L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957. Uztaila-Daguenila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Taupadak

 

Txillardegi

 

Ez dakit zer tokitan gertatu den. Granada'n oker ez ba nago, eta bazaudete bearbada jakiñaren gañean.

        Ba, ango eztai bat egiteko zorian zegoela, luzatu egin da. Zergatik ala? Ona emen korapilloa: Fubol-partidua zela bide. Ortaz, partidu bat ikusi gabe ez uzteko, olako gertaera pisurik ez galtzeko, eztaia atzeratu da, ezkontza batek partidu ba tek baño ajola gutxiago duelakoan.

        Egia esan ez nau onek geiegi arritu. Orain dela urte batzuk are geiago gertatu zen, eta ondo oroitzen naiz. Ez dakit nik zer partidu zela-ta, Lepanto'ko burruka bera mendekatua izan zela irakurri nuen laborri orduko periodiku eroetan, fubol-partidu bat España'ko ekipoak irabazi zuelako

        Beraz ez dago zer arriturik. Txoratuta gaude, ta kitto, Fubolkeriak irentsi gaitu.

 

* * *

 

Eta eztaiez ari naizen ezkero, gauza bat esango dut. Adiskide baten eztaiera joan naiz berriki, eta, elizan geundeala, gorri eginda gelditu nintzan bapatean. Meza ematen ari zen apaiza gure aldera biurtu, eta bere poltsikutik paper bat atereaz esan zuen: «Orain Vatikano'tik iritxi den telegrama bat irakurriko dizuet». Eta, barra barra, ni zearo lotsatuta nengoela, ezkontzen ari ziranen izen-abizenak bota ondoren, Aita Santuaren bedeinkazioa irakurri zigun.

        Banekien nik, noski, au sarri gertatu oi dela. Bañan alaz ere, an entzunda, lotsa bezela eman zidan; eta aalkez beterik pentsatu nuen nerekiko, gaizki zegoela ura, eta gaizki baño parregarri zela. Zeren, zer balio dezake orrelako bedeinkazioak? Diruaz inguratutako bedeinkazio arek zer balore izan ote zezaken? Ez dakit. Deus gutxi, nik uste, gizonaren ziztrinkeria eta uskeria arrotzeko eta iziotzeko ezpada.

        Gauza oiek irauten uztea, katolikutasuna parregarri utzi nai izatea da, eta gure lepotik irri egin nai dutenai leku ematea.

        Noiz arte izan bear dugu olako txikikerien mutil?

 

* * *

 

Euskaltzaleen artean asko itzegin da Bonaparte'z azken Urrilla onetan. Baiona'n lendabizi, Donostia'ko diputazioan gero, biltzar eta itzaldi batzuk egin dira bere oorean.

        Oso ondo deritzat oni, oso oso bearrezkoa baita Bonaparte'k eta filologoak euskerari buruz artu zuten bideari jarraitzea. Ots: gure izkuntza menaz eta seriotan aztertzea.

        Bearrezkoa esan dut, eta berriz diot; zeren orain arte asko ta asko izan ba dira gure izkuntza landu eta tajutu nai izan dutenak, geien geienetan nork bere iritziari eutsi dio aurrenik; eta iritzi au askotan, geienetan esango nuke agian, nork bere burutik atera du, izkuntzaren legeai kasorik batere egin gabe, emen ebaki eta an erantsi, oñarritzat nork bere setak artuta, bidetzat atsegiñen zitzaiona, eta legetzat txorakeri bat besterik etzena.

        Orrela jokatuaz, izkribatutako euskera auldu da, antziñako izkuntzarekiko lotura guziak urratu dira, eta euskera «berri» eta euskera «gramatikal» nazkagarri ori sortu da, batere bizitasunik gabe.

        Luis Luziano Bonaparte arek, berriz, bere estudioen bidez eta berak bezela ondorengo euskaltzale fin eta ziñezkoak, eus kera egiazkoaren mamia sumatzen eta arrapatzen saiatu dira; eta, aiei eskerrak, aurrerapen aundiak egin ditugu euskeraren ezagutzan.

        Eta tontotzat gaitzaten nai ez ba dugu, Bonaparte, Campion, Van Eys, Azkue, Laffitte, eta beste filologo askoren lanak alde batera utzi bearrean, aintzakotzat artu bear ditugu. Zergatik? Beren seriotasunagatik. Berai kasorik egin gabe asmatzea (eta ala egiten da oraindik geiegitan) ergela eta ezjakiña izatea da. Eta, bidenabar, euskeraren mamia gorde nai ez izaitea aiek igarri baitiote iñork baño obeto euskeraren izanari.

        Filologoak dena ez dirala? Noski. Erriaren etorria eta jatortasuna ez da erraz atzitzen. Ortarako erri beretik ikasi bear da.

        Baña gure artean, eta gure izkuntza nola dagoen ikusita batez ere, gezurra dirudi seriotasun, buru, jakinduria eta ikasgura geiago guk ez izateak. Nola nai dugu ba euskera indartu? Alde ontatik beraz oso pozik ikusi dut Bonaparte'ren eunurrena ospatzea.

        Baña kontuz ibilli bear dugu euskaltzaleok: guri etzaizkigu ardura euskeraren autopsiak. Euskera, zorionean, ez dugu oraindik gorputz. Bizirik dago. Eta bere zain ezurrak ondo ezagutu bear ditugu euskaltzaleok, (eta onengatixek txalotu ditut Bonaparte eta bere jarraitzalleak), euskera bizi dedin egiten dugu sollik, bizirik iraun dezan, gure mintzabide biur dedin. Euskera illa etzaigu deus, biotzaren estugarri ezpada.

        Aski zaie filologoai, au da filologo utsai, euskeraren legeak jakitea. Baña guri, euskaldunoi, etzaigu ori aski iruditzen, geure izkuntza bizia delako. Beraz aientzako jomuga bat izan dite. keana, guretzako bide bat da, eta ez besterik.

        Izango al dugu kontutan!

 

* * *

 

Nik dakidanez, asko maite dugu udazkena euskaltzale geientsuok. Euskaltzale ez diran askok ere bai, noski. Baña gure artean geixeago nabarmentzen da zaletasun au.

        Nere ustez, gure baitan barrena dago finkatuta zioa. Agian guk udazkenean dagoena maite dugu bereziki, bukatu urran dakusaguna, erortzear dena, begi bistan piskanaka amaituaz dijoana.

        Eta onengatik gera biguñ. Ez al duzu uste, irakurle? Maiteago dugu aultasuna, indartasuna baño. Eta onek aul egiten gaitu.

        Edo-ta, ez ote gera ere aul? Ez ote dugu aulok alkar ezagutzen eta maitatzen?

 

* * *

 

Leengo batean mendi aldera joan nintzan.

        Ixil osoa. Urrutitik, oso urrutitik, nekez entzuteko eran, baserrietako zakur asko, zaunka eta zaunka Dena geldirik: ez pausurik, ez aizerik...

        Alaxe zegoen Santa Garazi orain dela gutxi. Alaxe ikusi nuen, alaxe entzun. Eta gogora zait. Xuberoa'ko azken puntta artan egon naiz, bai, Aunemendi aldera begira. Beian eliza zaarra, leenaren lekuko. Eta aurre artan mendi aundiak; eta mendiez beste aldera Erronkari.

        Sagardoa eskatzera joan naiz. Bildur nintzan: alkarri entendituko ote genion bildur, ain zuzen. Neska gazte bat dago bentako etxekoandre. Izketa laburra egin dugu, baña primeran moldatu gera. Nolako poza! Puntta artan ere neure etxean bezela. Ardandegi artan badago ere gizon talde bat, txapela buruan, zoko illun artan izkutatuta bezela. Ikuspen ura etzait beñere aaztuko. Santa Garazi'n nengoelako agian, baña nolako giroa zitzaidan!

        Berai aditzen asi, gorriak pasa, eta azkeneko ezin ia tutik ulertu. Erdal «taco» ezagunenez gañera (eta erruz eta ondo zerabilzkiten, alajainkoa!) dena zen aien aotan «H» eta «H». Kontrabandoz ari ziran. Ura entzutekoa!

        Santa Garazi'rako bidean argiago itzegin zidaten. Ligi'n esate baterako ederki, «eijerki». Umeak alere frantsesera jo dute, eta Ligitar aurrak beñipein ez dakite sobera. Eta berdin Montori'n: emen automobillatik jetxi nintzan Atarratze'ko alkatearen bandoa irakurtzeko. Bando ikuskarria benetan: frantsesez eta euskeraz imprimatua dator. Dotore.

        Ez fabrikarik, ez iñolako otsik. Xuberoa lo datza... Igarotako mendetan bizi dira manexak.

        Leengo eguneko mendia bezelaxe.

        Asko itzegingo nuke Xuberoaz, eta pozik. Noizpait azaldu bearko dut astiro an sentittu eta ikusitakoa.

 

* * *

 

«Eta ondakiñen gañean, aizea eta eguzkia...»

        Au kantatu du maiz Camus'ek. Eta berau azaltzean, naturalezaren ederra begitantzen duenetan, alako zerbait igartzen zaio.

        «Les Nourritures Terrestres» irakurtzean berdin gertatu izan zait: «zerbait» dago. Azalpen aiei «zerbait» eder darle. Zer ote da poesia-giro ura? Zertan datza leguntasun ura?

        Gide biguña da, limuria, lizuna. Eta, ene ustez, auxe da Camus askotan. Sartre, ordea, ez da sekulan izan orrelakorik. Loia bai, baña triste.

        Albert Camus, Nobel-Saria, Arjeliarra, Gide'ren kidekoa da, eta ez Sartre'rena, Jakiña, alde batzutatik, irurok dira esistentzalista. Baña au dela-ta, Camus Sartre'ri darraikala esatea (eta askotan esan da) oker egotea litzake. Camus eta Sartre desberdin dira, eta aiek berak esan dute au bein eta berriz.

        Alaz ere gaizki ikusten da Camus; eta bere liburuak erostea astakeritzat daukate askok. Ez orrelakorik. Leengo konparazioari ekinda, ez da Gide baño kaltegarriago. Ez da ukatze utsa. Ez da Sartre.

        Gide ere arriskuko idazle dela esatea besterik litzake. Jakiña, Camus'ek ez du Jainkoa'gan siñisten: ez du aipatu ere egin beñere. Alde ontan Gide baño urrutiago dabil Jainkoa' gandik.

        Baña Sartre'gandik ere urruti dabil.

        Alere, bere gogo-semea delako ustetan, naiko gaizki artua izan da Fraintzia'n eta beste lekutan, Camus Suezia'ko Akademiak sariztatzea.

        Sartre bezela, Moralaren urratzalletzat daukate «L'Homme Révolté»'ren egillea, eta gaizki iruditu zaie orrelako gizon bat aukeratzea.

        Camus eraikitzallea ez da sortu, bestea bezin sendo beintzat. «Le Mythe de Sisife»'aren Camus, alegia, besteak baño sakonagoa da. Ortaz ukatze-mallan dago orain arteko bere lana, bere joera, bere siñua.

        Sisifo da gizona, eta bere jokabideak ez du sentidurik. Alere, Sisifo zoriontsu dela pentsatu bear. Are geiago: Sisifo'ren jokaera ezpide utsa da, txorakeri utsa ta guztizkoa da. Arria gora eraman; eta ez al da gallurrera iritxi, arria erori, eta beera berriz. Arria berriz arturik, gora. Eta berriz eron. Eta jasotakoan, goruntz berriz. Zer da ori? Ezpidea, absurdua, bizitzaren ezpide borobilla, dio Camus'ek.

        Bañan alere, ezpidetasun ori jakin, eta argatik beragatik izan bear dugu zoriontsu. Bizitzaren ezpide guzizkoa ezagutzeak berak cman bear digu poza. Gure xedea ezagutzeak ekarri bear digu alaitasuna. Pozgarri izan bear gizonaren ezin-bestezkoa. Ortantxe datza gizonaren aunditasuna ta umantasuna: bere izatearen utsa ikusita, alai eramatea. Orixe da jokabiderik baliotsuena.

        Besteko gañera, kontzetuak, idea jeneralak, baloreak, «mito» dira. Ez dute batere oñarririk. Berai lotzen dena itsua da. Eta erlijioa, noski, oietako beste mito bat da. Absolutu guziak atzitu ezin ditekean gauza dira Camus'en ustez. Baita geiago ere: amets utsak, gure ezereza aitortzeko bildurrak sortu dituen «mitoak». Arpegia eman bear diogu gude ustasunari, eta artan berean gozatu eta indartu.

        Jakiña. Beltzegia da Camus'en mundu au. Eta, uste dut, norabait bultzatzeko, nola edo ala zerbaiten billa asten narritatzeko eta eragiteko, onuragarri eta probetxuzko izan ditekeala bere ukaera guztizko ori. Ain da ikaragarria, eragille gertatu bear duela baita bere buruarentzat ere. Ori guzia irten-puntua da, abia-tokia.

        Ain zuzen, «La Peste» delakoan, karidadearen alde abiatu dela dirudi. Eta Eriotza-Penaren aurka tinko jartzean ere, berdin. Sartre'renean ez orrelakorik beñere irakurri. Aztamuka oraingoz agian, bai; baña aurreruntz ari da Camus.

        Bestalde Camus'ek berrogei ta lau urte ditu gaur, eta bere utsunetik ateratzeko berandu ez da.

Guziarekin ere, esistentzalista geienai gertatu zaien bezela, gaitz ikusten da, noizpait bedere Camus'ek elburu abstratu bati irmo elduta, baiezte-mallara pasatzea. Bere pentsakera-oñarriak ezagututa zail xamarra dirudi.

        Oraingoz, ba, abia-bide garbir bat arkitu nai duenak, ez beza irakur. Gaurko giroaren lekuko eta astintzalle da Camus; ez gidari. Gure Unamuno bezela, eragille.

 

Donostian, 1957'ko Urrillak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.