Orioko elizan
Itxaro Borda
Orioko elizan belauniko.
Aspaldiko partez otoitzez.
Zu Jainkoa
bakartasun handienaren jabea
izan zaitez
nere bakartasun jasan ezinezkoaren labea.
Zuk Jainkoa
nonbait baldin bazaudez
entzun itzazu
Orioko eliza ilunean
deiadarkatzen dizkizudan
haserrezko
hitz hautsi
hauek.
Zu Jainkoa
ardura madarikatu dut
zure izena,
baina gaur
Orioko elizan
zure urruntasun hormatuaren
beharra
hezur muinetan
nabaditzen dut.
Eh Jainkoa!
ez dizut barkamendurik
eskatuko,
ez naiz damu gorritan
sartuko,
dakidalako ni bezalako herballei
ez dela
den mendrenik
barkatzen.
Orioko elizan
nere bizi modua
konsideratzen dut
«maiteak zergatik hutsik utzi
ninduen ez dut oraindik ulertzen»
eta lepoko zainak
gogortzen zaizkit
negar hits gutizia
erraietan ito dakidan.
|