L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-2 (1985-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Ahots-kate bat

 

Andre Brink

 

euskaratzailea:
Mikel Azurmendi

 

        Nobela honen hiru ahotsen zarata isila dakarkigu hona. Hiru eztarri, emakumearen egoera esklabua salatzeko. Mama Rosa benetean esklabu beltza da. Cecilia eta Hester Nicolaas eta Barend nagusi zurien emazte zuriak.

 

CECILIA

Esan, inoiz ez dut gauza iguingarri hauetaz deus esan. Inork nire gizona gaitzetsi behar balu, ni ez nintzen nor, haren emazte naizen hau, nire odoltxarra susmo bihurtzeko. Nire eginkizuna bete, horixe egiten nuen: Jainkoarengatik nire grinak itoaz, nire haragiaren garbia gordetzen ari nintzen, baieta nire alabenak ere. Baina senarra Pamelarekin hasi zenean, hasi ere etxebarnean hasi bait da sakratutasunaren lege guztien aurka, entzuteko esan nion, eta Biblia idekiaz, Josueren honoko hitzokin lotseman nion:

        «Zuen ardurarik handiena bego Jainkoa maite izatekoa.

        Bestela, saiestuko bazinate, eta zuen artean dauden herri horiei itsatsi eta ezkontzaz lotuko bazinate, haiek zuekin eta zuek haiekin nahastuaz, jakin ezazue gaurdanik: Jainkoak ez ditu gero herri horiek zuen artetik botako; xedera eta tranpa doilorra izango zaizkizue, eta zuen bizkarretarako zigor eta begietarako arantza izango zaizkizue, Jainkoak eman dizuen lurralde eder honetatik zuek betirako galduak zaitezketeino».

        Aurpegia haserrez gorritzen ari zitzaion gizonari.

        «Zer adierazten ari zatzait, Cecilia?»

        Astiro astiro Biblia itxi eta krisketa bota nion.

        «Behin batean, nigana etorri —esan nion— eta Frans du Toit-ek egindako sekulako zerrikeria kontatu zenidan. Sor eta lor zinen gizona nola honen behera eror zitekeen ikusirik. Baina gaur, Nicolaas, galdetu egin dizut: harek egindako hura eta zeu egiten ari zarenaren artean alde handia al dago?»

        —Cecilia, horrelakorik esatea ere, nola ausartzen zara?

        Ez nion amoreman. Bare eta zentzun nengoen; Jainkoa nere alde zegoela bai bait nekien.

        «Ihaz, Capetown-a joan ginanean —hari nik— zeharo harriturik nintzen esklabuen artean zenbat eta zenbat haur zuri zegoen ikusiaz. Gauzak honela segi ezkero, denak azkar askatu beharko ditugulakoan nengoen. Jabetzen al zara horrek zer esan nahi duen? Jainkoak eman digun herri honetan bertan basoko animalien pareko izango gara orduan. Gure erokerian, belarra jaten hasiko gara, Nabukodonosor-en antzera.

        —Muga guztiak gainditu dituzu!

        —Hobe egingo zenuke jainkoaren aurrean belaunikatuko bazina. Belauniko jarriaz, zergatik ez diozu galdetzen mugak zeinek gainditu dituen?

        Minaren minez, gauza bat bakarra neukan zihur: gure etxea hondarrean zegoela eraikita. Goian beheran euria ariko zuen. Urak gora eta gora gainezka egingo, haizeak indarrez eragin eta gure etxeak lurra joko; a ze gogor izan behar zen gure erortzea.

 

HESTER

Egun berri bat gehiago, min zaharra berritu. Min hori ez da inoiz ahazten, hortxe dago beti, indarrez aldatuaz badoa ere, asper eginik egote batetik zure haragia harriduraz kolpatzen duen labanaren antzekoa sentitzeraino.

        Hilabete harrigarri eta diferente bat izan dut horratio, Barend Capetown-a joana zelarik. Hura ez zen askatasuna, baina bizian iraute nagi bat bai, haurdun nintzanetik sentitu ez nuen osotasun antzeko zerbait. Baina zerbait diferente ere izan da: aldi honetan, ikutu gabea nintzela sentitu bai dut, nere gorputz barnean ez bait zegoen beste bizitza baten intrusio kezkagarririk; baina bat batera, bazen niregan haur baten haziaren inguruan bizitzen ariko ote nintzen antzeko sensazioa ere, hazi hori gorde eta berjabetasunaren indarrez babesten ari ote nintzen antzekoa, mundutik independiente izan zedin edo. Oraingoan, haurrak zaindu beharrean nengoen, etxebarna eta baserria ere bai; baina Klaas kapatazaren gaitasuna, dena agur izanik ere, gehiegizkoa zitzaidan. Bakarti nengoen, bakarrik egon gabe; atsedenaldi baten ordaina hori bazen, pagatu egingo nuen.

        Barend-ek eraman nahi izan ninduen berarekin, bai horixe. Behin eta berriz hortan aritu zitzaidan. Eta ziur izan ez banintz Capetown hiriburu zoragarriak nire eguneroko min hori arintzerik ezin izango zuela, berarekin joana izango nintzatekeen. Baina gu bion arteko mokokaldi gogorrenetako batean, senarrak jo egin ninduen. Ez zen lehen aldiz, baina beste guztietan nire gorputza barneratzeko egin behar izan ohi zuen indarkadaren amorrazioz jotzen ninduen. Oraingoan berriz, kalkulatuagoa izan zen, bere nagusitasun fisikoaren mespretxuz eta harrokeriaz alegia. Eta horretxek eman zidan nirean eusteko eta berari ez obeditzeko erreztasuna. Carel gure semea bertan zen eta jotzen ninduelako ikaraturik, karraisika hasi zen, eta berehala haur besoetakoa negarrez lehertu zen; baina hotz hotzean hara zer pentsatu nuen nerekiko: Ongi zabaldu hire begiak, Carel, guzti honetaz noizbait oroitu beharrean zarete. Horregatik hezitzen zaituztet, halako batean zeuen andreei gauza bera egin diezaiezuen. Horixe da nere eskutan dagoen bengantza bakarra. Barend gure ixtilua semeei adierazten eta lasaitzen utzi nuen, eta hanka eginaz, zaldia zelatu nuen. Eta gau hartan, ezkondu ginenez geroztik, lehen aldikoz barkamena eskatu eta Capetown laguntzeko esaten zidalarik, oso erreza izan zitzaidan gizonari ezetz esatea.

        «Ez dakit goizean zer gertatu zaidan, esan zidan. Jainkoaren izenean, Hester, entzun iezadazu. Ez da horrelakorik inoiz gehiago gertatuko, hara nire hitza».

        Irripar bat egin eta ipurdia eman nion. Orduntxe zen hauxe esateko garaia: «Bixtan da berriro hasiko zarela. Muga berriak beti pasa ahal izango ditugu. Guk bestela nola iraun?» Iadanik gure zahartzaroa ikus nezakeen, bi gorputz iher, elkar urratzen, bata bestearen kontra borrokan, gure gorputzdura itsusi eta hezurtsuetan hezetasun-apurrenik ba ote dagoen mia eta mia, geroz eta sakonago.

        Eta gauza bera gertatu zen oraindik bera etorri berri zelarik, Nicolaas eta Cecilia bixitatzera joan nahi zuen lehenengo igande hartan. Hilabete bakar bakarrik pasa ondoren, ez nintzen oraindik bere aurrean ohitua eta ezetza bere bidez etorri zitzaidan. Ceciliaren etxeko txukuntasunari behin eta berriro buruz buru egiteak agian merezi zuen, edota zakur zigortuaren begiez Nikolaas-ek niri begiratzeari aurrez aurre egiteak ere bai. Baina berriz ere obeditu beharraren aurka asaldatzeko premian nengoen. Eta mokokaldi berri bat piztu zen, zakar eta inutila; eta jo egin ninduen.

        Haserreak ninderamala, arrapostu egin nion baina besoa heldu eta urrun eduki ninduen.

        «Jainkoa Jainko, esan nuen arrabiaz eta gauzezaz, gizona banintz erraiak apurtuko nizkizuke ederki asko.

        —Baina gizona ez zara eta neuk esandakoa egingo duzu.

        —Aita zena bizi balitz, ez zinateke ausartuko.

        —Aita mozkor aihen bat zenuen».

        Hamorru karraisiak eman nituen, ostikoka askatzen saiatzen nintzen bitartean. Haur besoetakoa seaskan negarrez eta ixtiluak erakarrita, Carel sartu zen.

        «Jarrai, jarrai, esan nion Barendi-i. Beren aitak emakumea zein kementsu astintzen duen erakutsi semeei.

        —Alde egizak hemendik, oihu egin zion Carel-i, karrasika hasia zegoen-eta.

        Zakar eta lotsaturik, uzten joaten utzi ninduen, aurreko beste hartan bezalaxe.

        «Egunen batean zure semeek indarra izango al dute beren amaren mendekua hartzeko» esan nion arnas-hestuka, estabaidan berak autsi zidan kamisoiaren zatiak nire kontra eusten nituelarik. Elkarren arteko tira-biretan hori egiten hasten zen beti: nire arropak urratu ohi zituen titiak agirian uzteko.

        «Zeure errua izan da, esan zuen. Zeorrek bultzatu nauzu hortara. Badakizu horrelakorik ez nuela nahi».

        —Behin eta berriz hasiko zinela esana nizun» erantzun nion besotan haurra hartu eta gozo poxin bat ematearren. Honen burutxoaren gainetik begiratuaz esan nion gizonari: «Ongi da, joango gara Nicolaas eta Cecilia-rengana; nire aita zenaren hilobia ikusteko gogoa daukat-eta. Alde egizu orain, jantzi egingo naiz».

        Goiz irten ginen. Bi ordutako idi-gurdi bidea genuen. Isil isilik aurrera egiten genuen, ohi genuen legez. Barend-ek erremalak zeuzkan, eta Carel gure artean eserita zegoen, sorbalda zuzen zuzen, bere hiru urtetako independentzia gizajoan bizkar xamurrak tinko edukiaz. Besotan neraman beste haurra, baina aldian aldian, lur okrea aldetik aldera pasatzen zuen pista oker hartan gurdia balantzaka hasten zenean, beste besoarekin Carel eusten saiatzen nintzen, eta asko pozten nintzen isilka bere bizkartxoek ezetz eginaz kolpe zorrotz bat egiten zutelako. Mutiko nirea. Nire gizonttoa. Nola ez ninduen bada penak jota utzi behar bere nahiaren baieztapen dibertidu harek? Latz borrokatzen ari nintzen gizon haren haur-kopia hura ikusita, a ze txarkeriaz harrotzen nintzen! Halere, bere independentzia eta guzti, nerea zen motikoa, niregan itxuratu eta eratua misterioz. Ez nuen sekula alabarik nahi izan. Haurrik izatez gerotan, motikoak izan zitezela. Alaba baten susmo txikienik ere baztertu egiten nuen; baztertu ere horrexegatik baztertzen nuen: alaba baten apostu patetikoa zein zaurigarri den erakusteko. Alabarengan nire frakasoa bera aitortu beharko nuke azken batez. Errebantxa hartzeko moduren bat ote ziren mutikoak? Amodioaren adierazpen bakarra mendekua ote zen neretzat? Ez, ez; maite nituen semeak, bai horixe; eta agian, austen hain errezak zirelarik, gizon horren baitan bazegokeela gozotasun izkuturen bat jabetu nintzen; gizonezko mundu gogorrenean, irauteko borroka itsu honetan nitaz nagusitzea beste aukerarik izan ez zuen gizon horren baitan agian bazegokeen gozotasun izkuturik. Nire semeengan bazen nire zertxobait, geroko askatasun biderantz zerbait. Orduntxe lehen aldiz hasi nintzen nire amagiarreba eta haren indarraren iturria ulertzen. Harentzat ere etorkizuna semeak ziren. Baina hura ez al zen ilusio bat: zeren, ze askatasun dukete gure semeek, askatasuna beste guztiak azpian edukitzeko posibilidade hutsa baldin bada? Luzeren luze jakin liteke ordea honen berri. Beti beranduegi jakiten da, gauden gau ilun hikaragarri honetan. Igande goiz lasaian, urriko goizgiroan, udazkenaren lehen aiheruekin batera, belarra krask-errez eta ihertzen, marroi tanta batek zumeak eta apakintzako mahastiak iluntzen, neure burua gurdiaren bilintzi balantzan lasatua, mendi magal zorrotzetan astindua eta erabilia, nire aitaren etxe izana zen zelai biluzirantz. (...)

 

MAMA ROSA

...herri gogorra hauxe, emakume gutxieta gizonak beti gogomin. Zein ote naiz ni bizitzari bizkarra emateko? Zaldia datorkidanean, gogortua eta odol bizi, ni, ideki egiten naiz. Eta horixe behar dute gizonek, horrexeri esker ez dira erotzen; hori gabe zertan dabiltzen ere ez dakite, burua galdu eta mundua suntsitu egiten dute. Hara hor Nicolaas, horra hor Galant bera.

        Azken honi dagokiona ezin dut gehiago isilik eduki. Beste gauza askotan pentsatzen saiatu naiz, bai, baina Galant-engana behar du behin eta berriz nere gogoak. Ni bait naiz bera hazi dudana eta, nolabait begiratuta, nere seme dela esan dezakezue, berarengan txarkeriaren aztarna beti badarama ere.

        Bere ama Lys zeritzan, ni baino gazteago zen, ia neskato bat oraindik, bularrak albarikoketxo bana; eta ez zen gure Bokkeveld hontako alaba. Itsasoz bestaldetik omen zetorren, hala zioten behintzat, Bataviatik edo; Ontong bezala alegia —horrexegatik saiatu zen gizona neskatoa babesten, bere modura noski, axari buztan luze hori! Gizona prakak betetzeko prest beti; gehiago oraindik emakumea aurkitzen zaila denean. Berdin berdin gertatzen zitzaion gure Piet nagusi zaharrari. Zenbaitetan ikusi dut, gauez, baserria utzi eta nire txabolara etortzen; bai askotan Lys-engana joaten ere. Eta Lys-i sabela loditzen hasi zitzaion. Gure artean hezi den neskarik gazteena bera zen, eder ederra bere tripa eta guzti; nahiz eta ilunean gu ikusterik ez, bera ilunean ere ederra zen. Eta bazuen gizonak bereganatzeko zer edozer, Ontong-ek zioen bezala: «Zatoz niregana, astindu nazazu». Eta gizonek ezin zuten beren buruen jabe izan —petaloak erauzi gabe lorea miretsi ezin duten horiek bezala, edota txinaurritegiaren ondotik ostikoa eman eta ziztada hartu gabe aurrera pasa ezin duten beste horiek bezala. Lys-ekin gauza bera zen, albarikoke tititxo Lys hura; eta gizonak nonahitik zentozkion ostoak kentzera, ni ikustera zentozen bezalaxe, baina ez zen berdin, neri guzti hori bost ajola zitzaidan-eta, baina ez ordea berari, zera horrek bera erotu egiten zuen, eta orduan eta desiagarriago zitzaien neskatoa gizonei. Lys fruitu antzeko zerbait zen, astrijente baina azukretsu, eta denek jan egiten zuten hartatik. Honela hasi zitzaion sabela hazitzen.

        Erditzerakoan oso gaizki pasatu zuen Lys-ek. Berarekin nintzen ni, beste inori ez bait zion gerturatzen uzten. Hasieran, haurra hil-berri jaio zelakoan nengoen eta alde batera utzi nuen, amaz arduratzeko, ama ez bait zen batere ongi; eta behingo behingoan Ontong-i deitu nion, zulo bat egin eta haurra hobira zezan. Baina heriotza bezain zurbil nireganatu zen Ontong, gauza ttiki hura bere esku-barrenetan bueltan zekarkidalarik, eta hantxe egon zen hikara batean argizariaren dirdiran, eta esan zuen azkenean: «Begira ezazu, Rosa, bizi da». Eta txakurtxoaren gisa, hilinki halanka mugitzen ikusi nuen. Hartu nion haurra, garbitu eta ttitia eman nion, nire haurtxoa hil zitzaidanez geroztik esne ugari bait nuen, eta hilabete gutxiko Nicolaas berari ere titia ematen ari nintzaion. Gauza bizi ttiki harek bere txakurño buruarekin tap tap jo ninduen; gero titia hartu eta edaten hasi zen, zorria baino atxikiago. Hasiera hasieratik eguzki epeleko umea, horixe baietz!

        Eskerrak nire esneari, Lys-ek ez bait zuen haurra nahi izan. Ezin zuen umea jasan, ezta begiratu ere ezin zion egin, inolaz ere besotan hartu ez, noski. Gau eta egun, negar eta negar etzanda zeraman neskatoak, bazihoala ohartu nintzen arte. Eta esan zion: «Aizan, ez hainbeste estutu, neronek haziko dinat, aski esne badinat-eta». Lasaitu zen piska bat, baina denbora luzean gaisorik egon zen. Bete-betean nago sendatzeko beldurrez zegoela, gizonak berriro hasiko zitzaizkiolakoan, beldur. Halako gau batean Piet etorri eta galdetu zuen: «Zer moduz esklabua? Denbora badoa aurrera eta eutsi ezineko gogoak dauzkat». Oheko ator bat besterik ez zeraman, eta ongi ikusten nizkion bere gogoak, baina Lys beste aldera itzuli, belaunak bularretaraino estutu eta aiumaka hasi zen, emakumea ez baina zakurra zirudiela. Gizonak neri alde batera egin zidan bestearenganatzeko, eta bere eskubidea zen; nagusia zen, indarra zeukan, eta a ze zakila, gurdi-abea bezain tinkoa. Baina nire ondotik pasatzerakoan, bere atorra altxatu nion eta gizon-zera hartan ahoarekin hasi nintzaion aizematen, eta niregana itzuli zenean, behar den bezala heldu nion. Badut aspaldidanik gizonak edukitzeko artezia gero. Ondoren nire aldera tira eta etzan egin nuen, eta hasberapen batekin, sartu egin zidan; orduan lurra bizi-bizi jarri zen ekaitz izugarri batean. Berarekin jardun nuen, berandu arte, Lys pake pakean utziko zuela ziur egon nintzen arte; eta otoitz egiteko ordua eta lehendabiziko kafe otordua ia bertan zeudelarik, goizeko artizarrak hanka egin zuen hartan, bilin balaunka irten zen txabolatik, ahitu baino ahituago gizona; ez dagoela horrelako nekerik, sinets egidazue.

        Beste guztiak ere berdin uxatu nituen. Aintzira adinako gorputz sakona daukat, eta abere-talde franko etzan daiteke gainean. A, Lys ikutu ez zezaten lort baneza! gu denentzat askoz hobe.

        Baina Piet geroz eta errai-estuago zebilen. Azkenean bekoz beko hitzegin behar izan nion: «Lys berriro hartzen baduzu, akatu egingo da. Hipopotamoen zuloan ittoko da» gizon haren etorrerak neskari ze begirada ateratzen zion ongi ikusita neukan-eta. Eta horrexegatik Lys saldu zion Capetown-a zihoan Karoo-ko gizonari, gurdi batean saltzeko trasteak zeramatzala, baserri ondoan gelditu zitzaigun hartan.

        Haurrari ez zitzaion ezer gertatu. Lys erosi zuenak ez zuen haren semea hartu nahi izan; eta nola Lys-ek berak ere semerik nahi ez zuen, nirekin gelditu zen haurra. Eta besotan neukan, gurdia urrutiratzen genekusanean. Lys atzekaldean zegoen eserita, noiznahi eror zitekeen arropa zikinez egindako fardel bat bezala —a ze gauza neri huraxe bururatu beharra— baina hilabete gerogo gurdi bera baserritik berriro pasatu zenean, neska gaztea gurditik behera erori eta gurpila gainean pasatuz, hil egin zitzaiola esan zigun gizonak...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.