Kosmo polita
Stanley
Berlin
(edo Alemania bien metafora)
Maitasuna egiten ari ziren
Hansel eta Olga
eta horma bat altxatu zieten biak erditik bananduz,
eta itsasoarekin egiten dute amets
desterratutako kaioek
arkitektura neoklasikodun eraikin publikoen
begirada susmatzeko ezgai
eta erori dira horma zatiak
zementu zati txikidun galaxia bat sortuz
eta Hanselek ez du Olga errekonozitu,
eta Olgak ahaztu du Hanselen itxura eta irribarrea
eta gurutzatu egin dira kalean,
elkar ikusi gabe...
kaioak zarataka hasi dira...
Belfast
You were going «very fast»
izan da militar ingelesaren arrazoia
gidari katolikoa geratzeko
eta alkoholimetroa
lege antiterrorista baino nekezago jartzen dutelako
komisaldegira daramate fruitadenda bat duen
kriminal arriskutsua,
eta furgoiaren lehioetako burdinezko sareen artetik ikusten du
«You are entering in free Belfast» kalean behera urruntzen
ume batek Sinead O'Connor izan nahi du
baina bihar hilko dute
eta hemen zeruak, eguzkiak eta haizeak
HOGEITABOST urte dituzte
hemen zeruak eguzkiak eta haizeak
orain dela hogeitabost urte soilik daukate zentzua,
beraien alde borrokan hasi zirenetik konturatu ziren
bazela zeru bat, eguzki bat eta haizea.
|