L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1960 II (1960-apirila/ekaina) —<oler0645>




 

 

Enearena

 

Bergili

euskaratzailea: Otarri

 

V kantua

 

Muiña: Kirol-jolasak: ariñeketak, saski-jokuak, gezi-jaurtzeak; adur-suarekin piztu zan gezi miresgarria. — Illeta-jokuak jarri ta arautzen ditu Askani'k.

 

Josketa au amaitu-ala, belar-zelai batera zuzentzen da Enea ona, muiño makur ta zugazti berdez inguratukora; zelai onen erdian esparru bat dago antzoki gisa: ara doa gure gizaki arraia, gizatalde joria atzetik duela, eta erdi-erdian eseritzen da jargi garaian. Ta onaxe dei dagie laster-joku bizkorrean saiatu nai diraneri, sari-pitxiak jarriaz. Ta ba-datoz or-emendik troiar ta sikanitarrak, joranez; buru-buruko, berriz, Nisu ta Eurial...

        Eurial gaztea, txit eder, eze ta gisako duzu; Nisu, ordea, gazte orren lagun kutuna. Auen ondoren, Diore zardaiña datorkigu aurrera, Piriamu'ren odol garbikoa, oneri darraikiote Sali'k eta Paraton'ek, Akarnani'koa bata ta Arkadi'koa bestea, Tege sendikoak jatorriz; bi gazte trinakritar gero, Elimu ta Ponape, oianean trebe ta Akeste zarraren lagun; eta oien atzetik ere beste asko oraindik, aipatu ez arren. Giza-talde erditik Enea'k onela itz: «Ar gogotan diozuedana, zagozkidate adi, poz gaiñezka: ezta sari gabe zuetan iñor itzuliko. Burni landu erpin dirdaitsudun gezi gnositarrak emango ditut biña ta ao biko aizkora bana, zillarrean landuta: nornaik beregandu dezaken dedua, noski. Iru lenenak jasoko dute saria, ta oliur garatuz eioak dirake beren kopetak. Zaldi eder pildatua beuka aurreneko garailleak; bigarrenak, neskatx gurenak bezelako gezi-ontzi trazitar azkonez betea, urre-zorro zabaletik zintzilika, pitxi borobillezko belarriz lotuta; irugarrena, ostera, bego pozikan gerkar buru-oskol onekin».

        Enea'k au esanaz bat, lasterkari bakoitzak bere tokia artu du ta, irten-deiakin, bertatik marra utzi ta, eutsi-gaitz, usgunea irantsiaz dioaz, erauntsiaren kide, alkarren leia bizian saio-muga zapaldu nairik. Nisu doa aurrenen irtenik, zatia besteak baiño len, biziro jauzi dagi, aizea bezin azkar, tximist-egala iduri. Sali dator aren gibel, naiz-ta urrutixeago; eta onen atzemaille, baiña bitarte aundiaz, Eurial, irugarren...

        Eurial'i Elimu'k darraikio, ta onen ostean ikus or Diore egan, aren orpoak zapaldu bearrez, sorbaldak estutzen dizkiola; tarte geiago ba'lemaioe, aurrea artuko lioke ta garaipena zalantzan ipiñi, agian. Ta orra, zelai guen-guenean, aunatua noski, mugara iritxi urren zeudelarik, txirrist dagi alabearrez Nisu doakabeak zekor il-berriaren odol ixuri ta, belar eze bustian. Une ontan gazte aidorrak, garaipenez ziur, ez zitun antza lur tinkoan kokatu bere oin dardaratiak eta erori zan gaixoa zan bezin luze sats loi ta odol sagaratuan. Ala ere, etzun iñolaz aiztu Eurial, ezta arekiko adiskidegoa: jausi zan tokitik beingoan zutitu ta bekoz beko jarri zitzaion Sali'ri, eta au ere irauli zan, berakin nasi, ondar gorrian. Txingarra zirudin Eurial'ek; adiskidearen laguntzari esker, aurrea arturik, ingurukoen txalo ta gora artean, egaz doa garaille. Elimu dator atzenurren, eta Diore'k beretzen du irugarren oliur ostoa.

        Sali'k orduan, billalde nasaiko antzokia intziri-ulu zoliz beterik, len-maillan eserita dauden buruzagi belarriak samintzen ditu, maltzurkeriz kendu dioten ospe-itzala beretako eskatuaz. Eurial'ek alde du urgazpena, bai ta bere negar bikain eta indarra ere, alde ditu, are geiago nunbait soin lerdenetik etorrita. Ari lagundurik, ao betean diragar garaipenean txapeldun jarraitu dion Diore'k ere, nekez bait-zan azken sarira jarriko, aurrenaren dedua Sali'ri ematerakoan. Orduan aita Enea'k: «Ene aurrak, beude tinko zuen sariak; ez dizute iñork sari irabazirik aldatuko. Aizu bekit, baiña, lagun errugabe baten zorigaiztoa alatzea». Sali'ri damaio ondoren Getuli'ko leioi baten larru galanta, zamar eder, urrezko atzapar ta guzti.

        Nisu'k ontan: «Garaituentzako saria taiu ortakoa baldin ba'da ta erorien urrikal ba'zera, zein duzu Nisu'ri dagokion emaria? Omen aundiz len-saria merezi izan dut, Sali'k bezanbeste, adua etsai atera ez ba'litzait». Eta au esanaz, gorputza ta arpegia derakus gorotz berriz loituak. Par egin zun Enea aita gurenak ari so, bai ta babeski-oskol bat eman zizaiotela agindu ere, Didimaon'ek egiña noski, Neptun'en jauretxetik danaitarrak artua. Esku-erakutsi bakan onekin saritzen du gazte garbalaren zintzotasuna.

        Lasterketa amaitu ta sariak banandu ostean, Enea'k dio: «Orain, norbait adoretsu ta biozti danik ba'da, betor aurrera, ta gora bitza besoak, esku-lotu». Au jalki ta bi sari jartzen ditu nor-geiagorako: garailleari, urrez ta lotailluz estalitako zekor bat, eta garaituari, ezpata bat eta buru-oskol dirdaitsua, poztu diten. Ezta arterik. Or Dare beingoan bere arpegi ta soin giarra erakus-naiean, gizuren aien txalo-laiñopean zutik, berauxe dugu, izan ere, eta ez beste iñor, Paris'ekin liskar egin oi zuna; berauxe, Ektor ernaia datzan ilobi ondoan, Buten garaille zangarra, Amiko'ren odol bebrizitarretik zetorrela esaten zuna, zaurituta, ondar gorrian, erdi-illik luze utzi zuna. Arako Dare, jaiki zan bai lenbizi, eta burrukarako burua jasoz, bere lepagain giarrak erakusten ditu arroputz, bai ta bi besoak igiturik, aizea iñarrosi ere tanpa-joka. Leikide bat billatzen diote; baiña ez da iñor ere ausartzen zai zeuden jendetza artatik gizon arekin jokatzen, ez saskiz eskuak estantzen. Poz-jario, bada, danen gaiñetik abardun etsirik, Enea'ren oiñetara doa ta, geiago luzatzeka, ezkerrakin txalari adarretik atxiki ta onelan dio: «Jainkosa-seme ori, gudu-zelaira irtetzen iñor ere ausartzen ez baldin ba'da, zertan gagoz emen? Noizarte erabaki eziñik? Ebatz zazu, ta betorkit saria!» Ortz-arte mur-mur zegiten baiezka dardanitar guztiak ari emateko agindu-saria. Ontan, baiña, aren auzoko belar eze moltzoan eserita zegon Akeste zentzudunak akar dagio Entel'i, itz auek esan-erasoz: «Oi Entel, iñoz giz-urenik kementsuena alperrik izana, olako egoarriz zaude? Saio gabe, sariak eramaten utziko? Nun ote dugu orain maisu izan zitzaizun jainko ura, arako Erix alperrik oroitua? Nun zure omena, Trinakri osoan zear edatua? Ta gudu-ondar aiek, zure atadietan zintzil jarriak?» Ark, berriz, onelan jardetsi: «Ezta, ez, bildurra, txalo-min edo dirdai-naitik saiestu nauna; odol izoztua, baiña, zabar dabilkit zartzaro aulean ta otza sar zait soin-indar aituetan. Ai, beiñolako gaztetasuna gaur ba'nu, ausarta onek duen bezela! Orduan bai, aurkeztuko nintzan bai saio-zelaira, ta ez aurki sari edo zekor lerdenak eraginda: ez bait-dut emaien axolik». Onelan mintza ta erdira egotzi zitun pixu itzaleko bi saskiak: Erix zuarrak oiekin apaindu oi zitun burrukarako bere eskuak, larru latzez besoetara itsatsiz. Izu-ikaraz so zeudenak oro: txit zaillak bait-ziran, berun ta burniz eioak, zazpi idiren lepo-larru eskergak. Dare bera duzu geienik arritzen dana, ta bein ta berriz muker da burrukarako; biotz aundiko Enea'k, berriz, arat-onat darabil azta astuna, lokarri biribil neurrigabekoz ornitua. Ordun Entel zarrari itz auek irten zitzaizkion barnetik: «Eta zer gertako, Erkul beraren saski ta izkilluak, itxas-ertz ontako zanpa-zanpa zorigabea norbaitek ikus balitu? Tresna auek zeramazkin beiñola zure anai Erix'ek; ikus oraindik odolez loituak, baita buru-muin garbatua ere. Auekin gudukatu zuen Alkide sendoaren aurka; neroni ere auetara egiña nintzan, odol obeak kemena zemaidanean, ene bi lokietan zartzaro barne-jaleak ainbat zuritasun oraindik eda etzunean. Baiña Dare troiarrak gure izkilluak nardatzen baldin ba'ditu, ta Enea onari eder ba'zaio ta liskar ontara erakarri naun Akeste'ri on ba'derizkio, berdindu dezagun joko au: Erix'en larruak uzten dizkitzut, ez izan bildur, eta erantzi zuk ere troiar saskiak». Au esanaz, bota zun lepotik izur biko txamarra ta bere, gorputz lerdena erakutsi zun, ezur gordin, beso giar; gizaki tantai ura zutik jarri zan ondartzaren erdian. Ankise'en seme, aita Enea'k ortan saski berdintsuak ekar-erazi zitun, bien eskuak izkillu berdiñez korapillaturik.

        Biak bat-batean, beatz-gain ta arnas aundiko, aizetara jasoten dituzte besoak. Gero, saioka, buru jaikiak ukalditik atzeratu, eskuak eskuz nastu ta burrukarako aizeatzen dute alkar: ura, obea-oin-zirkin eta gaztezaro tinkoz: au, soin-enbor eta mukuluz guntsu, baiña zarrez belaun-sor ta dardarati, arnas gaitzak soin lotura nasaiak zartatzen dizkiolarik. Alperrik ari dira burrukalari biak aurkako zarta ugariz alkar zauritu nairik; aunitz ukaldi intzirika gelditzen bait-dira alderdi ta une utsetan, eta beren bular-auspoak arnas aundi neketuak damazkite: pizkor ta maiz, alderrai dabil eskua belarri ta loki inguru, masaillak zartakatuz ukaldi gordinpean. Zutik, tente dirau Entel zuarrak, ekin berdiñean, gorputz-igigunez ta begi-zoli saiesten ditula aurkakoaren blaustadak. Bestea, berriz, uri garaiari gudu-tresnaz erasotzen dionaren antzera, edo-ta gaztelu menditsu baranoan izkillu-zainpe dandenaren gisa., gartsu ari da oratu naiean, ara ta ona joera guztiak marruz ta antzez zaintzen ditu, bai ta jazar-azi ere naita maiz eraso alperrikakoz. Entel'ek jaikiz gora jasotzen du eskubia, Dare, baiña, laster oartu zan goitik zetorkion ukaldiaz, ta soin-azkar sapuztu zun zartakoa. Aidean itzali zan Entel'en erasoa, ta berezko eragiñez lurrera jausten da astunki, Erimanto'n edo Ida aundian sustraitik erauzitako piñu arroa erori oi dan bezela. Leikide datozkio teukrotarrak, bai ta trinakriar gazteria be. Angoen ots-barbailla zeruraiño eritxiz doa, ta or Akeste errukiorra lenbizi. lurretik altxatzen dula adin berdiñeko adiskide ura. Gizurena, orraitik, etzan atzeratu ez erorkoaz okildu, ta burrukara dijoa ostera ere indar-berritua, sumiñak artua; bai, lotsakizunak eta barne-kemenak adore berriz piztutzen du ta, sugar-uts, atz-atzaketa darama Dare zelai edatu zear, ezker-eskuma tanpa negargarriak ematen dizkiolarik. Ez arte, ez atseden. Erpiñetan kaskabar-jasaz odeiak ots dagiten antzean, gizurenak ere jo ta jo darabil Dare ezker-eskuma.

        Enea aitak ortan etzun nai asarrea areagotzerik, ezta Entel'en barne mergatza geiago pozoitzerik, eta saioketari atzena eman zion; Dare zeatua andik askatu ta, bera goratzearren, mintzo bigunez au jalki zun: «Ai, doakabe! Ero al zaude? Zerk artu dizu barnea? Ez al dakusazu beste indar batzuk dirala emen, ots, kaltetan dituzula goitarrak? Utz Jainkoari!» Au esandakoan, bere aoz ebatzi zun zeingeiagoka. Dare, bada, bere adiskide kutun gazteak ontzira daramate, berna-narras ta buru-loka, ao ta ortzetatik odol jario. Turut-oska dei egiñik, buru-oskola ta ezpatea daramazkite, garaitz-adarra ta zezena Entel'endako uzten dituztela. Garailleak ordun, kemen-ñirñir ta zezenakin arro, onela oiu: «Jainkosaren aur orrek, eta zuok teukrotar guztiok, jakizute gaur nolako indar-jabe izan naizen gaztetan, eta Dare nolako eriotzatik atera duzuten». Au ogutzirik, garaitz-zantzu zurrean bekoz beko zeukan zezenaren aitziñean jarri ta zut-zut iaurti zitun onen adar artera saski latzak, eskubia atzerantza biurtuz, ta beraren ezur-ezurretan puskatu zitun, burumuiña txit zapaldua uzten ziola. Idia, dardaritsu, kordegabe, lurrera erasten da. Ordun berak barren-barrendiko mintzoz onela diardu: «Dare'n ordez, oi Erix, opagai obe au eskeintzen dizut. Garaipen onekin emen uzten ditut ene saski ta antze».

        Enea'k bertatik norbaitzuk nai ba'dute gezi ariñetan jokatu, dei dagie, ortarako ere sariak jarriz; esku indartsuz gero Serestu'ren ontziko masta zutik ipiñi ta aren gaillurrean uso urduri bat lotzen du, jo-muga bezela noski, geziak bertara erauzi ditzaten. Ona diranak alkarturik: zotzean atera bear dira izenak, borontzezko oskol batean botata. Lenbizi irtena, bildutakoen txalo-otsez, Ipokoonte, Irtark-semearena duzute; ondoren itxas-saioketan garaille izanarena, Mnesteu oliur muskerrez koroatuarena dator; irugarren Eurition (zure anai, o Pandar txit argi), beiñola, ituna austeko agindua artzean, gerkarren aurka lenengo gezia jaurti zuena. Akeste dago azkenik oskol barrenean, gazteen jardunean esku artzeko ausarkeriaz.

        Ordun bakoitzak indar neurtuz uztai biurrak makurtu ta geziak ateratzen dituzte beren ontzi-zorroetatik. Aurrenik zeruan barna dijoa dardarati Irtark-seme gazteak, kirio zizkolatsu erauzitako azkon soiñularia: aize-egalak puskatuz, aurreko masta-agean gelditzen da josia. Mastaren dardara nabaitzean, egazkiak izukaraz egoak; ingurukoak oro txalo-joka zerauntsen. Mnesteu latza jarri da urrengo uztai edatuaz; erpiña goruntz zorroztu ta bota du gezia begiak ditun unera. Baiña etzun gizaxoak txoria burdinkatu: eten azi zun bai, ordea, mastari lotuta ura zintzilik zeukan liñozko lokarri ta korapilla, ta egan dijoa usoa odei beltzetan barna. Eurition bizkorrak ontan, lendik ere uztai geldian gezia prest zeukanak, au ikusirik, bere anaiari eskintz-deika, zeru goiko odei zurbil sabelpean alai ta ego-arin zebillen usoari alderik alde sartu zion gezi pozoitua. Bizia izar goietan utzi ta illik gertatu zan egazti zardaiña; beerakoan, berakin dakar gezi atxikia.

        Sari gabe, beraz, Akeste, gelditzen da bakarrik; baiña onek ere jaurti zun gorantza bere gezia, aitak antzea bezin doiñu ozena ateraz. Eta ona, ustekabean, zer gelkor bat, zantza miresgarria gertari oiez lako batek baiestu zun gero, aurresale bildurkorrak iragarritako etorkizun zeuden gertaera dardaratien aztarna noski. Jaurtitako seska, ain zuzen ere, biurtzekoan, piztu egin zan odei mee, zear eta su-lamaz koskatu zun bidea, ta azkenez, aitua, aize segaillean deuseztu; orrela jazo oi da sarri, izar igeskorrak ortzetik jausi ta iraganez dioazela mototsa daramatenean. Bildurra ta zalantza naibaitu zuten begiraleak beuren baitan, eta trinakriar ta teukrar guztiak jainko-deika asi ziran. Enea aundiak berak ere ez du arbuiatzen ikusitakoa; Akeste barne-alaia besarkatu ta ainitz emari egiñik, onela mintzo zaio: «Ar zazu, aita; Olinpu'n errege danak, bada, ona zantzuz eman nai dizu oituraz-gaiñeko omenaldia. Zure duzu, Ankise zar berberaren emari an, ots, irudiz apaindutako antoxin au, trazitar Kiseu'k beiñola Ankise nere aitari, onen oroiz ta maite-zeiñuz eraman zezan, esku-erakutsi bezela emana, alegia». Era ontan mintzatu ostean, ereiñotz muskerrez esitzen dizkio lokiak eta oroetan goraipatuz Akeste iragartzen du garaille. Eurition onak ere etzun gaizki artu guztizko omen ura, egaztia eratsi zuna bera izan arren. Lokarriak ausi zituna duzu urrengo saridun, eta azkenik, seska-muturra mastean josi zuna.

        Onen ondoan Enea aitak, etzala oraindiñokarren jostaketa amaitu-ta, Epitide Jul mutikoaren zain ta lagunari dei egiñik, onela diotsa aopeko: «Oa, abil pizkor, eta esaiok Askani'ri, aur-taldeakin zaldi-lasterketarako gertu ba'dago, igorri ditzala bere gudu-saldoak aitonagana, ta datorrela bera ere izkilludun». Au esanik, zirku zabal luzearen billaldean dagon erriari toki egiñaz baztertu dedilla agintzen dio, zelai bira guztia jarei utziaz. Laster datoz mutikoak, or erabal jantzita, zaldiño ondo galgatuetan, gurasoen begi aurre dizditsu ta arrai, ta auek onela ikusiaz, poz-esnetan dagite murmuria trinakriar ta troiar gazteak. Aztura danez, koroe motzez edertzen dute illedia; bi basa-geriza ail daramazkite danak barru baten josita, orrez gaiñera batzuk bizkarrean gezi-ontzi ariñak ere bai; eta danak dakarte urre obozko biribil toleskor bat, samatik papar beera dilindan. Iru dira guztiz zaldizko taldeak, bai ta iru zuzendari doaztenak ere, amabi mutikok darraikioe bakoitzari, ta maixu berdiñak dauzkatela dirdari dagite saldo gaztiak. Ba-da gazte talde bat, Piriam txikiña buru duna, bere aitonaren izen argia berriztuz (zure jatorri lerdena, oi Polite), italiarrak ugal-azi bear dituna; trazitar zaldia darama onek, ots, buru-zut, bi margozko izpil zuriduna, aurre-oin eta kopetan ere nata zuriak derakusana. Añ txikia dugu bigarren buruzagi, Jul mutikoaren lagun kutuna; onetik irtenak dira gero, latitar Atiarrak. Jul dator azken, baiño danetatik ederren, Dido liraiñak emaniko ta aren maite-oroiz dakarren zaldi sidoniar baten bizkarrean itzapeka. Gaiñetikoak Akeste zarraren zaldi trinakriarretan dioazte.

        Dardanitarren txalo-zarata, gazte xaloak ikustean! Neurrigabea noski aien poza, aur aiengan ba-dazagutzi beren guraso zarren arpegiak. Zelai-une osoa alderik alde igaro ta beretarren begiak ezagutu zituztenean, Epitide'k urrundik, prest bait-zeuden danak, zantzu dagiete idizil soiñuz. Eta aiek, danak ekin berdiñean, antxintxikari ematen diote; gizateriak bereiziz, irunaka banandu dira gudarozte gisan; oles berriro ere, ta bideak alda dituzte geziak etsai daramazkitela. Saio ta ekin geiago, ta beste aurkako ainitz laisterketan ari dira arat-onat, biñako ibilkunak eioz ta izkilluekin aidean guda-antz txanbeliñak marratuz; ora ta utzi, igeska dabiltzala, sorbalda dizditsuak agirian uzten dituzte: gero, zemaika, geziak itzuli; edo-ta, bakezkoak egiñik, era bateko einean jarraitu. Aintziña, dioenez, ba-zan an Kerete garaian Laberintu zeritzaion etxe itsua: millaka bide medarrez gurutzetutako arpe galkorra zeukan orma zarratu, ta olako mataza biurri-naspillean aitzen zan igaro-bidearen azken muturra; bein an galdu ezkero, etzan andik irteterik. Teukrotar semeak ere erabat uztartzen dituzte ibil-oiñatzak, atzi ta utzi; Karpati ta Libi'ko itxas edatuan uger dabiltzan izurdeen antzera, nunbait, josta ta josta.

        Albalonga arri-muruz esitzean, Askani'k berak tinkotu zitun an ere saio ta jostaketok; bai ta latitar zarreri beurok ospatzen erakutsi ere, bere aurtzaroan troiar gazteak egin oi zituzten antzera. Albanitarrak geroago beratarikoeri erakuts-azi zien, eta auengandik jaso zitun azkenik Erroma gurenak, gurasoengandiko omen au iraunean gordez. Augatik, gaur ere, Troia'koak deritzaie, ta aiek dagizkien gazte-aldrari, troiarra. Oraiñarteko jokuak, Ankise aita zindoaren deduz egiñak ditugu.

 

(Jarraitzeko)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.