Zakurraren putza!
Patxi Zubizarreta
Orain dela gutti, katedrale berrian Vienako haur kantariek eskaini behar zuten kontzertu bat zela eta, Nueva Detroitik pasa ginela gertatu zen. Giza espektakulu hura gogoa kentzeko modukoa zen: larrua edonori oferendatuko dioten emalizunak bazterretan; beren galtzazpikoa haiekin askatu nahi duten gizon bekatorosak karrikan zehar... infernuko enbaxada bat zirudien, Gasteiz erdi erdian.
Ez pentsa, horregatio, gu inongo asmo maltzurrak ginderamatzanik. Ez horixe. Bide hartan suertatu ginen ustegaberik ustegabeenean... baina benetan harritu gintuena, han, haragi uztarketan eremu mortu hartan, honakoxea izan zen: gure mintzaira xahar eta beneregarria hango batzuren ahotik entzutea... hartara frogatzen zelarik hamaika ikusteko jaioak garela malko haran honetara.
Ordea, eskerrak gero katedraleko haurren garbitasunak gure onera itzul erazi gintuen!
Halarik ere, kontzertua amaitu eta Legebiltzarra ondoko "El Portón" kafetegian bildu ginenon ahotan gogoeta zoro bat piztu zela ezin uka: euskara zeruko loria ata bozkarioa aditzera emateko tresnarik preziatuena izan esaten zen, mundu zoro eta bekatoros honetara fortunatu denez geroztik, bada gai ere giza txarkeria eta gaizkia konpreni erazteko. Eta nola hara bildutakoak pattarraren berotan ari bai ziren, eta nola ororen gogotan egon zen lantxoren baten egitea aurrekoa frogatzeko esan nahi bait da, euskarak zakarkeria ispilatzeko duen gaitasuna, bada niri egokitu zitzaidan tamainako lanaren burutzea.
Argi eta garbi frogatu beharra zegoen munduaren aitzinean gure aintzinako hizkuntzaren orotarako balioa. Eta hitzeko gizona bait naiz, gogotsu lotu nintzaion gorago aipatu xedeari, bekatuaren xendra perilosotik. Espero dezagun jagoitik ekintzari ez, baina ele xoilari atxeki gaitezen..."ezen azken iudizioko egunean halatan erranen zaigu, eskuinekoei dohazilla sekulako loriara, ezkerrekoei sekulako penetara".
Uri eroa Marapolikoa. Egunean 14.000.000 kilo zabor korrok egitan duena, putauzoz jositakoa, nora emagalduaren gaina eta bikaina biltzen bait da.
Bada Gustavus Swift eta 73 kaleetako Hegomendebaldeko kantoian gertatu zen. Gaua guztiz eroria zen ordurako eta aldizkako argi tristeek, gorriak erregular, koloretzen zuten hiriaren etsipenaren ezina.
Stephen oinez iritsi zen infernuko zuloan zegoen auzo likits hartara. Horma batean "EREIN GORROTOA.. BILDU ODOLA" irakurri eta putasemeka ari zitzaiola ikusita, ospa egitea deliberatu zuen.
Zenbait gizonen aurpegitan neskazale ez, baina neskajale ere bazirela igartzen zen. Jende zimaurra eta ustela zirudien, edozergatik kristorenak eta bost esan ata zakurraren ipurdira edota atzetik putz egitera bidaliko zintuena..,
Apika horretxegatik joan zen Stephen, zerriputero ata urdekotxina haien artetik babesik eskain ziezaiokeen arima errukiorren batengana. Baina jakina, babesarekin batera haragiaren beroa ere nahi zuen Marapolin soldadu zegoen Stephen gazteak.
Bere senak arestian abiatu kantoi hartaraino eraman zuen, Anttoni Txortan Txortan esaten zioten oreme pertxentarengana, hain zuzen.
"Mutiko hori aurrean platera jartzeko modukoa dun, Anttoni. A ze pinportatxoa lortu dunan!" entzun eta gau eroaren prezioaz galdetu zion Stephenek. Konforme zeuden biek.
Kontentu zihoan beraz Stephen, berarentzat ez bait zen zakurraren gauerdiko ametsa halako eme batekin izarapekoetan aritzea. Eta asmo haragikoi hark eraginda Anttoniri jarraitu zion Deaborn streeteko 2113.eko gela ziztrin bateraino.
Gelan plazerki aritu zela esan beharrik ere ez dago, ezen maisuki ihardun bait zitzaion ohaide izan zuena. Hitzak baino usuago oihuskak eta extasi garraisiak zabaldu ziren, deskantsu gutxiko ohearen garrasken artean oro.
Haragi uztarketa zenbat dastatu ondoren loaren orena iritsi zen, gauminari dagokion bezala. Eta halaxe, goiko bizilagunaren komuneko hotsak eta kaleko zenbait harrabots entzunik, loak hartu zuen Stephen lasaitua.
Hi haiz hi, izatekoa.
Biharamun goizean, lo trinkotik esnatzean, lotsagabeki lapurtua izan denaren amorruz jaiki zan soldadu engainatua. Urdanga aluaren arrastorik batere ez eta nazka poru guztietan. "Zakurraren putza!".
Behingoan jantzi eta komunera abiatu zenean, ezpainetako barraz izkribaturiko mezu bat ikusi zuen ispilu pitzatuan: "Egon bizkor".
Eta ehunkozturiko amorru nazkatuaz poliziarengana egin zuen Stephen gizajoak, han beste motako babesa aurkituko zuelakoan. Baina han artxibategietako erretratu batzu baino ez zizkioten erakutsi, ezin omen zuten gehiago egin eta, halako batean Anttoniren antza zeukan bat ikusi zuenean:
Hauxe zen neska! adierazi zuen ume poz inozoaz.
... polizi buruaren irri algarak entzuten zirela, hau ez duk neska, motel, gizonezkoa duk hau... Zirugia plastikoak eta injektaturiko hormonek mirariak egiten dizkitek, ezta? Tira, denuntzia jar ezak eta argi ibili hemendik aurrera.
Eta irain artean eta gogo gabeturik joan zen uri eroa zen Marapolikora. Kanpoan euri tristea hasia zuen. VALE.
|