Horati'ren odak
(II'garren sailla)
Horati
euskaratzailea: A.O.
XII. Mekena'ri
GAIA: Lira-neurriari ez dagokio gertaera astun ta odolkoirik; Orati'k, beraz, eztu nai kanta kartagotarren guda ta liskarrik, ez lapitarren ordikeririk, ez Erkul'ek lur-seme edo erraldoien aurka irabazitako ereiñotz-abarrik. Gurago du, Mekena'k, bere adiskide kutunak, eskatzen dion ezkero, Mekena beraren eta onen emazte Likimne Terentze'ren txera ta maitasunak abestu.
Nolis longa ferae bella Numantiae...
Numanti izuko liskar luzeik etzazu nai,
Ez Anibal zagairik, ez Sikul itxasoik,
Kartagotar odolez gorria, kitaraz
Nik soiñu leun artzerik;
5 Ez lapitar ankerrak, ez Hileu, lar txerbel,
Ez lur-gaztek, Erkul'en eskuz beeratuak,
Saturn zarraren etxe argia galzoriz
Iñarrosi zutenak.
Zuk, Mekena, obeki esango dituzu,
10 Kondaiera lau soillez, Kaisar'en burrukak
T'errege zemaitien lepo arroputzak
Tatarrez eramanak.
Nik, musa leun eztiaz, Likimne andrea
Ta aren begi iñartsuak ditut goretsiko,
15 Aren bular kirmena dut kantuz jasoko,
Elkar-maitez asea.
Etzan ura lotsa izan dantzatalde barru,
Ez jokoan arituz, ez Diane'n jaiez
Bere beso lerdenak neskatil aratzei
20 Jostalari emanez.
Ta zuk orain Akemen joriak zeukanaz,
Naiz Prigitar naroan migdondar on truke,
Likimne zeurearen illedi ederra
Aldatu nai zenuke?
25 Truk ote, arabitar etxe ederrengatik,
Zure musu gartsutik iduna baztertu
Naiz, laztura-zur, naien zenukena ukarren,
Naiz berak ausaz ostu?
Oarrak. 1. Numantiarrak Duero ibaia jaiotzen dan tokirantza bizi ziran, nunbait, beren askatasuna jagon naiean, zortzi urte luzez bulartsu burrukatu ziran erromatarren aurka. 2. Sikili'ko uretan jokatu ziran Miles'ko (260) ta Egates'ko (241) erasoaldi gogorrak. 5. Hileu, Arkadi'ko Kentaur, lapitarren kontra gudukatu zuena. 21. Akemendar sendia guztiz aberatsa omen zan; erro ontatik irtenak ditugu Kir, Persi'ko errege, ta aren ondorengoak. 22. Migdon, Akmon'en semea, emakume zaldizkoen aurka egin zuna.
XIII. Zugatz bati
GAIA: Egun batean, Orati bere landetxe Sabina'n zebillelarik, zugaitz bat erori zitzaion ziplo, ta ia azpian zapaldu zun tantai aren aurka birao dagi. Zugaitz ura sartu zun gizona etzan ona, noski; aita-eraille edo arrotz-eregu ausle biurra zan, olerkari bati, Alkeu ta Safo'ren odoletiko bati, bizia kendu nai izan ziolako.
Ille et nefasto te posuit die...
Ondikozko egunez, oi zugatz!, len-sartu
Zinduzan arek, eta esku dongaz zaindu,
Illobentzat nunbait galgarri
Ta basauri onen lotsari.
5 Olakoak, nik uste, ber'aitari ere
Lepoa lezaioke aus ta arrotz-odol
Gauez ixurikoz orbandu
Bere aterpe ta supizgu;
Egiz, kolkarren pozoi ta asma-aiñako gaitzak
10 Izan zitun nirean zu, abe utsal zurbilla!,
Lenbizi landatu zindunak,
Jabe errugearen kaltetan.
Gizon zurrenak ere zer bear dun eztaki
Orduz-ordu itzuri. Beldur du Bosporo
15 Kartagotar itxasturuak,
Ta ez ditu adur itsuak;
Gudaria du izutzen igesi bizkorrak,
Bai ta partar geziak; partarrak, ostera,
Italiar ekin-estuntzak:
20 Erio-oldar beingoak, alere,
Artzen eta artuko gizonak.
Zein ur, oi!, izan nindun Proserpiñe beltzak!
Ur euki genun Eak epaille zorrotza!
Ur zintzoen egoitz banakak,
25 Ur Safo, eoliar liraz,
Lesbi'ko neskatillen billa, negar malkoz;
Eta zu, Alkeu, eres-soiñutan kantari,
Urre-joarez, untzi-lorrak,
Iges-lor ta guda mergatzak.
30 Txundioz dira itzalak bieri entzunik,
Ixil-guren; naiago, baiña, aditzailleak,
Belarri-zoliago izanik,
Guda-zart ta anker erauziak.
Arritzeko ote? Eresi oiekin sor ta lor,
35 Eunburu piztik ere belarri zurbillak
Jetxi t'Eumenidar illetan
Dira pozten suge biurrak.
Bal ta Prometeu berak ta Pelope'n aitak
Lor-gaitza soiñu eztiz dute atzipetzen:
40 T'Orion'ek ez ditu izutzen
Ez leoi ez lintz bildurtiak.
Oarrak. 11. Basauri, uritik urrutixe dagon auzunea; Orati'k, Mandela'n zeukan bere zabalegi edo landetxea. 9. Kolka zan Medea sorgiñaren Lurraldea, Kaukas ta Ponto-Euxino bitartean. 14. Bospor itxasoa, ekaitzetan jori. 23. Eak, Jupiter'en seme ta inpernuko ebazle. 25. Safo ta Alkeu'k, eoli-izkelgiz idatzi zuten; jaiotzez Mitilene'koak, eta garai batekoak, seireun bat urte J. K. aurretik. 35. Kankerber'ek, Pindar'en ustez, eun buru zeuzkan. 36. Eumenidarrak, edo atso asarreak. 38. Prometeu, Titan bakar-zalea, ortziko sua ebatsi zuna; Pelope'n aita, Tantal, ibai erdian goseak eta egarriak aitzen dagona. 40. Orion, Beotzi'ko erraldoi ta eiztari, eriotz ondoren izarkietan ezarria.
XIV. Postumo'ri
GAIA: Beluritua agertzen zaigu emen Orati: bizitzea labur dugu, ta igarri gabe datorkigu eriotza. Zur ta arduraz ibillita ere, au ezin alboratu. Naiz errege altsu naiz baserritar langille, guztiok aren eskutik igaro bear. Eta orduan onik bidezko ta atsegingarrienak naitaez utzi bear; eta guk bilduak oiñordeko eralgitzaille ta arretage batek ondatuko ditu. Postumo au nor zanik ez dakigu.
Eheu, fugaces, Postume, Postume...
Ai, urteak, Postuma, oi Postuma maite,
Igazkor doaz! Eta Erruki'k ezin du
Zartzaro igar ariña itzuri,
Ez erio-eskutik kendu.
5 Ez, adiskide, egun-bira bakoitzean
Naiz-ta begi-txau Pluton'i il iru opari,
Berak ditu estuntzen iru
Erazko Gerion ta Tiki...
Ur arrez ; ta emendik guk ere ibil bear,
10 Lur-emaitzez osoro bizitzen geranak,
Naiz izan errege jeikiak,
Naiz nekazari ezeukiak.
Alperrik gabiltz iges Marte etoiagandik,
Ta Adria oskorreko olatu autsitik;
15 Alperrik, bai, udagoienez
Aize gaiztoz soiñak zain naiez.
Ikus bearko dugu Kozit beltza, noski,
Bere margozko uarre nagian, alderrai;
Bai Danao enda galdua,
20 T'eoliar Sisip auldua.
Utz bearko dituzu lur, etxe, emazte leun,
Ta lantzen ari zeran zugaitz auetatik
Eztio nekosta iguiñak baiño
Jabe utsalari jarraituko.
25 Oiñordeko duiñago batek aituko du
Kekubo zuk eun giltzez luzaro gordea,
Ta apaiz-buruen orrits-gai zan
Ardo gorriz bustiko bea.
Oarrak. 6. Opari bakoitza eun idizkoa zan; Tit Libi'k diñoanez Trasimeno'ko burrukaldi ostean, irureun zekor edo idi erail ziran, iru il-opari eskeiñirik. 8. Gerion, Krisaor ta Gellirhoe'n semea, Erakel'ek erailla; Tiki, ordea, Lurraren seme erraldoia, Apol'ek erio emana, orain suleizan aztoreak eten gabe erasoaz oiñazetua. 16. Egoaldekoak dira auek, gaiztoak noski, Plini'k dionez; dagonilletik iraillera bitartean putz dagie. 23. Nekosta edo zipresak Pluton'i eskeiñitako zugatzak ziran; erromatar etxe-ateetan, progu-ezaugarri zan onako adar bat.
XV. Kirkilleri larregiaren aurka
GAIA: Txibita darabil Orati'k bere garaiko eralgitze larregiaren kontra. Lurralde ta nekazaritzarako ona zala-ta, ainbat jauregi, baratz eta urmael egin zituzten soro egaletan, alegia. Zumar zuri baiño albo (platano) geiago ikusten da bazterretan; olibo-sail emakorrak baiño ugariago loredi ta usai-arbazta arloak. Ez Erromul'ek ez antziñako zarrak, etzuten onako geiegikeririk izan.
Iam pauca aratro iugera regiae...
Golde-lan gutxi dute lasterxe utziko
Errege-mukuluk. Non-nai dira ikusiko
Apakin ta urtegiak garden,
Zabal Lukrin-zingira baizen.
5 Ta albo soillak lertxuna jango; biol-larrain
Ta mirtu, sur-atsegin ugari emango
Ugazabarentzat lenago
Jori ziran olibo-saillak.
Eguzki-sastak ostroz ditu galaziko
10 Ereiñotz nasiak. Au etzun Erromul'ek nai,
Gutxigo Katon moztugeak,
Ezta asabaen ekanduak.
Bakoitz-zerga motz zuten, eta aundi danena;
Amar oin zabaleko aterpe nasairik
15 Uritar bakarrei etzien
Eman oi Artz otzak iñundik.
Etzun ere legeak galazten soropil
Or surkitua ta bai, guztien pentzura,
Atxurdin berriz txukuntzeko
20 Zeia ta jainko-eliz oro.
Oarrak. 4. Kanpani'ko aintzira, ispeletan ospetsu. 12. M. Portzi Katon dugu au, biziera latzekoa, Utika'ko Katon'en arbaso. Etzun illerik mozten, ez bizarrik egiten. 14. Garai artan etzuten erromatarrak, atari edo sollairurik iparrera begira, amar oin zabal zanik beintzat: aize ozkirria artzeko ziran auek. 16. Iparraldero aize otza; badira Iparraldera izar-pilla bi, Artz nagusia ta Artz txikia.
XVI. Grospu'ri
GAIA: Eder zaigu atsedena, garatz arduratsu ta buruko min gabea. Gora ta joan-etorri aundia du onek gizonaren bizitzan. Oda onetan argi azaltzen du Orati'k, gizabiotzak duen lasai-min asegaitza; izan ere, kezkaz, egon-eziñez eta barren-esturaz josita bizi gera ilkorrok, eta berezkoa dugu atseden, lasaitasun ta zorion-egarri au. Batzuk, zorionbilla beti, asmo garaiak erabilli oi ditute; ezin, alare, bizitzaren laburtasuna izpirik ere luzetu. Beste batzuk, aberria utzi ta giro obe billa doatzi; baiña beren burua ezin dute aldatu. Ditugun oitura onak eta lera-griñetan dugun neurriak dakarkigute arimaren lasaitasun gozoa.
Otium Divos rogat in patenti...
Atseden-eske dago jainkoeri kartsu
Egeu agiri zear doan itxastia,
Odei beltzak bait-dio gorde illargia,
Ta argi ziurraz gabetu.
5 Pakea nai du Tratzi'k, gudan asarrekor;
Lasaia meditarrak, Grospu, geziz arrai,
Ez bitxiz, ez urrez, ez jantzi gorriz eros
Ezin dezakegun lasai.
Ez diruak, ez nausi-aurretiko danak
10 Aienatu oi ditu barne-kezka latzak,
Ezta eskape landu baranoan egaz
Dabiltzan ardura miñak.
Ondo bizi da, gutxiz, maigain neurrituan
Guraso-gatzontziak dirilir dagiona;
15 Ta ez izu-lauorrik, ez griña zakarrak
Lo mea austen eztiona.
Zergatik, aldi laburrez, urruti ameska?
Zertako bes'tc eguzkiz berotu lur-gaiñak
Aberriz alda naita? Nork, erbestetua,
20 Beregandik ere igeska?
Burnizko ur-ontzitara igo oi zaizu kezka
Griñati; ez ditu uzten zaldizko taldeak,
Orein bezin bizkorrak, odeipil-sakaka
Euro bestean ariñak.
25 Gaur gogo-alai dala, iguin du geroa
Ta aren kezka; ta garratz oro arinduko
Irripar narez. Ezta bean ezertxorik
Zorion beteko danik.
Balbe illaunak eraman zun Akil gartsua,
20 Titon, berriz, zartzaro luzeak zun aitu;
Ta, bear bada, Ordu'k zuri ukatua
Gurako dit eskuratu.
Zure ur eundaka dabiltz Sikul'go abere,
Bei-samaldak, orruaz; beorrak, irrintziz,
Uztarri-gai; ta artille aprikar margozkoz
25 Zu zera jantziko gorriz.
Niri, Balbe egitiak, alor-sail txikiak
Ta gerkar musaren ats mea dizkit eman,
Ta gezur-edale dan gizozte xearen
Ainitz erdeiñu iñolan.
Oarrak. Egeu itxasoa, Turki ta Natoli bitartean zabaltzen da; berein ugartez ereiñik dagolako, guztiz zirimoltsu ta ekaizti. 6. Meditar edo partotarrak, Eskiti'ko errikoak, persitarrak goitu ta azpiratu zituztenak ziran. 21. Orduko guda-ontziak aurreko aldean, arpegi bezela, galtzairuzko iruortzeko bat eraman oi zuten. 29. Balbe edo eriotza. Akileuri, Polixene'kin ezkontzeko, Apol'en jauretxera joan zanean, Paris'ek gezi-zartakoa eman zion orpoan, eta ortik il zan. 30. Titon, Laomedonte'ren semea; Eguantz, onen emazteak, ezilkortasuna iritxi zion, baiña ez zartzaro betikoa; azkenean, zar ta otz, bizitzako ezeren atsegin bage zegolako, berberak txitxar biurtu zun.
|