M.L-ri azken agurra
Abi
Hitz bitan konta diezazuket aurrean daukadana: jendea eta jendea, batzuk aho zabalik, beste batzuk eskuak kolko barruan dituztela, berotze aldera edo, zenbait asper asper eginda eta... tartean laister aldeteko itxura dutenen arpegiak ere ageri dira... baina gehienak jakin nahiez beterik daude, urduri, hurrengo momentuan zer gertatuko zai... jendearen egonezin hau barneraino heltzen da eta niri neuri, dagoeneko belauna, eskuinekoa beti bezala, dardarazka hasi zait. Beste lagunen helburua ez dakit zein den, baina nirea behintzat badakizu: barre eragitea da, aurrean daukazun eta zuk ikusi ezin duzun horren irribarrea lortzea. Horregatik aurpegia kolore biziekin margotu eta trapu zahar batzukin jazten nintzenean nire adiskiderik onena izan zen pertsonajea eta ni bat egiten ginen, beste mundu batera ihes egiten genuen eta han, geu ginen jaun eta jabe. Adiskide honek nire izatea eta burukomin guztiak baztertzen zituen eta bion artean, aurrean dituzun guztiek ondo pasa zezaten zirenak eta ez zirenak egiten genituen... Nire adiskideak hartzen zuen indarra, ni kikildu eta batzutan, ixildu ere egiten nintzen...
Dena dela, ez, ez dut nahi pentsa dezazun adiskide bakar bat izan dudanik, ez... laupabost izan ditut... baina horien artean gehien maite izan dudana aspaldi hil zen... hil nuen... Irailean... Nik ezergatik ere ez nuen izan nahi adiskide hura hobiratzea baina... ez zegoen bueltarik...
Mari Loli zen haren izena, eta modatik aspaldi pasatutako kordazko muñeka zahar bat zen... soinean zeuzkan erropak noizbait arrosa kolorekoak izandakoak ziren, eta, zikinak janda egonarren sudur gaineko orainak, eta batez ere, ezpain gorrietan zuen irribarre goxoa ezkutatu ezinezkoa ziren... Mari Lolik umeak beregana erakartzen zituen, aitita amamei errukia sorrarazten zien eta mutil gazteak lotsa arazten, bere lagun izan nahi ote zuten galdetzen zienean... ez zen sekula bakarrik egoten, beti oratzen zion norbaitek esku zikinetatik, beti emango zion ondarrutarren batek patata prijituren bat, jauzten bazen laster inguratuko zuten umeek laguntza emateko prest... Eta nik neuk aitortu beharra daukat, Mari Lolik ez ninduela inoiz ere bakarrik utzi, une latzenetan ere han egon zela nerekin. Gogoratzen naiz behin, gainera elkarrekin egon ginen azken aldia izan zen... egun hartan eztarria ia guztiz zarratuta neukan eta ikaratuta nengoen "ahotsa ez bazait ateratzen, zer egingo dut?" galdetzen nion behin eta berriz neure buruari bihotzaren taupadak buruan gehiago sentitzen nituela; orduan bat ezik, belaun biak neuzkan dardarazka, dantzan... baina jendearen aurrean atera ginanean Mari Lolik hitz egin zuen, bera izan zen karameloak banatu zituena, bera ume tartera erori zena, aurreko irtenaldi guztietan biok izan bagina, oraingoan bera izan zen oso osoan nire jabe.
Eszenarioaren atzekaldera joatean, nekatuta nengoen, estomagoko korapiloa ez zitzaidan askatzen, alper alperrik astintzen ninduen pirata jantzia zeraman lagunak... halako baten belar gainean ezarri eta berriz ere arnasa ganoraz hartzen hasi nintzen, Mari Loli joana zen.
Lehentxoago plastikozko poltsa hori haretan ikusi dituzun erropa erroxaskak dira utzi zidan oroigarri bakarra... haretxek eta ikusleen bihotzetan piztutako maitasun ixpitxoa... Oraindik ere, nahiz zapatu gaua izan, nahiz ostegun eguerdiostea, nahiz lagunekin edo amakin joan, berdin da, Mari Lolik eta biok lehenengoz jende aurrera atera ginen lekutik pasatzen naizenean, eguna joan eta eguna etorri Banko eskina hura berotzera batzen den gaztejendeak, Mari Loli agurtzen jarraitzen du, ni ez naute ezagutzen... nire izenik ez dakite...
Orain, orain ulertzen duzu zergatik kostaten zaidan horrenbeste zure adiskide izatea?
|