L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hor dago

(sergei essenine'ri)

 

Itxaro Borda

 

Hor dago bertan gizonen mina

            erraten duen egia,

gaubeltz ainarak odoleztatzen

            diren gisan alegia

ogiburuak mozten dituen

            igitai haren begia!

 

Agur lagunak, agur, adio,

            errez duzu ixiltzea,

zutik dabiltzan haien artean

            belauniko ibiltzea

eta finean bide bakarren

            itzal freskoan hiltzea...

 

Nora eraman nauzu ametsa,

            amets argi ta ausarta?

Joker ahul bat geldituko zait

            eskuan hutsaren karta:

erre ditudan sinesmen orok

            egin bezate zaparta!

 

Kanta zazue, gazte zarete,

            Ni zaharregia naiz,

denborak duen indar itsuak

            gaindituko nauke araiz:

aho hetsien kurai gorderi

            pentsatzen dut horrela maiz...

 

Gazteok kanta zazue alai

            zuen bizitza segurra,

kanta zazue egia denaz

            arbola eta egurra

ahanzmenaren basamortuan

            zuritzen dela hezurra.

 

Banoa, joan mainkuka, triste,

            ez naiz ni mundu berria.

Aita aintzina doalakoan

            maite dudan aberria

beti segitu nahiko nuke

            altzairuz sortu herria...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.