Maskadeer buruzko bi ele
Joxemiel Bidador
Maxkaradaren urtea izan dela esan daiteke ia-ia beldurrarik gabe eta izigarrizko berpizte baten aitzinean gaudela pentsatzerat eraman gaitzake. Ibar eskuineko herriek, Altzi eta Lakarri, zortzi emanaldi eskeini dizkigute, baina jakina denez, bertze herri mota bat haboro behar da maskaraden burutzekoz, hau da, maskaradak eskatzen dituen herriak; aurtengo kasuan Urdiñarbe, Altzürükü, Barkoxe, Atharratze, Eskiule, Muxkildi eta Sta. Grazi edo Urdax.
Hegoaldean ere, maskaradak ikusi ahal izan dira. Iruñean Duguna dantza taldearekin (udal dantza talde ohia), eta Bilbo aldean Salbatzaile dantza taldearekin (eta hagiz zihur ez banaiz ere, Beti Jai. Alai dantza taldearen eskutik ere).
Halaz ere, maxkaradaren ugaritze hau ezin da inolaz ere berpiztetzat hartu, eta mementu euforiko hau aprobetxatuz, beraien etorkizunerakoz zonbeit aspektuetaz mintzotzekotz orena ailegatua dala pentsatzen dut. Batipat, maxkaraden inguruan kausitzen diren bi faktore isladatuko nituzke:
Xiberuko egoera.
Xiberutik at gertatzen dena.
Xiberuan jazotzen ari den egoera biziki larria da, ene ustez, maxkaradaren etorkizunerakoz. Alde baterik oso jende gutti bizi da, eta dagoen populazioa geroz eta tipiagoa egiten ari da denbora pasa hala.
Bertzalderik, eskuararen galera nabaria da. Gazteek ez dute eskuaraz ele egiten, eta errealitate hau hagitzez bortitzagoa da Petharran Basaburian baino.
Gero eta dantzari on gutiago dago, eta batipat mutilen artean. Hagitzez denbora haboro erabiltzen da rugbian edo ikastetetan dantzetan baino. Hauek dira batipat, Xiberuari dagokionez bururatzen zaizkidan aferarik larrienak. Eta orain Xiberutik kanpoko egoerari so eginen diot.
Xiberutik kanpo gertatzen den egoera aipatzen dudanean zera erran nahi dut: gaur egun, folkloreari buruzko debateak egin gabe jarraitzen du, eta batez ere dantzaren gaian. Zer edo zer egin da iadanik. Errate baterakoz Iruñeko Ortzadar kultur taldeak iaz antolatu zituen ihardunaldiak, bertze zonbait artikuluxka Dantzariak aldizkarian, eta ezer guti haboro. Euskal Dantzarien Biltzarra (EDB)-ren barruan dauden aferak edo bertze arrazoi misteriotsu batzuk direla eta, beren lanen fruituak ez dira nehondik kausitzen.
Halaz ere hau ez da gai korapilotsuetaz hitzegiteko unea edo lekua, beraz harirat joanen naiz.
Maxkaradaren egitekotz behar den indarra ez da normalean aurkitzen dantza talde arruntetan, eta hori ez dago ukatzerik. Iruñeko Duguna taldeak 50 pertsona plazaratu zituen maskaradak egiterakotz, eta bi hilabete eman zituen entsaioetan. Eta halaz ere, kontutan hartu behar da orain dela sei bat urte, orduan Iruñeko dantza taldea zenak maxkaradak lehendabiziko aldiz egin zituela, eta horretarako hagitzez denbora gehiago pasatu behar izan zuen prestakuntza edo antolakuntza honetan.
Beraz, hau dena ikusita, ezin da oso baikorra izan maxkaradaren etorkizunaren aurrean. Maxkaraden geroa, Xiberuko Aferak konpontzen ez direño, dantza taldeetan dagoela ematen du nonbait. Baina, hortarakotz dantza taldearen zeregina, antolamendua eta jarraitu beharreko hildoa aldatu beharko da.
Azkenik, eta aunitz ez luzatzearren bertze gauza bat kontutan hartu beharko da agian, xiberutarren eritzia, hain zuzen. Egia da xiberutarrek biziki arro direla, eta ez dutela begi honez ikusten maxkaradak kanpoan egitea, are gutxiago manex-en eskutik. Baina ene eritziz, onartu beharko lukete.
1991-III-1
|