L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-6 (1993-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Zer da kolonizatua izatea?

 

Bittor Garziarena

 

Orain ez dut gogoratzen gaztetan irakurritako teoria marxistak zehazki zioena, baina iruditzen zait kolonizatua, funtsean, beste norbaiten baloreak eta bizimoduak besterik gabe onartzen dituen hura dela. Errealitatetik ateratako adibide karikaturazko bat jarriz, Mexikon polizia-buru izan zen El Negro ospetsuaren emaztea etortzen zait gogora, zeren andre hura izan baitzen Acapulcon eta itsas-gaineko harkaitz batean oraindik ikus daitekeen etxe suizar peto-petoa eraiki zuena; bere senarraren esbirroei eraikiarazi ziena, hobeto esanda.

        Lehenago farre egiten nion andre mexikarrari, baina azkenaldi honetan, esaten den bezala, nire farrea izoztu egin zait. Dena hasi zen etxeko egongelan sartu eta gure aita, sekula saskibaloi partidu batean izan ez dena, kirol honen arau eta xehetasunak urrutitik ere ezagutzen ez dituena, Phoenix eta Filadelfiako ekipoen arteko partidu bati begira ikusi nuenean; Euskal Telebistan, noski. Geroxeago, berriz, nire auzoko neska eta mutil gazteak galtza bakero urratuekin ibiltzen hasi ziren, eta berriro ere nire farra izoztu egin zitzaidan, zeren nik farre egiten bainien —ahopeka, zeren errespetozko pertsona bainaiz— Londresen halakoxeko arropa zarpailarekin ikusten nituen adolezente britaniarriei. Hurrena, berriz, Euskal Herriko egunkari abertzale eta ez-abertzaleen irakurketak euliztatu ninduen, zein gauza arraroak kontatzen zizkiguten, zenbat toki eskaintzen zioten Oscarren egunari, eta zein naturalki onartzen zuten sari horien garrantzia, ez dakit, gure egunkari horiek Hola ematen zuten, edo hobe, Hollywood Voice; azkena izan zen portugaldar batek hartu ninduela autoz nirea hondatu egin zitzaidan batean, eta gizon haren autoan Cesaria Evora abeslariaren Luz dum estrela kanta zoragarria entzun nuela, eta orduan galde egin niola neure buruari, ea zergatik gure irratiek —Kostaldeko trena eta beste programa batzuen salbuespenarekin— ez zidaten halako musikarik jartzen, ea ezin ote zen zulorik egin merkatuak bultzaturiko musika-sare horretan.

        Urruti nago nazionalismo politikoaren kriterioak kulturan aplikatu nahi dituzten haiengandik, eta uste dut funtsean ona dela frantziarrei hainbeste gustatzen zaien metissage delakoa. Bai, nahastu egin behar dugu, erakutsi egin behar dizkiogu elkarri bizitzeko moduak, gastronomia bera ere hobetu egiten da kanpokoaren eragina hartzen duenean. Guztiarekin, metissage al da katuak xagua jatea? Metissage al da Acapulcora elur-izotzerako pentsatutako etxea eramatea? Ez zait iruditzen. Izan ere, eta ari garen gaiaz ari garela, kultura bizitzeko modu edo formek osatzen dute, eta forma horiek nahitaez egon behar dute leku eta denbora jakin batera egokituak. Ikusi nahi duenarentzat bistakoa da hori, ikus dezake arkitekturan, ikus dezake gastronomian, ikus dezake musikan, pinturan edo beste mila esparrutan.

        Beraz, beharrezkoa da kanpotik eta beste kulturetatik —beste bizimoduetatik— datorren horren egokitze bat. Garbiago esanez: beharrezkoa da lixerigailu bat, eta ez itsas-trikuarena bezalakoa, baizik eta behi batenaren berdina edo hobea. Behiak ausnartu egiten du dena, lau urdailetatik pasarazten ditu jakiak. Kolonizatua izan nahi ez duenak ere lau edo bost buelta ematen dizkio etortzen zaionari, eta gero, onartzekoa bada, onartu egiten du. Euskal Herrian, ba ote dago borroka hau aurrera eramateko ahalmenik? Batzutan ezetz uste dut, eta halakoetan beste oihu eta borroka mota guztiak groteskoak iruditzen zaizkit.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.