L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 8 (1993-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Aintzinaborda

 

JAUN BARUAK ASPALDIN XEDERAK HEDATÜ ZÜTIN;

JAUN BARUAK ASPALDIN XEDERAK HEDATU ZÜTIN

TXORI EIJER BAT HATZEMAN DIZÜ PAUBEKO SEROREN KOMENTIN

ORAI HAREKIN BIZIREN DÜZÜ ASPALDIAN GOGUN BEITZIN

 

        Irailak 7

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Kaixo?, bai?, jada?; beno, Patxi, Xaxi nauzu. Aizu, deitzen dizut fabore bat eskatzekotz. Zera, azkenik, eta baten jaraia ondikotz, pisua kausitu dugu, eta, lehengoan errantzenidanez traste guziak eramatekotz prest zeundela, etzegoela niholako aferarik zure kamionetaz baliatzekotz, aprobetxatu nahi izan dut gonbitea, beraz, posiblea baduzu, pasa zaitez ortzilare honetan ene gurasoen etxetik eta ezinezkoa bazaizu, arren, dei nazazu Larraitzen telefonorat. Bertzerik labe, ongi ibili, eta ortzilarartio beraz. Adio!

 

        Irailak 14

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi?, bai?; aizu Patxi, Xaxi naiz. Aizu, pastu zineten lehengoan e, bena pozten naute zuen paste guzi hauek, bai alaintso! Etzenuten fitsik ere erosi behar, bestenaz, urtero aldatuko gara pisuz, eta garesti xamar jalgiko zaizue! Beno, orai txantxetarik gabe. Izugarri laketu ninduen zuen opariak, benetan; arras polita izan zen! Beno, ea noiz jiten zareten gure etxeari buruz, bisitatxo baten egitra; badakizu atea beti zabalik dagoela zuendako, e?, ea errepikatu behar ez dudan; beraz, nahi duzuen artio, agur!

 

        Irailak 21

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi, harritzen nau ze zaila den zu etxean harpatzea konprobatzeak!. Batzutan pentsatzen dut hor zaudela ene abotsa aditzen eta ez duzula niholako asmorik telefonoa hartzekotz; beno, beharrik erantzungailua duzula. Aizu, pentsatu dugu afari baten egitea larunbat hontan, beraz, planik ezpaduzue, etorri. Halaz ere, ttortzen ezpazarete, etzaituztet nihoiz barkatuko. Deituko dizut harzara orena eta hori zehaztekotz ortzilarean eguerdian, beraz, etxean ezpazaude, utzi mandatua erantzungailuan beharrezkoa izatekotan. Adio.

 

        Irailak 28

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Uaaa kolega, ze nolako mozkorraldia asteburukoa! Ez hindudan sekula ere hola kusi! Ene!, bai hengoela farregarria berba horreki! Geroxeago, besteengandik aldendu ginenean, eta nire gorputz osoa herabeki laztantzen hasi hintzenean, beldurtu ninduan apur bat. Badakik zenbat gustatzen hintzaidan, eta, hire Rosanareki ibiltzen hasi hintzenean, hil nahi nian. Geroxeago hi beste modu batez maitatzen ikasi diat, eta gehixegi nahi zaituztet mozkorraldi bateagatik orai dena pikutarat bidalaraztzekotz. Gainera, bazekiat arras ontsa damatuko hintzakeela, eta horrelatik fan ninduan hiregandik. Ez haut uxatzen, ez niholaz ere ez, bainan ezinen nikek hire amodioan sartu. Halaz ere, nahiago nikek gai hontaz zuzenean hireki elekatzea, eta ez telefonoz, beraz, ongi baderitzok, gera gitazkek Gure Tabernan atsaldeko zortzietan. Hor egonen nauk hire zai. Atsalderartio beraz.

 

        Urriak 5

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi, Xaxi nauk; aizak, pisua osatu diagu jada. Ene ahizpaz gainera, beste bi neska ttorri dituk. Pisua dexente atsegin zaiek, eta ziur nauk arront ontsa egonen garela. Bidak ere ahizpak dituk, Lizarretakoak, eta ikastra jinak dituk. Gainera, hirur pisu goraio bizitzen diren bere herriko laur mutiko ezagutzen ditiate, beraz nahiko girotsua espero ditakek aurtengo negua ikasleen ohiturak ezagututa. Beno, orduan, badakik, ez kezkatu haboro jendea bilatzen gure pisurakoz, ze jada bete beteta zegok. Beno hi, ea noiz ikusten dugun elkar poteren bat edatekotz. Ongi izan eta hurrengorartio!

 

        Urriak 12

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi, hi haiz hi, hire telefonoak etzekik bertze gauzarik erran ala?, edo gsorra hago horrendako? Nik etzekiat bainan astelehenetan ezinezkoa duk hirekin mintzatzea. Beno, gaur libratzen diat lanean, eta pentsatu diat fan gitazkela bueltatxo baten egitra, eta bidebatez Guinnesen bat edan. Gainera nahiko gauza kontatu behar dizkiat. Zera, gure Sofiak, badakik, goiko pisuko mutil bat gustatzen zitzaiona, pues asteburuan herrian zeudela erran omen zioan. Ze nolako nahaste zegok etxean orai! Berak eztik ia jan ere nahi, eta bertzea ez da oraindino pisuan ageri beldurrez, zeren horrek ere ezin dik ia Sofia gaixoa ikusi. Ene bada! Ze nolako aferak amodioa gora ta amodioa bera, ... Beno, gehixeago jakin nahi baduk, badakik, zortzietan ohizko tokian. Adio ta ongi izan!

 

        Urriak 19

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi?, Patxi?, Paaatxi?, ez hago ala ez duk egon nahi?, beno berdin zaiak, suposatzen diat niri mintzatu nahi ezpaduk zerbaiteagatik izanen dela, halaz ere, egia bada hor etzaudela, erran behar diat bihar Bixenteren urtebetetzea ospatuko dela, eta etorri nahi baduk goiko pisuan egonen garela. Eskertuko niake etortzea, bidenabar, ea Sofia eta Bixenteren artean dagoen tentsio hori hire txistekin apurtzen duan. Ni hamarretan jalgitzen nauk lanetik, beraz, hamarretan hor ezpaiz, ez haut itxaronen. Ez jitekotan, hurrengorartio, bestenaz, gero artio.

 

        Urriak 26

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi, zurekin hitz egin behar dut. Oso larria da arazoa. Gertatu zait nehoiz hagi behar ez zitzaidan gauza. Mesedez, fan zortzietan gure Tabernarat; hor ezpanago, itxaron apurtxo bat, zeren aste hontan lana atsaldez egiten baitut.

 

        Urriak 26

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi, zu zara hitz egiteko dudan pertsona bakarra, ene konfidentea, ene aitorgilea,..., mesedez, fan, bestenaz itotzen nauzu. Gero arte.

 

        Azaroak 2

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi, erran hidanez atzo Bixentereki elekatu nian, eta erabaki diagu gauzak agirian eramatea, nahiz aferak ukan. Gaur Sofiari erranen zioagu, eta, egitan, dardarka hasten nauk pentsatzeareki soilik, bainan, egin beharrekoa eginen duk. Ea egoal ona dugun gaurkoan. Deituko diat. Gero artio.

 

        Azaroak 2

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Franzisko Uharte de Montesko jauna, Garazi de Larrasoaña nauzu eta arrazoia zeneukala erraitekotz deitzen dizut. Txorakeria duzu zukaz elekatzea fabore baten eskatzeko konfidantza dagoenean. Esker mile aunitz Patxi.

 

        Azaroak 9

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi?, bai?. Aizak, gauzak okerragorat doaztek. Erran genionean nahiko kostatu zitzaioan onartzea, bainan ulertu zuela ematen zian. Astelehenean zapore txar horreki geratu gintuan beraz, bainan betiere itxaropenean. Ostean, astea pastu zuan ahala, hasi zuan uzkur jartzen; etzian gureki elekatu nahi ere, eta okerrena dena, bere ahizpa antzeko jarrera hartu dik, edo bortitzagoa apika. Ez zekiagu zer elin. Asteburuan Bixente ere bere herrirat fan zuan, eta bere koadrilakoek ez zioaten ia hitzegin nahi. Oso etsia etorri duk herritik, eta beldurra ematen dit aurrerantzean zer gerta daiteken pentsatzeak.

 

        Azaroak 15

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Hau sinistezina duk!, sinistezina eta farregarria; bai, farregarria eta, ..., jasanezina, pairaezina. Bizitza goibeldu duk heben. Benetan, ez huke tutik ere konprenituko. Goikoak jada eztira sekula jeisten bisitatxo bat ere egitrat. Bertzalderik, ixiltasuna nagusi bihurtu duk etxe hontan, jaun eta jabe. Bazkaltzen diagu bereiz, eztioagu ia elkarri so bat ere igortzen, eta gainerat, Bixentek erraiten didak behin eta berriro gauzak konpontzen ahaleginak egitekotz, bainan ezinezkoa hagitzen duk, ezpaitute aurpegia ere erakusten, eta azaltzekotan betiere musturturik, lerdea dariena guri begira. Patxi, hire laguntza behar diat, hire indar morala bederen, egoera lau aitzina eramatekotz behintzat. Posiblea baduk gera gitazkek kafetxo bat hartzekotz, gaur lauez egiten diat lana. Aizak, ontsa bazaik jin etxerat eta deitu beheitik; jeitsiko nauk. Beraz, eguerdirarte. Adio.

 

        Azaroak 23

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi?, ..., ezin diagu haboro, ezin diagu gehixeago jasan. Hau erotzekoa duk. Azkenean, erabaki diagu hebentik alde egitea, beraz, pisuren batetan lekurik dagoenez enteratzen baiz, apuntatu eta abisatuko nauk. Nik etzekiat ontsa ala gaizki egiten ari garen, bainan egoera hainbeste desitxuratu duk ezen hoberena deritzogula. Bertzalderik izorratze galanta egiten dieagu, zeren bertze jenderik kausitzen ezpadute pisua osatzekotz geroxeago, ezin izanen diate dena ordaindu. Nahiko pisu garestia gertatzen duk ikasle soilendako, eta horrek ere gu izorratzen gaitik, ezpaitugu besteen mendekua hartu nahi, baizik eta gustra bizitzea. Beno, elekatuko diagu luzaroki bertze une batetan. Harzara diotsat, gu biondako pisuren bat edirentzen baduk, abisatu. Espero diat hurrengoan dena berri txarrak ez ekartzea, bainan lasaitzen naik hire erantzungailu honekin nere erraiak hustutzeak. Ea goiz berri on bateki jiten batzait. Agur eta egon bizkor. Adio.

 

        Azaroak 30

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Aizak Patxi!, zer moduz atzoko besta giroa? Orai goatzean ote hago, ez duka hala? Beitu, atzoko bazkarian ene belaunaldiko neska bateki egon ninduan, etzekiat ezagutzen duan, Itziar deitzen duk eta eneki sartu zuan taldean; halere arras denbra gutti iraun zian, kanpora fan behar izan zuelakotz ikastra; orai bueltatu duk lan egitra, eta alde zaharrean bertan kokatu duk. Horrek erran zidaan jende behar zuela pisu baten osatzekotz, eta horreki fanen gara Maji eta biok. Beraz, ez kezkatu haboro pisua bilatzen. Halez ere, orai mudantza egiten lagundu beharko gintuzkean, eztukala? Beno, egonen gara, gero artio, aio!

 

        Abenduak 7

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Ai...; gure aferak ez dituk sekula ere amaitzen; Patxi, hor haiza?, ez?, berdin dik. Aizak, traste guziak jada pisu berrirat eraman ditiagu, beraz lasai egon, libratu haiz oraingo honetan. Hasi gintuan gure pisu berrian bizitzen, eta egia erran, nehoiz baino aunitzez hobeki gaina; bainan orai gure gibeletik ttorri dituk enbatak. Inesek mendekatu nahi bide zian gutaz, nik etzekiat zergatik edo zendako, arrazoirik ezpaitzuen. Gauzak hanitz une zailarat ailelatu zituan, edo,..., nik etzekiat nola erran; aterabiderik etzegoan, eta alde egiteak erabaki onena zeritzagun orduan. Bainan guretako dena amaitutzat balin bazegoen, berak bere gatazka pertsonala bihurtu zian arazoa eta gu izorratzen jarraitu nahi izan dik. Agian zaila izan litekek pisu bat osatzea abenduan, bena, ez ezinezkoa, eta egin duena ez dik barkatzerik. Badakik Mayiren laguna, Xan, bertze batzueki bizi dela erdialdeko oso pisu hotz eta zaharkitu batetan, eta gainera etzeudek biziki gustra ordaintzen dutenareki, benetan garestia baituk. Pues, Ines bordiontx horrek badakik zer egin duen, ba, deitu ditik, eta pisua haieki konpartitzekotz erran ziek. Noski, berehalaxe baietz erran diate, eta harat fan dituk. Baina, orai zazpi pertsonendako laur gela bertzerik etzegok,.... Beno beno, utziko diat asuntoa, bestenaz gehixegi aspertuko haut, bainan Mayi oso gaizki geratu duk eta beldurra ematen zidak. Gainera, ezin diat ulertu Xanen jarrera. Zintzhilik geratzen duk harat faten ezpada, bainan Mayiren laguna balin bada behintzat, begirune apur bat izan liezaiokek Mayiri. Halere, kusiko diagu zer hagitzen den, oraindino ezpaita fitsik erabakita. Beno Patxi, espero diat hurrengoan alaiago egotea, bainan ez diat ezer ere ziurtatzen. Beno, ontsa egon eta hurrengorarte, adio.

 

        Abenduak 14

        Hauxe duzu Franzisko Uharte de Montescoren erantzungailu automatikoa; arren, utz ezazu zure mezua soinua aditu ondoren; esker mile.

        Patxi?, Patxi?, aizak, Xaxi nauk. Seguroenik egunkari eta telebistari esker izan dituk gertatutakoaren berri zehatzak, bainan ene bertsioa ere hik jakitea gustaturen litzaidakek. Bahekien nola okertu ziren gauzak azkenean, Xan Inesen pisurat bizitra fan zenean. Hasieran, Xanek ez zian ia bideki hitz egin ere nahi, bainan oso jatorrak egon omen zituan, eta, azkenean, aste oso bat elkarreki eman ostean, pisua nahiko girotsua zegoan. Haiek egiten zitiaten etxeko lan luziak, eta mutilak pozik, noski, eta, Xan, pues Xan baita ere. Kanpoko edonork ikus zezakean hori dena, zela, bertzeek bereganatzeko, bainan, barrukoer, hori berdin zitzaiean, bertzeek lana arintzen edo kentzen zieteno bederen. Asuntoa duk, afari bat egin zutela larunbatean, eta, Lizarretako batzuk fan zirela. Berandutu zuan, eta harzara herrirat ez bueltatzeagatik, geratu zituan pisuan lo egiten. Bixente ttorri zuan gau bera horretan ene bila, eta etxean, Mayireki elkartu zuan. Orduan erran zioan Inesen pisutik zetorrela eta Xan hor zegoela Ines eta Sofiarekin loatzean, erabat minduta zegoela eta etzuela niholako asmorik berari erratekotz, baina azken momentuan, hobe zela dena argi argi edukitzea pentsatu izan zuela. Mayi, noski, etsi etsia eta botata geratu zuan, eta desesperazio gorribeltz itsu horretan, bere mendeku hartzerat fan zen. Oraindino pisuaren giltza joku bat bageneukan itzuli gabe, eta horreki etzuen batre zaila izan sartzea. Pisuan sartu zenean, dena isiltasuna zen; iluntasuna nagusi. Alkoolaren usaina nabaria zen nonnahi, eta egongelan ikus zitekeen janari ondarrak lehiotik sartzen zen argi motelari esker. Berak ondotxo zekien zein zen Ines eta Sofiaren lela, eta gelditu gabe harat fan zuan sumindurak itsuturik. Atea zabaldu zuen zaratarik egiteke, eta lehenagoan, sukaldetik hartu zuen oilasko erretak zatitzekotz erabiltzen genuen bi iltzeko sardexka bat bere kolkotik atereaz, hasi zen goiti ta beiti, goiti ta beiti, hiru gorputzer aitzi, izara txuriak odolaztatzen, orduan hatsik gabe utzi zituen hirur gorpu biluzi horiek norenak ziren konturateke. Berehala, txakurrak agertu ziren, Mayi gaixoa eramatekotz, eta orduan, orduan bakarrik, jakin izan genuen iruzur zikin eta lizun baten barruan geundela. Gau bertan berean, Bixentek utzi ninduen, eta hurrengo egunararte nik ez nuen ezertaz enteratu, nahikoa baitnuen berak egin zidan minareki. Igandean, egunkaria hartzerakoan ia konortea galtzen dut Maji azalean ikustean titular haundi baten azpian: "Neska batek hiru mutil hiltzen ditu Iruñean". Patxi, nik, ezin dut gehixeago jasan, ezinen nuke orai epaiketa luze bat eramatea. Zuk ulertzen duzu aisa, eta eskertzen dizut. Beraz, gero arte Patxi, eta oraingo honetan betirako izanen da, adio.

 

        Urtarrilak 11

        Este es el contestador automático de Agustín Martínez de Zurbano, dejen el mensaje después de escuchar la señal.

        Agus? Bai?. Kaixo Agus, zer moduz? Aizu, azkenean aurkitu dulu jendea pisua osatzeko. Bi ahizpa dira, Nafarroako herri txiki batekoak, Lizarreta uste dut, Ines eta Sofia deitzen dira. Oso jatorrak ematen dute, eta nik espero dut ondo konpontzea. Lehengoan kriston afari ederra egin genuen pisu berriari agurra esateko, eta hemen ikasten ari diren beren herriko mutil batzuk ere etorri ziren ospatzera. Sofia horri betidanik gustatzen omen zaion mutil batekin eman nuen gero gau osoa, izugarri gustora gainera, baina lasai egon, ez daukat inolako asmo lizunik, oraingoz behintzat! Beno, ea noizbait deitzen didazun etxera, eta Zapa edo Kutxitik bueltatxo bat ematen duzun elkarrekin. Beraz, badakizu non nagoen, nahi duzun arte, agur!

 

 

 

...hauexek dira, irakurle maitea, bere burua hil zuen ene lagun min baten erantzungailu automatikoan gorderik kontserbatu zaizkidan azken eleak; erne egon, beraz, hurrengo kurtsoan pisu berri batetan sartzen bazara...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.