L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-4 (1987-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Izurritearen Kolonia

 

Milan Kundera

 

        Bost ziren: Vitezslav Nezval, Jaroslav Seifert, Konstantin Biebl, Frantisek Halas eta Vladimir Holan. Belaunaldi bateko poetak, bere bizitza osoan poesia txekoak izan duen pleiadarik handiena. Holan, 1948ean, estalinistek beraren kontrako erasoen atzetik Pragako bere apartamenduan sartu zen, konbentu batetan sartzen den bezala, gehiago ez irteteko. Jaroslav Seifert garai hartan gaitzetsiko dute

ere eta denbora luzean ez du agerpen publikorik egingo. Frantisek Halas ondoren hil zen. Idatzi zuen:

 

                Behetik sentituko dituzu larrosak

                zeure heriotza biziko duzunean

                eta gauean maitasuna baztertuko duzu

                zeure ezkutarekin.

 

        Ehortzi eta hurrengo egunean, ezkutarik gabeko hilotza, bere izena gaitzaren sinbolo bihurtuko duen kanpaina ideologiko baten jomuga bihurtu zen. Konstantin Biebl-en txanda zen. Biziki maite dut poeta diskreto hau.

 

                emakume ederrak

                eta nagiak entierroa bezalakoak

 

maite zituenak.

        Hogeitabi urte nituen. Zavis Kalandra surrealista txeko batek bere burua urkatu zuen. Biebl-ek begiak platerak moduan zera esan zidan: "Ezagutzen duzu Eluarden erreakzioa?" Eta azaldu zidan: gutun ireki baten bidez, Andre Breton-ek Kalandra bien lagunaren kontrako salaketei aurre egiteko errogatu zion, baina Eluard-ek ez zuen herriaren etsai baten alde egin nahi izan. Azken aldia Biebl-ekin egoten nintzela. Egun batetan, amaierarik gabeko etsipenean, Pragako bere apartamendutik behera bota zuen bere burua. Garai honetan Vitezslav Nezval kosta ahala saiatuko da Partiduaren mutil zuhurra izaten eta horrekin batera arteari eta lagun artistei fideltasuna gordetzen. Ezina. 1957ean azken hauek utzi zituen. Bere bertsoan bezala joan zen

 

                atzean heriotza besterik ez dagoen

                begi moreak bilatzera

 

        Ez, ez zuen bere burua leihotik jaurti, bere semea (aitaren imajina) izango da 12 urte beranduago horixe egingo duena, sobietarren horrorea lurralde horretan zabaltzen denean. Idazle txekoek (okupazioaren helburua) Seifert hautatuko dute beren elkarteko presidente. Makuluekin bili behar zuen. Beharbada gaitz hori medio, eserita zegoenean arroka itxura hartzen nion: mugiezina, sendoa, irmoa. Bera gurekin seguru sentitzen ginen. Kondenatutako herri batek, zein arrazoin aurki dezake esistitzen jarraitzeko? Justifikazioa, arrazoia hantxe zegoen: poeta pisua, makuluak mahai gainean utzita, herriaren jenioaren adierazgarri argia, ahalmenik gabe baina direnen gloria. Frantzian nengoen Vladimir Holan bere apartamendu-konbentuan zendu zela jakin nuenean. Ezin ahantzi bere bertso izugarriak

 

                Dentistaren eskailera bezala

                odol txistuez dago estalita gizadia

                bere bizkarrezurretik zehar

                igotzen da beti gaitza

 

        Holan hilda gero Seifert-ek hauxe idatzi zuen:

 

                Bohemia txori harraparien kaiola da

                eta hemen berak muzin eginez

                botatzen zituen bere poemak

                haragi gordinaren zatiak bezala

 

        Bohemiako kaiola siniestroa. Seifert bakarrik geratu zen. 15 urtetako atzerapenarekin, azkenean Nobel Sariak aurkitu du hospital batetako ohean etzanda.

1984eko urriaren 13a.

 

        1. Vladimir Holan gaztelerara itzulita dago, Seifert bezala. Ikusi «Avanzando» eta «Antología poética», Clara Janes-en itzulpenak. Euskaraz, Sarrionaindiak Holan-en zenbait poema euskeratuak dauzka. Seifert-i buruz zera dago gazteleraz: «Breve antología» Clara Janes-en itzulpena eta «Toda la belleza del mundo».

 

                                        J. Seifert

                Lau haizetara bihurtzen da

                zerutar ejertzitoko

                printze desmobilizatuen laukotea.

                Eta lau aldetan

                ateak itxita,

                lau giltzarrapo zintzilik.

                Bide eguzkitsuan aurrera, dudatan,

                koloniako itzal zaharra.

                Kateen ordutik

                dantza ordura arte.

                Larosaren ordutik

                suge hortzen ordura arte.

                Irriparreen ordutik

                gorroto ordura arte.

                Esperantzaren ordutik

                behinere ezaren ordura arte,

                etsipen, herioaren ardatzaren

                ordua iritsi arte

                pauso bat besterik ez.

                Gure bizitzak aurrera, arrastaka

                behatzak beirazko paper batetan zehar bezala;

                egunak, asteak, urteak, mendeak.

                Urtetan zehar negar egin genuen.

                Joan da denbora.

                Gaurregun oraindik pasatzen naiz kolonia aurretik,

                sarritan itxoiten nuen,

                aho apokaliptikoetatik

                zerion ura entzunez,

                uretan bere apainguran pentsamendua,

                eta bapatean itzal bat erortzen zaizu aurpegira.

                Larrosaren ordua dator.

                                      Izurritearen kolonia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.