L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik (1994-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

        LUBAKI BANDA euskal literaturgintzaren zelaian agertzea —manifestu eta guzti!— bazterrak harrotu ditu eta ez egin dituzten salaketengatik soilik, baita asperdura nagusitzen ari zenean haize freskoa ekarri duelako ere.

        Euskal gazteon literatur grina nahikoa ezkutuan egon izan da azken urteotan, ez, ordea, lotan. Zorionez, egun oraindik asko eta asko dira lubakietan gorderik jarraitzen dutenak, ilunaren argitan lanean, bizirik irauteko aukera bakarra bailuten.

        Esan bezala, LUBAKI BANDAk zalaparta sortu du, euskal idazle gazteen lubakietan batez ere: berria bazter guztietara zabaldu da eta nik, irratizale naizen aldetik, Ipar Ekialdeko gudu zelaietan idazle gazteek gai honi buruz elkarri igorri dizkioten zenbait berri jaso ahal izan dut.

        Lehen zati batean egun desberdinetan atzemandako elkarrizketa zatiak daude eta bigarren batean LUBAKI BANDAk euren taldera biltzeko egindako deiari erantzunez zabaldu zuten agiria.

        Gu guztiok honen berri izan behar dugulakoan igortzen dizuet informazio hau Zintzhilik aldizkariko arduradun maiteoi.

R. M. Z.

 

 

 

Abenduaren 1 eta 21 artean atzemandakoak:

1) (...) Hainbat urte eman dituzte isilpean, gertatutako guztiari errezeloz begiratzen, (...) abandonaturiko lubakietan dauden gazteak (...) iluneko lan isilean, bakartian, nabaritzen ez den arren, baina ez horregatik garrantziarik gabekoa (...)  Euskal literaturgintzan krisirik balego konpontzeko isilpeko lana egin behar dela diote, (...) gauez irakurri eta idatzi egiten omen dute lubakietan.

        2) (...) Lubakietako idazle gazteok, azkenik, amore emanez berauetatik irtetera behartu dituzte, lan osagabeekin eta malko partituekin. Lurperaturiko ilusioak berpiztera omen datoz, krisi sakonaren kontu hori gezur ederrez apainduriko krisia baino ez dela salatzera (...).

        3) (...) Bihotz eta izpirituak larri zaurituak omen dituzte. Amorrua eta mendeku gosez omen datoz, gerra ahizkora desehortzirik.

        4) (...) Han hemenkako luebakietan gorderik dauden idazleak beren ezkutalekuetatik atera eta fronte beriak irekitzera gonbidatzen omen dituzte.

        5) ( ...) Egungo gizarteak sentsibilitatea belaunetik behera omen dauka. (...) Sentsibilitatea aldarrikatuz idazle zaurituaren dantza egingo omen dute txantxarrezko hesien bi aldeetara.

 

 

 

Martxoaren 21ean kealeraturiko agiria

 

Ipar Ekialdeko Frankotiratzaileak

Adi dagoen edonori:

        LUBAKI BANDAk udazkenean kaleratutako manifestuaren aurrean eta eztabaida luze bezain sakon baten ondoren ipar ekialdeko luebakietan borrokatzen dugunok honako hau adierazi nahi dugu:

        Luebakietan gorde eta bertan irautera behartu gintuen egoerak okerrera egin du azken aldi honetan. Etsaiak gure inguruan jarritako hesia geroz eta estuagoa da, erasoak geroz eta bortitzagoak.

        Gure fronte honetan borrokan ari den hainbat luebakia utzi eta hesiaz bestaldetik bidaltzen diguten GIZA LAGUNTZA kamioien inguruan jarri da eskean. Hesiaz bestaldetik GIZA LAGUNTZA izenpean bidaltzen diguten zabor honekin konformatzera ohitu dira; pasteurizaturiko sormen produktu hilak kontsumituz.

        GIZA LAGUNTZA plastiko nahiz metalezko bilgarri baten barruan dator bildurik barrukoa errealitateak kutsa ez dezan.

        Sormenaren gatazka honetan kolpe bortitzak jaso ditugun arren guk gureari eusten jarraitzen dugu bestenaz hilak baiginake. Eta horregatik poztu gaitu hesiaz bestaldetik etsai berari oldartzen zaionik badela entzuteak.

        Dena den, gure egoera kontuan hartuz ez dugu uste LUBAKI BANDAren bideari ekingo geniokenik. Antza denez, LUBAKI BANDAk badu nahikoa indar etsaiari aurrez aurre oldartzeko eta manifestuan hori nabari da.

        Aldeak alde, manifestuan esaten diren zenbait gauzarekin ez gatoz guztiz bat eta zehazketa egin beharrean ikusi dugu geure burua.

        Borroka frontea ahultzearren kontserba potoetan bidalitako LEHIAKETEK eragindako kalteak dituzte mintzagai, saritutako lanak inongo bazterretan usteltzen dituzten idazleen trajeria,... Aspaldidanik dakigu lehiaketek zein arrisku duten eta horren ondorioak ezagutzen ditugunez horiei aurre egiteko prestaturik behar dugu egon, ezin da etsaiaren etxean hala nahita sartu eta ondoren ondorioez damutu.

        Gure literaturak, sormen lan den neurrian, ez du ezinbestean lehiaketaren bidea egin behar, eta are gutxiago saririk espero izan, ezta argitaratzearen mauka bilatu ere. Sormenak bide ugari eta hagitz desberdinak ditu kaleratzeko eta guri dagokigu horiek lantzea, esan nahi duguna esateko bidea aurkitzea.

        Hasieran esan dugun lez, gurean inoiz baino eraso bortitzagoak jasaten ari gara eta nekez oldar gakizkioke etsaiari aurrez aurre. Honegatik ezin dugu LUBAKI BANDArekin bat egin oraingoz, horrek ez du esan nahi inola ere amore ematera goazenik. Aurrera egingo dugu gure bidean kosta ala kosta; ezkutuko lanean, gauez irakurri eta idatziz GIZA LAGUNTZA ERREZELOZ BEGIRATUZ,... horrek eusten baikaitu bizirik. Luebakiak utzi egingo ditugu ordea, eta etsaiaren narruz jantzirik, haren eremuan barneratuko gara; gutako bakoitza bere talaiatik FRANKOTIRATZAILE izango da: ezkutalekutik etsaiak geurr ederrez apainduriko krisia astinduko dugu.

        Orain esan dezakezue, LUBAKIAR maiteok, badela soldadu bat ikusteko hamargarren modu bat: KAMUFLATURIK. Gure borrokaren agerpenak mozorro anitz izango du: pintada, poesia, bertso, kantaorru, irrintzi nahiz garraisi itxuran.

        Durrutiren moduan egingo dugu aurrera; erlijio antzuak gaitzetsiz, sasitenpluak erreaz, santuak... bilustuaz.

        Horra hor gure erabakia.

        LUBAKI BANDA, osasuna eta jenioa opa dizuegu.

        Gora sormena! Gora bizitza!



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.