Ipuina eta ipuin kontalaritza
Koldo Amestoy
Gogoratuko duzuen bezala, iazko "ZINTZHILIK"en aurkezpen ekitaldian, Koldo Amestoy ipuin kontalaria izan genuen gure artean, fakultatean, bere saio ederra guztien aurrean aurkeztu zigularik.
Hori zela eta, "ZINTZHILIK"eko kideok, Koldoren jatortasunaz piska bat abusatuz, bere jardunari buruzko hitz batzuk eskatu genizkion; zertan den ipuin kontalaritza, ipuinaren funtzioak, ezaugarriak, e.a... Nola ez, bere trebetasuna hitza ederki moldatzea denez, ahoz eman zigun Koldok guzti horren berri, kassete-zinta baten bidez. Guk, Iparraldeko doinuaz ornituriko bere mintzaira goxo polita gordetzearren, paperera pasatzean bere hitz jarioa ahalik eta gehien errespetatzea erabaki dugu. Hortaz, behar beharrezkoa moldatu, eta beste ikuturik gabe, hona hemen Koldo Amestoyren jarduna.
Aupa lagunok:
Grabazio hau, lehen lehenik gasteiztarroi agur bero bat Iparraldetik emaiteko. Eta gero, ipuinaz hitz egiteko. Hain mundu zabala da ta aberatsa, non gauza oso zaila eta luzea da bi hitzez esateko, ipuinen oinarri eta funtzioez, dakigunaz behinik behin azaltzeko.
Ba... esaten da batzutan ipuina amets bat izan dela... ametsak edo gertakari berezi, anekdota batzu, jendea batzuk hauen kontatzeari ekin diotela, poliki poliki anekdota eta amets hauek, bizitzaren zati edo diren partetik eh!... badakizu, bat kontari denean, entzulerik ere badu; eta honek pista bat bere erara osatu eta beste bati kontatu eta horrela ibili dira anekdota eta ametsok. Ba lehen leheneko historia hori, kontalari bakoitzak bere filosofia edo bere iritzia ematen ziolarik, horrela dira ipuin herrikoi hoiek hain pisuak, beren filosofia eta guziz osaturik.
Ipuina, berez, betidanik badoa, betitik urrundik etortzen zaigu, eta beti bere garrantzia badu; gaur egun ere hor den filosofia erabilgarria da, gizona ez bait da hainbat aldatu. Lehen sekulako gerra eta astakeriak egiten ziren, eta gaur, begira, gaur ere betiko gerra eta astakeriak egiten ditugu. Nahiz eta inguruko teknika, zientzia ta horiek guziek mogitu diren, gizona beti gizon gelditzen da, bere filosofia ere ez da hainbeste aldatu. Beraz, ipuinak ere betiko balio, indar hori dauka, eta horregatik dira erabilgarriak ipuin zaharrak nahiz gaurkoak... beno, loturak badira hoien artean.
Zinea, antzerki... itxura asko dugu gure aurrean, eta behar bada galdu egiten dugu hor entzuten duguna. Bueno, zuek Hegoaldean harraman gehio daukazue kaleko giroarekin, baina hemen Iparraldean (eta Frantzia eta Europako beste toki askotan ere) galdua dugu hori piska bat, ahozko harreman hori: jendeak gutxiago hitzegiten du, bakoitza bere aldetik doa... zuek ez bezala. Hor bada lan bat egiteko, ahozko literatura, tradizioa mantentzea.
Eta hor kokatzen da baita ipuina: jendea etortzen zaizu entzulera... eta gero zuk esana kontatuko du. Funtzioa, beraz, hitza entzutean, entzuleak bere baitan bere zinea, bere istorioa ikus eta moldatzea da. Entzuleak behar du bere partizipazioa, lan bat egin behar du ipuina osatzeko, hitz hoiekin hartzeko poza, edo dena dela. Ipuina izango da barregarria... edo negargarria, baina hori entzuleak bere baitan egiten du. Beraz, piska bat hori da, hitzaren indarra erakustea, eta hitzaren indarraz jendeak bere baitan gauzak mogitzea.
Ipuin kontalaritzaren giroa galdua da Euskal Herrian. Behar bada toki galdu batzutan egongo dira, baina ez dira mogitzen eta inork ez daki beraietaz. Bitxi egiten zait esatea baina kontalari zaharrik Euskal Herrian ez dagoela esan behar. Beno, nik espero dut badela, bainan... atera ditazela!. Ni oso pozik nintzateke haiekin hitz egiten. Lan asko behar litzateke egin, hoiek argira atera, harremanetan sartu, denbora luze hartu, eta poliki poliki ohiturazko gauzak edo ipuinak aterako dira. Nik lan horiek guziak erabiltzen ditut, mitologia ingurukoak, baserri munduko ohiturak. Behar bada hor ikerketa egin behar da.
Ipuin kontalaritza; nire aldetik lan hunen egiten ari naiz. Iparraldean badut zenbait, hamar urte, lan hori egiten, ta Hegoaldean ere frango laster hasi bait nintzen, orain nire lanaren erdia hortxe, zuen alde horretan egiten dut.
Hori ta gero, laster, orain dela lau urte edo ezagutu nuen Pello Mari Añorga. Hori oiartzuarra da, ikastolako irakasle egona da. Adiskide bilakatu gera eta ipuin kontatzen egiten du orain, gehienbat haurrentzat, ttikientzat; orain piska bat gaztetxoentzat lan egiten du, baina helduentzat batere ez mementuan. Eta beti bere zirkuito txikietan, bere bidea egiten ari da. Orain Eskoriatzako Magisteritza Eskolan ipuinaren saila lantzen du eta horrentzat liburuak egiten ditu, eskola ikastoletan ipuin kontatzen ibiltzeaz gain. Beno, hau bat.
Bigarren bat, hau da orain orain hasia dena, ta Eskoriatzako Eskolatik pasa den neska... eeeh!, da Lourdes Intxausti... Zein da bere herria?, herri hori... gazta ona egiten bait da hor... ba Gasteiztik Beasaingo bidean Umm!, bueno, zuek ezagutuko duzue gazta on hori. Herri hortakoa da eta ipuin kontatzen ari da ttiki-ttikientzat, ama-eskola edo eskolaurrean. Bueno, bere bidea hasi du, ipuin kontatu nahi du, behar bada ez profesional hasieran, baina bueno, bide hortatik doa.
Beraz hor hiru bagera, bakoitza bere esperientzia daramala. Inportanteena egitea da, ipuinaren inguruko lana, ta kontatzea, ta kontatzea ta kontatzea... Hortik sortuko da, nire ustez, ipuiaren giroa, eta baita ere pista berri bat Euskal Herriko ahozko literaturan, bertsolaritzarekin eta kantagintzarekin batera bere garrantzia hartuko duena... edo ez!
Lan hori aurrera eramateko, sortu dut orain dela lau urte Iparraldeko Hazparne herrian ipuin kontalarien festibala, udazkena aldean. Iaz laugarren aldikoz, Beñat Axiari deitzen den kantari batekin, biok espektakulo handi bat egin eta eman dugu euskeraz. Pello Mari eta Lourdes ere hor izan dira, eta egin dute euskeraz baita. Baina beste guztiak frantsesez izan dira, mundu zabaletik etorritakoak: Afrika eta Libano eta... Hori da gauza, munduko herrietako, eta Frantziako beste herrietakoak ere bai hor izango dira Poitou eta Okzitania aldeko bi kontalari kontalariak bildu; topaketa bat bezala Frantzian asko tokitan egiten da, eta nik holako batzutan ere parte hartzen dut. Oso interesgarria da gure arteko... nola esan... familia bat bezalako hori elkartu, oso ondo konpontzen gara, eta gauzak egiten dira, ta anaitasun handienean.
Horri jarraipen bat emaiteko, alde batetik, Iparraldeko eta Euskal Herriko jendeak jakin dezan ipuin kontalaritza zer den, jende hori zein den; eta bigarrenekorik, ipuingintzari indar bat emaiteko Euskal Herrian montatu nuen hori. Eta gertatzen da Hazparneko Udaletxeak eta kontseilari batzuk hori oso ondo, ikusten zutela, eta Hazparnek bere festibala behar zuela. Hori montatu, jendea badatorrela ikusi eta oso giro berezia eta polita dagoela hor aldiro. Beraz, hona zuentzat beste gonbida bat, eh?
Nik ipuinaren mundua esaten dut,... hor sartzen zara piska bat apaiz edo monja bat bere apaiz edo monja bidean sartzen den bezala. Bueno, ez dakit bizi guzirako izango den bainan. Hain mundu zabala, aberats eta emankorra da... eta librea da, eta ibiltzen zara munduan bidaiak egiten lasi lasi, eta beti ipuin kontatzen.
Ipuinak badu halako... gizatasunarentzat gauza baikorra izaten denaren ikuttua edo. Guttitan ikusten da ipui bat txarra edo, gaixtoa, arraza edo jende batzuren kontrakoa edo, beti da baikorra. Herri bakotxak, kolore, mundu eta arraza bakotxak badauka bere gauza ona, eta hori agertzen da ipuian.
Sozial mailan ere sekulako indarra du ipuinak. Teknikak hor azaltzen dira, nola egiten den ogia, maindirek egiteko linua... Afrikan oso erabilia da sexua, gizon eta emaztearen arteko harremanak eta horiek esplikatzeko haurrei, ez?. Medikuntzan ere erabiltzen dute, ipuinak baduela zerbait diote, piska bat musikaterapia bezalakoa, egiten ahal da eta egiten da antzeko zerbait, eta uste dut lan batzuk seriosa egiten direla alde hortatik.
Asko ibiltzen da baita Naturaren inguruan; Orain erabiltzen den iritzi ekologikoa, badakizu?. Ba, ipuina ekologiaren aldekoa da. Egia da loreak, landareak, abereak eta horiek guziak asko aipatzen direla, eta ipuien bidez dakigula, manera berezi batez, zergatik sortu zen eh!, ez dakit nik, artoa adibidez, edo nolaz egiten diren hodeiak, zergatik hontzak daukan burua piska bat tarotua edo, zabal zabala eta bere sorbaldetan sartuta. Zergatik erbiak horrelako belarri luzeak dituen, eta horiek guziak esplikatzen dira ipuien bitartez. Bueno, je!, esan behar dut behar bada ez direla egiak, baina manera batez, gauzak aurkeztuak dira.
Ipuin kontalaritzan behar da zuhur izan. Badakizu, kontalariz kontalari, ahoz aho ibili bada ipuina, mundu guzian gaindi, egia da nik kontatzen dudan ipuin bat herri egilearena uste nuela Euskal Herriko gauza zela; konturatu naiz, eta aurkitu dut gero Japoniako ipuin herrikoi bat zela ere, eta Tibeteko herriko ipui ere bai. Beraz, horiek guziak mundu guzian ibiliak dira ta, guk uste dugularik orain dagoela holako harreman eta komunikazio errextasuna, eta laster egiten direla gauzak, ba bai, egia da, baino lehen ere komunikazioa martxan zegoela, eta pasatzen zirela gauzak, eta orain zenbait mende lasai lasai ibiltzen zirela, hori ere esan behar da. Nahiz ata kanpoko jende asko sartu bortxaz, ekartzen zituzten ipuin eta gauza batzuk, edo hemengo hara joaten zela, han ere gauzak ikasten, eta orain baino behar bada gauza gelditu da herrien arteko harreman hoietan.
Orain, egunero, nahi dugunean ttak, eta hortxe laister ditugu berriak, edo ematen ahal ditugu ere bai. Baina oso efimeroak dira, oso laister desegiten dira berri hoiek. Aldiz, lehenagoko haiek, behar bada zailago izan da ipuin edo gertakariak biltzea, baina egon dira eta orain arte hemen ditugu liburuetan, eta noizbait bilduak dira ipuin, kondaira eta anekdota hoiek. Beraz, mundu guziko erresuma, arraza eta herri guzietatik pasatu eta gero, segur da ipuin bakotxak baduela halako filosofia bat, zuhurtzia bat, eta munduko zuhurtzia eramaten duela berarekin, eta zuhurtzia hori kontalariak bereganatzen duela bere gauzatxoa emanaz, eta hala ere gauzak aldatu gabe, holako filosofia hori korritzen da, ibiltzen da.
Bueno, beste medioek ere badituzte holako gauzak: irrati eta idazle eta horiek ere badituzte zuhurtzian beren gauzak, baina ipuinak hainbeste... nola esan, hainbeste erabilia da, non halako esku tresna zahar batek (haitzurra edo antzeko tresna askok) hartzen duen legun edo goxotasun hori bezala, ipuinak ere hori badauka. Eta dut hori, gaurko gure mendean ezagutzen dugun gure ingurumenean, jendeen eta gizontasun hori, momentuan eta azken urte hauetan eskas eta faltan dugun hori ipuinak piska bat osatzen laguntzen ahal gaituela, gizakiaren geroan itxaropena izaten, baiezkoa behar dugula zuhurtzia hori.
Bueno, jendeak sinisten duenean halako sineste edo erligione edo Jainko batean, hortik zerbait ikasten du. Ipuiak ere badu erligione edo sinesteen ikuttu gabe beste zuhurtzia bat, pasa arazten duena eta jendearen artean on egiten duena.
Hemen beraz, filosofia piska bat eta hitz asko. Behar bada elkartuko gara, eta ahal bada jarraituko dugu hizketaldi hau. Harartean, bueno, besarkatzen zaituztet, musuk deneri eta agur bat, hemen Iparraldetik. Agur
|