L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-11/12 (1989-apirila) —<gaze1110>




 

 

Azken hitza

 

Philippe Garnier

 

euskaratzailea:
Antton Juaristi

 

        «Here, at last, was a man who was not afraid of emotion», C. Bukowskiren hitzak. Ask The Dust obraren birargitalpenaren aintzin-solasekoak. Inoiz Los Angeles-i buruz idatzi diren bi nobelarik onenak urte berean sortuak dira, 1939.ean. Halabaina, beren egileak ez ziren hiri horretan jaioak; eta, oraindik harrigarriagoa!, bi liburuak ez ziren apenas saldu, nahiz eta kritika onuragarriak, hori bai, gaizki bideratuak, jaso zituzten.

        «Ask the Dust» eta «The day of Locust»-ek izan zuten Stanley Roseren liburudendako erakusleihoan agerian egoteko aukera (idazle guztien adiskide zen liburu-saltzailearen eskaparatean, hain zuzen), Hollywood Blud inguruan, Musso-Frank's delakoaren ondoan, izan ere.

        John Fante eta Nathanael West, biak zituen Stanley Rosek solaskide, eta honen babesaz profitatzen ziren hauek, nahiz eta biotatik West adiskide minagoa izan bazezakeen ere. Maiz joaten ziren ehizera elkarrekin, batzutan Faulknerekin ere bai, gainera.

        Fante ezaguna zen, errespetagarria, baina dudarik ez dago, ez zena horren maitatua, bere izakera zitalagatik batez ere. Hitzetik hortzera, beti zuen petralkeriaren bat norbaiti jalgitzeko prest.

        Gustatuko zitzaidakeen erakusleiho haren aurretik pasa ahal izan banintz. Liburuaren gorria, «The Day of the Locust»-az ari naiz, eta berarentzat expreski Random Housek asmaturiko hain liburu-azal distiragarriaz, erabat hori kolorekoa, eta Westek bestalde, hainbeste gorrotatzen zuenaz.

        Izenburua txuriz, mantxa beltzean gaindi, eta gainontzean gorria gainez. Hori gutti ez balitz bezala, zera erantsi zion editoreak, horiz margoturiko, gorria azpian zuela, mina ematerainoko horiz, zinema kamara bat, ORDUANTXE ERABAKI ZUEN Westek Benneti telegrafiatzea, zera, ordainduko ziola, baina mesedez azal hura kentzeko begi bistatik esanez. («Noir, rouge et blanc, c'est suffisant pour le marché des petits blancs; ou est-ce que le jaune est censé servir d'appat pour les ivrognes mexicains?»)

        Random Housek, bata dela eta bestea dela, ez zuen Nathanael Westen nobelarik onenaren 1700 ale baino gehiago salduko.

        Ni ezin ninteke «Ask the Dust»-en azalez gaizki ez ondo mintza sekula ez bait dut ikusi. Argitalpen orijinala, halere, oraindik xelebragoa da, Westen nobelekin konparatuta hori posible bada behintzat.

        «Ask the Dust»-en argitaratzaileak, Stackpolek, zer bururatuko? eta, bada, urte berean Main Kampf delakoaren argitalpen kritikoa plazaratu zuen, guztiori Adolf jaunari abisatu gabe, ez honi ezta bere editore amerikarrei ere. Horren ondoriozko prozesuak luze eta garesti jo zuen: egoera horretan sortu zen Fanteren liburua eta nahiz eta kritika mesedegarriak jaso zituen, etxe hartan ez zeuden bromatarako eta kasik promoziorik gabe argitaratu zuten. Carey McWilliams-ek, The Nation-en, klasikotzat jo zuen liburua.

        Baina 1976.ean, neuk irakurri nahi izan nuenean, totxo klasiko hura ez zen inongo sortatan ageri, inongo liburu dendatan, ezta inongo liburutegi apaletan ere.

        Nik banekien liburua bazela zeragatik, hain zuzen, garai hartan, «Mémoires d'un vieux dégueulasse» itzultzen ari nintzelako eta Bukowskik sarritan aipatzen zuelako Fante.

        Knut Hamsun eta Hemingway kenduta, idazle «handi» amerikarrekiko mezpretxua eta mesfidantza besterik ez zuen hark, zera aitortzen zuen, Los Angeles Public Library-ko irakur gelatan zehar haserre ibiltzen zen garaian idazle haundi bat irakurri zuena.

        «Ask the Dust» izeneko liburu bat kausitu zitzaion ustegabean eskuartera. Egilea, John Fante izeneko bat. «Il devait avoir une influence sur ce que j'ai écrit, qui m'a duré toute ma vie».

        «Les lignes roulaient facilement sur la page, ça çoulait bien. Chaque phrase avait sa propre énergie et elle était suivie par une autre exactement pareille. La substance même de chaque ligne donnait sa forme à la page.

        On avait l'impression de quelque chose sculpté dessus».

        Bukowskik bazuen liburutegi-txartelik, eta obra berarekin eraman ahal izan zuen, ostatutik ostatura zebilen garai hartan, ohe gainean bazen ere irakur zezan. 1976.ean, ordea, liburukia, ale bera izan daiteke, udal-liburutegian aurkitzen zen, eta soilik zerbaitetarako eskatu ondoan zitekeen har.

        Nik neuk irakurri dut, saio bakar batean, halajaina, arratsalde batez, lozorroan eroritzeko arrisku orenetan, eta han «downtown» delakoan zituzten haizagailutzar haien zaratapean.

        Inoiz ez nuen halakorik irakurri; edo askotan, beharbada. Uste dut itzuli ere itzulia nuela neuk.

        Fanteren liburu guztiek, edo ia-guztiek, Arturo Bandiniren saga kondatzen dute. Bandini Coloradoko etorkin italiar batzuen seme genuen, etorkizunean idazle haundi, lotsagabe galanta, eta erabateko maltzurra izatera deitua zegoena.

        Hain da halakoxea Bandini, Hank Chinaski Bukowsky den bezainbat; Baina honako eleberri hauetan aurkitzen den estiloak du, batez ere, txunditzen Bukowsky; hots: «Wait Until Spring, Bandini» (1938), «Ask the Dust» (1939) eta «Dagor Red» titulupean argitara emanikotan; zirikada berbera, maltzurkeria berbera, maitasun bera, hitzen tankera berdina (Buckek ez ditu bere istorioak, bere poemak makinaz idazten, paper gainean zanpatzen ditu, hobeto esanda, horretarako tramankulu itsusi bat erabiliz, Sherman tanke baten antz gehiago duena idazmakina batena baino.

        Fantek kondatzen dituen istorioak beti dira berdinak, nekerik gabe behin eta berriro kondatuak; Bere-berea duen historia. Arturorenean bezala, bere aita ere igeltseroa zen, igeltsero ona bezain gizatxarra aldi berean, eta baita senar gaiztoa ere.

        Fantek ez dio bere liburutan gurasoei buruz hitzegiteari uzten.

        Edanari emandako aita, emazalea, sarritan alkool usaidun, batzutan zorabiatzekoa gainera. Ama, berriz, koittadu galanta, bero-beroak hartu arren sekula besterik desio izan ez duena.

        Ipuin farregarriak kondatzen ditu Fantek bere haurtzaroaz. Coloradoko elurrarena bezalakoa, bere aita geldi-geldi egotera behartzen zuena, aspertu arteraino, arrabiaz zoratu arteraino. Honelako tituluak zituzten bere lanek: «A Nun No More, Première Communion, Enfant de Choeur, La Route de l'Enfer, L'Odyssèe d'un Rital, La Colère de Dieu, Une épouse pour Dino Rossi, Un kidnapping dans la famille», edota nere maiteena, «My Mother's Goofy Song» (1).

        1940az geroztik, Fantek ez du apenas idatziko, Hollywoodeko eginkizunetako lan aberatsago baina aspergarriagoen poderioz.

        Hala-ta eta guztiz ere, «Full of Life» idatzi zuen oraindik, bere benetako obrarik arrakastatsuena (Reader's Digestaz batera, Columbia etxearekin filme bat Richard Conte, Judi Hollidayrekin, Richard Quinek zuzendua, eta berak nahi zuen bezala moldatutakoa). Artean senar gaztea zeneko aipuak dakartza, laster batean aita ere izan zitekeen egunetakoak, eta gidoilari hasberriaren momentuak, nola ez.

        Paradoxikoki, baldar samarra bada ere, hau bere libururik serioena dugu. 1977.ean jarraipena kaleratuko dio, «The Brotherhood of the Grape». Coppola eta Robert Towne laster maiteminduko dira bere liburuaz, zinera eramateaz ere hitzegin zutelarik, hain zuzen ere.

        Zinea ez zen behin ere gauzatu. Baina Coppolak bere «City Magazine»-n agerterazten du foiletin itxuran.

        Horrako hori Hollywoodekoengandik jaso zuen atsekabeetariko bat baino ez zen izan. Horrelakoak asko nozitu behar izan zituen, nahiz eta haiek emandako ogi gozoa jan, haiei esker erosotasun ederra izan, halaber etxe bat Malibu-n, eta dudarik gabe, BAKEA.

        Fantek ez zuen besteekin ezertarako kontatu nahi izaten, bere bizimodua aurrera ateratzekotan, behintzat, eta beti gorrotatu izan zuen edonolako laguntza mota, dela estuasun garaitan jasotako nolabaiteko subsidioa, edota dela bestetan, Joyceren, andrearen familiaren dirua. Horren harira, gogoratu behar andrearen familiaren desioen aurka ezkondu zela, 1937.ean, Renon.

        Sacramento ondoko auzategi batetan ezagutu zuten elkar. Hantxe bizi zen andrea bere gurasoekin. (Artikulu bat idazten zuen Roseville Tribune delakoan) Joycek poemak idazten zituen eta bere inguru burgesean ondo baino hobeto aurkitzen zen. Zera iruditzen zitzaion, Fante berea baino mundu koloretsuago eta deigarriago batetan bizi zela murgilduta. Eta egia esan, kolore guztietan ikus eraziko dio Fantek mundua. Joycek, berak ere, denbora guztian maitasuna eta begirunea besterik ez dio bere senarrari izango. Andreak idatzi zuen, hain zuzen, gizonaren diktadupean, Fanteren azken eleberria, 1982ean Black Sparrowek argitara emanikoa, «Dreams from Bunker Hill», Arturo Bandiniren sagen amaia erakutsiko zuena. Izan ere, Fante garai honetan, ez zen idazteko gauza, elbarria kontsidera zitekeen: «1955az geroztik diabetezak jota zegoen, horren ondoriozko ebakuntza baten kariaz ikusmena galdu zuelarik. Handik laster gangrena zela-ta, zango bat ebaki behar izan zioten... Ondoren bestea».

        Garai hartan hain zegoen lur jota; ezen neuk ere ozta-ozta baina, azkenean, bixita egiteari utzi egin behar izan nion.

        Esan bezala, Black Sparrow etxeko John Martinek, Bukowskiren editoreak berak, argitaratu zuen haren azken liburua. Geroztik guztiak birrargitaratu dizkio.

        Liburu honen aurrean laster konturatzen da bat, hau idatziz Bukowskirenganakoa kitatzen duela holaxe. Pasarte asko ditu azken honek bezala idatziak, garratzagoak beharbada, ohi baino zitalagoak, dudarik ez; gatz eta pipar gehiagoz ere bai, azken batean.

        Iragan Maiatzean azkendu zaigu John Fante; jendea, gazteria batez ere, bere obra ezagutzen hasia denean, hain zuzen; Bunker Hill delako zelaiak, ez bat, baizik eta bi dozena hilarri eskaintzen dizkion garaian, etxeorratz eiteko hilarriak, piramide tankerakoak?!! (zuk, irakurleori, somatuko zenuen, agian, horietako bat «Tonnerre de Feu» filmean). Bada, esan bezala, orain mendixka hori horrelako trastez beterik dago.

        Gaur egun, besteen artean nabari eta gailentzen den eraikuntza bakarra Udal-liburutegiko egoitza dugu, «Early California»-ko eraikuntz-jite txukuna duen bakarrenetakoa.

        Muino horretaz ari garenez, gogoratu beharko Fantek agerterazten duela bere «Ask the Dust»-en. Bunker Hill da, Los Angeles hiri erdiaren gainean ageri dena. Hasera batetan, hauzo erresidentziala izan zen, dena txalet zoragarriz josia zegoenean. Gero, 40, 50 hamarkadetan, jada ez zen hain ezaguna izan. Garai hartako filmetan horko zenbait leku ikus daitezke. Esate baterako, nork ez du horrela ezagutu, «Angeles Flight» izeneko funikulare ospetsua, Aingeruen Funikularra zeritzona?!!

        Funikulare kurios bat zen hau; Hill Street-etik biraka iharduten zuen.

        Harat-hona horretan, mexikarren azoka-gune gainetik iragaten zen, eta noski, guk aipatu dugun muino gainetik.

        Bazen, baita ere, metro moduko bat, arras ttikia; bi tunel ere bazituen, gero ere iraun egin dutenak, 2gn eta 3gn kaletazpikoak, hain zuzen.

        Egun, Hill Street-etik ikusita muinoaren alde bata, ormigoiz beterik dago; Jende helduarentzako apartamenduak omen, eta muinoan gora, luxuzko etxebizitzak.

        Jadanik eguzkiak gorritutako harri puska galantek, saguz betetakoak, horiexek osatzen dute Bunker Hill, eta Downtown batez ere, modan dagoen bizitokia. «Marina del Rey» auzategia baino arrakastatsuagoa, gainera; iragarki honen arauera horrelako zerbait soma daiteke: «Si vous habitiez Downtown, vous seriez déjà chez vous».

        Ezagun bihurtzen ari zen garaian, behi flakoen garaian diogun, Fante Bunker Hillen aurkitzen zen ostatu horietako batean egoten zen, behin baino gehiagotan zera gogorarazi didana: muino hegian eraikitako etxe horiei begira, non goitik behera sartu behar baitu nork bere etxean, hau da, sarrera goian dago, eta handik behera etxebizitzak. Bakoitzak bere kabira joateko igogailuaren ordez zer ote da hartzen duena?

        Garai hartan laranjak besterik ez zituen jaten, eta amaigabeko gutunak idazten zizkion H.L. Mencken, bere heroiari, Baltimoreko «Manitu Handia»-ri, eta sona handiko «American Mercury»-ko zuzendaria zenari. Bere liburutan aipatzen duen, apur bat lotsagabeki, baina beti abegi handiz J.C. Hackmuth. (Le grand Hackmuth!) .

        Mencken editoreak zera gomendatzen zien inguratzen zitzaizkion idazle guzti-guztiei, aurreneko hiru idazlanak zakarrontzira bota zitzatela, baina Fanteren kasuan, azkar asko eman zuen honen lehen eleberria argitara; «Alter Boy», 1932.ean hain zuzen, «Mercury» delakoan. Eta Mencken da baita ere, 1927an berebiziko kontratua egiten diona.

        Bazuen Fantek beste norbait miresgarri zitzaiona, Sinclair Lewis. Fanteren nobelak aski autobiografikoak dira, baina gezur eta bitxikeriaz hornituak.

        Ez da damutzen ordurarte izandako giza-jarreraz: harrokeria jasanezinak, haserrealdi barregarriak. Dena da neurriz kanpokoa Fanteri gagozkiolarik; bere maitakeriak, maitasunak, kapritxoak...

        Zaila da ulertzea nondik datorkion horrelako tonu eta idazkera modernoa, 1939ko eleberri batean: «Garai hartan sadismo eta bortxakeria ugari izaten zuen, batez ere orduko bere maitale galantaren jagopean aurkitzen zelarik, Camilla Lopez izeneko mexikar zerbitzaria».

        Egia esan, hori ere azken finean orekatua du. «Je ne l'ai même pas baisée cette Camilla; et c'était une lesbienne», aitortu zuen Fantek hil aurreko egun batzuk lehenago. Ondo aurkitzen zuen bere burua, hiriaren alde bat erabat birrindu zuen 37ko lurrikara ikaragarri haren ondoan, batez ere. Baina halere, hori ez da «Ask the Dust»-en agertzen duen egoera: Bera zeratan zegoen, neskame batekin bekatu larri bat egin aintzina: «Toute sa vie, il a été terrorisé par les inmeubles en briques; des qu'il se trouvait dans un inmeuble en briques il se mettait à suer à grosses gouttes», esan zuen bere andreak.

        Izan ere, katoliku errebelatu batengan ohi denez, bere bizitza guztia errepresio eta kezkapean iragan zuen.

        Azkenean, bere pertsonaien ahotan horrenbeste mehatxu eta bortxa jartzearen arrazoia horixe da, Fante ez dugula santu bat, ez horratio!!

        Hain zuzen, bere lagun eta ezagunen arauera, behintzat, gizon arras ezatsegina eta egoskorra genuen, humore zentzu oso berezia eta bere-berea zuen horietakoa.

        Bezzerides da, zera kontatzen duena, nola egun batez Hilton-eko Writers Guild delakoan bilera batetan berarekin zegoen lagun bati, iseka egin ziola, homosexuala izateagatik: «Salut, Al, comment ça marche avec ton pédé de copain?»

        Eta nola, igorgailu batetan Bezzerides-ek biziki gustokoa zuen jaka bat zeramalarik, Fantek bapatean zera galdetu ziola: «oú il avait dégotté ce manteau couleur merde?»

        Fantek 300 dolare eskatuak zizkion Bezzerides-ek Warnerkoengandik lehen txekea kobratu zuen egunean bertan. Urtebete geroago, han ari zen Bezzerides utzitako dirua berreskuratu nahiean, eta azkenik Fanteren emaztearengana jo behar izan zuen berau lortzeko, eta honek esan zionez hiru alditan eman zion diru kopurua Fanteri zorrak kita zitzan. Antza denez, ordea, jokoan izango zituen galduak.

        1935.ean hasten da Fante zinema-estudiotarako katxetetan agertzen, batipat Columbia etxean. Joel Sayrek hitzegin zion Warnerrenean zegoen afera interesgarri baten inguruan, gangster istorio batez, Edward G. Robinsonentzat pentsatutako luzemetraia batez, hain zuzen. Filmea ez zen inoiz burutu. (Joel Sayre berbera da bi urte geroago Faulknerrekin batera, «The Road to Glory» idatzi bide zuena, trintxera-istorio bat, «Les Croix de Bois» tankerakoa, Hawks eta Fox etxeentzat).

        Gidoilarien artean honegatik ezagutzen dute Fante, hots, «Full of Life»-gatik oskarra irabazteko izendapena jaso zuelako. Horretaz landa, bere ospea «Jeanne Eagels» titulupean bildu, eta Kim Novakek egindako filme andanagatik du jasoa «My man and I» eta «Walk On The Wild Side».

        Beste zenbait zine-gidoilari eta errealizatzaile bezala, Jo Pagano, Al Bezzerides eta Bill Saroyan, zinegintzako soldatei esker irten zen aurrera.

        Italiar guzti hauek Fanteren etxean biltzen ziren maiz. Eta bizi ondo samar bizi baziren ere, Saroyan da soilik, guzti horietarik fama irabazi duena.

        Besteak, egia esan, ez dira Hollywood-ekoengandik gaizki hartuak lortu izan, halere.

        Ez da egia literaturan beste gabe jarraitzeko adorea izan zezaketenik, kale gorrian egonik, 30 hamarkadan bezala, beren izena Story-n ikusteagatik edo eta J.C. Hackmuht-ek publikatuak izategatik bakarrik aritzen zirenean.

        Eta ezin da esan, benetako lan bikainik egingo ez zutenik, estudiotan eskaintzen zitzaien soldata ederrari esker izan ez balitz. Hollywoodek nolabait esateko, alokatu egin zituen, kale gorrian aurki ez zitezen, eta honela, duintasunez, zolu moketatua zanpa zezaten.

        Soldatak mardulak baziren ere, ez zen gutiagotarako, horixe zela-ta barneratua zuten errudun izatearen damua. (Gerra garaia, depresio garaia zen). Damu sentipen horrek bultzatzen zituen edanera, edo eta jokura zein bortxara, besteak beste.

        Guzti horrek ez du ordea, bat ere akatsik gabeko obra utzi izana eragozten, obra berria, zapaldu gabeko elur zuria bezain airosa, inork aurkitu gabeko lurmuturren bat bailitz.

        Lur sail hori, hain zuzen, Bunker-Hill en dago, neugandik bi urratsetara, zeuongandik bi liburutara, liburuok bere garraztasunean itzultzeari ekin zeniezaiokeen irakurzale hori! Honelakoa duzu aurki zenezakeen idatz-estiloa: «Los Angeles, give me some of you! Los Angeles, come to me the way I came to you, my feet over your streets, you pretty town I loved you so much, you sad flower in the sand, you pretty town».

        Zera behar duzu, galtzak aulkiari ondo lotzea, irudimen txinpartei ekitea, eta «Los Angeles»i pretty town deitzea.

        Eta ez dakizula arraroa irudi, guzti horrek, zera gogorarazten badizu, «The Way the dead love»-ren hasierako hotela. Izan ere, «Au sud de nulle part»-ean, zuk ondo dakizu, zera irakur zenezakeela: «it was a hotel near the top of a hill...»

 

        (1) Titulu hauek frantseez agertzen dira. Philippe Garnier berak idatzita bezalaxe.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.