L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-5 (1987-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Rimbaud Mikel Lasaren begietatik

 

Rimbaud

 

euskaratzailea:
Mikel Lasa

 

        Rimbaud, poeten maisu izan da eta bere oihartzuna ez da oraindik itzali. Mikel Lasak hartu du euskaratzeko lana eta guk berari hartu dizkiogu poema hauek, bera egiten ari den lanaren erakusgarri bezala.

 

 

Ibarreko lotia

 

Zelaigune bat da non erreka bat ari den

kantari, zilar litsak belarrei esegiz zoroki;

non eguzkiak, mendi goitik, argi dagien:

sakondura bat da errainuz josirik.

 

Gudari gazte bat, ahoa zabal, biluz burua

eta lepoa ira fresku urdinean bustia

dago lo; belartzan etzainik, eltxopean,

zurbil bere ohe berdean blai argiaz.

 

Gladiolo artean oinak, lo dago. Farrantzean

haur eri baten modura, lo kuluskan ari da;

Izadi, eragiok beroki; hotzez baizegok.

 

Lurrinak ez daragi bere usaimena;

eguzkitan lo dago, eskua bular gainean

trankil. Hiru zulo gorri ditu saihetsean.

 

 

Nire bohemia

 

Nindoan ibili, ukabilak patrikera zulatuetan;

nire xamarra bai xamarra xarmanta;

zerupean nindoan, Oi Musa!, ni zure eskutari.

Ai ene! Zenbat amodio eder ametsetan joanak.

 

Galtza pare bakarra eta berak zulatuak.

Erpurutxo amesti, bidean ereiten nituen

errimak. Hartz Nagusian nuen ostatu.

—Ortziko nire izarrek nir-nir ziharduen.

 

Eta bide ertzean jezarririk, nituen entzuten

iraileko arrats eder horietan non errosio tantak,

ardo pizkor gisa, bekokian nituen sentitzen.

 

Non, itzal liluragarrien erdian bertsoak paratuz,

lyrak bailira nire oin minduon

elastikoak inkatuz, bihotz parean zangoa!

 

 

Sentipena

 

Udako arrats urdinetan, sendetan zehar nabila,

galburuen zaztadak pairotuz, belardietan arinik,

noa ameslari, haien freskura oinetan harturik.

Aizeak dezala ingura nire buru soila!

 

Ez naiz mintzatuko, ez pentsaketan ariko;

mugarik gabeko maitasunak urrun narama

izadian zehar oso urrun, buhami baten antzera,

emazteki bat ondoan banu bezala alaikiro.

 

 

Fauno burua

 

Urrez orbaindu gordairu berdean,

lora ederrez loratan eta urduri

abarrerian, non muxua lo datzan,

brodatu fina zulatuz eta ernai.

 

Fauno izutua begi biak zabal

ta ortz zuriez lora gorriak ozka.

Bere ezpainak dira lehertzan farrez

ubel ta odolduak arno zaharra lez.

 

Eta ospa egitean —urtxintxa bailitz—

orri bakoitza dardaraz uzten du bere farrez,

eta ikus daiteke, miruaren beldurrez

oihaneko pitxi lora burua makurtzen.

 

 

Ophelia

 

I.      Izarrak lo dauden ur lo ilunen azalean

        zurbil Ophelia datza, lili galanta iduri;

        astiro doa, soineko zabaletan etzanik...

        ...Ehiz oihua da entzuten oihan urrunean.

 

        Mila urtez Ophelia gaioa iraganez

        doa, iratxo zuria, ibai beltzean barrena.

        Ez da egunik non ez duen bere zoramen

        apalak arrastirian erromantzak murmuratzen.

 

        Bularra munkatuz aizeak oihal zabala

        hedatzen du korolan uren eragin doiaz.

        Sahatsek malko darie haren sorbal gainean,

        ihiak makurtzen haren bekoki ametskoian.

 

        Nenupharek antsiz inguratzen dute;

        inoiz, zuhaitz isil bateko kabia esnatuz,

        lumen dardara doia da enzuten.

        — Jaulkitzen da izarretiko misterioa kantuz.

 

II.     Zurbil Ophelia! Edurra bezain liluragarria!

        Gaztetan zinen hil, bai, ibaiak eramana!

        — Bada, Norwiako mendi goitietiko aizeak

        libertate garrautsaz zizun berri eman.

 

        Bada, hats batek, adatsa zirimolatuz,

        zure gogo ameslaria hos estrainioz zuen bete;

        zuhaitzen ahasperenetan, gauen sotinetan

        izadiaren kantua zure bihotzak entzun zuen.

 

        Bada, itsaso eroen ahotsak, irro eta karraisi,

        zure haur bihotza, ahul eta eztia, zuen lehertu.

        Bada, apiril goiz batek, zaldun zurbila,

        ero gizajoa, belaunetan zitzaizun jezarri.

 

        Ortzi! Amodio! Libertate! ametsen eromena!

        atxiki zenitzaion nola edurra suari;

        zure ikusmenaren zabalak hitza zizun agortu

        — Eta infinitoaren izuak zure begien urdina izutu!

 

III.    Eta poetak dio, izar argitan zabiltzala,

        gauez, aintzinan zuk bildutako loren xerka,

        eta omen du ikusi, ur gainean oihal haunditan

        etzana, zurbil Ophelia, lili galanta iduri.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.