Gure gaia
92-93 Ikasturtea amaitzera doan orenean urtean zehar egindako lanen balantzetxoa egiteko ordua datorkigu eta Zintzhilik-en atal hau bete beharra dugu aitzaki.
Hainbeste saltsen lapiko den fakultate honetan zaila da egindako lanari "arrakastatsu" izen-laguna ezartzea, hala ere gauza bakoitzari dagokion neurria ematen ikasten badugu egindakoa hain gutxi ere ez dela ohartuko gara.
Aipa ditzagun ikasturtearen buruan egin ditugunak. Ikasturteari hasiera eman genion ikasketa plan berriak euskal adarretan izango duen eraginari buruzko azalpen-hitzaldi batekin bide batez Euskara Batzordea aurkeztuz.
Honen ondoren maskaradari zuzendutako astea izan genuen. Neguko hotzak epelduaz batera KORRIKA etorri zitzaigun eta kanpus osoko Euskara Batzordeok geure fakultateetan Korrika Batzordeak antolatzeko deia eginaz lanean hasi ginen ekitaldiaren berri eman kilometroaaa erosteko dirua bildu eta behar bezala ospatzeko.
Arnasa hartzeko aukera haundiegirik izan gabe eta Aste Santuko oporren aurretik "Sexuaz mintzo aste betez" deitu astea antolatu genuen eta aldi berean "I ZINTZHILIK LITERATUR LEHIAKETA"-ko sariak banatu eta esku artean duzun aldizkaritxo honi itxura eman genion.
Horrez gain udaberriaz geroztik Gasteizko Hala Bedi irratian hilean behin irratsaio bat egiten dugu geuri bereziki dagozkigun gaiak jorratuz.
Hauxe da labur-labur esanda ikasturtearen buruan egin duguna. Ez dago esan beharrik beste hainbat gauza egiterik ez dugula izan dirurik ez, edo besterik gabe, behar zen indarrik ez genuelako, baina ze demontre!, ez da gutxi, ezta?
|