L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-8 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kipling: arrazaren legea

 

Jack London

 

euskaratzailea:
Felipe Juaristi

 

        Jack London (1876-1916) dudarik gabe da narratzaile on eta apartekoa. Bere bizitza bera izan zen nolabait esateko abenturazko nobela bat. Asko zor dio jeneroak berari: «Oihanaren Deia», «Martin Eden», «Hegoaldeko Itsasoetako Errelatoak» eta abar luze bat. XX mendeko bigarren hamarkadan iritsi zen Polinesiara eta paraje horietatik barrena pare bat urte pasa ondoren, Californian zuen errantxora zihoalarik bere buruaz beste egin zuen.

 

        Rudyard Kipling, "odola eta arrunkeriaren profeta, efîmeroen printze eta aukeratu ezaren idoloa" —Chicagoko kritiko batek pozaren pozez dioen moduan— hil da. Hau egia berdaderoa da. Hilda dago, hilda eta hilobiratua. Eta gizon hitz-jarioen multzo hegalaria, gizontxoena, agertu da eta Kim-etik ez moztutako orriez estali dute, mortaja moduan Stalky & Co-n bildu dute eta bere hilharriaren gainean The Lesson poemako bertsorik zailenak. Oso erraza zen. Munduko gauzarik xinpleena. Eta gizon ipurterre eta builosoek eskuak igurtzen dituzte, harriturik, zergatik horrenbeste denbora zai egon diren galdetuz. Oso erraza zen.

        Baina etorriko dira mendeak, gizontxo berriketero hauek eztabaidan jartzen dituztenak eta orduan haiek emango dute beraien hitza gizon honi buruz. Geroko belaunaldiek XIX mendera begiratuko dutenean zein mende klase zen jakiteko— aurkituko dute, ez XIX mendeko jendeak pentsatzen zuenari buruz zuen ustea alegia, baizik eta benetan pentsatzen zuena, ez jende horrek egin behar zuenaren ustea, egiten zuena baizik. Orduan irakurriko da Kipling— eta ulertuko dute. "Ulertzen zutela uste zuten XIX mendeko gizonek" esango dute geroko belaunaldiek, "eta orduan pentsatuko zuten ez zegoela haren baitan zer ulertzerik eta ez dute jakin pentsatzen zutena baino gehiago".

        Badakit oso gogorra dela eritzi ha, baina hori une honetan aintzinako Erroman plebeak betetzen zuen papera betetzen ari denari bakarrik dagokio.

        Multzo inestable eta ardia da, zezenak barreratik ikusteko prest dagoena, beti batetik bestera jauzi egiteko zai, igotzeko eskrupulurik gabea; hauteskunde batzutan Demokratei eman botua eta bestetan Errepublikanoei; beharbada bihar harrika hilko duen profeta gaur goraipatzen duena; admirazio eta jestikulazio handiz liburu bat irakurtzen duena mundu guztiak irakurtzen duelako. Tropa bat da non fantasia eta apeta bait dira nagusi, mania eta moda, multzo inestable eta loturarik gabea da, jendetzak bezala oihukatzen eta hitzegiten dakiena. Horixe da, barkaidazue, aro modernoen "seinale". Gaurregun The Eternal City irakurtzen dute. Atzo The Christian irakurtzen zuten moduan eta egun batzuk beranduago Kiplingi tokatu zitzaion txanda. Bejondeiela gizon hauei, irakurri egiten bait dute. Baina ez idazlearengatik. Gizon horiei dagokienez, mereziko luke hil eta berriz ez piztea. Horientzat, izan gaitezen justuak, ez da sekulan bizi. Bizi zenean orain bezain hilda zegoen.

        Berak ezin zuen ezer modan jarri bait zen, eta hori ulergarria da. Etzan zenean, aurrez-aurre borrokatzeko heriotzarekin, maite zutenek pena hartu zuten. Asko ziren eta ahots ugarik aldarrikatu zuten, Zazpi itsasoen bazterretan, beraien mina. Horrela, espiritu aldrebeseko jende hau laster hasi zen informazioa jasotzen gizon hartaz, besteek dolua bizkarreratzen zuten heinean. Mundu guztia doluz bazegoen, gizontxoak ere bai. Eta bata bestearen atzetik eldarniaka hasi ziren, batak bestearen pena astintzen zuen eta ezkutupean hasi ziren behin ere irakurri ez zuten gizona irakurtzen eta lau haizetara aldarrikatu zuten beti ere miretsi zutela. Eta hurrengoan, denbora alperrik galtzeke, beraien pena historia erromantiko baten Ozeanoan ito zuten berari buruz dena ahaztu bait zuten. Erreakzio, ebitaezina izan zen. Murgildu ziren uhinetatik gora eginez, konturatu ziren ahaztua zuten moduan lotsa sentituko zutela eta horrela azaldu ziren gizontxo hizlariak esanaz: "Goazen, lurperatu dezagun". Eta zulo batetan sartu zuten berehala, beraien begi bistatik urruti egoteko.

        Eta beraien zuloan sartuta egongo direnean, azken ametsetan murgildurik, datozen mendeek haren hil harria altxatu eta berriro agertuko da. Zeren, jakin behar bait da: mende hau hilezkorra bihurtu duen gizona bera hilezkorra da. Gure artean gizon honek gure bizitzako ekintzarik nagusienak erretratatu, gure pentsamendua isladatu egin du eta horrekin batera argitara atera gu garen eta balio duguna horregatik izango da gizon hau datozen mendetan gure bozeramailea eta iraungo du bera aditzeko belarriak dauden artio.

        Ez gara leizetako gizonez oroitzen. Ez gara oroitzen hango gizonek beren mendea hilezkorra egin zutelako. Hori bai, berari buruz dugun oroimena zehazkabea da, kolektiboa, berak bere mendeari iraupena era zehazkabe batez eman diolako, modu kolektiboaz. Ez zuen idatzitako hizkuntzarik baina utzi dizkigu animaliaz eta gauzez betetako grabatuak, zizelatutako hezurrak eta harrizko armak. Horixe bait zen berak zuen espresiobiderik ederrena. Beraiek animalia eta gauzak grabatu zituen moduan beren izena grabatu izan balute edo beraien hezurrak datu pertsonalez markatu, edota harrizko armatan zeinu pertsonalez bereiztu gu geu ez ginateke gizon horietaz partikularki oroituko. Baina beraiek horrela jokatu zuten, ahal zuten eran, eta gu horrela gogora ekartzen ditugu, ahal dugun eran.

        Homerok bere lekua Akiles eta greziar eta troiar heroekin lortu zuen. Bera daukagu buruan besteak gogoratzen ditugulako. Gizon bakarra izan edo hamaika, edo hamaika gizonen belaunaldia, berdin da. Guk bera daukagu buruan. Eta Greziako izenak gizonen ezpainetan irauten duen bitartean tinko mantenduko da memorian Homeroren izena. Badira beste izen batzuk, beraien sasoiari lotuak, guregana iritsi direnak, gugan iraungo dutenak: eta guk gure izaera bermatzeko mantendu behar ditugu oroitzean.

        Artisten artean, gutaz hitzegin dutenek bakarrik iraun dute. Haien egia sendoena eta adierazgarriena bait da, haien ahotsak klaruenak eta ozenenak, garbienak eta koerenteenak. Erdi-egiak eta zatikako egiak ez dira gugana etorri flauta itxura ahotsak eta abesti dardartien gisan. Haien abestiek neurri kosmikoa izan zuten. Gure izaeraren ekintzarik oinarrizkoenak hartu eta lan artistiko iraunkorretan moldatu zituzten. Zergatik bizi izan garen esan dute, izan ere datozen garaietarako bizitzeko arrazoirik ez badago, hori gu bizi ez izana bezalakoa izango da. Orain dela milaka urte bizi izan den gizonarentzat egia zena orain ez da guretzat. Homerok egin zuen Greziaren deskripzioa Homeroren garaiko Greziarena da. Duda ezinekoa da. Grezia hori ez da gutarra. Eta ilusiokeria izango litzateke gaurregun gutako bat Grezia hori abesten hasiko balitz Homerok bezala abesten duelakoan. Makinaren mendea eta heroen garaiko arras ezberdinak dira. Ez da gauza bera gerrara joatea arma automatikoekin edo-ta eskuz bota behar diren geziez horniturik; ez da berdina gure aroa tanke eta guzti, eta aro hauek beraien gurdibideekin. Kiplingek ongitxo zekien hori. Berak bizitza osoa kontatu digu, berak bere bizitza bizi izan du bere obran zehar.

        Anglo-sajoniarrak egin duena, ahaztezina bihurtu du. Eta anglo-sajoniarra diodanean ez dira ulertu behar izen horrekin uharte txiki horretako biztanleak bakarrik, Ozeano Atlantiko deritzon horren ur bazterretan bizi direnak. Ingelesez mintzatzen diren munduko gizon guztiak dira eta beraien instituzio publikoengatik besteak baino ingelesagoak direnak. Herri hori kantatu du Kiplingek. Herri horren nekeak eta lanak, odolak eta izerdiak hornitu dute bere kantua; baina bere abestien gaien azpian, gaien lehengaia dago, gai guztien gailurreko gaia eta gehiago: arrazaren jenioa. Eta horretan datza haren neurri kosmikoa. Arrazaren egia eternala, gure garairako berdintsu balio duena, berak hartu eta moldatu egin du era artistikoan. Berak hartu du anglo-sajoniarraren nabarmenena, eta erritmo zoragarrien forma eman dio, eta egunak eta egunak beharko ditu abestuak izateko.

        Anglo-sajoniarra pirata da, lur eta itsasoko lapurra. Berak duen zibilizazio-makilaia finaren gainean Morgan, Drake, Williams eta Alfreden zeinua dago. Hengist eta Horsaren odola eta tradizioa bere zainetan zehar dabil bultzaka. Borrokan aintzinako Bersekdarren sumin odol-isurlea hartzen du. Sarraskiak eta lapurretak liluratzen dute hein handi batetan. Gaurko ikasleak Clive eta Hastingsen ametsa gauzatu nahi du. Anglo-sajoniarrak besoa indartsua dauka eta eskua pisua eta horrekin batera ezin du kendu bortizkeria primitiboa gainetik. Bere odolean insatisfazio bat, desplazer bat darama, inoiz pakean utziko ez diona eta itsasoan zeharko menturara bultzaka arituko zaiona. Behin ere ez du aitortuko garaitua izan denik, hortik datorkio beraz bere ezizena: "uhalanorra". Badu "bitartekoen garbitasunekiko arreta modukoa, jainko faltsuak ez desiratzea, eta intelektualkerien mamutzarrekin ez jokatzearena". Askatasuna adoratzen du, baina beretzat bakarrik egiten du lan, ez besteentzat. Bera da legearen antolatzaile eta justiziaren administratzaile.

        XIX mendean berak frogatu du bere ospea ez zela alperrekoa. Baina XIX mendea besteekin konparatuz txit diferentea zenez, bera ere diferente agertu zen. Baina odol onekoak ezin du gezurrik esan Jainkoa, Biblia eta Demokraziaren izenean, horregatik mundu osoa bereganatu du, lur sail izugarriak hartuz, bere konkistak bere adoreagatik, bere enpresa espirituagatik eta bere organizaziogatik bakarrik lortuz.

        XIX mendeko Rudyard Kiplingek "gauzak diren moduan abestu ditu", berak ikusi du bizitza den bezala, "hartu du irmoki", bi eskuekin eta luze begiratu dio. Zer dago hoberik Anglo-sajoniarra ezagutzeko The Bridge Builders baino? Zer apreziazio hoberik The Man's Burden baino? Fede eta ideia garbiei dagokienez, berak haurrak eta jainkoak ezezik gizonak gizonen munduan azaldu ditu.

        Kiplinek batez ere akzio-gizona goraipatu du amets-gizonaren aurrean, dabilen gizona, egun hutsalen kantuen gora-beherak kezkatzen ez duena, baina beti aurrera doana, bizkarra makur, bekokia izerdiz eta eskuak gogor. Kiplingen ezaugarri bat aipatzekotan hauxe: errealitatearekiko maitasuna, zentzu praktikoa, gertaera garbi eta hilkorrekiko miramendua. Eta horiez gain, berak lanaren ebangelioa hartu du, Carlyleren autoritate adinarekin. Zeren berak ez du hori goi-mailako jendearengan bakarrik hartu, jende arruntarengan ere bai, baina ez multzoa osatzen duten jende arruntengan, ulertzeko eta aditzeko gauza direnengan baizik. Bere mendeko artisten artean Kipling izan da duda izpirik gabe legeari buruz ederkien hitzegin duena eta hitz borobilenekin:

        "Begiratu legea — Obeditu azkar Aparta zaitez Gaitzaren Herritik, bidea marraztu eta zeharkatu ubidea.

        Bakoitzari berea eman.

        Ereindakoa jasotzen bait da.

        Gure herrien arteko Bakeak erakuts diezaiela gizonei Jainkoaren zerbitzariak garela".

        —Horrela Mc Andrewren aiputik: "Lege, Ordena, Beharra eta Apaltasuna" delakotik bere azken eta motzena den bertsoraino. Eta Israelen ere ez zen herriaren pekatuak horren ozen salatu zituenik ezta damutzeko horren izugarrikeriaz aldarrikatu zuenik ere.

        "Baina arrunta da, bizitzaren lohia mugitzen du" adierazten dute gizontxoek. Ikusi dezagun, bizitza bera ez al da ba arrunta? Ekintzak bizitzatik banatzeko kemenik ba al duzu? Alde ona eta txarra du, noski; baina nork urratu ditzake bere jantziak eta "ni ez naiz izan" esan. Zatia osoa baino handiagoa dela esan dezakezu? Osoa gutxi gora behera zatien batuketa dela? Bizitzaren zitroiari dagokionez, horren usaiak gaixotzen zaitu? Eta gero? Ez al zara barren zeure barruan bizi? Zergatik ez duzu xahutzen? Eska ezazu filtro bat zure lekua bakarrik garbituko duena? Eta garbitu ezkero, haserre zaude, Kiplingek berriro lohia gaineztatu duelako? behintzat hark ura astindu du, indarrez eta borondate onez. Berak ez ditu gainera zaborrak bakarrik atera, baita balore ezagunenak ere. Berak datozen mendeetako gure mezu eta pentsuak utzi ditu baina horiekin batera joan ohi den noblezia ere bai. Berak esan digu, esaten aritu da, izan gaitezen puro eta indartsuak, ibili gaitezen zuzen gizon moduan.

        "Baina ez zuen sentsibilitaterik", hori ere entzun behar. "Guk miresten dugu haren arte eta haren adimen dirdiratsua, haren teknika inguratzailea, hark zuen erritmo zentzua; baina... ez zuen sentsibilitaterik". Jaungoikoa! Zer ulertu behar dugu horrekin? Akaso bere orrialdeak adjetibo sentikorrez josi behar zituen? Seguruaski ez. Gizontxoak normalean ez dira horretaz konturatzeko zehatzegiak. Umore-egilerik handienek, ezaguna da, ez dute beraien txisteekin parrerik egiten, ezta une gailurrean, entzuleak parre eta malkoen artean daudenean ere.

        Gauza bera Kiplingekin, adibidez The vampire delakoan. Diotenez ez dago hor gizonarekiko errukirik, bere hondamendiarentzako karitaterik, gizonaren ahuleziarekiko inongo konpresiorik. Akaso haurtzaindegiko umeak gara, historia silaba batetako hitzez kontatu diezaguten? Edo-ta gu geu gizon-emakumeak gara, Kiplingek esan nahi ziguna lerro artean eta ezkutuan irakurtzeko. "Bere alde bat bizi bait zen, bere garrantzitsuena hilik zegoen bitartean". Ez da mundu osoan gure pena, gure haserrea, estaliko dituen konpasiorik.

        Deskribatutako eskenarekin zer ikusirik duten arima-egoerak sortzea ez al da ba artearen funtzioa? Tragediaren kolorea gorria da.

        "Bere alde bat bizi bait zen, bere garrantzitsuena hilik zegoen bitartean" —egoeraren alde urragarria era mingarriago batez izan al zitekeen adierazia? Edo-ta hobe al zitekeen gizon gaztea, bere alde bat bizirik euki baina garrantzitsuena hilik, eskenara igotzea entzulegoari homilia bat eman asmoz?

        Anglo-sajoniarrarentzat XIX mendea ezagutu daiteke bi ikuspegitatik; materiaren maisutza eta arrazaren zabalkundearengatik. Hiru indar haundik izan zuten eragina: nazionalismoa, komerzioa eta demokrazia arrazen arteko borroka, barkamenik errukirik gabeko laissez faire burgesia nagusiaren aldetik, eta gizonen gobernu praktiko eta benetakoa berdintasun murritz baten mugetan. XIX mendeko demokrazia ez da XVIIIan amestu zen hura. Ez da giza-eskubideen deklaraziokoa, baina guk praktikan jarri duguna da.

        Hauexek dira XIX mendeko tendentzia eta indarrak, Kiplingen ahotsean. Eta berak goraipatu du arrazen indarraren azpian zegoen erromantizismoa. Baita lokomotara-lurrunez betetako hizkuntzan ere. Berak jarri du goian gure bizitza, gure espiritua, gure etorkizuna. Bera da gure bozeramalea, eta hitzak dira bereak. Eta Kiplingek inork ez bezala transmititu du XIX mendeko nobela: altzairu eta lurruna, abentura eta urrutirako bidaiak.

        Bai, XIX mendea da abentureroaren mendea. Eta Kiplingen ahotsa abenturarena denez, esan daiteke berea XIX mendekoa dela. Ba al dago beste bat errepresentatiborik agian? Kipling ahaztera bultzatu behar da, jendea oroituko al da Stevenson eta bere Jekill and Mr Hyde horregatik. Ez. Bere nobela bat: Uharte eta Altxor bati buruzkoa klasikoa bihurtuko da, Robinson Crusoe eta Kiplingen hainbat bezala. Kipling oroimenera ekarriko dute bere entsaio, gutun, bizitzako filosofia, berarengatik. Maiteko dute, orain arte maite izan duten bezala. Baina berak posteridaderako duen eskubidea haundiagoa izango da besteena baino. Aro bakoitzak bere abeslaria bait du. Izan ere Walter Scott izan zen zaldun aroaren abeslari eta Dickens burgesiarena, nagusia izan aurretik. Eta Kipling, burgesiarena, nagusi bezala; gizon zuriarena, mundu osoan zehar konkistadore; konkistadorearena. Horregatik oroituko dira berataz.

1901ko urria

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.