Enearena
Bergili
euskaratzailea: Otarri
V. Kantua
Muiña. Iris'en mezua. Emakumek, antzi-taldeari su ematen diote. Euri deitua. Itali'n gelditzen dira zar eta emakumak; beren bideari jarrai enparauak. Ankise'n itzala ta onek Enea semeari eman aolkuak; su-lezera txango. Ankise'n oian sagaratua. Erix'i eskeiñitako oparia ta ekaitzak. Palinur'en loa ta galdu-bearra.
Onagiño eldu ziran bere aita donearen gorapenez ospaturiko zeingeiagokak. Era ontan, lenengoz gero, minper itzuli zitzaien Siratsa, ta gaizto. Askotariko jokutan, ospe aundiz illobia omentzen zutelarik, Juno saturnarrak, aunitz gogaketa nastuaz ta aspaldiko sumiñean oraindik ase gabe, Iris bialtzen du zerutik iliatarren ontzidira; ara jetxiz zijoala ere, aize bigunez inguratzen du. Bera, Iris neskatxa, iñork ikusi gabe, milla margozko uztai gaiñetik zear egada azkarrean irristatuz doa zuzen-zuzen. Lagun-saldoa ikusten du; ur-ertzak arakatu ta kaia didoro iñor gabe, ontzidia ere utzia, iñoren ardura gabe. Eta an urrun troiar emakumak, itxas-bazterreko zirkillu ezkutuan, Ankise galduari negar zegiotela, denak erosta bizitan itxas sakonera begira. «Ainbat neke ondoren, ai ene!, ainbat kresal oindiño, ainbat itxaso daukagu!» denak zioten ao batez. Uri bat eskatzen dute, itxas-nekeak jasan bearra aldatz-gora baitzaie. Eta gaitzean trebe, jainkosaren itxura ta jantzia utzirik, aien erdira doa. Boroe'n antza artzen du, Ismar'ko Dorikel'en emazte urtetsuaren antza, jatorriz, izenez eta semez beiñola ospetsu izanarena; eta edu onetan, dardanitar andre uren artean egokiturik, «Ai, zori gaiztokoa» dio, gudaldian, an aberriko muru azpian gerkar gudarozteak eriotzaratu gabeak! Adur gabeko jendea, zertarako zauzka Siratsak? Zazpigarrena da, noski, Troia'ren galpen ostean igaroz doan uda au, ur ta lur, ainbat aitzarte errugabez ta ortzi neur-ezinez, itxas edatuan barna, ugiñen jostaillu, Itali beti igeska daukagun orren billa gabiltzala! Au nunbait Erix anaiaren eskualdea, emen damaigu Akeste'k abegi ona. Nork galerazten digu berton arresien ondopeak ipiñi ta uritarreri iri bat ematea? Oi, aberri!, eta etxe-jainko etsaiari alperrik ostuak!; ez da orrezkero, arresirik Troiak koak deritzaienik? Ez ote ditut geiago ikusi al izango, iñun ere, troiar ibaiak, Xanto ta Simois? Zabiltzate bizkor, eta erre nerekin batean ontzi zorigeok! Ametsetan, bada, ikusi bide nuen Kasandere aztiaren irudia, zuzi irazekiak neri emanda, esaten: «Billa ezazute emen Troia; emen zuentzat etxea. Garai da arek agindua betetzeko; ez luzatu geiago, ainbat gauz arrigarri dituzuelarik. Ona Neptun'en lau aldare. Jainkoa bera da zuziz ta kemenez ornitzen gaituna». Auek oroiteraziz, beraz lenen su etsaikorrari oratzen dio biurriki ta eskuia jasorik dirdir dagi urrutira ta jaurtzen du ontzietara. Gogo-biotz, sor ta lor zeuden troiar emakumak. Ontan, askoren tartetik batek, urtez zarrenak, ots, Pirgo'k, Piriamu'ren zeinbat semeren iñude urenak: «Au ez duzute Beroe, amandreak dio, au ez duzute Dorikel'en emazte eretearra. Iainkoedertasunaren aztarna du onek; begira zein diztikor bere begiak; nolako gogo, nolako aurpegi, nolako abots-doiñu, nolako ibilkera berezi. Neuk neronek, oraindik-orain, andik aldegitean, gexo ta mintzuri utzi dut Beroe, bera bakarrik bait-zegon merezitako omenak Ankise'ri egitetik baztertua. Au esan zun.
Ala ere, troiar amandreak, lenbizi ezpai ta zalantzaz, begi gaiztoz begiratzen ditute ontziak, susmotsu nunbait lur onenganako maitasun baldarraren eta aduak eskeiñi jaurerri artean; batez ere, jainkosak, bi egalak iriki ta ortze zear egan iges dijoala, odeipean, uztai eskerga ebakitzen duela ikusiaz. Orduan, bada, arrigarriz izu ta suminak akuillaturik, garrasi dagite ozenki ta sua artzen dute indarrez barne-sukaldeetatik; batzuk opamaiak ere beluzi ta murrizten ditute, aien gaiñera orbela, egur zea ta illintiak egotzirik. Sua, azke ta lasai, esertoki ta arraun ta zapin margozturiko gibelaldean azkartzen da. Eumen doa mezulari Ankise'n obira ta antzoki-mialletara ontzi ixiotuen izparra eramatera; eta aiek, beren begiz dakusate geldo beltzaren txirimol nasia, egazka. Eta Askani bera da, len zaldi-jolasak alaitsu atondu zitun bezela, orain gogotsu, zaldi gain kapartegi asaldatura lenen dijoala: bere zaitzailleak ere, arnasik gabe, ezin dote ura geldi-erazi. «Zer asarre berri dugu au? dio; nora orain, nora zoazte, erritar gaixoak? Su ez damaiezute etsaieri, ezta argibarren kapardi ankarrai, zeuen itxaro bidea erre baizik. Begira, Askani nauzute». Ta aien oiñetara bota zun buru-oskol utsala, gudu-jolasak arekin apainduta baitzitun antzerazten. Oin-arin dator Enea ere, ta aren jarrai teukrotarren gudarozte osoa. Emakumak, izuz ezarrita, urbazter zabalean barna doaz igesia, oian zarratu ta nunnaiko aitz-zulo billa gordeleku. Damu dute egiña, bene-benetan damu seneratuz, berenak esagutzen ditute, bai ta beren bularretatik Juno uxatu ere. Baiña su zangarrak etzitun origatik moteldu bere indar ezigaitzak; aritz ezatsupean arnas dagi muilloak, ke nasi narraza goitukaturik; bero sor geldiak irunsten ditu upak, barne zear osorik gaitza beeratuz: gizurenen alegiñak ez dira ezer, ezta ur ixuri ugaria ere. Ordun Enea jainkozaleak, sorbaldatik jantzia erantzi ta jainkoengana doa laguntasun eske; besoak goi, onela dio: «Jupiter guztiz altsu, azkeneraiño gorroto ez ba'dituzu troiarrak, antziñako zure oniritxiak giza-lor ta naigabe gain oraindik ere begiak kokatzen baldin ba'ditu, zori ontan, oi aita!, onik atera ezazu gure ontzitaldea, eriotik jagon itzazu troiar gutxi auek. Edota, zuk, merezi baldin ba'dut, onda nazazu erio-lezan zeure juzturi etsaikorrez, merdeka-erazi nazazu ementxe zeure eskui altsuz». Auek jalki ordukoxe, euritan izor, iñoizkorik ekaitz-zirimol izugarriena etenik, erpin garai ta alor zabalak ostots-durunduz dardarikatzen dira: ortze osotik amilka dator odei beltz-beltza, aize biur zakarrak bildua. Bertatik, urez kuin-kuin ontziak, zur erdi erreak osoro asetzen dira, su geldoraiñoko guztia itzalirik. Eta ontzi danak, lau atera ezkero, gaizkatzen dira su kaltegarritik.
Ala ere, Enea aitak, zoritxar onez barne-mindua, orain au orain ura nasian darabilki bere bular barruko atsekabe lorrak; ez daki ziur, adurrei muzin egiñik, Sikulitarren eskualdean tinkotu ala italiar izpazterretara jo. Ordun Naute zarrak, Pala tritoniarrak eskolatu ta antze ugariz aundi egiñak onako erantzunak ematen zizkion, jainkoen aserre biziak zer esan osi zun edo aduen aginduak zertara beartzen zun iragarririk. Onek, Enea poztu naiean, itzok ebaki zitun: «Jainkosaren seme: aduen zuri-beltzetara goaz; dana dala, guk egonarriz ezi bear zoria. Or duzu Akeste dardaniarra, jainko endakoa; erakar zazu berau aolkura, nai duela zeure jarraigoko egiñik: eman oneri ontzi galduetatik geratzen diranak, bai ta asitako egikizun aundi onetaz ta zure gauzetaz neketuta daudenak ere; banatu lar zarrak eta urez gogaituriko amandreak eta zurekin dagon zemai gauza-ez ta arrisku bildur dana; abaindu auek utzi emen, dauzkatela lurralde ontan bere arresiak. Uriari Akesta deituko diote, izen egokiz».
Lagun zarraren onako itzak sutarazi zuten Enea; aren gogoa, baiña, nastuagotzen askotariko larri-estuasunez. Eta gau gurbilla, gurdian txirrist, osertzaz nausituz zijoan. Ortik agiri izan zitzaion, goitik jetxia, Ankise bere aitaren iduria: itzetik ortzera izketan asi zan onela». «Oi seme, bizi nintzala nik ene bizia baiño ere maiteago zindudana; seme, Ilion'go aduetan neurpetua: emen natorkizu Jupiter'en aginduz, arek bait-zizun ontzietako sua aienatu, zeru kukutzetik azkenez ere zutaz erruki izan zalako. Ar gogoz Naute zarrak bikainki damazkizun onu ta aolku zurrak; eraman Itali'ra gazte ta zar, alai ta bioztun dana. Lati'n ziur aski, jende gordin latza menderatu bearko duzu. Lendabizi, ala ere, iritxi zaitez Diti'ren leze barneko egoitzera ta an leze ondarrean billa itzazu, seme, ene txera laztanak. Ez nauka, ez, barne-leze biozgabe nasiak itzal illun artean; Elisai'n bizi naiz ni, jainkozaleen baltzu atsegarrian. Emen, Sibile garbiak zuzenduko zaitu, abere beltzezko opa-eskeinta askoren ostean. Ordun ikasiko duzu nolako ondorena ta zeintzuk arresi diran zuri emanak. Eta geiago gabe, agur! Gau ezkoa erdian dabil bere ibillaldian, eta Sorkalde latzak putz dagit gaiñez bere zaldi azkarren asnasa». Esan zun, eta eguratsean andeatzen, kea bezin leun ta mee. Enea'k gero: «Nora bizkor? Nora zoaz? Norengandik iges? Edo nork ken-erazten zaitu ene beso artetik?» Au esanda, errautsa banaztu ta su geldoa pizkortzen du; eta apalki troiar etxe-jainkoak ta Besta illezuriaren jauretxea, gurtzen ditu, garagar umo ta lurrin-ontzi beteaz.
Eta bat-batez bere lagunei, ta aurrenen Akeste'ri, dei egiñik, Jobe'n agindua ta aita kutunaren esana erakusten die, bai ta orain gogo-barru darabillen asmua ere. Ez da luzetzerik onuan, Akeste'k ere ez du ezesten eskatzen zaiona. Uria bereizten zaie amandreeri, bertan gelditu nai datenak orrela egin dezakete, bai ta biotz txepelak, ots, olako izen-dirdir aundirik bear ez dutenak. Eta ezarlekuak atontzen ditute, suak zerbeldutako zurak berritu, arraun ta goroikiak gertatu. Zenbakiz gutxi diran arren, gudu-kiratsak sutaraziak oro, bai, alegia.
Eneak, bitartean, golde batekin, uria mugatzen du ta etxeak zoriztu; uria Ilion zedilla agintzen du, toki auek berriz Troia. Orra poz-esnetan Akeste troiarra olako aginpidez, eta auzi-lekua izentaturik legeak ematen dizkie batzarrean bildu gurasoeri. Baita Erix tontorrean, izar-ur, Benus Idaliarrari jauretxe eder bat jasoten diote, Ankise'n illobia oian zabal sagaratuz biratu ta jagon-apaiz bat eman. Orrela bederatzi egunez ziran guztiak oturuntza ta jai bikaiñetan alaitu ziran eta opa-maiak omenez lurrunazi; aize gozatsuak leundu zuten itxas-gaiña, Ipar ufa maiz berrituak ostera kresalera dei. Izpazter makur zear intziri galanta sortzen ta besarkatze aspergeetan gau ta egun luzatzen dira. Dagoneko emakumak berak ere len itxas-betartea onen itsusi ta ango zoria ain
aspergarri iruditzen zaienetatik asko, orain gertu daude joateko, igesaren neke-lanak oldez eramanik. Itz maitekorrez alaitzen ditu Enea onak, eta bere odoletiko Ankise'n ardurapean jarri malko uts. Gero Erix'i iru zekor opa dezazkiotela agintzen du, ta bildots eme bat Ekaitzeri, ta bertatik lokarriak azke. Berak, berriz, oliadar ostotsuz buru apain, ontziaren aurre-alde urrutian zutik, azpil baten jaso ta itxas gazitura jaurtzen ditu opagaien erraiak eta garbiketarako ardoa. Ez die gutxi laguntzen joanean atzekaldetik sortu zaien aizeak ere; lagunak nor geiagoka itxas-bizkarra ebakitzen dute ta ur-zabaldia ezpeldu.
Benus anartean, barren-min ta axanparik askoz naigabetua, Neptun'i itz egitera doa ortako alakatan barrua utsituz: «Juno'ren aserre zolituak, eta aren ats gaizto aierkorrak nakarte, oi Neptun!, nai-nolako eskarietara. Ura ez du biguntzen ez epe luzek ez ezertariko errukik; ez Jobe'n agindura, ez aduen erabakipean ez da baketzen. Ez zaio naiko, antza, aren sumin nazkagarriak Frigitarren uria gizartetik osoro ezabatu izana, ezta beren artetik gelditu ziranak milla eratako naigabe ta nekatara bultzatu izana ere; oraindik, bada, Troia suntsi-suntsi egiñeko errauts eta ezurren aitzi aiertzen da. Ba-dakizki ark edu ortako sumiñaren zio ta zergatiak. Zerori zaitut lekuko oraintsu nola sortarazi zun Libi'ko itxasoan beingoango erauntsi bildurgarria. Urak oro naasi zitun zeruz, Eol'en zanpa ekaitsueganik entzindua, ta au egiten zerorren aginterrian bertan azartu zan. Eta begira, orain ere, gaizkin aundiak, troiar emakumeen barnea zirrikatuz, aien ontziak erre ditu zitalki, eta ontzidia galduta lagunak lur ezagun ezetan uztera beartu ditu. Ondorengorako, nik deskatzut, pakez dijoaztela aien ontzi-oialak ur gaiñez; bijoaz eme Tiber Laurentin iritxi arteño, emanak eskatzen baldin ba'ditut, Erioak iruten baldin ba'dituzte olango jauregiak.
Ordun itxas zabalaren ezle saturnarrak erantzun zuen: «Laket zaizu, oi Kitere!, ene erremuan uste izatea, emendik bait-dakartzu asiera. Bai ta nik merezi ere. Sarri naretu dut zein zeru zein itxasoaren amorru mingotsa. Lurrean ere, Xanto ta Simois lekuko, buruauste naikoa eman zidan zure Eneak. Batez ere Akil'ek troiar gudarozte odolgeak, arresien kontra estuturik, bulartsu eraso ta millakak asko illik ibaiak ere gorpu illez gaiñezka ulu-ulu zijoaztenean. Xantok ez biderik idoro ez urik itxasoratu ezinda zegonean, orduan nik kando zapal batean eraman nun Enea, ebatsita, Pelida zaintsuakin burrukan zebillela jainkoa gogor ta indar ezberdiñez, naita nik, neronek eskuz eraiki nitun Troia zitalaren muruak errotik uzkaldu ta eratxi gura izan. Erabaki ortan nago orain ere: ut izua. Onez iritxiko zaizu zuk opa duzun suleze ateetara. Bat bakarrik duke galdua, ta onen billa dabilke itxasoan. Buru bat, noski, askoren alde emana».
Jainkosaren biotz alaia itzokin lausengatu ondoan, Neptun aitak zaldiak uztartzen ditu urrezko edergailluz ta bits-erionezko galgaz, ede-moltzoa eskuz luze-azkaturik. Eta or doa azkar, bere gurdi oztiñean, ur gain. Eta uiñak bertatik narotzen; ardatz txirrioslariaren azpian ur puztuak lautzen dira ta odeiak iges zeruan barna. Orduan agiri da aren jarraigo askotarikoa: arrai eskergak, Glauko'ren abestalde zarra, Inou'ren seme Palemon, Triton lasterrak, Porko'ren gudarozte osoa. Ezkerretik doaz Teti ta Melite, Panope neskatxa, Nese, Spi, Tali ta Kimodoke.
Ontan atsegin eztiz jabetzen da Enea'ren gogo urduria; bat-batean masta guztiak goratu ta guen-agetan aize-oialak zabaldu ditzatela, agintzen du. Ernai diardute lanean: ezker-eskubi goititzen ditute belakiak, biur ta murtzen zakilletako mutur-adarrak. Eta, gero, aize-ufa goxoak darama izontzidia. Palinur dute gudontzi-talde pillatuaren buru ta biderakusle: beste guztiak aren atzetik bear zuten ibilli. Eta Gau ezoa, orrezkero, bere joanaren erdira doi-doi iritxia zan, eta itxasgizonak arraun auzo, beren soiñak atseden gurian, lo zeuden goxo, ezarleku gogorretan lasai. Orraitio Lo emeak, goi-izarretatik jetxia, egurats zurbillari eragin dio eta itzalak aizatu. Zure billa dator, oi Palinur!, ta erruge zeran arren amets itunak erakar nai dizkizu. Atzekalde goien eseri da, Porbant iduri, ta itzok aoz iduri: «Palinur, Jasi'ren seme, urak berak daramate ontzidia; erabat putz dagite aizeak: atseden garaia duzu, alegia. Etzan burua ta lanetik saiestu begi nekatuok. Neronek une batean, zure ordez, zuk egitekoa beteko». Palinurek, ordea, ozta-oztan begiak goratuaz, onela darantzuio: «Bear bada zuk agintzen didazu aantzi dezadala kresalaren itxura gezurtia ta itxas mergatzaren uin geldiak? Bizuzi zangar oni siñesten jarri nai al nauzu? Zer ba, aize zital iruzurtien mende utziko al dut Enea, ozkarbiaren maltzurkeriz zenbaitetan ziri sartua naizen onek?»
Taiu ontan jardetsi zun, ta eskuak endaitzean gogor tinkoturik, ez zitun iñoiz ere andik askatzen. Izarretara zeuzkan begiak. Eta ona, aren bi lokiak iñarrosten ditu Jainkoak abar Leteu-intzez bustiakin eta Estigi'ko ur lo-erazlez zipriztindu; eta lo ekargaitz nabasain murgiltzen ditu aren begi iñarikatuak. Ustekabeko loaz aien gorputz atal ta giltz guztiak lasaitzen asi ziranekoxe, gain etzan zitzaion jainkoa, ta ontzi atzekalde ta endaitza erauzirik, olatu lobeletan ondatu zun buruz beera; bein ta berriz lagunei dei egin arren, alperrikan gaixoak. Jainkoa, ordea, ego-arin eguratsean gorde zan. Ontzitaldea urez dijoa paketsu, Neptun aitaren esanetan gogor. Eta eztiki eramana, ba-zijoan onezkero Siren-ugerteetara urbilduz; arrarte arriskutsua beiñola, ito askoren ezurrez zuri. Orduan ere urrutitik aditu lezakean zein lazki ots zegiten ango aitz-muturrak, kresal ekiñez alkar joka. Enea aitak ontzia, jagolea galduta, zirdoi ta ekurugabe zebillela nabaiturik, berberak zuzendu zun gautar kresalak zear. Adiskidearen zorigaitzak intziri joritan barnea ustutzen zion: «Oi Palinur!, ortze ta itxas nareaganik geiegi entzitua: il-jantzi gabe ta ondar arrotzean etzan bear zuk!»
|