L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 6 (1991-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Eta gero zer?

 

Jose M. Satrustegi

 

Teknikaren aroa eta teknikarien uzta da, zalantzarik gabe XXI. mendearen ateetan gure gizarteak sortu eta bizi duen hau. Oso gaisorik dagoen gisamailaren sukarra ordenagailu eta tresna jakitunek liluratutako haur haundien munduan. Gizonak ezer gutxi balio du berak sortutako erremenduen ondoan, jaiotakoan bere ama hiltzen duen sugekumearen mitoan bezala. Teknika da belaunaldi berrien jainkoa.

        Hori dela eta gizonarekiko zientziak eta bere nortasuna jazten duten jakintzek beherakada haundia egin dute gazte askoren ametsen bultzadan. Itxuraz etorkizun iluneko esparrutzat daukate gure ikasleek Historia eta Filosofiaren ildotik egin daitezkeen aurrerapenak, Antropologia bera edo Gizarte Zientziak barne direla.

        Horrela sortzen da behin eta berriz egiten zaigun galdera samina: Letratako bideak zerbaitetarako balio al du gaurko mundu teknikoan? Merezi al du giza jakintzak orain arte sakondutako balore nagusietan etorkizuna oinarritzen jarraitzeak? Eta gero zer?

        Nor berak bizian aukera nagusiak egiterakoan duda-mudak eta zalantzak izatea bidezkoa da. Ezin bestekoa esango nuke nik. Hainbat gehiago bere bizitza osoa eta etorkizuna baldintzatuko dituen hautapena egin behar duelarik. Bide-kurutzea da bidean edo bihurgune arriskugarri bat lainoz izkututako mendate gaistoan. Ibilaldiaren zergatia eta helbide garbi jakitea bide-kurutzean ez da laguntza makala, eta bihurgune txarretan zentzu onez eta astiro ibiltzea da garrantzitsuena.

        Edozein unetan aukera bat baino gehiago egin daitezke: Erraz alde maldaz behera joatea izan daiteke bat, zer nahi duen ere jakin gabe. Argi dizdiratsuen behin-behineko emaitzen bila abiatzen da bigarren bat; bakoitzak gogokoa duen bidetik bere nortasuna hazi eta heziko duen aldapan aurrera joatea da, azkenik, oso gutxik lortzen duten garaipena.

        Lehen irabazi errazak desbideratzen ditu ikasketatik gazte asko. Negu aurreko ereintza gogorra gabe nahi dituzte emaitzak jaso eta, berezkoa denez, landu gabeko lurretatik belar arrunta bakarrik itxaro daiteke ez badu zaparrak hartzen.

        Dirugosearen helburu hutsa, hezikaitza da. Liluragarria azaltzen da beti eta ezin asea, aproposa         delarik egoera honetan dituen gauzen arabera neurtzeb baita gizona. Morroi ona izanik ere beti dirua, nagusi gaiztoa: izan daitekeen txarrena. Bere lokarriak bihotza inguratzen du, irabazien zurrumurruan giza balore nagusiak itorik. Zenbaki huts bihurtzen da orduan pertsona merkatuko zerrendan, antzuak dira etekinik gabeko gizarteko harremanak, barregarria esku hutsean eta amodioz egindako guztia, denbora galdua bizian adiskidantzaren gozamenez lortutako zoriona. Harrizkoa da diruzaleen bihotza.

        Teknologiaren eragina da gaurregun bidekurutzeko helbururik erakargarriena eta gazte askorentzat irtenbide bakarra. Asmaketa gaztea da, behar haundien eremuak sortu dira eta datozen urteetan lanpostu asko eta irabazbide onak ekarriko ditu. Pozgarria da alde horretatik eta, gutxi edo asko, gehienok ordenagailuen munduan sartu beharra ikusten dugu.
        Lehen esandakoak balio du hemen ere. Zorioneko aurrerapena da pertsonaren morroi paregabea. Baina bere hatzapar eta begi nabarren mendean erortzen direnentzat ez da batere atsegina izango basatiago bihur dezake merkatarien oihanean norgehiagoka itsusia eta ez da inoiz zoriontsuago izango mundua, horien agindu hotzean esanera bizitzen ikasi behar gizonak. Tresan hutsak dira, azken finean, eta ez due gizona menperatzeko eskubiderik. Gerrako sarraskiak ere konputagailuz antolatzen dira, banakako erailketen ordez hiri osoen txikizioa eragiteko. Errua ez da tresnarena, gizonen bihotz bihurriena baizik.

        Beraz, giza zientziak bai ala ez?

        Arazo nagusia bizian ez da teknikari izatea ala letradun, idazle al garraiolari. Orotarik behar du gizarteak eta denentzat dago tokiren bat.

        Emankortasun pozgarriaren iturri da nor berari atsegin zaion bide aurkitu eta berez duena ematea da. Gogoko lana ez da zama, lorpen atsegina baizik, eta bere emankortasunean du eragin bultzagarria, egilearen nortsuna ekintza haundiagotara hegaraziz beti. Zoriona da azkenean urrats guztien helburua, eta zoriona ez dago gauzetan bakoitzaren barne sakratuan baizik.

        Eta gero zer?

        Hori da, noski, haste hastetik egiten zaigun galdera. Giza munduak badu beste edozein esparruk bezain etorkizun zabal eta sakona. Pertsona bera da, azken finean, hasieratik egindako guztietan lorpenik izkutuen eta harrigarriena. Teknika liluragarrien espantuak beste aurrerapen batzuk isilaraziko dituzte, baina gizonaren misterioak gero ere bertan jarraituko du.

        Giza zientziak herri aurreratuen, gizarte helduen, altxorrak dira.

        Gu oso atzetik goaz heldutasunaren sokamuturrean. Noizbait iritsiko garelarik horretara, berak balio duenaz neurtu izango da pertsona eta ez banketxetan duen paper mordoaz. Gizonak egiten du dirua eta ez diruak gizona, entzuten nion neure aitonari.

        Gure mundu bihotz gabean, giza zientziek hor dutela eginkizunik nagusiena, esango nuke nik. Harri gogorretik ateratzeko bihotz epelen erantzun goxoa, ez tximuen maila berean —tximua zetaz ala urrez jantzita ere tximu baita— ikasien mundu maitagarrian baizik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.