L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Kandela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Kandela-10 (1984-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Argazki bat besterik ez nuen gordetzerik izan

 

Carmen Riera

 

euskaratzailea:
Kandelariook

 

Argazki bat besterik ez nuen gordetzerik izan. Nahiko txarra, tamalez. Makina ez zen oso ona, gerra aurreko marka alemana. Eskursioa baino bi egun lehenago erregalatu zioten nere aitari. Utzi zidan, bai, arren eta arren egin ondoren. Nere aitak ideia oso estua zeukan jabegoaz. Erotu bailitzan hasarretzen zen beste norbaiten ilerik aurkitzen bazuen bere orrazian. Gorg-Blau-ko begirategian egin nion argazkia. Begiratokiko baraldan zegoen kokorikaturik. Behean urak, urdin-urdin, bera noiz jausiko zain zirudien. Irribarre egin zuen eta ukabila jaso. Orduantxe bertan entzun zen klika. Beste batzu gehiago ere egin nizkion eskursio hartan baina oraindik okerrago atera ziren... Eta, halaere, eraman zituzten. 36ko Abutzuan eginiko araketa batetan desagertu ziren. Hau zortez salbatu zen. Ez omen zuten aurkitu, egun batzu geroago aurkitu bainuen kajoi baten ostean zimurturik. Sartu zirenean, pistolak eskutan, eta jangelaren hormaren kontra bultzatu zintuztenean, nere amak ondoeza izan zuen baina ez ziguten laguntzen utzi. Lurrean etzanda geratu zen joan ziren arte.

        «Arma bila gatoz», esan zuten, baina nire amaren bitxi bakanak, dirua eta nere gelako komodan gordeta neuzkan gutunak eta paper pilo bat eraman zituzten. Gutunak, Ai ene! Ez dut bat ere bere idazkera gogoratzeko. Kaligrafia bikainez idazten zuen, maisua zen, badakizu? eta gauza zoragarriak osatzen zizkidan... Ez ditut ahantzi, sinets iezadazu, gauero, ahopeka, ilobek entzun ez nazaten, erotzat hartuko baininduten, gutun zati bat errepikatzen dut, nere artean. Otoitz egingo banu bezala... ez naiz fededuna baina. Bera ere ez zen.

        Errepublika garaiko gazte bilera batetan ezagutu genuen elkar. Saiatu arren, ez dut data gogoratzea lortzen... 1931eko Maiatzaren hasieran izan zela uste dut, lorategian larrosak loraturik baitzeuden eta albahaka lorontzien usaia etxe osora zabaltzen zen. Oso ongi gogoratzen dut larrosena, elkar ezagutu genuen egunean eskuan sorta bat neramalako. Nire nebarekin joan behar nuen bere emaztegaia ikustera, gaisorik baitzegoen. Pablori laket zitzaizkion larrosak. Galdetu zidan nire lorategikoak ote ziren eta ea nik neuk zaintzen nituen. Baietz esan nion, baina gezurra zen, nire aitak botatzen zien ura... Harrez gero hasi ginen elkar ikusten sarri. Pablo gazterien arduraduna zen herrian. Hainbeste lan zeukan! Ez zen segundu batez ere gelditzen. Herriz herri zebilen mitinak ematen eta, horrez gain, batzutan Bartzelonara ere joan ohi zen, sekula aipatzen ez zizkidan konsignak jasotzera... Ez da nigan fiatzen ez zela. Hasieran ez, baina gero erabat. Baina berak bazekien gauza batzu ez direla esan behar lagunen seguritatea arriskuan jartzen denean. Lider bat zen, ziur izan zaitezke... Agian horregatik edo oso ederra zelako eta itxura onekoa, honelako bizkar zabala, neskak atzetik zeuzkan. Nire nebak, elkarrekin genbiltzala jakitean, aditzera eman zidan: «Guztiekin oheratzen da —zioen—... ez nuke zurekin ere ohera zedin...» Nirekin ere bai, bai jauna, gaizki esana izango da, baina ez naiz damutzen... Berarekin igarotako ordu batzu nahiko izan dira bizitzako berrogeitalau urte betetzeko, eta bizi osoa emango nuke instant hura errepikatzearren. Eskursio egunean izan zen, argazkia egin eta ordu batzu geroago, taldetik urrundu ginen eta zildorra zeharkatuz arte baso txiki batetara sartu ginen. Arrats behera zen eta txoriak entzuten ziren. Larruaren tolesturarik ezkutuenetan gordetzen dut oraindik bere samurtasunaren presentzia. Batzutan bere ahotsaren zurrumurrua entzuten dut: «Zure maitasunak aske egiten nau... Honen gozoki, honen paketsu hiltzea gustatuko litzaidake». Hunkitu egin ninduten bere hitzek, inoiz ezingo ditut ahantzi... Hil aurretik, falangistek torturatzen zuten bitartean esan zituenak oso antzekoak dira: —Aske naiz, nirekin ez duzue askatasuna hilgo. Ez naiz beldur. Ahotsik gabe izan arte oihukatuko dut esaten dizuedana. Uste dut ez zela bere harrokeria izan heriotz agindua borobildu zuen zinadura, dena dela, hil egin behar bait zuen. Baina aitzaki bezala hartu zen: bere erahileek komentatu zuten herriko kafetegian gerra garaian harrokeria ausarta heriotzaz ordaintzen dela. Eta, nolako heriotza, Jainkoa! Bere gorputz lotuak hankak hautsirik eta sabela tiroz zulatua zeuzkan. Ordutan izango zen hilzorian; bide bazterrean topatu zuten auzoko batzuk, begiak zabalik eta aurpegia erabat tximurtua.

        Batzutan kontsolatzen naiz, hil aurretik esan zuena, neurri batetan, niri zuzenduta zegoela pentsatuz. Ez balute erahil, laster edo berandu, ezkonduko ginatekeen. Biziki gustatzen zitzaizkion haurrak. Ikusi beharko zenuke nola egiten zien irribarre! Baina ni argazkiaz mintzatzera etorri natzaizu. Esandako guztia, barka ezazu denbora galerazi egin badizut, niretzat duen garrantzia eta zenbaiteraino maite dudan azaltzeko izan da. Nik uste dut ordu guztietan, hil zenez gero milaka urte iragan badira ere, gogoan izan dudala. Niretzat dena zen, denon artean badira ere, gogoan izan dudala. Niretzat dena zen, denon artean eraikitzen hasi ginen mundu hartan zegoen on eta edertasun guztia. Bere heriotzaren ondoren, gerra, etsaiaren garaipena, berrogei urte bilisa irentsen... berrogei urte hain hutsik, hain antzu, zikloi bat bezala pasatu zaizkidanak, zikloi bat, zeinek bapatean urdindu besterik ez bainau egin. Nire bizi osoa beste garai bati dagokio, ondamenaren aurrekoari; eta hala ere ohartzen naiz orain, azkenik, hasten den honekin lotu behar dudala.

        Zaharra naiz, baina fedea eta konfiantza daukat. Batipat, gauza bat desio dut. Ez dakit ahal izango den, baina hainbeste gustatuko litzaidake! Aizu, argazki honi ez ote dakioke beste bat egin, mugitu gabe eta koloreetan aterako litzatekeena? Pablo biziko balitz zuekin egingo luke lan; ziur nago...

        Behar dena ordainduko dut, badaukat diru aurreraturik. Zuk, hainbetse jende ezagutzen duzun horrek, konfidantzazko argazkilari bat gomendatuko bazenit... Badakizu? Bere begiek aldatu ohi zuten kolorea argiaren arabera eta ezin dut gogoratu nolakoa ziren. Itsasoa bai, urdina zen, urdin-urdina.

«Palabra de Mujer»: «Sólo pude conservar una fotografía»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.