Gernica...!
BERE ZIGOR-ALDI IZUGARRIAREN
ZORTZIGARREN URTE BAKOITZEAN
Eizagirre'tar J.
Gogoratzen naizen bakoitzean barren guztiak dar-dar agiten dit, eta biotz-muñako sentierak bururaño datozkit.
Gaur bezelako egunez, Jorraillaren 26ean, orain dala zortzi urte, gertaera garratza izan zan.
Bederatzi illabetez aurretik gure etxetatik irten-araziak giñen. Gure guda zirala sortu zanean burrukarako tresnarik ez gendun, ez gendun zizparik; ez gendun ezer. Etsai dollorrak bear zituan guztiak ixilka bildu eta ondo prest jarri zanean Naparro aldetik ekin zigun; orduan gure ondasun guztiak utzi ta bidez-bide, mendiz-mendi Gipuzkoan barrena joan eta Bizkaiera bildu bearrean arkitu giñen.
Illabete batzuk geldi egon ondoren, gu ziaro menderatzeko asmoan etsai zitala berriz asi zitzaigun; guk tresna gutxiekin, egazkirik batere gabe, euzko biotzak bakarrik giñuzen arren aurka jartzeño; ala pitaka pitaka, naiko odola ixuriaz, Bizkai lurretan aurrera zijoan.
Egun artako arratzaldean Bilbaon susmur bat zabaltzen asi zan, Gernikan gauza izugarrien bat gertatzen ari zala zioten, gero ta indar geiago artzen zuan susmurrak, eta aizkenik ordu arteraño ezagutu etzan bezelako su ta burni eraso ikarragarria Gernikako erriaren geñera ari zala jakin gendun.
Era entzun ta berealaxe Gernikako bideari lotu giñen; illuntzen ari zun eta bideko erri guztietan jendea oso izutua zan.
Bide guztian zeruko argitasun gorri bildurgarria ikusten gendun. Bertara inguratu giñanean oso illuna zan eta bide nagusia itxia arkitu gendun, ertzain eta gudariak artua zuten, aurrera joaterik etzegon, gelditu bearrean arkitu giñan bada.
Bidea eta bere inguru guztiak gizon ta emakumez beteak ziran; ango naigabe ta negarrak, ango deadar mingarriak; emakume batek zotin ta marruka gaur Gernikara etorriak ziran seme ta alabatxoei deitzen zioten, an barnean kixkaltzen izango zirala uste zuan; gizon bat alde batetik bestera zoratua bezela zebillen, bere emaztea Gernikan zela; nai-ta nai-ez bere billa joan bear zuala eta aurreratzen usteko ertzañei arren ta arren eskatzen zioten; beste batzuk Gernikakoak izanik Bilbaora beren eginkizunetara joanak zirala eta kezka ta naigabez beterik beren etxetara, beren sendiatara, laxter bildu nai zuen.
Aurrera joaterik etzegon bada eta bide nagusi gañeko mendi-tontor batera iyotzen gera, eta orduan gure begien aurrean agertzen dana itzez ezin esan liteke.
Ger:nikako erri guztia sutan, gauaren illuntasunean oraindik izugarrigoa dirudi, noizik bein zalaparta aundiz sua astintzen da alde batean, etxe-pilla bat suaren mende goitik-bera erori da; garra ta txinparta matazak zerurantz badijoaz beti, gelditu gabe; ango argitasun eta gorritasun garratzak inguruko mendi ta bazter guztiak gorritzen ditu; kea, errautza ta berotasuna gu gauden tokiraño aizeak dakazki.
Ango ikusgarri ikaragarriaren aurrean biotz aberrizaleak negar dario.
¡Gernika! Euzko-gogoaren gordetzallea, askatasun zuaitz aderrari lurra ta bizia ematen dion erri deuna, errege ta agintari aundienak zin egiten zuten etxeartea, Bizkaiko batzar nagusia bere lege onak egitera biltzen zan tokia! Orain aik guztiak, jauregi ta etxe, Eliza ta bazter denak su biziaren mende erre ta kixkaltzen dira!, ta euzkotar zintzoen biotzak are bai, garra tartean erretzen antxe daude!
Baño, zori-txar ortaraño zeñek ekarri zaitu, nork oinbesteraño galdu nai izandu zaitu?
A!, bai, euskaldunaren aurkako españar zital batzuek, askatasunaren aurkako Alemani eta Italiko gizon ustelak oso txeatu nai ziñust: eta ortarako, beren lana obetogo egiteko, beren buruentzat arraxkorik gabe eginkizuna betetzeko, aidetan, egaz etorri zaizkitzu.
Españiko eta Alemaniko arroxko likitzak, ortarako alkarri eskua: eman diozute, beraz! Bai, ortarako eta goro Europa guztian egin bear zituzten likixkeri ta erailtzak ondo egiten ikastera, ortara alemanak Euzkadira joan zitzaizkigun.
Baño zer, españar eta besteak, euskotarren euskotasuna erailtzeko, gure askatasun zaletasuna galdu-arazteko Gernika erretzea naiko zala uste al zenduten?
Ez, ez-eta Euzkadi guztia kixkaldu ba zenduten ere, euzkalduna ez zenduten menderatuko, zaletasun ori sortzez odolean degu auzkoiarrak eta etsaien menderako ez gera.
Gernika euskaldunentzat zer da, Gernikako zuaitz edo arbolak euzkotarrentzat zer esan nai du?
Gernikako aritza euzkotar guztientzat askatasunaren agerkari da, bai gure askatasunarena eta bai ludi guztiko gizonei dagokiena.
Bere ostopean Bizkaiko gizon prestuak bere lege onak egitera biltzen ziran; etziran lege-gizon jakintsuak, artarako eskolatuak ez, nekazari ta langille, laneko tresnak utzi, izerdia txukatu, igandetako soñeko garbiak jantzi eta batzarrera joaten ziran, eta an mundu guztiko gizon jakintsuak arriturik irakurtzen dituzten legeak egiten zituzten, gizonaren askatasuna eta erriaren almena goratzen zituzten legeak bai ziran.
Erri guztiak gizon baten ukabillaren mende zeudenean, euzkaldunak erriaren alduntza goratzen zuten, agintariei beren indar guztia erritik datorkiotela agertuaz.
Oldozkun oik Gernikako zuaitzean bilduak daude, au da euzkaldunentzat bere askatasuna, bere jabetasuna, bere eskubide guztien agerkaria
Zañak euzko-lur mamian ondo sartuak ditu, lur onek ematen dio bere bizitasuna; andik datorkio bere indarra; bere gerri sendo, lerden, lirañetik adarrak zerurantz zabaltzen ditu eta bere itzalpean Euzkadi guztia artzen du; baño oraindik geiago, bere askatasun igali edo fruituak munduko eremu guztietara zabaldu ta erpin nai ditu.
Sendo, azkar, indartsua da, iñungo ekaitzak ezin kalterik egin dio, iñungo aize bolarak ezin lurreratu lezake. Gernika txeatua izan arren, gure aritza zutik gelditu da, eta zutik iraungo du noski.
Orain eun urte Madriden egindako lege txar batez gure askatasuna kendu zigutenean, tuzkotarrak bere jabetasuna bear bezela etzuan ezagutzen, abertzaletasunaren lorea ez bai zan oraindik erna.
Aldi illun artan euzkotarren biotzetan beñere galtzen ez dan euskaltasun itxu baño zintzoa Gernikako zuaitzaren itzalera babeztu zan, eta kerizpe artan iraun eta sendo bizitu zan; ala abertzaletasun ezaguera argi sortu zanean antxe arkitu zuan, euskalerriaren maitetasun bizia prest antxe zegoan.
Garai artan Gernikako aritzak bere goratzallea, bere abeslaria izan zuen; nik bezin ongi ezagutzen dezute Iparragirreren izena.
Etzan au edozein bezelako gizon bat, askok uste izan duten bezelako arlote mundurik-mundu ibilkari bat etzan, ertizale edo artista eta euskaldun zintzoa bai.
Lenbiziko karlostarren guda bukatutakoan Frantzian sartu eta bidez-bide ibilli bearrean arkitu zan, «Kiarra zartxo bat det neretzat laguna, onela ibiltzen da artista euskalduna...»; baño beti euskalzaletasunakin, beti euskal-errira etortzeko irrikitzen, «Egi alde guztietan toki onak ba dira, bañan biotzak dio zoaz euskal-errira...»
Urte asko igaro ondorean berriz Euzkadira etorri zanean berealaxe, bere mintzoaz eta bere abestiaz, bere erria eta onen lege-zarrak goratzen, batera ta bestera, galditu gabe asi zan; orduan asmatu zuan «Gernikako arbola» eta au ta beste gauzak abestuaz erriz-erri asi zanean, euskaldun guztiak bere ondoren zeramazkian eta berari entzunda denak sutan eta euskaltasunaren alde edozer gauza egiteko zorian jartzen ziran.
Orduan, lan edrr ura ezin ikusiaz, Españiko agintariak erbasteratu arazi zuen «ez etortzeko geiago probintzi oietara, orduan artu nuen Santander aldera»; andik gero Ameriketara.
Joan zan bai Iparragirre, berriz iltzera Euskal-errira etorri ba zan ere, baño berak ereindako asiak landare onak eman zituan, eta batez ere emen gelditu diran bere abesti ederrak eta guztien gañetik «Gernikako arbola» euskal-erriko baztar guzietara zabalduaz gure gurasoen biotzak dar-dar aidean jartzen zituna.
Badeinkatuak izan bitez euskaldun zintzoentzat Gernikako erria, bere zuaitz deuna, onen abesti ederra eta baita ere bere egillearen izena.
Gizon onekin bear bezelako zuzenak ez gera izan; zuzantasunak agintzen zuan bezela goratu bearrean, bere izena baztarreratu egin degu.
Baño gaur ludi guztian sakabanatuta gabiltzan euskotarrak Iparragirrek Gernikako zuaitzari eskatzen zion «eman da zabalzazu munduan fruitua...» len baño obetogo ulertzen degu eta gure aritza deuna mundu guztiko askatasunaren agerkari bezela ezagutuirik, Iparragirreren izena aintzatu ta goratu bear genduke.
Gauza guztik bere alde txarra eta bere alde ona ba dute. Españiko eta Alemaniko gizon arro, zital, ustel aiek su emen ta erre ta txeatu zuten Gernikako erria, baño Jainkoak nai zun gure aritza ez botatzea, ara txutik gelditu zan; gertaera izugarri ura biotzeraño sartu zaigu, mami-mamian ikutu gaitu eta beragatik Euzkadiren aldeko maitetasunak gure barnean berritu dira, baita ere bere kaltez zakur amorratuak bezela dabiltzan aien aurkako gorroto garbia.
Gernika erre ta txeatu zuttn bezela, euskaltasuna, abertzaletasuna, askatasuna, erri-almen edo demokrazi zaletasunak eta Euzkadiri dagozkion gauza guztiak puskatu eta galdu-arazi nai zituzten; ortan saiatu dira, eta ortan dabiltza oraindik; baño biotzean eta gogoan dauden gauza oik su ta izkilluz ta zizpaz ez bai dira galdu-arazten, gauz oik guk nai degun artean ez dira galduko.
Euzkotar guztiok biotz bar-barnean Gernikako zuaitz txiki bat ba degu, askatasun ta erri-almen zaletasunak, Euzadiren maitetasuna, beraren beraztasuna ta bere buruaren jabe izateko gogo bizia, gauz oik guztik biotz barnean Gernikako zuaitz txiki arekin bilduak antxe dauzkagu.
Etsai nazkagarriak ekin-aldi izugarriak egiten dizka, erre txeatu ta galdu-arazi dizkigu gure gauza guztiak, larrutu ta kimatu gaitu ziaro, oraindik ere ez digu bizitzen uuzi nai, giñuzen ondasunak utzita irten giñan etxeuik eua ala gabiltza munduan; ez dio ajolarik, Gernikan ere, guztiak galdu arren, aritza txutik gelditu zan.
Gure baitan, beste gauza guztiak galtzen ba dira ere, biotzean degun zuaitz maitea txutik, erpin, beti gelditu bedi. Ori bizirik degun artean Euzkadi ta euzkaltasuna biziko dira; ori zutik izan ezkero ezer ez degu galdu, luzeran guztia irabazia izango da.
Orrengatik biotzeko zuaitz txikiari esan nai diot Iparragirrek Gernikako zuaitz ederrari abestiz esaten ziona: «Zaude bada zutikan orain da denbora, eroritzen ba zera arras galdu gera».
|