L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1959 III (1959-uztaila/iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Enearena

 

Bergili

euskaratzailea: Otarri

 

IV. Kantua

 

Muiña: Gauza gelgarri ta ametsak, Dido'k bere burua iltzea erabakitzen du; azti-opariketarako ziralakoan, aren aizpa atzipetuak egiten ditun gertakuntzak. — Enea'k bere irtera aurreratzen du. — Dido'k, ordea, birao izugarriz erasotzen dio. — Sikeu'ren iñude zarra. — Dido'k, aizpak gerta dion txondorrera igorik, Enea beraren ezpataz, bularra zauritzen. — Ane ta uri osoa negar-garrasika. — Iris'en agerpena; Dido'ren erio.

 

Dido doakabeak, ordun, adurrak izutua, eriori oles dagio, iguin baitzaio zeruaren ganga ikuskatzea ere. Eta bere asmoan sendoagoturik bizitz-argia utzi zezan, kedats-opamaietan emariak eskeintzen ari zalarik, (bildurgarri esateko ere), ur sagaratuak nola beltz biurtzen ziran, ikusi zun, eta ardao ixuria odol likits. Ikuskari au etzion iñori iragarri, ezta bere aizpari ere. Ba-zun, gaiñera, jauregi-barnean atxurizko txadon bat bere senar zarrari opatua; oso eder zun eleiz au, ta, ohore aundiz jagoteko, edur-galartzuz ta jai-ostoz apaindu oi zizun. Emen entzun bide zitun dei zegion senarraren abots eta mintzoa: ordu artan lur osoa estaltzen zun gau illunak, eta bere gandurrean, eriotz-intziri antzo, gau-untz bakarti bat ulu unkigarriz ari zan, zinkurin luzeak negar biurtuz. Onez gaiñera, aintziñako aztien iragarpen asko aragi-dardartzen duten aolku ikaragarri bezela zaizkio. Enea'k berak ere, esarre bizi, erasoten dio ames-aldian; ordu oro, utzia dala uste du, iñor gabe egiten dula beti bide luzea, eta tiritar billa dabillela lur maurtuan. Penteu'ren antzera eumenitar taldeak dakuski zoro, edo-ta eguzki bikoitza ta Tebas bi uste ditu; edo Orestes agamenonitarra dakus, antzerkiko agerraldietan bezela larri-ikaraz, zuzi ta suge beltzez darraikion amagandik igeska; bitartean, Asarre asperberak atarian datzaz.

        Beraz, asarrez izor ta oiñaze aunditan, iltzea erabaki zunean noiz ta nola bere baitan iraulka ari zan; bere aizpa alegeagana dijoa ta, arpegiz asmoa estali ta itxaro-dirdir bekokia, onela mintzatzen zaio: «Idoro dut, aizpa, bide bat (zorionka zatozkio aizpari) berriz ura itzuliko didana, edo maite dutanagandik ni jaregin. An, Okean'en muga ondoan, eguzkia etzan oi dan lekuan, bada etiopitarren eskualdea, lur-azkena noski, Atlante aundiak izar diztikorrez jositako zeru-ardatzari lepoz bira dagiona. Andik etorri zait masiliar ariko jaupaleme bat, Esperideen jauretxeko zaindaria, erensugeari jaten eman eta, ezti jori ta lo-belar-jario ixuriz, zugatz adar sagaratua jagoten duna. Onek, dionez, nai ditun gogoak azkatzen ditu aztikeriz, eta beste batzuri kezka ta ardura latzak bialdu, ibaietan ura geldi-azi, eta ortzi-izarrak atzera itzul-azo: etxe-jainko gautarreri dei dagie arek. Orruz ikusiko duzu lurra aren oinpean, eta erpin-leizarrak mendi-bera. Bekizkit lekuko, maite, jainkoak eta zu, aizpa, eta zure buru xamurra, gogorrean baizik ez bait-noakizu aztilanera. Zuk, ixil-mixilka, jauregi-larraiñean, egurmeta bat jaso ezazu aizetan eta ipiñi aren gaiñean gizon biotz gabe ark ezkonoean tinko utzi zitun iskilluak, eta beste guda-ondakiñak oro, eta ni galdu nindun buztar-oe ura. Jaupalemeak agintzen du ta gizaseme etoi aren oroigaillu guztiak, nai ta-ez, erraustu bear dirala dio». Au esanik, exillera da. Baiña batera larutasunak artu zion betartea. Ane'k ala ere, ez du uste aizpak opa-eskintza berriakin beraren eriotza estaltzen dunik, ezta otu ere ainbesteko zorakeririk, edo-ta Sikeu'ren eriotza baiño gaitz gordiñagorik bururatu. Beraz, esana egiten dizu.

        Eta erregiñak, atari zabalean, jauregi-barne, lerki ta arte-sozpalezko sutzar aundia egiñik, osto eioz ta dolu-adarrez jazten du inguru osoa; oe gainean jartzen ditu jantzi-ondarrak, ezpata utzia ta Enea'ren irudia, zer egian jakitun noski. Opa-maiak eraiki dituzte baranoan; eta jaupalemeak, illenasi, bere aotiko trumoi-otsez iru bider dei dagie eundaka jainkoeri, naspil ta su-lezari; bai ta Ekate irukoitzari ta Diana neskatx iru arpegidunari ere. Ixuria zan orduko ura, su-lezakoaren idurira, eta burni orizko itaiz illargitan ebakitako belar guri pozoi esnetsu billa dijoazki; bai ta billatzen dute zalditoaren bekokiko zera ere, beor amari ixillik erauzitako maite-irezkia. Dido'k berak, opa-mai ondoan, opil sagaratua eskuetan zeukalarik, oin bata utsik eta soiñekoa lokarri gabe, iltzeko gertu, lekuko dakazki jainko ta izar bere aduaren berri zutenak noski. Onez gaiñera, urtzitarren bat ba'legoke maitale erantzun-gabeen ardura dunik, ari doakio zuzentzaren eske.

        Gaua zan; eta gorputz abailduak atseden goxoa artzen zuten lur osoan; egonean zeuden oian eta kresal suminkorrak ere; izarrak beuren ibillaldi erdian zijoazten; ixillik zelaian oro: abere, egazti margoztu, aintzira ur zabalak, soro arantzaz laztuak, gauaren altzo ixillean lo zetzatela, ardura ta biotzak arintzen zituzten, lan-kezka gabe. Penitziar zorigaiztokoa, alare, etzegon orrela; ez du iñoiz loak artzen, aren begi ez biotz gauak ez du lekurik; bai, ordea, arretak ugaldu, ta indar berriz erne maite-sua, asarrezko olatu nasi artean igeri. Ta oraindik ere, iraupen atxikian, onela diardu biotz-barne:

        «Baiña, zer dagit? Narda nitun lenengo senar-gaietara itzuliko ote naiz? Nomadatarrei, bear bada, buztar-lokia eskatu, ainbestetan ezetsirik? Iliatarren ontzidiari jarraika, Teukrotarren azken-esanak bete? Baliteke nik len lagunduz jasotakoen artean bateren bat egin-eskerraz oroitzea? Baiña, baiezkoan ere, nork utziko lidake, nork artu ontzi arro aietan ezetsi au? Ez dazauzu, ai galdu orrek!, ez dituzu somatzen oraindikarren laomedontetar endakoen gezur-ziñak? Eta zer? Bakarrik beuren igesean nik lagunduko ote itxastar zalapartarieri? Ala tiritar eta neretar guziekin jarrai noakie? Eta Sidon uritik nekez; atera nitunak berriz itxasoratuko ditut, oialak aizeratzeko aginduz? Ez, obe zaizu il, merezi zendun bezela, ta uxa galtzairuz naigabe-azta. Zu, ene aizpa, ene malkoz zapaldua, zu izan ziñan lenengoz zure aizpa eroa zoritxar auekin zamatu ta etsaiari eskeiñi ninduzuna. Etzaidan laket izan oe berri gabe, abere antzo, ez bizitz orbangea eraman, ez kezka ta arduretan murgildu. Ez nuen gorde, ez, Sikeu'ren errautseri agindutako zintzotasuna». Onen gisako alakak zetozen aren bular-barrenetik.

        Enea, bide egiteko erabakia, txoparen erpiñean zetzan lo, joateko bear zuna aurrez atondurik. Eta ona, ametsetan, Jainko beraren irudia ageri zitzaion; lenbizikoa zan antzez, ta lena agindu bide zion; Merkuri'ren gisako oso, bai abots bai margo, illedi gorrizka ta soin-atalak gazte diztikor: «Onako unean loari lotuta, jainkosaren seme? Ez al dakusu nolako arriskuz zauden? Zoro! Ez dantzuzu nola arnas dagiten onezko aize meiak? Arek, iltzeko etsia, iruzurrak eta asperkunde gordiña darabilzki gogoan, eta asarrezko zirimol nasian diraki. Zergatik ez diozu igesari ematen, al duzunik laisterren? Bertatik dakuskezu itxasoa ontziz nastua ta zuzi ankerrak dirdirka ta ur-egiak sutan, Eguantzak irixten ba'zaitu lur auetan luzatuz. Ea, bada, ez geiago luza! Emakumea beti duzu aldakor ta itzul-errez». Onela itz egiñik, gau beltzean utsalarazi zan.

        Eta Enea'k, orduan, bat-bateko itzalez izututa, astintzen du lo-zorrotik bere gorputza, onela zirikatuaz bere lagunak: «Esna bertatik, arraunlariak, eta exeri ezarlekuetan: askatu azkar oialak. Jainko baltk, zeru goitik igorriak, ona emen, berriz leiatzen nau loki biurriak ebaki ta igesari albait bizkorren ematera. Zareana zareala, jarraitu dizugu, jainkoetan deunen orri, ta zure aginduari men dagiogu pozarren. Zabiltza gurekin, ta lagun bekizkigu, ta irazeki ortzian onezko izarrak». Au esan zun, eta suzko ezpata zorrotik aterata, burni sakallkorrez ebakitzen ditu masta-lokarri sendoak. Barne-gar berdiñak diraki danetan; urduri dabiltza ta igesari damaie. Itxas-egia uzten dute; ontzipean itxasoa ezkutatzen: arraun-indarrez gandor apartsuak eraikitzen dituzte ur-azal urdiñak gogorki astinduaz.

        Dagoaneko len-egun-argiak, Titon'en oge urreztatua lagarik, dirdir joriz jazten zitun lurraldeak. Erregiñak bere barandatik ikusi zunean, nola eguna argitzeaz batera, irten zala ontzidia zapiak berdin, itxas-egalak uts eta kaia arraunlari gabe utzirik, iru ta lau bider, esku suminkorrez, jo bular zardena ta ille gorrizkak igurtziz: «Tzeu'arren! —oiu dagi—, arrotz ori joango ote zait, ni ao bete agiñez utzirik? Nun, eta nere aginterrian berton? Eta ene uztarpekoak ez dituzte iskilluak aterako ta, uri osotik irtenik, egiñalean eraso ta ontziak ez dizkiete gorde-ditxoetatik erauziko? Zoazte, eraman sua azkarki, zabal oialak, indar arraunai Zer diñot? Oi, nun nago? Zer zorabiok lausotzen dit adimena? Dido zorigaiztokoa!, adur biotz gabeak gain dituzu orain! Beste garai baten izan bear zun, noski, aginte-makilla eman zenionean. Ona aren eskoia ta itza, aberri-zaintzailleak omen daramazkiarenak, eta bere aita ere, adiñez astuna, lepoan eraman zunareriak! Eta nik ezin ote dut arrapa aren gorputza eta, txiki-txiki egiñik, uin tartean edatu? Ezta burniz irauli ere aren lagunak, ezta Askani bera, aitari berari jatekotzat maian eskeiñirik? Baiña, bear bada, ez litzakidan au ere egoki izango. Obeki. Il bear ezkero, noren bildur? Ai!, zuziak eraman ba'-nitu bere kapardira, ta sugarrez ito ontzidia, aita ta semea beuren endakoekin erkatu ta, azkenik, neronek nere burua il! Oi, eguzki!, lur-lanak oro zeure dirdiraz argitzen dituzuna; eta zu, Juno, nere joran auen lekuko ta adierazle; eta zu, Ekate, uri-kuluetan gau-alamentuz sarri deitua; eta zuok, Asarre apentzailleok, eta zuek, ilizera dijoan Elisa'ren jainkuok, artu oiu auek; entzun, arren, nire eskariak, merezi duten zigorra nire gaizkiñei emanik. Gaizto-alen orrek kairik ikutu bear ba'lu, lurrera urbildurik, Jobe'ren aduak orrela eskatzen dutelako, nai-ta-ez bete bearrikan, erri ausartuak beintzat egotz dezala andik guda ta su-iskillu indarrez; muga guztiz erkatua ta Juli'ren besartetik ere irten-azia, bebil laguntza eske alderrai ta bekus beretar guztien erio duin-eza; eta lotsakizunezko pake-ituna artzera beartua baldin ba'litz ere, ez bedi goza aginterriz ez argi opatuaren txeraz; gazterik eror bedi erio-makets pean eta itxas-egiko ondarrak ere ez bezaiote eortz-lekurik eman. Ona ene arrena; auxe duzu, odolaz naste jalkitzen dutan azken-adia. Onezaz gaiñera, zuok, o tiritarrok! esetsi aren arikoak iñolazko asarrez, aspertzake; emaiozute eskinte au nere errautseri. Ezpedi erri artean maitasunik, ez egiunerik. Sor bedi ene ezurretatik aspertzailleren bat, su ta burni dardanitar taldeak, orain, gero ta nainoz, indarrez azpiratuko dituna. Oiuz deskat: begoz, etengabe, gure muga, ibai ta iskilluak aien muga, ibai ta iskilluen etsai; alkarrekin beude liskartsu, bai ta beuren illobakin ere».

        Au esanik, urduri ta zoratua dabil arat-onat, argi aspergarria, lenbait-len, nola ebaki billa. Ontan, Bartze, Sikeu'ren iñudeakin (berea, bada, auts illun zan dagoneko an bere aberri zarrean) rnintzatu zan labur: «Ekardan ona, ene iñude laztan, Ane, aizpa, busti dezala bizkor, esaion, bere gorputza euri-urez, ta dakartzila opariak eskeintzeko esan nizkion abere ta zerak; datorrela era ortan, eta zerorrek ere estali lokiak galartzu donez. Su-lezan errege dan Jupiter'i opariak eskeiñi nai dizkiot, gertu ditudanez, eta amaia eman ene kezka ta lorrei, dardanitarraren irudia sutan amildurik». Onela diño. Bartze zar-joranez zebillen.

        Dido, ala ere, soin-ikaraz ta erabakitakoan tinko, begi-odol dirditsuak zearka, loi ta dardarti masaillak, beingoango eriotzaz laru, jauregi barrara dijoa txit azkar; sumiñaren erpa artean, sutzar erpiñera igo ta dardanitar ezpatea, onetarako etzana noski, ateratzen du. Eta emen, troiar jantziak eta oe ezaguna ikuskaturik, negarrari ta barne-gogoetari pixkaten leku eman ondoan, oeari buruz etzan, azken-itz auek jalkirik: «Oi kondar eztiak, aduak eta jainkoak gura dutelarik, ar ezazute gogo au, kezka auetatik askaturik. Bizi izan naiz, bai ta Zoriak izendatu zidan aldia aitu ere; eta orain lurpera doake nire itzal aundia. Uri aintzatsu bat eraiki nun; neronen arresiak ikusi nitun; aspertzaille atera natzaion senarrari; neba etsala zigortu nun. Doatsu, ai!, lar doatsu ni, dardanitar ontziak sekula ere ikutu ez ba'lituen gure ur-ertzak!». Esan zun; eta aoa ogeari josirik: «Aspertu gabe —diño— ilko naiz? Baiña il gaitezen. Onela, onela nai dut itzalera jetxi. Bekus dardanitar ankerrak, bere begiz, an itxas gaiñetik sutzar au, ta daramala berarekin nere eriotzaren zeiñu gordiña».

        Onela mintzatu zan, eta au zerasan bitartean, burni gaiñera eroria ikusten dute neskatxak; odol apartsuz gorri ezpatea, odoletan eskuak ere. Ontan, ba-zan an zalapartik atarte ta jauregiko larrain zear; omena ba-doa, zoraturik, uri dardaraziaren gaindi. Arrangura, intziri ta emakurne-zinkuriñez latzikaratu dira egoitzak; negar-garrasi gaitzez josia da aide guztia, etsaiak zalapartaka arturik, Kartago osoa edo Tir zarra jausiko ba'litza bezela, su ta gar, oro gizaseme ta jainkoen gain zakarki etorriz.

        Aditu zun aren aizpa erdi-illak ango barailla erdiragarria, eta, izulaborri, azkazalez musua urratu ta bularrajorik, oroen erditik arnas-oska igaro ta noiz ilko zegonari bere izenez diotsa: «Eta ura augatik izan zan, ene aizpa? Orrela atzipetu ninduzun? Au lekarkidaten zendorrak, suak eta opagaiak? Onezkero utzia, zertzaz negar lenbizi? Iltzean, ezetsi al zenun aizpa laguna? Adur berdiñetara deitu ba-ninduzu, bederen; biok burni berdiñak eramango ginduzen noski, ordu berdiñean, oiñaze berdiñera. Eta neroni izan nintzan esku auekin zendorra eraiki nuena, eta neuk, nere abotsez, dei egin nien asabaen jainkoeri, eta ni urruti, oi anker! zu iltzean? Itzali zera, bai ta ni ere itzali nauzu, oi aizpa!, ta itzali dituzu zure erri, sidonitar guraso ta uri. Ura, ekatzute ura, ta zauriak txautuko dizkiot; oraindik azken-arnas izpirik aren baitan baldin bada, aoz nik jasoko». Era ontan itz egiñik, zendor gaillurrera igo ta negar-zotinka aizpa erdi-illa magalean arturik, soiñekoz txukatzen zion odol zurbilla. Ura (Dido), begi astunak goratu nairik baiña ezin du, zorabioak berriz amiltzen. Xixtuka dauka bular barreneko zauri ondogea. Ira aldiz, ukalondoan irozorik, erdi-etzan zan nekearen nekez; iru aldiz, irauli zan berriz ere oe gaiñera: eta argia billatu zun begi aldakorrez ortzi goian, eta oiu egin zun, aurkitu zulako.

        Juno guztialdunak, ordun, aren samin luzez tu eriotza gaitzez errukiturik, Iris igorri zun Olinpu'tik, askatu naiean zegon arima aren lokarriak eten zitzan. Adur-zoripean eta erio mereziz barik, lotsagarriro ta bertatiko sumiñak eraginda garai-aurrez iltzen zan ezkeroz, Proserpina'k etzion oraindik ebaki urrezko ille-mataza, ezta aren burua su-lezarako gaiztetsi ere. Iris, beraz, urrezko ille-mataza, ema aren burua sulezarako gairtetsi ere. Iris, beraz, ego intz-ezezkoz zeru oztin zear egan, eundaka kolorezko abaiña eguzkiari buraz edaturik, egada galgatu ta aren buru gain kokatzen da. «Nik, agindu bezela, Pluton'i damaiot ille done au, ta gorputz ontatik jareiten zaitut». Onela diño, ta eskoi eskuz illea ebakitzen dio; eta, batera, joan ba-dijoa bero oro, bizia aizetan itzaliaz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.