Ametsak beti amets
B.A.B.A.
Zergatik? Ez dakit, baina horrela da. Ez dago besterik. Orduak eta orduak gauza beraren inguruan jira-biraka, mozkorturik banengo bezala, nahiz eta ahal beste pentsatu edo egin, beti aurkitzen dut neure burua toki berdinean, ez aurrera eta ez atzera, mugitu ezinean.
Ez dakit zergatik, baina horrela da. Batzutan dena ahazteko ahaleginetan murgiltzen naiz, baina ezin, inolaz ezin dut ahantzi, hor dago, errealitate bat da, edo ez? agian ez da nire paranoia bat besterik, agian nik sortua da, behar bada ezer ez da dirudien modukoa, behar bada...
Zergatik ez dakidan arren, gustora arriskatuko nuke orain daukadana nahi dudana lortu ahal izateko, baina ez da joku segurua; zer da ba segurua? ez dakit. Nire gogoeten arabera irtengo balitz zoragarria litzateke, ez dut beste ezer eskatzen. Txarto irtenez gero ordea, orain daukadan apurra ere galduko nuke, eta hori bai ezin dezakedala jasan, oso prezio garestia da. Orain daukadana galduko banu, bere buruaz beste egiteko hutsera botatzen denaren bortizkeriaz joko nuke lurra, lurra edo edozein gauza.
Eta errauts hutsa bihurtzen naizenean, orduan zer?
Arrazoia zein den jakin gabe korrika noa berriz ere toki berdinera ekarriko nauen bidea ez galtzeko. Ez dakit bidegurutzeko bideen artean aukeratzen, okerreko bidea jarraitzen dut eta berriro ere bidegurutze berdinean uzten nau. Hala ere, ezin dut betirako bide hau erabiltzeko ohitura hartu, gehiago oraindik, bidea geroz eta aldapatsuagoa bihurtzen ari da, azkenerako ehun eta larogei gradu hartuko ditu, eta hori izango da nire amaiera, erori egingo naiz, bukaerarik gabeko zuloan behera, betirako. Behar bada ez da amaiera izango, hasiera baizik. Baina zeren hasiera? bukaeraren hasiera?
Hitzek zentzua galtzen duten bitartean, galduriko zentzu hori haizeak darama, azala ebakitzen duen neguko haize hotza.
Zergatia ez galdetu, baina sarritan jendez inguraturik nago eta bakardade sakonean bizi naiz. Edozein pertsonak eman dezakeen konpainiak hautsi ezin duen diamantezko bakardadea. Bakardade galdua, Siberiako baso hotzak bezain galdua, baina aldi berean lasaia. Bakardadea izaten jarraitzen du, ordea.
Zergatik? ez dakit, baina horrela da. Badago indar bat ororen gainetik. Bada zerbait, oraindik ere, eta noizean behin, irribarreren bat lapurtzen didana. Ametsa da, amets idealizatua eta itxura batean behintzat akatsik gabea. Ametsen indarrak mantentzen nau zutik, berari eskerrak hartzen dut arnasa oxigenorik gabeko nire mundu honetan. Ametsa eta gau isiletako lasaitasuna batuz itxaropena da ondorioa. Gaua bezain lasaia eta ametsa bezain ederra izango den egoerara eramango nauen bidea markaturik uzten dit itxaropenak, bidegurutzerik gabeko bide zuzena. Izan ere, ametsak beti amets...
|