Intifada
Zantzoa
Orain dela 10 urte hasi zen Jerusalem, Gaza eta Zizjordanian harrien altxamendua. Goliathen erantzuna ikaragarria izan zen. Lehen bi urteetan bakarrik 795 zibil hildako, 45.000 zauritu, 48.000 atxilotu eta 61.000 deportatu...
Nahinoz eta nahinon
harri eta herri
harrizko euri hau.
Zergaitik, Ahmed?
Zergaitik botatzen duzu harri hori?
Soldadua ez al dago urrunegi?
Badakizu ez zarela iritsiko
zure ume besoekin
eta hala ere, Ahmed
hala ere, harri hori bota duzu
harrizko bihotz zati hori.
Soldadua ez al dago urrunegi, Ahmed?
Zergaitik orduan,
zergaitik botatzen duzu, hala ere,
harri hori?
Soldadua jotzeko da
ala beste zerbaitegaitik?
Behar bada ez da soldadua jotzeko,
soldadua urrunegi dago,
behar bada beste zerbaitegaitik da
soldadua jotzeak baino garrantzi gehiago
daukan zerbaitegaitik.
|