Atomoen bizitza
Pio Baroja
euskaratzailea:
Felipe Juaristi
Aprezio asko diogu Barojari, bere nobelagintza eta bere ipuinengatik. Nahi duzuen moduan hartu dezakezue ipuin hau: Kimikako ikasgai baten moduan, edo-ta fantasiazko ipuin bat balitz bezala. Zeuek ikusi.
Neguko gau bat zen, etxean nengoen bakarrik eta irakurtzen. Ez zen entzuten etxean ez zarata ez marmariorik; bi erloju besteriz ez, batak nire despatxuan, besteak pasilotik hausten zuten gaueko isiltasuna.
Txikienak, gelakoak, erloju errespetagarri baten tik-tak ohizkoaren artean bi kolpe sartzen zituen eta esaten zuela zirudien: «Goazen ba... Goazen ba...»
Handiak, pasilokoak, estimatua izan nahi duen erloju serio batentzako fantasia hauek baztertuz, ahozpez hauxe xuxurlatzen zuen: «Ondo ba... Ondo ba...»
Nik bi erlojuak korrika eta batak besteari nola persegitzen zion bere zaratarekin entzuten nuen, eta ez nuen nire arima barruan ontzat hartzen batak bestea harrapatzeko hartzen zuten lana.
Kimikako liburu moderno batetan irakurrita neukan teoria atomikoaren desarroiloa eta urduri nengoen, ia haserre.
Ez naute atomoek konbentzitzen esan nion neure buruari. Uste dut atomoek ni ez konbentzitzeko eskubidea dudala. Positibistak gara ala? Ba, orduan... Nork ikusi du atomoa? Nork pisatu du atomoa? Zergatik ausartzen da inor zatiezina dela esatera? Zergatik? Baina, gehien ikuitzen nauena zera da, eta hau sekretupean diot, atomoa lehortezina dela esatea.
Nire katu beltza, uste dut katu beltza daukadala esateko eskubidea dudala, ba, Haeckel-en Psikologi Zelularraren gainean zegoen eserita hantxe mahaia: eta lanean ikusten ninduen, bere begi horiez, indiferentzia hilgarri batekin. Bere itxuran ironia apur bat ikusten nuen eta hori ez zitzaidan nire menpeko, azken finean nire bizkar bizi den izaki batentzat egokia iruditzen.
Mahaitik altxatu nintzen eta sutondoko besaulki batetan eseri nintzen. Pipa piztu eta garrei begira geratu nintzen. Zakurrak purrustada batzuk egin zituen, sutondotik baztertuz, nik enbarazoa sortu niolako.
Ezin nuen nire pentsamendua teoria atomikotik edo atomotik urrundu. Lehortezina! Ba al dago gauza leloagorik lehortezina dena baino?
Atomoa zaharkin bat da esan nuen berehala txikitu behar den hipotesia. Ez dago materia bakarraz aparte beste ezer. Zentzu filosofiko edo zientifikoa duen edonor ateratzen denean, horrek atomoa ukatuko du.
Zakurra erdi lotan zegoen eta noizean behin zeharka begiratzen zidan, errespeto apur batez.
Bai esan nion. Utzi behar dugu atzean atomoaren zaharkeria; haruntzago jo behar dugu, subatomora, atrebentzia zilegi bazait.
Zakurrak begiak itxi zituen, nik esandakoa onartuko balu bezala.
Ez gara garai haietan bizi jarraitu nuen esaten. Orduan urreari Au, zilarrari Ag eta azufreari S deitzea zerbait zen. Ez gaude garai haietan. Iraganak dira.
Inork kontra egiten ez zidanez, entretenimendu moduan suari begira jarri nintzen, su jolastari bati eta nire pipako garrari. Azken honekin nengoen eta hara non ihes egindako txispa batek airean salto egin eta geldi-geldi geratzen den.
Eskandalizaturik nengoen, grabedadeko legearen hausdura huragatik, tenazak hartuta saiatu nintzen txispa lurrera ekartzen; baina berak legeei jaramonik egiteke hantxe segitzen zuen eta bueltaka hasi zen, airean zirkuloak osatuz eta halako batetan... paf! lehertu egin zen suziri bat bezala, kolore eta brilo guztietako mila argitxotan.
Hura errespetua galtzea zela iruditu zitzaidan. Poliki-poliki txispa haietan forma lainotsuak marraztuz joan ziren, eta zehazterakoan, gizon, emakume, euli, zakar, zinife eta lagartoen irudiak agertu ziren, eta guztiak dantzan eta hegan hasi ziren harrapaladan nire buru inguruan.
«Au! Au!» zaunka egiten zuen urre koloreko zakurtxo batek nire belarrietan.
«Hache! Hache!», doministuka ari zen jaun inozo, usainik, kolorerik, zaporerik gabeko bat.
«Br! Br!» durrunda egiten zuen zinifeak usain fuertea botatzen zuen bitartean.
Zein jendilaje da hau? esan nion haserre oso nire buruari Zein zarete?
Orduan, mozorro haietako bat, zuen argiarekin ipurtargia ematen zuena, eta «Ph! Ph!» txistuka bapore-makina bat bezala ari zen nire aurrean. Hauxe besterik ez zidan esan:
Atomoak gara.
Gezurra! egin nion oihu Ez dago atomorik.
«Ag! Ag!» bota zuen zuriz jantzitako emakume batek zilarrezko parrearekin.
Nola esan dezakezu ez garela, ez dugula esistitzen? ihardetsi zidan mespretxuz atomo fosforeszenteak Zuek gizonak zarete esistitzen ez duzuenak! Gure etxea besterik ez zarete, gure janarirako, gure bizitzarako balio duzue; besterik ez.
Zuek!... Zuek bai ez daukazuela bizitzarik esan nien. Zera izango duzue?
Oh Humanitate, Humanitate! Beti leloa izango zara oihukatu zuen atomo fosforeszenteak. Ikusten duzu mugitzen garela, gizon-emakumeak bezala maitemintzen garela; gure sentikortasun eta borondatearen lekuko zara, eta hori eta guzti ez dugula bizitzarik esaten duzu.
Borondatea? bota nuen nik Ez al duzu ulertzen lelo horrek, zure ekintza guztien gainetik determinismo bat dagoela; zu ezkontzea lortu dezakedala eta ondoren zu dibortziatu zaitezen?
Oh! Oh! esan zuen oxigeno-atomo batek Hori gehiegi da.
S... S... marmarikatu zuen azufre-atomoak, behatz bat ezpainetan zuela eta zera gaineratu zuen Utzi atomo jakintsuari hitzegiten.
Dibortzioaz esaten ari zaren horiek erantzun zuen ipurtargiak zera hau besterik ez dute frogatzen, zuek baino aurreratuagoak gaudela. Zein da ba atomoa, bi atomo-adimen baldin badu behintzat, bizitza osorako emakume bat jasango duena?
Bai, hori ondo legoke erantzun nion nik, gogoz dibortziatuko bazinete; baina zuek, zoritxarrekook, ez duzue gizonek bezala borondaterik.
Ba! esan zuen berak Zuek libreak zaretela pentsatzen duzue zuen buruan, lan atomikoaren mekanismoa ulertu ezin dezakezuelako; baina gure ekintzak zoritxarrekoak baldin badira, zuenak ere berdintsuak dira; zuen eginkizuna gara, eta fatalismo atomikoetatik ezin da giza-albedrio librerik lortu.
Eta Arima? esan nuen nik, Psikologian, Logikan eta Etikan beraren izaera frogatzeko hainbat katramila ikasi nituela gogoratuz.
Arima! Pchs! Nagoen ni gizon baten buruan eta argitasuna ikusiko duzu; falta dadila apaiz hau eta txorakeriarekin egingo duzu topo.
Zein zara zu ba, horren harro azaltzeko?
Ni fosforo atomo bat naiz. Ikusi.
Eta atomoa okertu egin zen, hankak buruan jarri zituen, eraztun argitsu eta distirakorra bihurtu zen eta airetik igo zen; ondoren jeitsi eta esan zuen:
Ikusten al duzu? Hau ideia bat da.
Erabat harrituta utzi ninduen.
Atomo fosforeszenteak nire harridura sumatuz, fantasia zertxobait baldarrak egiten segitu zuen.
Aspa bat eginez jarri zen, eta esan zuen:
Horra hor ideia geometriko bat.
Gero okertu egin zen angelu agudoa marraztuz, eta bota zuen:
Hau gorrotozko ideia bat da.
Gero zabartu egin zen, besoak ireki eta esan zuen:
Hau maitasunezko pentsamendua da.
Nik esan dizuet zurtuta nengoela; atomoek nire inguruan dantza egiten zuten, oihuka, denak elkarrekin abestuz:
Gu gara materia bakarra, zatiezina, lehortezina!
Hitz hauen esanahiaz ohartzean, nire aulkian dardarka jarri nintzen, eta esan nuen:
Faltsua! Faltsua! Zatiek osatzen zaituzte.
Orduan, gizonak, emakumeak, zakurrak, zinifeak eta muskerrak lehertu ziren; sustantzia mehe, errauts kolorekoa agertu zen espazioan... Parra atera zitzaidan, parre alai eta irabazle bat.
Ikusten ari nintzen materia bakarra, nire aintzinako X-a, materia betirako eta beti zatigarria...
Baina, zein deabru. Pipa itzalita neukan.
|