Afaria
Aitor Guridi
Ordu laurden barru, Juanmaren tabernan egon beharko nuke, baina ez! Aurten ez naiz joango. Xabierrek hiru aldiz deitu dit aste honetan, eta atzo joango nintzela agindu nion, baina, ez noa. Zertarako? Betikoa berriro egiteko, urtero bezala? Ez jauna. Badakit, ez dela oso jarrera dotorea nirea, baina iaz berriro ez nintzela joango erabaki nuen, eta ez dut atzera egingo. Xabierrengatik, agian, joango nintzateke, berak afari honetan jartzen dituen itxaropen eta ilusioak baitakizkit, baina Xabier bat bakarrik da eta besteak ezin ditut aguantatu. Ez dut ulertzen nola izan zitezkeen nire eguneroko lagunak, nola jar nezakeen haiengan nire konfidantza, eta nire sekretuak! Kiko, adibidez. Kiko, 24 urte, eta bi seme! 24 urte, ni bezala, eta lau urte ezkondu zela! 24 urte eta nire aitak baino arazo haundiagoak ditu! 24 urte eta bere bizia hipotekaturik! Gixajoa. Danok dakigu zein den bere helburua gaur gaberako: afaldu baino lehen alegere, isildu ezina, bere bi semeen lelokeriak guztioi kontatzen. Afarian mahai-gainean aurki dezakeen ardo guztia edan. Afaldu eta gero belarrietaraino patxarana edan, eta ordu biak aldera, erabat mozkorturik etxerako bide hartu, bere emazteak egitan dakizkien "masaje liluragarrien" bila.
Ez noa. Zertarako?
Kikok etxerako bidea hartu bezain laister, Antton eta Mikel izango dira protagonistak. Lehanak, Kikotaz parre egin: "ezkonduaren ezbeharrak! ja, ja" Biok ezkongabeak, baina biok insti-tik neska dute. Neska esan beharrean, emaztegaia esan beharko nuke, baina ez naiz ausartzen, zeren, inoiz ezkonduko al dira? Beraiei galdetu ezkero: "lasai mutil. Ezkondu? Zertarako?"
Burua apostatuko nuke, batak edo besteak, edo agian biak batera urterokoa proposatzen digutela: "Kiko gixajoa joan denez, zerkaitik ez gara puta-etxe batetara joaten?, total hemendik gutxira dana itxi egin behar dute!". Beti bezala, Xabierri ez dio batere graziarik egingo, baina, berak badaki Antton eta Mikelek brasa ematen jarraituko dutela, eta azkensan horrelako leku batetara joango garela. Garela esan dut? Ez! Direla! Ni ez noa afarira.
Ez noa. Zertarako?
Xabier... oraindik gogoratzen naiz oposaketak aprobatu zituen egunataz. Ez dut inoiz bera bezalako gizon bat ikusi: langile, serio, arduraduna... justo ni ez naizena. Baina oposaketak aprobatu zituen egun hartan... Xabier; bera zen kuadrilla batzen zuena, kuadrillako muina. Berak antolatzen zituen gauza guztiak. Are gehiago!, berak aurkeztu zion Kikori gaur, honen emaztea dena.
Apropos egingo al zuen? Ez, Xabierrek ez zukeen inola ere horrelako gauzarik egingo, ez eta pentsatu ere.
Ez noa. Kontxo, Almodovar-en filma bat, bigarren katean...
(Telefonoa) ring... ring... ring...
Bai?... bai, zera ... berandu egin zait, eta orain dela gutxi heldu naiz etxera. Dutxatik atera nauzu!... bai... ondo... bai... ados... bale, hamarrak inguru... bai.., bai, agur Xabier, gero arte.
|