L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1963 I-II Izar (1963-urtarrilla/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Uzta

 

R. Tagore

euskartzailea: A.O.

 

—1—

Esaidazu baietz, eta neure igali guztiak batuko ditut, eta otzara beteetan zeure larraiñera eroango dautzudaz, batzuk umoegi ta beste batzuk oraindik berde egon arren; aroa, ba, zamaren zamaz astun dago, ta artzaiñaren txirula be onezkero uluz dago gerizean.

        Epailleko aize urduriak, gogaikarri, mintzen dau ur-azal gelbera bere surmur-marmaraz; lorategiak emon dau bere doe guztia; ta illunabar abailduan, zuk egindako deia dator zure etxetik, sarkaldeko ur-ertzez. Esaidazu baietz, eta ibaiko aizeari emongo dautsot neure ontzioiala!

 

—2—

Gazte nintzala, nire bizia lora bat zan; udabarriko aizea atera eske etorkonean, bere ondasuneko orritxo bat galduagaitik ezer ardura ez eutson lora bat.

        Orain, nire gaztaroa illez doanean, nire bizia igali bat da; bai, igali bat, geiegiz ezer ez daukana ta, bein betikoz, bere gozotasunezko karga osoagaz, bere burua emon gogo dauana.

 

—3—

Udako jaia ez ete da, bear bada, lora mardoentzat lez, osto igar ta lili zimelentzat be? Itxasoaren kantua, ausaz, zut jagiten diran olatuekaz bakar-bakarrik bat ete dator? Jausiaz doan olatuaz be ez ete dau abesten?

        Ene Erregeak zapaltzen dauan oin-zapia bitxiz eundurik dago; baiña ba-dira sokil apalak aren ostiko-igurtziaren begira, arterik, dagozanak.

        Jakitun ta andiki, gitxi dira nire Jaunaren ondoan ezarrita dagozanak; baiña Bera bere gogoz txiro danaren billa etorri da, eta, bere besoetan arturik, bere jopu egin dau beti-betiko.

 

—4—

Gaur goizean, itzartzerakoan, bere eskutitza aurkitu dot. Ez dakit zer diñoan, irakurten ez dakit-eta; jakitunari ez naiako gogaikarri izango bere liburuen bakartadean; arek be, ba, bear bada eztau ulertuko diñoana.

        Itxidazu neure bekokiaz estutzen, neure biotz ondoz laztantzen! Gaua ixilleratu ta izarrak banan banan urteten astean, neure altzo gaiñean edegiko dot eta ixil-ixillik egongo naz. Orri adialariak ez daustie irakurriko abots zoli, erreka astrapalariak abestuko daust geldika, ta zazpi izar jakintsuak zerutik otoiztuko daustie.

        Ez dot aurkitzen billatzen dodana! Ezin dot ulertu gurako neukena! Eskutitz onek, alan be, irakurri barik, neure kargatik arindu nau ta bururakizunak abesti biurtu daustaz!

 

—5—

Esku bete autsek gorde leikedan zure kiñua, aren zentzunik nik ez nekiala. Orain, geiago dakidala, len gordeten eustan edozetan irakurri daroat bera.

        Lore-ostoz margoztuta dago, olatuak bits-aparretan dizdiratzen dabe, mendiak euren gaillur gaiñetan jasoten dabe.

Nik begiratzen ez neutzulako, itzulietara irakurten nebazan izkiak, letrak, eta enekian arein ixilpekoa.

 

—6—

Bideetan zear, galdua nabil. Ura zabal ta zeru-ortzia urdin, ezaugarri bage, bidea txoriegoz, izar-izpiz, aro bidaztien lorez estalduta dagoanean zear!

        Zure odolak, biotz, bide ikusi-eziñaren jakituria ete daroa?

 

—7—

Nire etxea ezta, onezkero, niretzat etxe! Ezin dot geiago! Ba-noa; Ez-ezagun betikoa deiez daukat bidetik!

        Zelan minduten nauan aren oin-otsak, neure bularrean durunduz! —Ta aizea, jagi doa, ta itxasoa espaka dago!

        Begoz or geldi nire zalantzak, nire ardurak! Ni ba-noa sukalde bako izgoraz; Ez-ezaguna deiez daukat, ba, dagoneko bidean zear doala!

 

—8—

Gertau zaitez joateko, ene biotz, goiz-zeruan zeure izenez deitua izan zara-ta! Begoz geldi besteak, orrela nai ba'dabe; baiña zu etzaitez egon iñoren zain!

        Gau-iruntzez da min lore-kolkoa, baiña lora edegiak argiari deadar: «Askatasun!» Ler egizu zeure bularra, ene biotz, eta urten!

 

—9—

Nagitasunak neure ondasunen meta erdian euki nindunean, jaio zan igaliz, frutuz, itzalean, janaritzen dan txitxare edo ar baten antzera nintzan ni.

        Ez, ez, ustel-giltzape; ez dautsot itzul-inguru geiago egin nai neure atseden lizun-geunduari! Utikan neure bizia eztan guztia, bai ta neure irribarrea baizen ariña eztana be; gaztaro betikoaren atzetik noa!

        Eta egunetan zear nabil aringa; ta neure biotzaren burdian alderrai doa olerkaria, dantzari ta kantari.

 

—10—

Eskutik artu ninduzun, eta zeugaz eroanik, errege-aulkian jarriazo ninduzun, gizasemeen aurrean. Pizkaka, izukor egin nintzan, jardunerako geldo, biderako ezgauza. Danean ezmez ta tenik bage, pitean bein neure buruaz liskar gogorrak nekazan, giza-alderakoan arantzarik zapaldu ez naita.

        Arria goitik, irain-tanborrak ots, eta nire aulkia irauli zan, apaletsia, autsean. Azke, azkenik be! Bideak, zabal nire aurrean; nire egoak, zeru-leraz gaiñezka! Gau-erdiko izar alderraiakaz noa, sakontasun illunean murgiltzera! Udako odeia ekaitz-aldian lez naz ni: bere urrezko koroia kendu ta, oiñaztuaren katean, ezpata bai'litzan, oiñaztarria dindil jarten dau! Zure azkenengo ondo-etorrira, zelako poztasun etsiz noan ariñeketan, nardatu ta ezetsien bide autsez betean zear!

        Umeak bere ama aurkitzen dau, onen sabeletik urtetean. Orain, zugandik aldenduta nagoala, zure etxetik jaurtia, nik bai ederto zure arpegia ikusten!

 

—11—

Ene kate onek, neure lepotik barre egiteko baiño ez nau apaintzen bere bitxiakin. Saman daukadanean, min emoten daust; kendu nai dodanean, ito egiten nau. Eztarritik oratu ta abestia ito-erazten!

        Eskura, Jauna, emon al ba'neutzu beiñikbein, ni bai nasai geratuko nintzakela! Ken egidazu Zeuk, eta apain-girgillez lotu-azo; lotsa naz Zure begi aurrera urreratzen, bitxizko kate au saman dodala!

 

—12—

Jumna an ondo-ondoan ebillen, arin ta garden. Goian, betuxu, aitz ebagiak jasoten eban bere betoskoa. Ta orlegitasun illunezko mendiak, ur-ibilli ta ixurkiz orbanduak, inguruan kiribiltzen ziran.

        Govinda, seike maixu andiak, idazti deunak irakurten ebazan, aitz-gaiñean jesarrita; bitartean, Raghunath, aren ikasleak, bere aberastasunez arro, aganaiño eldu ta, makurturik, esan eutson: «Bezuza kaskar bat dakartzut, zuk artzeko aiñakoa eztana». Ta bere Maixuaren aurrean urrezko ta arri bikaiñez besaki bi erakutsi ebazan.

        Maixuak biotatik bat artu ta bere atzean bira-azo eban; eta arriak argizko geziak jaurtzen ebezan. Onetan besakiak atzamarretik urten eutson, eta, atxean beera jauzika, uretara jausiko yakon.

        Raghunath, garrasi egiñik, ibaian murgil. Maixuak liburura biurtu ebazan bere begiak. Eta urak, bere ostua atxillo gorderik, lengo bideari ekin eutson.

        Raghunath, neketua ta busti-bustia, Maixuagana itzuli zanean, eguna noiz amaituko egoan. Leia bizitan esan eutson: «Besakia nun jausi dan ba'diñostazu, oindiñokarren aurkitu daiket, bear bada».

        Maixuak, beste besakia artu ta uretara jaurtirik, erantzun eutson : «Antxe!»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.