This is the end maitea!
XX. mendeko poeta klandestinoak
Izturitzeko harpe hotzetan gizonak konputerrekin
Espace invaders joko zailean ari ziren pantailetan,
Tolosan aldiz gazte guziak dantzari «gure txokoan»,
Poliziak hor Baionako gau beltzen zubiak blokatzen,
Erradak maite non dugun preso bizi nahien indarra?
Beatriza latz ederrak atzo baitzukeen ilusitu
Zugizaharren puntaren puntan, esku artean burua
Dante gaizoa ikusi nuen negarrez maitemindurik,
Leonardo jin zitzaion laster lau zaurien epeltzera
Eta oheko laguntzat Mona Lisa bera eskaintzera.
Prince txikia kitarrarekin euri brioletaren zain
Maikel Jacksonek herrena egin nahi zuen txalapartan,
Monteverdiren tronpetak entzun ziren itsaso gainean,
Levingstone zoan pigmeen bila Afrikaren erraietan,
Portugaleko marinel batek hamar beltz bildu zituen.
Ai Galileo zoritxartsua zerk ekarri hau mundura?
Lurra borrobil dela oraindik nork luke gaur sinetsiko?
Hobeko zuen Pisako dorre haren kaskoan jarririk
Totocalcion arizan balitz, Platiniren goresteko
Edo Paolo Rossiren baloi suerteduna miresteko...
Jesus Krixtoa zerutik jautsi zen balentriaz orduan
Belauna hautsi zuen lurrean, eta mainguka bazoan,
Ewingdarrekin konpondurikan Dalassen bizi izan zen,
Komisariak beterik ziren travelo eta putekin
Edo karrikan uzkur zagotzin manifestatzaleekin...
Nepalen gaindi Marco Poloren karabana zuhur zoan,
Pelerinoak urrats beldurtiz Izuran gelditzen ziren,
Parisen atzo goseti orok iraultza bat egin zuten,
Mozkun tristeki Trotski kanpora igorria gertatu zen
Eta John Fordek Santa Graziko elizan filma bat sortu...
Kristobal Colomb karabelekin joan zen Indietara,
Kurutzarekin Karaibetan bonba zartarazi zuen,
Atomikaren usain gogorrak tiraturik behar bada
Martziano frango etorri ziren gure lurraldeetara
Eta haurtxoak lau begiekin jaio ziren kliniketan...
Blues zaharrean errepikatzen zituela negar otsak
Beltza aditu zuten oihuka Orleans Berri hirian,
Marylin ere president baten beso artean urtu zen,
Hamalaueko gerlariari zango bat josi zioten
Plaztikazkoa, burdinezkoa, mikroprozezurrekilan...
David handia marmol zurian Mikelangelen etxean
Bere gorputza berotu nahiz harri ezpalen erdian
Ezkaratzetik barrukuraino lasterka bazoan xotil,
Poeta batek beste batekin xardinak jateko asmoz
Urtarrilako hotzetan ehun kilometra egin autoz!
Elur dagien gau bakartien minean senditzen zuen
Ohe handia erretzeko hor gizonen baten beharra;
Ene maitia ardura nagok zeru hutsari begira
Nik ere segur nabaitzen diat eskapatzeko desira
Ilargiaren urdintasunak finkatzen duen hegira!
1985eko urtarrilan
|