Haur literatura, sexista?
Xabier Etxaniz
Ipuin klasikoak aztertuz gero, oso argi eta garbi azaltzen da lan eta bizimodu bereizketa. Blancanievesek zazpi ñañoen etxea txukunduko du hauek basoan lan egiten duten bitartean, Txanogorritxu eta amona, ehiztari (gizon) batek salbatuko ditu, Marizikinen azken helburua printzearekin ezkontzea da... Beti agertuko da zaldunen bat neska gaisoa libratzeko eta dragoia akatzeko. Eta guzti hori gutxi izango balitz... Grimm anaien ipuinetan agertzen diren gaiztoen % 80a emakumezkoak dira!
Egia da aintzinako gizartearen islada direla ipuin hauek eta familiaren batasuna, sexuaren araberako bereizketa eta rol oso tinkoen aurrean agertzen garela. Gizarte ruralaren irudia izan nahi bazuten ere, emakumea bere benetako egoera baino okerrago azaltzen da, zapalduago.
Gizartea, zorionez, aldatzen ari da eta era berean haur literatura. 1945ean Astrid Dingren idazleak Pippa Mediaslargas liburu ezaguna idatzi zuen. Haur literaturaren aldaketaren hasiera izango da; haurra askatasunean hezitzeko laguntzailea da liburua, haurra eta literaturaren konzepzio berria ematen da. Eta aldaketa hau, duela 40 urte hasitako aldaketa hau, Literatura aldetik ematen da (liburu atsegin, eder eta politak) eta baita ere Tematika aldetik, haurtzaroaren konzepzioan emandako aldaketaren eraginez gai aldaketa bat suertatzen da haur literaturan.
Gaur egun, 80ko hamarkada honetan, honako korrente berritzaile hauek ematen dira haur literaturan:
Errealismoa. Giza arazoak ikutuz
Soro berdeak, soro grisak. Ursula Wölfel.
Amona. Peter Härtling.
Fantaasia. Momo. M. Ende.
Danborrariak, Garabia. R. Zimnik.
Antiautoratismoa. Elvis. M. Gripe
Konrad. Una historia familiar. Olfi y el Edipo. Christine Nöstlinger...
Askatzailea. Ursula Wölrel, P. Härtling, Ch. Nöstlinger...
Utopikoa. G. Rodari, J. Sennell, Adela Turín...
Jakina, korrente guzti hauen alboan ematen dira lehengoak ere, Folklorearen oinarriturik, umorezko liburuak, abenturazkoak... Baina nire ustez, gaurko gaiarekin hobekien erlazionaturik dauden korrenteak lehengoak dira. Eta euskararen munduan sartuz gero, izugarrizko hutsunea dugu alde honetatik. Badira zenbait itzulpen, baina aitortu behar da, euskaraz argitaratzen den gehiena umorea eta abentura eta fantasiazko liburuak direla. Ezer gutxi dago famili bereiztuetaz, seme-alaba atzeratuei buruz, emakumeen lan arazoetaz... edo antzeko gaietaz. Egia da euskal haur literatura nahiko fenomeno berria dela, eta gainera bere ingurua gaztelenerazkoa batik bat ez dela, orain dela gutxi arte, oso eredu egokia izan. Izan ere, diktadurapean egon bitartean, oso legislazio gogorra izan zuen haur literaturak. Hona hemen bestela, adibide batzu:
1.943ko Azaroaren 23an, Vicesecretaría de Educación Popular zelakoak honako agindu hau eman zuen:
"Libros de iniciación a la lectura y escritura. Habrán de desenvolver, en sus ejemplos, temas religiosos, Patrióticos y del Movimiento, sin exclusión de ninguno de ellos. La parte gráfica responderá a lo expuesto, no debiendo faltar la bandera de España, las del Movimiento y los retratos del Caudillo v de Jose Antonio. El autor tendrá en cuenta la edad de los niños para graduar esta medida."
1.956ko Otsailaren 2an BOEn argitaratutako erreglamentuan berriz, holako perla batzu irakur daitezke beste askoren artean:
"Respecto a la religión, se evitarán:
a) Errores más o menos velados sobre las verdades de la fe y sobre los relatos de la Sagrada Escritura.
b) Ataques a la Iglesia Católica, a sus Sacramentos, al Culto o a los Ministros, así como ridiculizarlos en cualquier forma..."
"Respecto a la moral se evitarán:
Los relatos en que se describan o se aludan a amores ilegítimos y aquellos en que se ensalce o se presente como natural el divorcio.
Toda descripción que pueda despertar una curiosidad malsana en orden a la fisiología de la generación.
Los relatos en que el amor sea tratado con excesivo realismo, sin la indispensable idealidad y delicadeza...
Cuanto inplique directa o indirectamente la exaltación del suicidio, la eutanasia, el alcoholismo, la venganza, la toxicomanía y demás plagas dociales..."
Bestalde, ebitatu behar ziren ere: "Asuntos que no pertenezcan al mundo de los niños, tales como infidelidades conyugales y otros senejantes." Argi dago gurasoen harremanek ez dutela inolako eraginik haurrengan!
Baina beno, legedi guzti hau, zorionez, 1.966ko Martxoaren 18an deuseztatu zen eta zertxobait aurreratu zen.
Diktadurapeko legedi honek bestalde, izugarrizko zentsura jarri zien ez bertako liburuei bakarrik, bai eta kanpokoei ere. Alde honetatik esan daiteke hori dela gaurko egoeraren kausa bat. Dena den, une honetan liburu sexistak egotearen arrazoia benetakoa askoz sakonagoa da, gizarte osoan bilatu beharko litzateke. Izan ere, munduan zehar eginiko azterketek antzeko ondorioak azaltzen dituzte. Hona bestela, zenbait datu:
EEBBetan. 144 liburu aztertu ondorengo datuak.
Protagonista mutila 881 ipuinetan (%75)
neska 344 ipunetan (%25)
Familia. Ama beti sukaldean (EEBBetan %-40ak lan egiten du etxetik at)
Joku bereizketa. Joku atseginak mutilak
Joku pasiboak neskak.
FRANTZIAn.
Mutilentzako liburuetan protagonista mutila %100
Neskentzako liburuetan protagonista mutila %43
Neskentzako liburuetan protagonista neska %57
Nesken %30ak pertsonai maskulinoa izan nahi du.
ITALIAn.
Ama = etxekoandrea. Maitasun haundiz lan egiten du.
Aita = Langilea. Familiburua. Gauzak irakasten dituena.
Semea = jolas dibertigarriak, bihurria, bueltaka lurrean...
Alaba = ahula, panpina lokartzen... etxekoandregai.
KATALUNYAn.
¿Qué libros han de leer los niños? liburuaren erizpidea jarraitu ondoren, bertan azaltzen ziren 188 ipuin aztertu zituzten:
Protagonista mutila 111 ipuinetan (%60)
neska 35 ipuinetan (%18)
beste 42 ipuinetan (%22)
Familia: Arazorik gabekoa. Aita langilea, ama etxekoandrea.
Seme-alaben artean rol markatuak.
Lana: Gizonezkoek 43 lan mota (askoz atseginagoak, erakargarriak)
Emakumezkoak 14 lan mota.
EUSKAL HERRIA
Euskal munduari dagokionez, haur literatur idazle gehienak gizonezkoak dira.
IDAZLEAK Saila Gizon Emaku. Beste
ITZUL (57) 45 11 1
SOR (16) 14 2
PERKAX (26) 21 5
TXANPA (6) 5 1
AUSKALO SAILA (18) 18 0
AUSKALO (6) 5 1
Emakume idazleen portzentaia orokorrean %15ean koka genezake. Dena den, helduen literaturan portzentai hori bajuagoa da:
IDAZLEAK Saila Gizon. Emaku.
ELKAR LITERATURA 50 2
EREIN LITERATURA 36 5
Bestalde, protagonistari dagokionez saii guztietan protagonista nagusien kopuru haundiena mutilek daramate.
PROTAGONISTA Saila Mutil Neska N-M. Beste
TXALUPA ( 24) 12 4 3 5
AUSKALO (6) 3 2 0 1
AUSKALO SAILA (18) 9 2 1 6
PERKAX (26) 14 5 3 4
Esan daiteke mutil protagonisten kopurua neskena baino ia hiru aldiz haundiagoa dela.
Beraz, ikusten den bezala, arazoa nahiko sakona da eta gizarte mailakoa. Gizarte mailan gizon eta emakumeen artean bereizketak mantentzen diren bitartean, nahiko zaila izango da haur liburu ez-sexistak izatea, litekeena izanik ere, esfortzu haundia exijitzen duen lana da.
Oharra: 87. arteko datuak dira.
|