eta biok farrez Txiki-Tenisera sartzen zareten bitartean Javik esplikatuko dizu motoaren aberia nola izan den. Badakizu, bujiak eta ulertzen ez dituzun gauza guzti horien deskrizio bizia.

        Eta gaur Javi izango da harrituko dena, gaur zu izango bait zara itsatsiko zatzaizkiona Javik erakarri beharrik gabe eta juntu juntu dantzatuko duzue. Eta Nuria, gaur, musika ezberdina irudituko zaizu Javiren kamisan perfumea bilatzen duzun bitartean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.