In God we trust
Itxaro Borda
gauzak gaizki doaz
goiz honetan
beherakada
hurbila
sumatuz nire azken
dolar orlegiak saldu ditut.
«in god we don't trust».
gauzak gaizki doaz:
goiz honetan ere
kaseta
irakurtzerakoan
jakin dut mikel laboa
gaixorik zela.
«hegoak ez bagenizkio ebaki»
gauzak gaizki doaz
goiz honetan berriz
karrikara
jaustean
konturatu naiz maitasun
historio hori etzela nerea.
«ederki engainatu naiz!»
gauzak gaizki doaz
goiz honetan bertan
euripean
ibiltzean
erabaki dut ongi sentitzen
naizen lurraldeetarik
ez nuela gehiago ebaslea
bezala ihes egingo.
«stay, stay, stay everywhere!»
gauzak gaizki doaz
banan bana kolpe guziei ihardesteko
gutizia dut, baina ahulegi eta bakarregi
naiz.
gaizki doaz gauzak.
Zinez.
|