L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Arrozen urteen bidean

 

Lucien Etxezaharreta

 

Lehenik, bideak kartsutasun hatzak erakutsi ditu. Duda batekin hala ere. Nornahiren adierazle ez baitu izan nahi. Mendi mazela harritsuari mendeetako euri uharrek egin arroila iduri luke. Bainan, ezker eta eskuin, esku batzuek altxatu murruxka batzuren ondarrak hor dira, gogo sineskor eta eragile batek noizbait arta hartu duela erakutsiz. Erdian, eskaler baten pare, behar orduan, edo denbora txarrek sortu errekek lurra ez eramaiteko, harri lauzen moldean jarririk, mendiko harri zuriak milaka dira. Jendeen eta abereen urratsari doakon patar ezti batekin bidea iragaiten da. Eskuin, iratze eta haitz ederrak, mendiari goiti doaz. Esku ezkerrean, lurralde baketsu gizen perde eztiak, Oztibarreko pentzeak, eta, urrutian, Iratiko mendi hesi ilun basa, hedoiek koronaturik, mugidura aldakor eder batean. Huntz hosto batek besarkaturik iduri, arbola bat, ezin bizian dago. Guri ohar arazteko bizidunak bizidunen bizien iresle direla eta bizidunen mamiaz jabetzeko beharra dutela.

 

* * *

 

        Patarraren gainean, hiru bideen artean, ukurtu eta, sasipean sar ditake. Bazterrak ontsa ezagutu behar dira: ezkerrera jo ondoan, gero eskuin aldera eta goiti. Haitz zahar zabalen oinetan, lapar, sasi, asun, elorri xuri edo aihen xuriek lekuak gainditu dituzte eta bideak galdu dira. Konkortuz eta kasu emanez elorrien aztapar zorrotzari, iragaiten ahal da: argiaren eta ilunaren mugetara helduak gira.

        Leku umi sapadun hauetaraino iguzkia ez da sartzen. Nun nahi, harri puskak, ereinak bezala, urteak eta urte luzeak hor direla., Esku batek lantuak, hautsiak, aurdikiak? Ez da argi ageri zeren eta goroldio perde lodi batek kukuturik baitaude. Sasi haundi baten gibelean, eraikidura bat: lerro lerro, denak goroldioz estaliak, hil herrien kanpoko murruaren oinarriak. Parte gehiena eremana izana da; bestea, eroria, metaturik dago. Hil herrietarik gauza guti dakusagu: lau metro gorako sasiek bai hil harriak eta bai eliza estaltzen dituzte. Nekez itzulia egin ondoan, sasi gutiagorekin, toki bat edo beste. Harri meta zerbait jauzi egin eta sartzen ahal da.

        Hemen hilak etzanak direla, ezin da sinets... Aspaldiko jauregi baten baratze basa zerbaiten airea duke toki hunek, bainan ez hilen eremu batena. Sasipean, harri lantu puskak hor dira, denetan bezala goroldio eta likenek janak. Gainera, arbelez eginak izanez gero gehienak, tipularen axalaren moldean barreatzen ari dira Beste puska batzu: kurutze ezkina bat, harri biribil zartatu bat, moldegabezko beste batzu.... Kurutze batzuetan izenak. Izenak izaitearen deiadar ixilak bainan zoin hunkigarriak: Katalina Arrozgainekoa, 1749.ekoa, Maria Diribarnegaray Aizpuruko anderea, 1780.ekoa edo Ioanna Irigoinekoa, 1688.ekoa. Ezpel eta laparren erdi erdian, euskaraz jantzi kurutze bakarra: «Dominica Sala hil içan da açaruaren hogei eta bigarrenian 1821». Hil harri miresgarri bat, soilki herriko hargin batek loretua. Belaunikatu ondoan irakurtzen den harri xume xuria, iguzkiaren argiak aspaldi norbaiten begietara atera ez duen oihua. Suntsitzearen kontra jarri izaitea. Zu, orduko emaztea, gaur hemen hezur zirena, nor zinen? Urteek jan emazte xahar beltzez jantzi bat ala udaberriko irriek bete neskato gazte gona gorriduna?

        Larrazkeneko hegoak maite ote zinituen? eta zure biziko urratsak zorionak ala zorigaitzak ditu beztitu? Zure begien dirdir eztia zer bilakatu da? Nola ziren orduko Arrozeko bideak eta bizi moldeak?

        Nork eta zergatik ahazturaz eta gordetasunez betetzera bazter horik utzi ditu? Gogoeta joriak jauzten dira Gizakia izpirituaren fruituekin bakarrik ez da bizitzen ahal. Bere egokitasun sozialetik bere kultura eraikidura xeheetaraino, biziduna lege batzuen pean dago. Gogoaren funtsa, oroitzapen minberena pizu gutikoak dira eguneroko biziaren behar orduen aldean. Harri sakratuak berdin borda edo etxe baten xutitzeko baliatzen ahal dira eta hilerriek behi edo zaldientzat bazka on bat sor arazten ahal dute...

        Noizbaiteko sinesteen bortxapenek patarreri goiti jendeak ibil arazi dituzte. Mendi eta mendi mazeletan artzain izaiteek eta beraz artzainen sinesteek bizia kudeatzen zuten Ekonomia aldakuntzak, gure herrian, mendi beheretako izaite eta sinesteeri, duela berrehun urte, bidea ideki zuen. Eta, Arrozeko eliza ixil eta gordeak denboraren atea hetsi izan behar zuen. Jainko zaharrak hegaldatu dira. Zibitze edo Larzabalen jainko bera denez? Goiko Jauna, mendi gainetik ikusia, eta erreka zolatik begistatua ez ditake bera.

        Elizako murruak ageri dira orain. Arku baten azpian, harri hautsi batzu. Ondoan, ate bat, edo, hobeki, ate baten herrestoak, hetsia baita. Atean berean, beste ate bat apalagoa. Hemendik sartzen ziren gure herriak menperatzen zituen bazterlariak: agoteak, buhamiak, sineste dudazkoen jabe ziren etxe ta lurrik gabeko miserable tristeak. Hemen, girixtinoetarik aparte eta herritik aparte, burua beheititu behar zuten sartzeko gisan, umiliazione bezala. Aldiz, 1648.eko urtea ekartzen duen uztai harri ospetsuaren azpitik herriko jaun eta andereak beren liburu eta arrosorioekin sar zitezkeen debozionekin. Gaur, ez gira kopeta gora sartzen ahal hortik ere: elorri eta sasiek muga bat egiten dute. Lehenagoko agoteen moldean burua beheititu ondoan , sartzen ahal gira. Teilatua, aldarea, ur benedikatu ontzia, bataio harria, denak galdu dira. Kendu dituzte noizbait, apez, herri-gizon eta guzien benedizionearekin. Kalostrapea , teilatua erori ondoan, harri meta bilakatua da. Huntzosto eta laparrek pesta onik egiten dute leku saindu horiekin.

 

* * *

 

        Hemen, betierearen bakean etzanak direnen artean, urrats bakoitza ikur bilakatzen da. Hil ziren herriaren gogoak bere baitan atxikiko zituela segurtamenarekin Izenik gabe, izan galdu batekin, gure oinen pean dagoenari, zer gelditzen zaio? Etxekoen ahazturak minberatasun hunkigarri bat zabaltzen du. Gure gogoetaraino hegaldatzen da eta lore basen erditik altxatu ondoan, urteen hatzak ezeztatzen ditu

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.