L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 4 (1989-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Preso batek presaz idatzitako prosa

(beldurrez)

 

Gorka Granados

 

I

Bakarrezko gauaren itsasoan ametsetan, hilargiak negarrari ekin dio berriro ere, eta, batzutan, oroitzapen xamurreko ur kresalen oihartzuna kanpoan geraten da, ehun bat metrotara, lotsati.

        Espetxearen burdinak pena darie, inguruko hutsaren beltza lau paretetatik irristatuz eta ijitoen kanpamendutik, zinkurinka datozen erromantze oihuak, nostalgiaz zauritutako goiztiria bailitzan, mitxoleta eta hegatxabalezko ene bihotza desegiten dute, inongo permisurik gabe.

        Okotsa bularrarekin josia, kopeta ilunpe triste eta abandonatuan iltzatua, begiak berriz, hertsirik, loa izarrei harrapatu nahiean, baina ezinik, haur txikien jolastokian gelditu bait da zabuka.

 

 

II

Tristeak maitalearen udazkeneko bertso leunak, tristeak azal zimurreko ortzea eta izarrak, tristea bizitzea ere gehienetan.

        Maitasun ahaztezin baten lekuko, pareta izkin batean, eskuz eginiko paperezko lili bat, lo, ixilik, Triste.

        Udazken malenkoniatsu honen irribarre tolestuan gorde ditut haize leunaren ilunsentia eta hondartza, musuak.

 

 

III

Enarek arratsaldearekin bat eginda, mokoetatik zintzilika daramatzate parke ixil batean lapurtutako maitasunezko ogi-apurrak, eta ene begiek bortizki heltzen dieten hegoei, zeru goibelerantz ihesian.

        Burdin artean dakusat palmondo bakarti horretara poemak irakurtzera jeisten den eguzkiak hogeitahamar urte iragan direla gogoratu dit, eta denboraren bakardadea urrutitik datozen kanpai hotsekin nahasten hasi da.

        Nekatua nago iadanik, nekatuegia. Hostoetan ezkutatzen den heriotza maitekor desiatzerainoko ahuleziaz beterik. Begiak hertsirik, oso nekatua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.