Horati'ren odak
(euskeraz)
Horati
euskaratzailea: Aita Onaindia
VIII. Lide'ri
GAIA: Sibari gaztea txepel itzuli zaigu; ez du nai gudu-zelai ta kapardietara irten, ez zaldizko jardunetan saia; ez iskillurik jantzi nai, ez birla edo agarik egotzi; ez Tiber'ko ur ozkirrian gorputzik busti. Oso belaxka ta limuri egin da emakumezkoen artean. Augatik, ez dio jipoia gaizki astintzen olerkariak.
Lydia, die per omnes...
Esaidazu, oi Lide, urzitarrakatik,
Zer dala-ta maitez gal nai duzu Sibari?
Len auts-euzki zaleak gudu-zelaia utzi?
Zergatik lagunekin ez dabil zaldi-gain,
5 Edo prantses aoak sarrantx latz ez ezi?
Zergatik Tiber larua ukutzeko izuti?
Suge-odol antzo du saiesten olio;
Zergatik ez iskillu-orbanez besoak,
Len birlaz nai azkonez maiz azkarra zanak?
10 Zergatik gordetzen da, Teti'ren semea
Gorde ei zanez, Troia'ko galkera aurrexean,
Giz-antzak sarraskira eraman ez zezan?
Oarrak. 5. Prantzi'ko zaldiak oso ezikaitz ziran. Olio-gantzukiz igurtziten ziran erromatarrak, edozein burruka-saio aurretik. 10. Tetis, Akil'en ama, Nereu itxas-jainko zarraren alaba. 11. Omer osteko asele zarrak dionez, Akil'ek andrazko jantziz gorde zun bere burua Eskiro'n, Likomene'n alabaen artean, gudara ez joatearren.
IX. Taliark'i
GAIA: Irudiz sorturiko norbaiti zuzendua duzu oda au. Gerkar izenak «Orrits-bakaldun» nai du esan. Negu-biotza dalarik ere, ba-dira sukaldean atsegin goxoak. Biarkoak zer ekarri galdeka, ez gaitezen geiegi zurbildu.
Vides ut alta stet nive candidum...
Ez al dakusu Sorakte zuri elur aunditan,
Eta oianak jadanik arminduta lorretan,
Eta izotz estuan nola
Ibaiak ezin joanda?
5 Uxa otza, mukur aundiz beterik suetea;
Bai ta atera, oi Taliark, sarri bezin ernea,
Lau urteko ardaoa,
Sabina-uriñez ondua.
Utz jainkoei gaiñekoak; gesak borbor artatik
10 Aize burrukalariak eratx zituztenetik,
Ezta dardar nekostarik,
Ezta ere ametz zarrik.
Ez nekatu biarkoz zer gerta-miñez, al danik;
Ar zoriak lemaikezun zernaiko egunetik;
15 Zaputz ez utzi gazterik
Maite biguin ta dantzarik.
Soil-aro gogaikarria gaur urruti bait-duzu:
Orain, ordu autuetan, Marte-zelaia maiztu,
Eder zutzat enparantzak,
20 Eder gau-jardute ixillak.
Billa orain zokondoan kuku neskatx lotsorra,
Salatzen dun kizkur mea ta aren maite-gaillua;
Ken atzetik ereztuna.
Itxuraz baizik eztuna.
Oarrak. 1. Sorakte, faliskotarren mendia, Erroma'tik ikusten zana. 8. Urin, gider biko ontzia, dolaretan erabilli oi dana; Sabina zeritzaion eskualdean egiten omen zituzten auetariko onenak.
X. Merkuri'ri
GAIA: Jainko aundi orren gorapenez idatzia nunbait. Merkuri bait-dogu itz-jario ta esan ederraren aita. Onez gaiñera, joko ta jolasak ere, mezu ta lapurretakin batera; baiña batez ere olerkirako lira sortu zulako dugu ots aundiko, eta basati zan gizona adeitsu biur zulako. Noiz idatzi ote zun oda au? Merkuri'ren omen edo goratzarrezko jairen baten bear bada? Ba-liteke. Ala olerkariaren goiargi-aldiko jardun utsa ote? Jakin ez ziur.
Mercuri fecunde, nepos Atlantis...
Oi Merkuri, Atlante'ren billoba txit eletsu,
Len-gizon anker uzua zuk bait-zenun neurritu,
Zuhur ta nare biurtuz itz-jario indarrez,
Ta saio-zelai bikaiñez.
5 Zuri deskintzut, Tzeu aundi ta jainkoen mezudun,
Zuri, lira makurraren aita, nik kanta bigun;
Trebe maltzurra bait-zera, jolaska ta ixilpeko,
Zer-nai ta ura ostutzeko.
Parrez lertu zan bein Apol, gezi-ontzi gabea,
10 Zuk artzain itxura arturik ebatsi bei-taldea
Itzultzeko zizunean eskatu garrasika,
Abots sendorik zemaika.
Piriamo aberatsak ere, Ilion uztean,
Atereu-semeak lauso zitun, zure zainpean,
15 Eta maltzurki saiestu bai Tesal'go su garaiak,
Bai Troia'ko kapar etsaiak.
Zuk aulki alaietan oi dituzu jar-erazi
Gogo deunak, eta urrezko aal-makillaz bereizi
Itzal-talde me-ariña: eder goietan jainkoei,
20 Eder su-lezan bekoei.
Oarrak. l. Atlante'ren billoba, aren ama Maia'ren etorki ta belaunez. 4. Gorputz-saio ta iñarkunez, edertasuna iritxi oi dugu. 6. Aita, asmatzaille; bein turtu-maskor bat aurkitu zun Merkuri'k eta oneri ariak ezarriaz, jogaillu edo tresna osotu. Lirak iru ari zeuzkan bakarrik, gitarra edo kitarak, ordea, zazpiraiño.
XI. Leukonoe'ri
GAIA: Leukonoe, izen emana dugu antza. Siñeskerara makurrak ziran sortaldekoak; izar-igarkizun eta indarrean uste betea zeukaten Erroma'n, baitik-bat emakumezkoak. Uzteko diotsa Horati'k oietariko bati etortzekoa. Ez ote lar gaurkoa? Gure biziak baditu egunik egun bere atsegin eta alderdi pozkorrak. «Zagoz gaurko dio Horati'k, utzi biarkoa». Ar dezagun gaur jaio lorea, ez bait-dakigu biar jaiotzekoaren berri.
Tu ne quaesieris...
Ez eizu jakin nai ez baita on, Leukonoe,
Jainkoek zuri ta neri zotz egindako oboe,
Ez galde Babilon-atzeak. Datorrena ar, obe!
Aunitz negu Tzeu'k emanak? Ala au atzena ote,
5 Tirren itxasok aurrezko aotzak oldartzen dituna?
Zur zaitez, irazi ardoak, eta itxaron luzea
Ebaki aldi laburrez. Guk itz-ala, iges doa
Adin bekaizti. Atzi gaur, ta ez uste geroa.
Oarrak. 3. Babilon urian bizi ziran geienbat kaldaitarrak, eta jauretsi ortzi-gorputzak jauresten zituzten. Izar jakintza, beraz, oso zabal zegon aien artean; izar zenbakera, einka, atze ta abar, kaldaitarren jakituri berezia dugu. 6. Aintziñakoen ardao lodiak, ots, uitan onduak, elurrez beteriko metal-irazkian irazi bear ziran.
|