Zerurako bidea hartu ez zuen sonbrerua
Breyten Breyntenbach
euskaratzailea:
Felipe Juaristi
Hiri handian karrika txikia dago. Eta karrika txikian etxe zahar bat. Etxe zaharrean bost pisu eta eskailera zuloa. Hiru pisu zaharrak dira eta bi berriagoak honek esan nahi du bi maila berri horietako bat haseran korta bat zela eta bestea mandioa. Egokitu egin dituzte. Handiak, txikiak, pisu bakoitzak gelak ditu. Boskarren pisuan zahar bat dago gela txiki txiki batetan, oinetako lokarria bezala, zopa eta prentsatutako tabakoaren eraginez hariz-hari desegindako bibotearekin. Gogortzen hasiak diren belaunak doblatzen ditu; eta bere bibotea alde bakoitzetik, baina nahigabean. Gero, prakatan sartzen da zaldi batetara igoko balitz bezala. Paretaren kontra dagoen ispilu aurrean plop ahoan sartu baino lehenago garbitzen ditu hortzak. Ondoren korbataren korapiloa egiten du, txalekoa jazten du eta bi behatz sartzen ditu poltsikoan. Bere txalekoaren poltsikoan, kate bati lotuta, geratzen zaion denbora guztia gordetzen duen metalezko kutxa borobil eta zilarrezkoa dago. Kutxa txikiak kristalezko estalkia du eta horrela zehaz dezake bizitzeko geratzen zaion denbora. Agortzen ez den bitartean, ez dela hilko pentsatzen du. Denbora bizia gorde behar du; denbora hilak pozoindu bait diezaioke bapatean. Orduantxe justu jazten du buru gainean bere sonbreru meloia gizonak eta joaten da eskaileratik behera karrak-karrak-karrak, hamar karrak eta laugarrenetik hirugarrenera karrak-karrak-karrak, beste hamar. Ate aurrean, hirugarreneko mailartean, gelditu da. Tipus-tapas, buru soildutakotik kentzen du sonbreru meloia eta lurrean jartzen du, ate ondoan. Praketako poltsikotik hartzen du zapia, eskuak lehortzen ditu, gordetzen du zapia eta zeinu mekaniko batez eskuak elkarren kontra eramaten ditu, batak bestea astinduz. Makurtzen da piska bat aurrera, plegatzen ditu zertxobait belaunak, eskuak bere ixtarretan pausatzen ditu eta jartzen du begia ateko sarrailaren zirrikituan. Gelako zoluan tapis bat dago. Tapis gainean mahai eta ohe bat. Mahai gainean kristalezko hiru katilu. Lehena lumaz beterik dago, bigarrena iltzez, hirugarrena errautsez. Emakume bat dago etzanda ohe gainean. Emakumea hilik dago. Ezpainetako gorria gordea dago ezpainetan barrena, eta euli batzuk bilatzen dute haren arnasa gozo ezabatua. Emakumearen gona iztar gainean dago bildurik. Larrua eta oihala batzen dira. Izter lodi grisastak dauzka, mantxa ubelduekin. Izterren artean bizar txikia gailentzen da. Gizon zaharrak sarrailaren zirrikitutik begiratzen du dena. Gizon zaharra hum eta hem-ka ari da eta erretiratzen du bere begi itzalia sarrailaren zirrikitutik bertan ahoa jartzeko. Gizon zaharra txutxumutxuka ari da eta bere biboteko ileak dardar dira oinetako lokarria bezala. Uf eta puf dio gizon zaharrak; uf eta puf, uf eta puf. Zuazolazigorraga andrea, ni naiz berriro. Neu naiz, Zuazolazigorraga andrea. Uf eta puf, andrea. Zer egingo dut? Begira, izenaren jabe naiz, badauzkat kontzientzia, arima, adimendua, espiritua, nortasuna eta luma desberdineko txoriak. Zer egingo dut nik zati ezberdinekin? Uf eta puf, Zuazolazigorraga andrea. Eta zer egin zarata txiki, pauso azkar, euri tantekin, nire bihotzetik nire txalekoko poltsikora doan katean nire belarria zorroztuarekin? Txutxumutxuka, horrela ari da gizon zaharra, kentzen du ahoa sarrailaren zirrikitutik eta begia jartzen du haren lekuan bizi-arrastorik ba al dagoen ikusteko. Baina gizontxoa oso zaharra, oso gogortua, oso geldo eta oso baldarra dago aspaldi batetik. Ezpainak hitzen ingurubilean borobiltzen saiatzen da, eskua bozgoragailu balitz bezala ipintzen. Oso zuhurregi ez, hala fede, bizitza seinalerik dagoen ziurtatzeko beranduegi iristen bait da. Belaunetan mina sentitzen hasi orduko, bere zapiarekin lehortzen ditu eskuak, berriro jartzen du bere sonbreru meloia bere buru soilean, eta segitzen du, karrak-karrak-karrak bere hausnarketen beilan. Egunero etortzen da zain egotera eta sarrailaren zirrikitutik begiratzera. Batzutan bere zapiarekin aho luzean dagoen lerdea kentzen du ere. Uf eta puf, Zuazolazigorraga andrea, isurtzen zaio. Zer da egin behar dudana eta zer da gorde behar ez dudana? Anubis, Zuazolazigorraga andrea, Anubis, Isis, Hathor, Min, Set, Amon-Re, Osiris eta Khepera kakalardoa. Aron eta Horus andrea. Geb, Nut, Shu, Thoth eta Ptah! Tueris, Ma-at eta eta Bes nire leiala. Oh, hienen hilerria. Oh, itzal-jaleak, sabel lapurrak, hezur hausleak. Uf eta puf Zuazolazigorraga andrea-uf eta puf, fuf eta nuf, hum eta hem! Azken finean, karraka eskaileran ala zapatatan dago? Nik ez dizut errietan esaten... Hirugarren egunean bizartxoa gainezka nahiean zebilela ikusi zuen. Seigarrenean, ibai moduan zabaltzen segitzen zuela bizartxoak ikusi zuen. Bederatzigarren egunean begia eta mingaina ez zirela lain ulertu zuen, zeren nola entzun zezakeen berak erantzuna? Bere estratejia hutsaren hurreko egin behar zuen. Hamalaugarrenean belarri horituarentzat aritzen da txutxumutxuka. Obupuf Dama Errosario. Hamazazpigarrenean bizarrak bitxikeriak egiten zituen tapisean. Hogeitabatgarrenean mahai gaineko katiluak lekuz aldatuak daude. Hogeitabederatzigarrenerako badaki geldoegia dela. Erantzuna espero eta atzerapena harriduraz hartu: esperantza enbarazoa da; sinesmena oztopoa. Hogeitahamaboskarren egunean bizarra, zaldi gainezkako odol beltza urdinean herrestan, ate ondora iritsi da. Hogeitahamaseigarren egunean gizonaren belaunak kalbarioa dira eta gurutzera ailegatzeko ezetz esaten dute. Hogeitahamazazpigarren egunean, arreta zuhur batez irekitzen du atea. Sarrailaren zirrikitua irensten du. Zapia eskuetan lehortzen du. Karraka egiten duten belaunak lur parean ditu eta behatz artean hartzen du bizarra. Latza da Zolazigorragazua andrea. Grinaz hartzen du bizarra eta esku dardarti batekin bere bibotea ordenatzen du zopa eta tabakoarengatik lokarri distiranta moduan ahoan negarrez. Eta gizon zaharra igotzen, igotzen, igotzen hasten da. Bere poltsiko hondoko kutxan sentitzen du taupadaka tik-taka.
Baina ahaztu zaio sonbreru meloia mailartean.
|