L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1962 I-II Zortzikote (1962-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Enearena

 

Bergili

euskaratzailea: Otarri

 

VI Kantua

 

MUIÑA: Eliseu Zelaiak, aninta zoriontsuen egoitz.— Museu olerkaria. Ankise'n itzala. Erroma'ren geroa: Alba'ko ta Erroma'ko erregeak; erkal gizon aundiak, Kaisar eta Ponpei: «Zu Markel izango». Enea'k eta Sibile'k suleza uzten dute. Enea bere ontzikoekin Kaieta'runtz abintzen.

 

Azkenez ere, egiteko auek amaitu ta jainkosari emariak eskeiñi ondoren, zelai opagarri ta oian diztikorretako baratz atsegintsu ta zoriondunen bizilekuetara eldu ziran. Ortzia emen garbiago baita, zelaiak ere argi eder istatsuago; ta beren eguzki ta izar oro ditute ezagun. Auek gorputz-jardun ari dira belar-zelaietan; jolasari lotuak, ondar urreztuan liskartuz; aiek, ordea, oin-arin dantzatu ta bertsoak oiuzkatu dute jolasbide. Trazitar apaizak berak ere, jazki luzean bildua, eresi jo ari da zazpi otseko jogailluan, bai atzez, bai bolizko kakoz. Emen dugu Teukro'ren beiñolako gizakia, jendeki txit zardiña; ats aundiko gizuren urte obetan jaioak noski: Ilo ta Asarak, eta Dardan, Troia irasi zuna. Urrunago daude Enea'ren begipe gizon auen iskillu ta gurdi utsak. Lurrean tinko daude igunak, eta larrean bazkatzen zaldiak, azke ta or-emen. Lurperatuak egon arren, bizi zirala zuten ardura ta axol berbera dute oraindik ere gurdi-iskilluak atondu ta zaldi lerdenak azi erabiltzeko. Begira or beste batzuk ezker-eskubi belazean jan-min, taldeka Apol'i alaikor abestuz ereiñotz-txara usaintsuan; emendik dator malda-beera Eridan erreka, oianean zear lats txikitan banandurik. Emen dago aberri alde burrukaturik zauritu ziranen taldea; bai ta bizi zirala garbi iraun zuten apaizak, iragarle onberak eta Poibu'ren erantzunak duinki eman zituztenak ere; onez gaiñera asma-ertiekin bizia jantzi edo-ta beren irabaziz oroitzapena besteengan luze-azi zutenak: guztiok edur-galartzuz apainduta dauzkate beren kasket-inguruak. Ingurumari zitun auetxeri itz egin zien Sibile'k eta aurrenen laguntalde aundiak erdian daukan Museu'ri: «Esan, gogo doatsuak, eta esaizu zuk, olerkari yaukal: nungo lurraldetan aurkitzen da Ankise, zein toki dauka? Bere billa etorri gera, beragatik igaro gera Erebo'ko ibai aundiz bestaldera». Gizurenak erantzun zion itz-urri: «Iñork ere ez du emen etxe segururik. Oian aizarotsuan bizi gera emen, errekak garastatutako muiño gaiñetan etzan eta zelai eze bigunetan ibilli. Baiña zuok, orrela nai ba'duzute, igo zaitezte bizkar ontara, ta neronek erakutsiko dizuet aukerako bidea». Au esanda, aurretik dioakioe, ta zelai loretsuak erakusten dizkie goikaldetik. Gero uzten dute erpin garaia.

        Aita Ankise'k, ostera, an ibar loretu onen ondarrean, begi zoli azterkatzen zitun goi-argira igotzeko zeuden anima utziak; beretarrak bat-banatzen zebillan alegia, bai ta billoba laztanak eta adur-zorien gorabereak, edo-ta gizaki gurenen ekandu ta egite arrigarriak aztatzen. Eta aita onek, Enea zelai zear aurrera zetorkiola ikusirik, bi eskuak edatu zizkion alaiki; ta masaillak malkotan, ots au erori zitzaion aotik: «Etorri al zera? Zure onberatasunak, nik onen biziki opa izanak, azpiratu du azkenik bidearen latza? Egitan, seme, ikus nezake zure betartea? Galde-erantzun ote daude abots ezagunak? Nik, egiaz, orrela uste nun ene eitean, aldia irauli ta zenbatuz: ez dit ziririk sartu ene isiak. Egotzia izan zerala entzun dut ainbat lurralde ta itxasoz! Zenbat arriskuk erasoa, seme! Bildur nintzan ni Libi'ko aginterriak kaltezko zitzaizkizulakoan!». Ark, orda, berekiko: «Zure iduriak, aita, zure iduri zurbillak, askotan aurreratuta, beartu nau toki auetaratzen. Tirren itxasoan dauzkat ontziak geldi. Idazu, aita, idazu eskubia estu dezadan; utz, otoi, besarka zaidazan ere». Onela erausi bitartean, negar-tanto itzalez garasta zitzaion musua. Iru aldiz saiatu zan antxe aren bizkarra inguratu nairik, baiña iru alditan ere iduri alperrik atzia, eskutik iges joan zitzaion, aize mee, amets egalari antzo.

        Enea'k, anartean, aran medarrean dakus oian tankerako, zugazti arbaztaz durundutsu, ta Leteu ibai egoitz atsegingarriak miazkatuz dabillena. Konta-ezin ala jende ta erri zebillen aren inguruan, uda narez zelai ta soro aunitz lore ta lili zuritan ixuri ta kokatuz, zabaldi osoa marmarioz dardar jarri oi duten erleak bezela. Onek izutzen du Enea ezjakiña ta beingoan billatzen du aren zergatikoa: ze ibai diran aiek, zeintzuk ainbesterakoan ur-ertzak betetzen dituen gizaki aiek. Eta aita Ankise'k diotsa: «Aduz beste soin-bearra duten animak Leteu ibaiaren ugin ondoan, ur barez ase oi dira, aspaldi bateko nekemin luzeak antzi-aziz. Auetaz, naski, itzegin gogo nizun aspalditik, eta batez ere neuretar talde aundi au zuri aurkeztu ta zenbatu nai dut, Itali idorotakoan, nerekin are geiago poztu zaitezan».

        —Oi aita, egia ote dugu anima batzuk emendik zerura igo ta atzera gorputz astuneratu bear dutela? Argiarekiko zein naikunde zital duzu au gaixoak dutena?» —Esanen dizut, seme, dauzkazun zalantzak uxaturik. Eta Ankise'k, begi-erne, argan zorrotz, zer bakoitza banaka azaltzen dio zeazki:

        «Lenendik, arnas barnekoiak bizkortzen ditu zerua, lurrak, zelai-ixurkiak, illargiaren billalde diztikorra ta izarki titanitarrak; eta soin-zati danetan ixuria, arnas onek igitzen du mukulua, gorputz aundiaz oro naasirik. Ortik dator gero gizakume ta abere enda, egaztien bizi ta itxasoak azpi lauan azten ditun bidutziak. Su-kemen ta ortzi-jeite dute azi-mota auek sorkun, bidean luzerazi lezaieken mukuluki kaltekorrik, edota lurrezko lokarri ta ilkor diran soin-atalen batek galazo ezik beintzat. Ortik beuron bildur ta naia, jasan ta gozaxtu; argirik ez dakuste, illun-kolko bait-daude naasi ta morroillo itsu. Azken egunean biziak utzi zitun bai, baiña gaitz guztia ez da origatik itzungitzen, ezta gorputzetiko geixoak oro ere ez dira doakabe auengandik osoro uxakatzen, jakiña baita luzaro alkarrekin bizi izanik era askotako kutsuz sustraiki loituta aurkitzea. Orixegatik dira neke biziz oiñazetuak, eta aspaldiko erru zarren neke-miña ordaintzen dute. Zintzilika daude batzuk, aize zitaletan; beste batzuk zingira zabalpean ikuzten ditute berenganatu zuten gaitz kutsutua, edo-ta su kiskalgarriz: bakoitzak darama merezitako zigorra. Gero, Eliseu zabalera bialtzen gaituzte, ta gutxi baizik ez gera zelai pozkor oien jabe; eta azkenez, epe luzezkoak, aldi-muga betetzean, erantzitako loia atzindu ta izate utsala ta arnas gaigearen sua garbi ta aratz uzten ditu. Onera diraneri, milla urtek gurpilla osotzean, Leteu ibaira dei dagie jainko batek, mordoka, andik, oroi bage, berriz ortzi azpia ikuskatu ta, ostera ere, beren gorputzetara itzuli gogo izan dezaten. Au esan zun Ankise'k; eta lagunaldra zaratatsuaren erdira daramazki bere semea ta Sibile; goialdea artzen du berak, andik obeki ikusi ta lerro luzean beregana zetortenen arpegiak ondo berezi zitzan.

        «Ta adi orain; ixil-gordeak iragarriko dizkizut, bai ta dardanitar jendeari atzetik datorkion aintza ere, italiar endatik jasoko dituzun billobak eta gure izenarekin batzuko diran gizaki leiñargitsuak.

        «Gazte ura ikusten ote, igun aratzean tinko dagona? Argiz urbillen dago bere zoriz; bera izango da lenen italiar odolez naasi, goi-eguratsera jaikiko dana; albatar izenez Silbi deritzake, zere azken seme, zuretako beranduxe, oianetan aziko dizu Labini emazteak, errege ta erregeen aita; aren bidez, gure etorkia nagusi izango da Albalonga'n. Aren urrengo Poroka duzu, troiar jendeen dirdira; ta Kapi ta Numitor, eta bere izenez birsortuta zaitun Silbi Enea, argitsua noski bai onberaz bai iskilluz, iñoiz Alba'n nagusi izateko zoririk baldin ba'du. Auek gazteak! Ikus nolako indarra darakusten! Auek, ordea, erritar arte-ostozgerizatuta beren lokiak daramazkitenak, Nomento ta Gabia ta Pidena iria irasiko dituzte; bai ta auek jarriko mendi-gaillurretan Kolati ta Pometi gazteluak, eta Inu gudaltokia, ta Bola, ta Kora. Izen auekin ezagutuko dira orduan, gaur lur izengeak izanagatik. Onez gaiñera, aren aitonari itsatsiko zaio Erromul mabortzitarra ere, bere ama Ili'k Asarak'en odoletik sor-aziko duna. Ikusten al duzu nola jasotzen diran aren buruan bi gaillur bizki, ta jainkoen aitak nolatan deduz jazten dun jadanik? Ona emen, Erroma argi ura; seme onen zaintzapean, ludiakin berdinduko da aren aginterria, ta aren indarra Olinpu'rekin; zazpi muiño arresiz bildu autetsiko ditu beretzat, giz-urenen sendi doatsu: Berezintiar ama bezela, dorrez burestundu ta gurdian eramana doake prigitar iri zear, jainkoak erditu, eun billoba daramazki atzetik, denak zerutar, denak ortzi-goian opagarri. Itzul orain begiok onantza: or zure erria, or zure erromatarrak. Ona emen Kaisar, eta Juli'ren belaunaldi osoa, zeru-ardatz aundipera etortzekoa. Gizaseme ori, orixe duzu August Kaisar, jainko enda, dakizunez, asko ta geiago agindua. Lati'n beiñola Saturno'k jaurri zitun zelai aietan, onexek ostera ere berriztuko dizkigu urrezko gizaldiak; urruti edatuko du bere aginpidea, garamantak eta inditarrak baiño ere urrutiago noski; ots, izarretatik kanpo datzan lurreraiño, Urte ta Eguzkiaren bideetatik at, Atlante zerutarrak izar sustatueri egokituriko ortzi-ardatza lepoz irozten dun lekuraiño. Oraintxetik, onen etor-zorian, jainko-erantzunen bildur dituzu bai kaspitarrak bai meozitar lurra, tal izu aunditan asaldatzen dira Nilo'ko zazpi aoak ere. Etzun Alkide'k berak ere, egia esan, ainbat lurralde oinkatu, naiz-ta borontzezko oindun basauntza gezitu, naiz Erimanto'ko oienak pakerazi, naiz bere uztaiakin Lerna'n ikara sartu; ezta Bak'ek ere, bere gurdia maatsosto ugelez garaille darabillenak, naiz-ta Nisa tontor zutetik katamotzak zuzen-azi. Ta zalantzaz gaude oraindik indarra egite biurtzeko? Atzera ote daragigu ausoni-lurraldean tinkatzeko bildurrak? Eta, nor da ura, an urrutiago, olio abarrez burestundua, eskeiño sagaratuak daramazkiana? Ezagun ditut aren illeak eta uriari lendabizikoz legeak emango dizkion erromatar Erregeren bizar zuria, ta Kure pitiñetik eta alor kaxkarretik aginterri itzala jaiki-azoko duena. Oneri, ordea, orpoz-orpo jarraituko dio aberriaren pake nagia etengo duen Tul'ek; onek bait-ditu iskilluetara eramango gizaki geldo ta onezkero garaipenetarako ekandu galdu duten gudarosteak. Urretik darraikio Anko puzkortua ere, dagoneko erri-aizez lar pizturik. Nai al duzu orobat Tarkinitar erregeak ikusi, Bruto etoiaren anima, txit apentzaille, ta azaga bir-artuak? Onek artuko ditu aurrenik Konsul agintaritza ta aizkora latzak; aita dala, oiñazera eramango ditu, askatasunaren ederragatik, liskar berriak aizatuko dituzten semeak. Zorigaiztoko! Gertaera au noranai eramango dute ondorengoak: aberri-maitasunak eta gorespen-nai biziak eraginda, alegia. Begira baita dezitarrak an urruti, ta auzo Drusotarrak, eta Torkuat, izugarri aizkorakin, eta Kamil, ikurriñak berriz guretu zituna. Baiña iskillu berdiñez dirdir dagitela ikusten dituzun aiek, orain, gauak zanpatzen ditunean, asmo batekoak dirudien arren, ai ene!, nolako guda sor-aziko duten beren artean, bizitz-argitara irixten baldin ba'dira! Zenbat alkar-jotze ta odol-jario! Aitagiarreba Alpe bizkar ta Moneko gaindietatik jetxiko; suiña, ordea, sortaldeko erri etsaiekin iskillotua. Ez, mutillak, etzaitezte ekandutu ainbat burrukara; ez, arren, itzuli zeuen indar aldintsuak sorlekuaren errai aurka. Ta zu, lenen ori, urrun zaitez ortatik, jatorriz Olinpuar zera-ta. Bera eskutik iskilluak, ene odol!

        «Ark Korinto goitu ondoren, garaille eramango du bere gurdia Kapitol jaikira, ots aundiko noski akibitar ildakoengatik. Beste arek Argos ta Mikena, Agamenon'en sorterria, zuzituko ditu, bai ta Eaki-semea, Akileu iskilluz altsuaren aria menderatu ere, Troia'ko aitonak eta Minerba'ren jauretxe loituak orrelaxe asperturik. Eta nork ixillik zu utzi, Katon goitar, edo zu, Koso? Nork Grako'ren enda, edo Eskipion biak, bi guda juzturi, ta Libi'ko ondapen? Edo Pabriki, bere ezeukian altsu, edo zu, Serran, zeure ildoan ereiten? Nekatua, o Pabi'tarrak, nora naramazute? Zu zaitugu Maxim ura, bakarra gero, zeure itxarokizun zurrez, Erkala itzul ziguna. Beste batzuk bigunago landuko dute borontzea, bizitz-arnasa ere ari sar-azorik, —orrela nik uste—; atxurdiñetik arpegi biziak aterako dituzte, auziak obeto aldeztu, ortziaren igikunak neurkiñez artu, edo izarkien sortzeak bat-banatu; zuk, oi erromatar!, —oroi zaitez—, erriak jaurri ta zuzendu bear dituzu aginpide-argiz: auek izango zure ertiak: pake-oiturak jagon, azpiratueri asketsi ta arropuztuak zigortazi».

        Onela aita Ankise'k; eta au gaiñeratzen du sor ta lor zeudenen aitziñean: «Begira, Markel nola datorren aurrera gudakin aberatsez ospetsu, nola agiri dan garaille oso taldekoen artean! Onek eutsiko dio erromatar gauzeari, iskanbil eskergak asaldatu arren; zaldizko, penotarrak eta prantses matxinzalea ausi ta iges eraziko ditu, ta aita Kirin'en jauretxean, iru bider, zintzilika ipiñiko ditu ondakintzat arrapatutako iskilluak».

        Enea'k, ordun, bereganatzen bait-zekusan gazte eder iskillu dirdaitsuz zangar, alere betarte muxin eta begi beera eratsi itunduna, onela esan zion: «Nor dugu, aita, gizurenari bidean olan laguntzen dion ura? Seme du, ala beraren illobaetako enda argikoen bat? Nolako zarata laguntzailleen inguru! Aren itxura eder! Baiña gau zurbillak, itzal larriz, aren buru baranoan egazten!» Aita Ankise'k, orduan, malkotan, au diño: «Ez zadazu oroitazo, seme, zeutarren negar-illeta izugarria; au aduak soilki agerteraziko diote lurrasoari, ta ez diote areago izaten utziko. Lar altsu iruditu zitzaizuen, oi jainkoak!, erromatar etorkia, emaitzok iraunkor izan ba'lira. Zenbat gizuren-intziri emango ditun Guda-zelaiak, uri aundira orduko! Ta nolako illetak ikusiko dituzun, oi Tiberin!, illobi eraiki-berriaren auzotik igarotzean! Ilia endako gazte batek ere ez ditu jasoko ain itxaro garaira bere latitar asabak, ezta egundokoan seme augatik aiña Erromul'en lurrasoa puzkortu ere. Oi onbera, oi siñiste zar! Gudan menderatu gabeko eskubi! Etzion ez, bera iskillotua, iñongo gudalaririk zigor gabe bidera irtengo, naiz etsaiari zutik eraso, naiz zaldi apartsuaren sarkutzak aztalez akuillatu bear. Oi, gazte gaixo: iñoiz adu latzak ausi ba'ditzazu, zu Markel zerake! Emaizkidazu liliak esku beteka; barreia ditzadala lore gorrituak: emari auek, bederen, pillatu ditzadala nere billobaren anima gain, alperrikako goratzarre au opaldurik».

        Edu ontan dabiltza alderrai eskualde ta alor aietan zear, begi-zoli oro aztarrenatuz. Eta Ankise'k, ango lurralde bakoitza bere semeari erakutsi ta etorkizun zun entzute aundiarekiko maitasunez barrua piztuerazi ondoan, gero burutu bearko zitun gudaldiak dakarzkio gogora; bai ta Laurenti erriak eta Latin uria erakutsi ere, ta lan bakoitza nola itzuri edo eraman.

        Bikiak dira Loaren ateak; auetariko bat adarrezko omen da, ta ontatik zear errez irtetzen bide dira egiazko itzalak; beteka, dirdiratsu, boli zuriz ederki landua, baiña beste mundukoak ortik bialtzen omen ditute beren amets gezurrezkoak ortzira. Ankise'k semea ta Sibile, autuokin jolas bitartean, bolizko atetik aterazi zitun. Eneak ondoren ontzietarako bidea artzen du, laster lagunen aurrean agertzen dala. Ta gero, ertzez ertz itxas-egiñik, Kaieta'ko portura zuzentzen. Ankilla brankatik bota ta txopak ur-egalean lerro.

 

(Darraike)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.