itzulpena
J. Joyce
<sangria>(J.S.k egindako itzulpen honekin Joycek garaiko Irlandari buruz zituen uste eta iritziak azalduko dituen sail bati ekiten diogu).
Zer moduz zegok gaur ene ahatetxo etxetiarra? galdetu zion sinatu duk?
Davin-ek baietz egin zuen buruarekin eta erantzun zuen:
Eta hik, Stevie?
Stephen-ek ezezkoa egin zuen isilik.
Izugarria haiz, Stevie. Besteengandik aparte beti esan zuen Davin-ek pipa laburra ezpainetarik aldenduta.
Orain, bake unibertsalaren aldeko eskaria sinatu duanez esan zuen Stephen-ek erre egin beharko duk beraz, hire gelan ikusi diadan kuadernotxoa.
Davin-ek ez zuen erantzun eta, orduan, Stephen kuadernotxoko aipamenak egiten hasi zen:
Urrats luzea, fianna! (1) Eskuinetara! Fianna, saludoak zenbakika, bat, bi!
Hori beste arazo bat duk esan zuen Davin-ek ni irlandar abertzale nauk lehendabizi eta beste ezeren aurrean. Baina berezkoa zaik hiri, denetaz trufatzeko sortu haiz hi, Stevie.
Hurley-ko jokomakilez harmaturik hurrengo errebolta hasterakoan esan zuen Stephen-ek eta konfidenteak beharko dituanez, esan neuri. Eriden nizkiake nik batzu ikastetxe honetan.
Ez haut konprenitzen esan zuen Davin-ek. Bestetan literatura anglesaren aurka mintzo hintzen. Orain irlandar herriaren buruzagien aurka mintzo haiz. Non uzten duk hire izena? Hire ideiak?... Baina, benetako irlandarra ote haiz?
Erdu nirekin heraldikako departamendura ihardetsi zuen Stephan-ek eta erakutsiren diat ene ahaidegoen arbola.
Orduan, izan hadi gutarikoa. Zergatik ez duk irlandera ikasten? Zergatik utzi huen Liga-ko ikastaroa lehendabiziko ikasgaian?
Hik badakik zergatik erantzun zuen Stephen-ek.
Davin, burua higitu eta, barreka hasi zen:
Hara! esan zuen emakume hura eta Moran Aitaren artekoagatik ote duk? Hire fantasia hutsak dituk, Stevie. Solasetan eta barretan ari hituen bakarrik!
Stephen-ek pausa bat egin zuen erantzun orduko, eta adiskidetasunez imini zuen eskua Davin-en bizkarrean.
Oroitzen duk esan zion elkar ezagutu genueneko eguna? Elkar kausitu genueneko lehen goizean, hire lehen klasera iristeko bidea galdetu hidaan, lehen silaba gogorki azentuaturik. Oroitzen duk? Eta ene buruari galdetzen zioat nik: bere hitzak diren bezain inoxentea ote duk bera ere?
Ergel samarra nauk esan zuen Davin-ek. Eta hik badakik. Harcourt Street-en bizimoduari buruzko gauzak esan hizkidanean, Jainkoagatik eta ene arimagatik, Stevie, ezin izan nian apurrik ere irentsi afalorduan. Eri somatzen nian ene burua. Eta loak hartu ezinik egondu ninduan ohean luzaroan. Zergatik kontatu hidaan hura?
Milesker! esan zuen Stephen-ek monstruo bat naizela elan nahi duk.
Ez esan zuen Davin-ek baina nahiago niakeen kontatu gabe uztea.
Stephen-en adiskidetasun sentimenduen azal barean zehar bultzaka hasi zen oldarra:
Arraza hau eta herri hau eta bizitza hau dituk sortu nautenak esan zuen. Naizen bezala adierazi behar nauk.
Saia hadi gutarikoa izaten errepikatu zuen Davin-ek hi irlandarra haiz bihotzez, hire arrotasuna hi baino gehiago den arren.
Ene arbasoek egotzi egin ziaten beren hizkuntza beste bat hartzeko esan zuen Stephen-ek. Arrotz oste baten zanpakuntza onetsi ziaten. Eta uste duk, neure bizitza eta personaz ordainduko ditudala haiek utzitako zorrak? Zergatik?
Gure askatasunagatik erantzun zuen Davin-ek.
Tone eta Parnall-en egunetaz geroztik, bere bizitza, gaztetasuna eta laztanak zuengatik sakrifikatu dituzten gizaseme ondratu eta zintzoak oro salduak izan dituk etsaiari, edo beharrizanean abandonatuak edo tradituak beste baten truke. Eta orain zuetarikoa izan nadila gonbidatzen nauk. Hori baino lehen, deabruak eraman hazala, hi eta guztiok!
Haiek beren idealengatik erori ziren Stevie esan zuen Davin-ek. Gure egunak ere heldu behar dik oraindik, sinets iezadak.
Stephen isilik geratu zen une batez bere pentsakizuna iarratzen zuen artean.
Arima esan zuen hausnartuz esan diadan une horietan sortzen duk. Sorrera geldoa eta iluna dik, gorputzarena baino misteriotsuagoa. Gizasemearen arima herri honetan sortzen denean, bera harrapatzeko, bere ihesa eragozteko hedaturiko sare batzu kausitzen dizkiat. Nazionalitateaz, hizkuntzaz, erlijioaz mintzo hatzait. Ni ihes egiten ahalegindu behar naizeneko sareak dituk.
Davin-ek astindu egin zuen pipako errautsa.
Sakonegi enetzat, Stevie esan zuen. Baino nor beraren lurraldea duk lehendabizikoa. Irlanda lehendabizi, Stevie. Gero, izan haiteke poeta zein mistikoa, nahi baduk.
Badakik zer den Irlanda galdetu zuen Stephen-ek izotzezko bortxaz Irlanda, bere zerrikumeak bazkatzen dituen urdama zaharra duk.
A portrait of the artist as a young man
(V. ataleko zatia)
Joseba Sarrionandia
(1980 abenduak 24,
gabon eguneko arratsaldean
Carabanchel)
<sangria>(1) Fianna: gure "gudaria"
|