L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 2 (1987-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Sierpes

 

Txiki

 

Nik badakit ez dituzula sugeak gustoko. Badakit ez zaizkizula heuren gorputzak atsegin. Txikitatik esan dizute sugea deabruaren alaba dela, gizadiaren galtzailea, Adan eta Eba paradisutik bota zituena.

        Baina ezjakintasunean zabiltza lagun! Sugeenganako gorroto hau guttiagotu edo agian deusezteko entzun egidazu istorio hau, non gizon arruntaren eta pizti higuingarriaren arteko maitasuna kontatzen den.

        Udako arrats bero bat zen hura ezagutu nuenean. Ohi bezala basora joan nintzen, urruti, oso urruti, pinu artean zegoen zelai basati batera. Bakarrik egonagatik herrian ez bezala ez bait nintzen aspertzen. Bertara ailegatu eta ibilaldi luzearen ondorengo atsedena lurrean eseririk hartzen ari nintzela zerbaitek ukitu ninduen. Lehenik ezkerreko eskua kateaturik sentitu nuen eta konturatzeke eskubiak ere bere askatasuna galdurik zuen.

        Larrak, masusta berdez apainduriko larrak, ziren poliziak bailiren preso hartu nindutenak. Nire harridura areagotzeko suge bat, nire oraingo suge maitea, jarri zitzaidan juxtu gainean, suge berde eta luze bat, adar batetik zintzilik eta zorabiaturik jira ta bira, nire beldurra zenbatekoa zen antzeman eta zirikatu beharrean pozaren pozez.

        Halako batean, luze aurreratu zitzaidan, aho zabalik, mihiarekin, pozoitsua zirudien mihiarekin, nire ezpainak ikutuaz. Ni berriz eraso zihurraren esperoan nengoen, pozoiak niregan sortu zezakeen suntsipenaren zai. Bat batean lepora jaurtiki zitzaidan, bere gorputza nire zintzurraldean karabilkatuz. Azken hatsa izan zitekeenaren beldurrez, neukan indar guztiarekin arnasa hartu nuen odolak lokietan kolpatzen zuen bitartean. Ordurarte kieto geratzen banintzen ere zalaparta hasi nintzen, jeiki nahiean eta besoak astinduz, eta odola, larren arantzek eragindakoa, isuri zen. Nire larritasunaz konturatuta nonbait, sugea ziztuka hasi zen, filmetan kaskabel sugeak bakeroari erasotzen dionean entzuten den bezalako ziztu garratzarekin. Nik analogiaz horzkara zihurra suposaturik berehala jarri nintzen, indarrik gabe, ittota, bihotzaren taupadak bularraren kontra, mila zatitan apurtzeko arriskuan bailitzan.

        Horzkara aldiz, musu erromantiko batean bihurtu zen, eta piztiaren betortz zorrotzak neska zoragarri baten ezpain haragitsu eta liluragarrietan.

        Konortea galdu nuen neskaren ile adatsak buruan endredatu zitzaizkidanean...

        Lozorro hartatik esnatzerakoan neskarekin jarraitzen nuen. Bere bularraren kontra estutzen ninduen, ihesari emango nion beldurrez edo. Bere aurpegiaren edertasuna konprobatu nuenean suge bat izan zitekeenik ere ez zitzaidan burutik pasa.

        Hala ere momentuko argitasuna ahaztu eta errealitatera bueltatu nintzenean neskak, nire hestutasuna baretu asmoz esan zidan:

        — Zer duzu nire laztana? Maite zaittut eta hori nahikoa da, etzazu nire beldurrik izan

        — Baina nor zara zu? —galdetu nion, behingoz guztia argitu nahiean.

        — Suge guztiek gordetzen dute sekretu bat. Ezin dizut ezer gehiago esan.

        Segidan, ezer esan barik, aspaldiko nahi bati erantzungo balio bezala, zeraman soineko arina kendu eta bere edertasun osoan ikusteko aukera eman zidan; bizitasun zoragarri bat nire begien gozamenerako.

        Datorrela! —pentsatu nuen—, datorrela, niregana! Etorri zen. Bere esku leunez nire arropak apartatu zituen, eta honez gero gogorturik zegoen zakilaren bila mihaztu ninduen, suge bat bailitzan, a zer egia, lepotik hasi eta zeharka meharka nire gorputzean gozatuaz aurkitu nahi zuen eta panterarena eginez jaurti zitzaidan, bere alu beroak nire menbruarekin bat egin aurretik. Hala aritu ginen gure indarrak ahuldu eta gogoak asetu arte.

        Istorio honen gainontzeko guztia zeuk asma dezakezu. Ohartxo bat besterik ez: Jakin ezazu suge guztiak direla erregeren baten alaba edo seme, eta zorte pixka batekin urrutiko erreinu zabal baten jabe izanen zarela.

        Errege batek zin dagizu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.