L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-11/12 (1989-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

«Paperezko pistola» lokian?

 

Joakin Balentzia

 

        Literatur kritikaren inguruan

        Euskal literatur kritika badela edo ez dela, normalizatu behar dela edo ez dela izan behar momentu honexetan, ello nolakoa izan behar... Honen inguruan bagabiltza ez dakit noiztik, baina inor ez da ausartzen, berez, literatur kritika zer den eta zertarako den, zer funtzio betetzen duen kultur eta gizarte alorrean, lehen eta behin aztertzen. Arazo hau ezin bait da eten geure hizkuntza eta kulturaren egoeratik, onartzen badugu literatura, arte guztia bezalakoa, giza lengoaiaren barietate bat izan eta besteekin nolabait komunikatzeko beharra bezala sortzen dela.

 

        1.— Nola normalizatu euskal literatur kritika?

        Izan ere, nola arraio literatur kritika «normalizatu» behar den, giza lengoaiaren adierazpen nagusia den hizkuntza bera, geurea euskara, eta horrenbestez literatura bera, normalizaturik ez ditugunez gero? Literatura, adibidez, ez da ulertzen irakurlego batekin erlazionaturik izan gabe, literatura, produkzio artistiko guztia bezala kontsumorako produktutzat hartzen ez badugu ulertezina bait da. «Bere buruarentzako» bakarrik idazten duen idazlea ez zen argitaratzen saiatuko. Kafka-ren kasu paradojikoan ere erran dezakeguna bere lagunari argitaratugabeko obrak suntsitzeko eman zizkiolarik, berarekin bederen komunikatzen saiatu eta, hondarrean gertatu zenez, bere eskuetan argitaratzen utziaz.

        Beraz, Hegel-ek zionez, arte obra beraren aurrean dagoenarekiko elkarrizketa bezala har dezakegu. Nahiz eta autoafirmazio edo autodefentsa, edo agian bakarrik giza lengoaiaren edozein forma menperatzen dutenen ekimen dohainekoa bezala («l'art pour l'art») nolabaiteko trebetasuna erakusteko aurkeztu nahi duten, eskuharki betetzen du komunikatzeko behar hori, alegia, nahiz ideien edo zentzazioen adierazpena, nahiz ekintzarako deia, nahiz nolabaiteko kontzientzia hartu eta norberak bere buruarekiko edo munduarekiko pakea egiteko inbitazio izan, arte eta literatur obra elkarrizketatzat har dezakegu.

        Elkarrizketa hori historian zehar aldatuz joan da, hainbeste kultura, hizkuntza eta arte-lengoaiaren forma diferente pilatu eta korapilatu direnez, artea eta publikoaren arteko elkarrizketa tarteko, interpretatzaile, itzultzaileak behar izan direla, eta arte eta literatur kritikariaren figura, hondarrean, aro modernoan sortzen da artista eta poetaz bereiztutako figura independiente bezala. Kritikaria, nahiz eta Errenazimenduan hasi, XVIII. mendean, Ilustrazioarekin batera, finkatzen da. Gaur egun mendebal kulturan, alor guztietan, arte eta literatur kritikaria inoiz baino profesionalizatuago dago. Eta gure artean baten batek pentsatzen du kritikoak ondoak bezala sortu behar direla, literaturak eta nolabait hizkuntzak berak modernizazioaren etapa horiek ibili behar dituen bitartean. Arte plastikoetan erran daiteke Euskal Herrian urrats garrantzitsuak zentzu horretan, abangoardiaren bidean ere, jadanik emanak direla, literaturan baino askoz haundiagoak direnak, lengoaia plastikoan hizkuntza ezinbesteko tresna ez denez gero.

 

        2.— Arte eta literatur kritikarien sorrera

        Produktu artistikoak saldu eta kontsumitzeko, beste alorretan bezala, aro modernoan, kapitalismo garaian, bitarteko profesionalizatuak eta bereziki arte eta literatur kritikariak agertzen dira batez ere Ilustrazioarekin, nahiz eta beti magoak, aztiak, apezak, arte bitartekoen papera eginez baziren. «Profanoak» trebatu behar dira gizateriaren historia eta bere konbentzioen prozesu luzearekin, alde batetik, eta, bestetik, arte obra berriek, nahiz eta konbentzio zaharretan oinarrituak izan, lengoaia formala berriztatzen dute eta bere klabeak konprenitu behar dira. Hau da Ilustrazioaren monopolioa ere, hots, demokrazia formalarekin batera jabe berriek sortzen duten monopolio kulturala, balore tradizionalak halaber kritikatzen dituzten bitartean. Baita prozesu luze honetan ere, XVIII. mendean Ilustrazioarekin hasia eta Erromantizismoaren iraultza artistikoarekin finkaturik, sortzen da intelektual laikoaren figura, kasu batzutan arte eta literatur kritikaria, Diderot bezala, izanik.

        Ilustrazioko pentsalariek goraipatu egin zituzten burgesia eta bere baloreak literaturan forma hartu baino lehen, baina bere zalantzak ere boterea hartzeko zorian zegoen klase berriarekin aipatuz. Ez ziren burgesiaren bozeramale zintzo eta obedienteak gehienez izan, nahiz eta bere klasekoak eskuharki izan, eta askoz gutxiago —iraultzaren akatsak edo porrotak ikusiz gero— erromantikoak geroago, Stendhal lekuko. Textuinguru honetan sortu zen intelektualaren figura, Baudelaire-ren kasuan enblematiko bihurtuz. Horixe da intelektualaren zentzu originala, jabeen taldeko partaidea dena edo eta gizartea zapaltzeko beren klabeen ezagutza kritiko eta ikasia —ilustratua— duena, bere kideez sinesten ez duenez, batzutan kritika soziala egin, boterearen akatsak eta ustelkeriak agerian jarri, salatu ere, eta bestetzutan (Marx bezala) gizarte berri baten alde nolabait paratzen dena. Gaur egun figura hori erabat lainoturik dago.

        Praktika artistikoa Ilustrazio eta Erromantizismoarekin liberatzen dela onartu behar dugu, kultura demokratizatzen bait da aristokrazia eta indar atzerakoien balore tradizionalak kritikatuz. Hau da Ilustrazioaren papera baina monopolioa ere, hots, ilustratuen eskuetan kultura berriaren klabeak eta gizarte zaharraren interpretazio berria uztea, botere berriak herria menperatzeko tresnak asmatzen zituen bitartean. Izan ere, belaunaldi bakoitzari, herri bakoitzari eta pertsona guztiei nolabait bizirik jarraitu eta aurrera jotzekotan, aurrerapenaren kritika berria dagokigun gauza ezinbestekoa da, alegia, non dauden aurrerabidearen funtsezko ezaugarriak, nola interpretatu behar ditugun emandako kultura eta konbentzio sozialen kontsentsua, giza emantzipazioaren bidean urratsak ematekotan. Horregatik ez da harritzeko XIX. eta mende honetako literato, filosofo, ilustratu edo intelektualen artean aurrerapenaz bat ere sinesten ez dutenak aurkitzea, eta literatura modernoa eta garrantzitsua desesperantzazko sentimenduaz erabat kutsaturik izatea, azken iraultzen porrota ikusi edo susmatu ondoren. Adorno-k dioenez: «Aurrerapenaz sinesteak erran nahi du aurrerapena jada izan denik ez sinestea».

 

        3.— Alfabetatxea, aurrerapenaren aldeko geure oraingo oinarrizko betebeharra kultur mailan

        Analfabetismoa, bere zentzu arruntean jakina, gainditua dute mendebal Europako herri guztietan eta munduko hainbestetan ere gaindituta dute eta guk ez, euskara dakiten gehienak bere hizkuntzan analfabetoak bait dira eta populaziorik gehienak ere ez bait du gure hizkuntza nazionala ezagutzen. Denok dakizkigu zergatiak eta ez ditugu errepikatu behar, baina datu horretaz gogoratu beharra dugu literaturaz ere mintzatzekotan, oraingoan alfabetatzea gure artean kultur betebeharrik garrantzitsuen eta oinarrizkoena izanik. Noski, badira beste kultur betebeharrak, agian Errenazimendu eta Ilustrazio garaietan bezalakoak, hots, Erdi Aroaren eragin atzerakoia, kultur iluntasuna eta Elizarena hain zuzen, gainditu, «gizakia dela gauza guztien neurri bakarra» aro modernoaren ideia nagusia zabaldu, arrazoiaren mugak aztertu, ikasien taldea ahalik eta gehien haunditu, oinarrizko alfabetatze prozesu horretan, ikasi eta ilustratu horiek aurrerapen eta askatasunaren norabidea nolabait hartzen laguntzekotan. Nahiz eta historikoki, beste aldetik, burgesiaren garaia, gainditua dagoela erran ahal izan, beterik gabeko bere promesak hor daude, giza utopiaren eremuan kokaturik, eta orain gizarte indar berriek gure eskuetan hartu behar ditugu utopia alienagarri batetik utopia aldatzaile eta aurreratzaile batera iragan, menperatzen gaituen errealitate kaskar eta ankerra aldatzekotan.

        Beraz, nik uste kultur alorrean, hizkuntza-herriaren zapalkuntza dela medio, mende batzu nolabait atzeratuak garela, kultur konbentzioak onartzen baditugu, baina jauziak, izugarrizko jauziak ere, ematen dira historian zehar beharrezko indarrak eta baldintzak giza aurrerapenaren alde pilatzen diren aldiro. Honekin erran nahi dut, nahiz eta euskal kultur alorrean atzeratuak izan, ez dugula, berriz, mende edo urte anitz itxaron behar egoera hori gainditzekotan. Bai, euskara da geure tradizioaren ezaugarri ezinbestekoa, atzeratua duguna, baina aurrerabiderako faktore bat bihurtu dezakeguna, bakarrik geure erroetan berriztapenaren zentzua aurkitu bait dezakegu. Horixe da arte eta kultur alorrean geure zirkunstantzia ezinbestekoa, geure hizkuntza zaharra, eta aurrera jotzekotan beste hizkuntzetan dauden zientzia, arte, literatura gure lengoaia propiora, hausnarketa baten bidez, hautaketa pertsonalak egin eta itzuli behar ditugu, gure kontzientzia praktikoa sortzeko moduan.

        Ideia hauek zabaltzekotan, erran behar dugu euskara-herriaren geure drama eskuharki pentsatzen duguna baino askoz sakonagoa dela, hots, hil zorian daitekeen geure hizkuntza, herri bezala dugun adierazpiderik nagusiena da, eta geure kontzientzia kolektiboaren enblema bat bihurturik dagoenez, hil ala biziko kontua da, geure artean komunikatzeko tresna apropos bihurtzea lortu arte. Bitarte agoniko edo eta liberatzaile honetan erran dezakegu, oro har, geure kontzientzia praktikoa, lengoaia bera, pertsonala eta kolektiboa bide batez, lapurturik, bahiturik edo erabat murrizturik dugula, atzerritar hizkuntzak, atzerritar zapalkuntzak bezala, jaun eta jabe izanik. Zer erran nahi du honek? Formak ez direla erabat indiferenteak, estrukturarekin batera garatzen direlako, erabat erlazionaturik daudenez. Formak ez dira ideia, kontzepzio eta sentimenduen adierazpen hutsak, baizik eta nolabait ere hauen jatorria eta sorburua. Ez bakarrik hizkuntza, formak eta konbentzioak makurtu, eraldatu eta moldatu behar dira pentsamendu aldakorren bidea eskuratzeko, baita pentsamenduak ere nolabait moldatu behar dira adierazi ahal izatekotan. Hau da, euskaraz mintzatzen eta idazten ez duguna euskal modu propioan ez da esistitzen, erdal modu propioan baizik, eta hizkuntza agonian dugunez gero, euskal kontzientzia eta Euskal Herria ere bai.

 

        4.— Literatura, bizipen artistiko guztia bezala, komunitate batean sustraiturik dago

        Literaturaren eremu propiora itzuli eta erran dezagun kritika egiterakoan bi alde bereiztu behar ditugula. Batetik, arte eta literatur obra bere baitan hertsitako mikrokosmo bat bezala onartu behar dugula, bere inmanentzia eta autonomian hartuta, bere estruktura estetiko propioa aztertu, bere esentzia zuzenean ulertzekotan. Baina, bestetik, bere egiturari buruzko egia osoa ez da horretan agortzen, literatura giza lengoaiaren barietate bat izanik, galderak planteiatzen dituenez gero, elkarrizketa bezala eta fenomeno historiko eta aldakor bezala onartu behar da ere bai. Alde honi begira, beraz, literatura, bizipen artistiko guztia bezala, komunitate batean sustraiturik dago. Honek ez du erran nahi literatoek nahitaez bere komunitate propio edo unibertsalaren kontzientzia zehatza izan behar dutela bere obra sortzekotan. Gure artean baditugu zenbait euskal literato «euskal kontzientzia» nolabait arbuiatzen dutenak, nahiz eta euskaraz idatzi (eta kasu kontrarioa ere bai, erdal literaturen bat badugu «euskal kontzientzia»rekin, baina euskaraz ikasteko astirik ez duena edo eta alfabetatze prozesua nagusitu arte berak euskara ikasiko ez zuena, eta momentu horrexetan erdaraz isilduko omen zen). Ez da problema sinplerik, ideologia ere tartean izanik.

        Hala eta guztiz ere bizia aurrera doa eta artisten eskuetan bakarrik artea bera eta bere arauak aldatzea ez dago, gizarte osoan baizik, eta, jakina denez, historian zehar poeta haundiek ere kontsumitzaile eta publikoaren morroiak eta nolabait ere jaunak izaten dira, bere menpean eta halaber bere gainean, zuzentzaileak eta zuzenduak bide batez direlako. Horregatik gure artean zenbait konbentzio berrik arte eta literaturgintzan urrats inportanteak eman dituzte euskal kontzientzia aurrera doan heinean, bere aintzinako ba, hiketatik ateratzeko moduan. Adibidez, euskara geure hizkuntza nazionala dela formalki gehiengoak onartzen du dagoeneko, nahiz eta patrimonio historikotzat soilik hartu eta museotan zenbaitek itxi nahi izanen luketeen. Gauzak anitz korapilatzen dira gero elebitasunaren teoria faltsu, iraingarri eta iruzurtiarekin, gaztelania eta iparraldean frantsesa bizitzaren alor ia guztietan jaun eta jabe izanik.

 

        5.— «Paperezko pistola» lokian? Anekdota bat soilik, baina arrunt errankorra

        Zentzu horretan sintoma berria bezala nonbait hartu behar dugu hemen bizi den gaztelaniazko idazle batek bere ipuina euskarara ezkutuan itzultzea, euskal literatur sari batean presentatzekotan. Geure Baroja-k eta Unamuno-k, Euskal Herrian bizi izan ziren gaztelaniazko literaturan autore inportanteek ametsetan ere ez zutekeen horrelakorik izango. Oraingo aprendizak «paperezko pistola» bere lokian sentitu omen du hori egiteko, baina, ikusten denez, ez da zehazki enteratu zer erran nahi zuen irudi horren bitartez, nahiz eta, ene ustez, arestian aipatuarekin zer ikusirik duenez, arrazoia duen. Sikoanalisiaren eremuan sartu gabe eta idazle horren azalpen publikoetan ezta ere, egia da paperezko pistolak direla, umeek jolasteko eta herriek eta jaunek ere bere burua defendatu edo eta atakatzekotan. Gaztelania da —hegoaldean, frantsesa iparraldean— historian zehar kanpoko eta barneko jaunek herri hau zapaltzeko erabili duten ez pistola sinple bat, baizik eta gerrazko makineria kultural izugarria, nolabait errateko. Baina azken hogei urte hauetan gauzak aldatuz doaz, euskal kontzientzia berpizten ari dela eta, euskara bera enblematiko bihurtuz gero, bizitzaren alor gehiagotan sartu eta literaturgintzan bertan zenbait inportantzia hartzen ari delarik. Euskal literaturak, alfabetatze prozesua dela medio, bere merkatu konkretua du, murritza baina haundituz doana. Euskararen alde dagoen euskal gizartea, euskara enblema bat bihurtu duena, eta batez ere bizitzaren zenbait alorretan geure hizkuntzak irabazitako garrantzia —ogibidea ere dela eta— hori dena izan da tenore honetan lehiakide amorratu horrek, hain zuzen, bere lokian sentitu duen paperezko pistola bakarra. Horregatik arrazoia eman behar diogu esaldi xelebre horri, nahiz eta seguraski esaldiaren gure azalpenekin bera ados ez egon. Bai, euskara da geure paperezko pistola zentzu sinboliko batean, eta ez dugu inoren kontra erabili nahi, baizik eta geure burua defendatzeko bakarrik, izen propioa dugunez gero, Euskal Herria, egiatan euskararen herri bihurtzekotan.

 

        6.— Euskarak izpiritu zaharra eta aurrerapenarako bide berriak laburtzen ditu

        Gogora dezagun aintzinako komunitateetan non ideia animista eta magikoek menperatzen bait zuten, eta elkar laguntzeko griña oso bizirik bait zegoen, bizipen artistikoen kondizionamendu soziala, nahiz eta ahalmen honen ezagutzarik ez zuten, agian gaurko gizarte estruktura inkoherente eta akituetan baino sendoagoa izan zela.

        Euskal gizarteari buruz, onerako edo txarrerako, lagunak edo etsaiak zenbait hipotesi antropologiko sortzen ari direnez, hau izanen zen nirea, hots, euskara, mendebal Europako hizkuntza zahar hau, hemengo aintzinako tribuen lekukoa, aintzinako komunitate haien oinordekoa da, eta bere gainetik zenbait kultura, latina —hizkuntzan arrastoak utziaz—, bisigotikoa («et domuit vascones»), espainarra eta frantsesa (1512. urtean Nafarroko Erresuma konkistatua) iragan direnez, gero eta baztertuago hizkuntza-herria geratuz, hil zorian dagoelarik. XIX. mendean, karlistadak direla medio, foruen ametsa eta enganioa izan zen, euskal populua noraezean ibiliz, baina euskal matxinada ere sortu zen, euskal nazioaren kontzeptu modernoa nolabait piztuz —Sabino Arana aintzindaria izanik—. Gerra zibila eta frankismoaren egoera latza jasan ondoren, azken hogei urte hauetan euskal nazionalismoa berpiztu da, nazio askapenerako mugimenduen formak hartu eta aintzinako komunitate haien oinordekoa, euskara, ia deuseztarako balio ez zuen geure lengoaia propioa, «primitiboa» eta ia tradizio kulturalik gabea, herriak erabaki du, gaurko estatu eta nazioen jabeen kontra, komunikatzeko eta bizitzeko tresna, nazio hizkuntza bihurtzea.

        Oraingoan nik ez nuke gehiegi hipotesi hau luzatuko, baina, hizkuntza-herria patu berberan elkartu nahi ondoren, begi bistan dago zenbait aurrerapen lortzeko asmotan herri botererik gabe ezinezkoa dela, eta herri honek ez du sinesten, sinesduna ere izan arren, beste hark, juduak bezala, Jainkoak hautatua denik. Badakigu jakin —kristautasunaren bitartez bere heredentzia kulturala ere sufritzen eta gozatzen dugulako— herri juduak historian zehar bainbeste gorabehera izan dituela, eta, hondarrean, bere lurralde historikoa eta bere hizkuntza hila, erabat hila, berreskuratu zituela eta beste herri historiko —palestindarra—, Jainkoak ere hautatu baten zapaltzaile bihurtu dela ere bai. Baina, hautaturik izateaz ez sinestu arren, herri honetako hainbeste jendek, aintzinako komunitateetan bezala, uste du elkar laguntzaren izpiritua gure artean bizirik dagoela, gaur gizarte antolamendu akitu honetan, iraungiturik denez, modan ez dauden zenbait giza balorek pena merezi dutela, utopiaren bideak nolabait ere ¡rekirik jarra¡tzen duela, eta euskara dela izpiritu zaharra eta aurrerapenerako bide berriak laburtzen edo laburbiltzen dituen sinbolo eta errealitate esperantzagarria, gure bizipen artistikoaren kondizionamendu soz¡al ezinbestekoa ere izanik.

 

        7.— Euskal literatur kritikaren funtzioa, irakurtzera inbitazio bat

        Kontsideratzen da irakurle estilistikok¡ interesatua, historia ezagutzen duena eta juizio estetiko emateko gauza dena, helen¡smoaren produktua dela. Geroago, Erdi Aroan, kultura erligioso autoritar¡oa dela medio, ez idazkera bakarrik, irakurketa ere, apezteriaren eskuetan geratzen da, eta Errenazimenduko humanismoak, lehenbiziko aldiz, helenismoaren eredua jarraituz, irakurlegoaren kontzeptu berria sortzen du, nahiz eta Erdi Aroaren bukaeran jadanik irakurlego laiko bat ari zen eratzen. Errezitatu edo kantatzeko obrak diferenteak ziren geroago irakurketarako bakarr¡k sortuekin konparatuz. Horregatik poetak, Erdi Aroaren bukaeran, «irakurleentzat» ez «entzuleentzat» idazten du. Erdi Aroaren bukaeran sortu ziren irakurtzeko nobelekin kontsideratzen da kondatzeko literatura modernoa egiatan hasten dela.

        Lehenago erran dudanez, kultur arloan, euskal lengoaia propioa sortzerakoan, eta sozial arloan, hizkuntza-herriaren hipotesia onartzen bada, hemen Erdi Aroaren eragina nolabait gainditzen ari gara, nahiz eta, «progreso»aren konbentzioak onartzen diren arauera, gizarte post-industrial eta, zenbait ilustraturen eritziz, «postmoderno» batean egon. Ez naiz geh¡ago bide honetatik luzatuko, ba¡na Espainian, zenbait ilustratu azkarren eritz¡z (Alvarez Solis adibidez), gure egoeraren oihartzunaren ondorio edo eta iturburu gisa, Espainia errealitate finkaturik gabe onartuz gero, gurekin ados egon behar dira honetan ere, alegia: XVI. mendean, haiek ere Erdi Arotik nolabait ateratzen has¡ z¡renez, bortxaturik, egiazko aurrerapenaren kontra, geure hizkuntza-herriaren kontra, sortu zeneko «Estatu Espainola» birplanteiatu behar da, eta haiek, espainolek, dute «Espainia»ren problema eta planteiatu behar dute, guk geurea planteiaturik dugun bezala.

        Izan ere, Erdi Aroaren eragina gainditu asmoz, euskal irakurlegoa eta literatura apezteriaren eraginatik —bere propaganda elizkoia egiteko, «Gero» lekuko eta beste hainbeste, euskara bakarrik erabili dute eta— laiko eta indar sozial berrien eskuetara pasatu, kondatzeko narratiba modernoan lehenbiziko urratsak eman, eta poesiak bere azken arrasto sakratu eta mitikoak galduz gero, ingura mingura ibili gabe, fikziozko kontu bat, berataz interesaturik egoteko berataz sinestu behar ez den asmapen bat literatura bihurtuz. Eta gero gerokoak, zera: Erdi Aroaren bukaeran lehenbiziko amodiozko istorio erromantikoez geroztik urrats anitz eman dira mendebal literaturan oraino. Horregatik euskal literaturan mila lore sor bitez —Txinatik dator esaera hau—, eta orain modan dagoen azken trena hartu baino lehen literatur kritikan jakin behar dugu tren hori nondik datorren eta noraino ailegatu daitekeen, inora baldin badoa. Geurea bederen jakin behar dugu non dagoen eta zer martxa daraman. Bitartean, literatur kritikaren papera, gure artean, nik uste dut orain alfabetatzeko laguntza bat dela, irakurtzera inbitazio bat, horixe bere oinarrizko funtzioa izaten bait da.

        Baina baten bat honekin bat ez badator, agian «autoritate» baten eritziarekin konbentzituko da; hauxe da Hector Bianciotti-rena. Honek, alfabetatze problema —zentzu arruntean, jakina— ez duen gizarte baten ordezkariak, «frantses berriak» hain zuzen, «Le Monde»ko literatur kritikari eta literato inportante denak, dio: «Badira kritika diferenteak. Liburu baten inguruko saiakera bat idazten duena eta kazeta batentzako idazten duena. Jakina, denok gara irakurle presatiak. Izan ere, nik uste kritika batentzako inportantea dela irakurtzeko gogoa motibatzea, liburua ona dela kontsideratzen bada. Eta uste bada liburuak oso gauza ederrak eta besteak ez hainbeste dituela, erran behar da ere bai, baina, batez ere, lehenbiziko esaldian irakurlea harrapatu behar da. Erran nahi dut kazetal-teknika dagoela... Beraz, prentsa-kritika, nik egiten dudan eran, ez nuke kritika bezala definituko, irazkin bezala baizik» («Quimera» aldizkarian). Saint-Beuve-k, bere garaiko kritikari famatua izan zenak, orain dela ehun urte errana zuenez: «Kritikaria irakurtzen dakien eta besteei irakurtzen irakasten dien pertsona besterik ez da».

        Gaur ez dugu hainbeste literatur produkzio euskaraz irakurlegoak bere hautaketa pertsonala ez egiteko eta beste erdal hizkuntzan ere irakurtzen duenarekin ez konparatzeko gaitasunik eduki ez dezan. Itzulpenak bai dira inportanteak, euskal irakurlegoa haunditu, ez desanimatu eta euskal literatoek ere ofizioa trebatzekotan. Ene ustez hortxe datza kritikariaren papera gaurko sasoian, hots, beste hizkuntzetan sortutako literatura estudiatu, kritikatu, bere ustez ona bada bereganatu, eta itzuli edo eta itzultzeko proposatu. Eta euskal literaturan sortzen ari diren baloreak goraipatu zentzu kritiko batez, jakina, baina beti bere oinarrizko funtzioa betetzen, irakurtzera —bai euskaraz bai erdaraz— inbitazio bat kritika izanik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.