Enearena
VII Kantua
Bergili
euskaratzailea: Otarri
MUIÑA:- Alekto atso sumiña Turno'kin. Silbe'ren oreiña. Etsaiak bekoz beko; bi bertako illik erori. Noraezeko gudua: Turno'ren artzaiak, aztoratuta; Latin'ek ezin pakea zaindu. June'k, gudu-ateak iriki. Ausoni gudaoiñean. Bertako gudari-buru ta enparauen zenbaketa: Mekentzi, Abentin, Tibur'ko bizkiak, Kekul, Mesap, Kalaus, Ales, Ebal, Upent, Unbor, Birbi, Turno, Kamile.
Jainkosa zurbilla, lenengoko asarreak naiko erne-piztu ta Latin'en asmo ta etxea oso-osorik irauli zitula ikusirik, bere ego beltz gain iraduz jeiki ta itxaso zirimoltsuan zear egada labanez, Errutul ausardiaren arresietara doa, Danae'k diotenez maizter trebe argien eskuz irasi zun urira. Aurretikoak toki oni Ardea deitu zioten beiñola, ta orain ere, arenak egin zun arren, Ardea aundiaren izena aoz-ao dabil. Onezkero gau illunaren erdirantza, ementxe zetzan Turno, bere aterpe garaian, atsedentsu. Alekto atsoak, arpegi uzu asarrezko soin-atalak erantzi ta zar-itxura artzen du: bekoki loiko zimurrak gorde, ille zuriak zapiz estaldu ta olio-adarra jartzen du buru-gain; onelaxe, Kalibe, June'ren jauretxeko jaupaleme itxura arturik, gaztearen begi aurrean itz auekin azaltzen da:
«Turno orrek, eramango al duzu ainbat neke-lor alperrik? eta naiko ote zere agint-makilla dardanitar maizterretara igarotzea? Eztaiak ukatzen dizkitzu erregek, bai ta zerorrek odolez erosi saria ere; ta, gaiñera, oiñordeko arrotzaren billa ari da bere erreiñurako. Zoaz orain, iruzurtu ori, ta jar zeure burua arrisku eskergabeetan; zoaz, bai, tirrendarrak amillazitzera, ta babestu zeure pakez latindarrak. Oraintxe bertan, zu gau gozatsuz lo zaudela, oro al dun Saturno'k berak bialdu nau, agiri-agirian, zurekin mintzatzera. Zabiltz bada ta agindu anker gaztedia iskillotu dedilla, ontzi-talde ornidua irten dedilla kaietatik, eta su eman dezaiotela ibai ederrean lurra artu duten prigitar buruzagi ta auen ontzi margoztueri. Urtzitarren indar aundiak orrela agintzen dizu. Ta Latin erregek berak ere, eztaiak eginik itz emana bete nai ez baldin ba'du, jakin dezala ta oartu bein betiko, Turno nor duen iskillutan.»
Gazteak beretik, iragarlearen ortzetan isekaz, onela darantzuio: «Ez, etzitzaidan palta, zuk uste bezela, mezulari bat, ontzidi aundia Tiber barruna sartu zala belarrietara iritxi-azi zidana. Etzadazu, ez, olako beldur aundizko itxurapenik maskildu. June erregiña bera ere ezta gurekin aiztu. Zuri ordea, amona, zartasunak, urteen erdoi urdiña bide egia ezin atziturik, ardura utsal ta kezkaz beteaz, iseka dagitzu; ots, jaupaleme zera-ta, errege arteko liskarren gezur-ikara ta izu-laborrietan murgidu. Jainkoen irudiñak eta aien elizak zaintzea da zure ardura. Utz gizoneri pakea zaintzen, guda ere auek egin bear dute-ta».
Alekto, berriz, gisa ontako itzez, asarre bizitan urtu zan. Eta gaztea mintzo zala ere, aren soin-giltzak, bertatiko izu-ikarak iñarrosi zitun; zoro-aldiak leiartu zizkion begi biak: ainbeste sugerena da Erinis aren xixtua!, itxura ain gelgarritan agertzen da! Ta une artan, begi su-txinpart gaiñezkoak itzuli ta geiago esan nai zion gaztea beragandik jaurti zun, izuak joa; ta bere ille-adatsetik bi suge erauzi ta, zigorrak bai'lirean, bean jo ta zart eragiñik, itz auek egotzi zizkion ao-sumin: «Ona emen urte-erdoi urdiñez betea; ona emen, atsotasunak, egia atzemateko gai eztalako, gezurrezko bildurrez ta bakaldun liskarrez iseka dagiona. So, au dakartzut; ene aizpa ankerren bizitegitik etorria nauzu: gudu ta eriotz eskuetan daramazkit!».
Onela itz egindakoan, illeti-zuzi bat jaurti ta argi beltza ta ke arrea zeriola, bular-bularrean josi zion gazteari. Ontan, ikara gorriak eten zion loa, ta gorputz guztiko izerdi-patsak ezur-atzbegiak betetzen dizkio. Garrasi dagi zoratua, iskilloak eskatuz; burrukagaillu billa dabil oe-ingurubil ta etxean zear; burni-miñak eta guda-lerak zangartzen du, aldikada gaiztoz. Su-borbor, irakin diraki aren asarreak. Onela edo, alegia: or egur igar pilloa txinpart-ots, eta laratzetik dingilizka maskelua irakiten, azpi ta aldamen sugarretan; maskelu barruan sumin da urolatua, ta ura artu eziñik, borbor bizian gaiñez dagian bits anpatua ertzetatik beera dator, lurrin beltza pafaka goirantza doala.
Une artatik, bada, gazte kementsu ta aurrenenai doaztela diotse, pakea etenik, Latin erregearengana; gerta ta atondu ditzatela iskillu ta guda-tresnak, etsaia beren mugetatik jaurti ta Itali zaintzeko; berak, naiz teukrotar naiz latindar, berdin laguntzen die bieri. Au esan ta beren alde jainkoak deitu zitunean, errutuldarrak leiaz eskuratzen ditute gudagailluak; bultzagai dute ontan beren askai eder ta gaztetasuna, bultzagai beren aiton erregeak, bultzagai baita beren egite arrigarrizko beso adoretsuak.
Turno'k errutuldarren biotz-muiñetan kemen-sua goritzen dun bitartean, Alekto atsoa, bere estigiar egatsez, teukrotarrengana doa laisterka. Gainzuri ta azeri-marru berriz tokia arakatzen du, ots, Jul lerdena, atzipez ta zelataz ta ariñekelaz, baso-piztieri eraso-bearrez ari zan ondartza. Onetan, ots-otseko amorrua sartzen die zakurrei Kozito'ko neskatxak, bai ta sudurrak usai ezagunez igi-erazi ere, azkar ta sukartsu orein bat jazartu zezaten. Eta auxe izan zan nunbait neke-lan askoren len-sorburu, gogo basati aiek gudarako piztu zituna.
Ba-zan orein bat, itxura ederreko ta adar aundi; au, bere amaren errapetik kendua, Tir-semeak eta Tir'ek berak, erregearen abere-taldean zaintzaille nagusi ta ango alor-zabaldi guztien zaiñak, arretaz janaritu ta maitekiro zaintzen zuten. Silbe, aien arrebak, bere esanera oitua zeukan losinga luze ta txera maitekorrez; berberak artetsu eiotako zintzili-gaillu leunakin apaintzen zizkion adarrak; bai ta abere begiko ura orraztu ta iturri gardenetan ezkotu ere. Oreiña, ostera, beti aren eskupeko ta ugazabaren maira egiña, azke zebillen basarte zear, eta gero gau bakoitzean, naiz-ta txil belu, etxera itzuli oi zan, aterpe ezagunera. Egun artan, ba, urrutiko landetan bazkatzen zularik, eizean zebillen Jul'en zakur-talde amorratuak usmatu zun, ain zuzen ere ibai gozotik irten eta ertz muskerrean beroa arintzen zegoelarik. Askani'k berak ere, gorapen-miñak piztu-azota noski, gezitu zion bere ustai makurra; jainko batek lagundu zion nunbait aren eskubi zalantzazkoari, ta erauzitako geziak, durundi aundiz, oreiñaren sabela ta sarkutzak zearkatu zitun. Azkar doa abere zauritua ezagun zun aterpera; odoldario okuilluan sarturik, etxe guztia betetzen zun eskale antzeko oiu ta intziri erdiragarriekin. Silbe arrebak, danetan aurrenen, besoak eskuz zartatu ta dei dagi laguntza eske, dei nekazari zakarreri. Auek, (izurri gordiña, ba, oian ixil artan zetzan gorderik) itsumustuan datoz, au illeti zerbelduz iskillotua, bestea aga astun arabegitsu batekin ornidua: asarreak iskillo dagi bakoitzak, billaturik, aurkitu duna. Tir'ek, bear bada ziri sarkor onenduakin aritza, lau zati egiten zebillenak, su anker dario, aizkora eskuratu ta dei egiten die beretar artzaieri.
Jainkosa zitala, ordea, muna gara batetik kalte egiteko ordua iritxi zaiola ikusirik, landetxeko okuillu jeikietara joan eta gain-gaiñetik artzai-zantzoa dagi: bat-batean, bere abots leizatiarra adar makurrean sartu, ta basarte ta oian sakon guztia oldar-dardaraz arrotu zun; arago, txit urruti, Tribi'ko zingirak entzun zion; bai ta entzun zion Nar ibai ugats zuriz beteak ere, bai ta Belin'go iturriak ere; eta ama bildur-ikaraziak, altzoan zituzten aurrak, beren bularrean estutu ta laztandu zituzten.
Turut izugarriak emandako zantzora, alderdi guztietatik ba-datoz orduan lur-langille ezigaitzak, eskumende aurkitu dituzten guda-tresnakin; troiar gaztedia ere Askani'ri laguntzera dioa, kapardi zabaletatik irtenda. Lerroka jartzen dira gudarozteak. Eta onezkero eztira basaburrukan liskartzen, makilla sendoz edo illeti txigortuz ez dute alkar jotzen, bi ebakiko burniakin baizik; eta geiturik dioa zalaparta, ta urrunera ezpata billoisen uzta izugarria trikutzen da, ta, eguzkiak erasota, dizdiz dagi galtzairuak, bere iñar-izpiak odeietaraiño jaurtirik: lenengo, aize-zirkin meez zuritutako ugiña bezela, noski; gero geldika itxasoa arrotzen, urak erpintzen, eta azkenez, erori sakonetik ortziraiño egozten. Ontan, guda-zelaian aurrenengo, Almon gazte, Tir'en seme zarrena, lurreratzen du gezi dardarati batek; erpin zorrotza, izan ere, samapean josi zitzaion, eta abotsaren bide ezkoa itxirik, odoletan ito-erazi zion bizi leuna. Onen inguiumari beste gizon askoren gorputzak erori ziran; bai ta Galeso zarra ere, bere burua pakerako bide bezela eskeintzen zula erori zan: gizon zintzoa ziñez ta txit aberatsa Ausoni'n beiñola; bost artalde beelari zeuzkan, bost bei-talde etxeratzen zitzaizkion iñularrez, ta eun goldez iraultzen zitun bere lurrak.
Eta zelaietan, zori berdiñez, orrela burrukatzen diran bitartean, jainkosak, berak esana lortu ondoren, au da, gudua odolez ase ta lenengo alkar-jotze-aldiko eriotzak jaukitakoan, Esperi utzi ta, garaille, aidean zear zeru-gingaruntz egazturik, June'ri, solas-arro, onela itz dagio: «Or iretzat ezin-aitu betea, guda itunarekin! Esan ik orain, adiskidetu ditezela, alkar-egiunez, teukrotarrak ausoniar odolez garastatu ditudan ezkero. Bai ta, oindiñokarren, ire naierea egizko ba'zait, gaiñeratuko diñat au ere: gudara eramango ditut nere zurrumurruz alderrietakoak, eta Marte-zale kiratsez gogoak ixetu, nainundik datozten laguntzarekin; alorretan iskilloak ereingo ditut». June'k orduan, erantzuki, jardetsi zion: «Naiko diñagu triskantzarik eta iruzurrik; guda-zioak zutik daude oindiño: soiñez-soin burrukatzen dute alderdi biak, liskar-gaiak bero. Odol berriz margoztuta daude zoriak eman zitun len-iskilloak; olako eztai ta elkartzeak ospatu bitzate, bai, Venu'ren abenda garaiak eta Latin errege berak. Olinpu gurenean nagusi dan Aitak eluke nai zu,
ortzi-aize zear, baimen geiagoz alderrai joaterik. Utzizan toki auek; beste egitekorik baldin ba'da, neronek burutuko diñat». Onela mintzatu zan Saturnarra. Ta Alekto'k, ego-ukaldiz ta suge-garrasiz zizkolatsu, gaiñalde jeikiak utzi ta Kozito'ko barren illunean bere ezarlekua billatzen du.
Itali erdialdeko mendi goititu batzuen oiñean ba-da leku leiñargi bat, Anpsakti aranak aurki: entzuteak beiñola ainitz lurraldetara eraman zun aren izena; baso illun adar nahasizkoak estutzen dizkio bi alderdi beltzak, eta erdian ixurki burrunbatsuak ots dagio, arkaitz-sapar artean ubilla biurtzerakoan batez ere. Leize izugarria agiri da emen, Diti zakarraren arnas-zuloa; bai ta amiltegi zabal bat ere agiri da, Akeront zarramilla ta onen autz kiratsak erakusten ditula. Erinis, iratxo gorrotatua, emendik irristatu zan labankor, bere ezkutatzeaz zerulurrak arindu samar uzten ditularik.
Saturnar erregiñak ere, bien tartean, Alekto'k bezela, noski, azken eskua edo igurtzia ematen dio guda-liskarrari. Zelaiak utzi ta laister bai laister urira dioa astrapaladan artzai-moltzo guztia; illak ere ara daramazkite, Almon gaztea ta Gales erdi-zatitua; dei dagite jainkoeri, Latin'en aitorra lekuko dutelarik. Aurrean dago Turno ere, ta gorpu aiek eta izandako sua ikusirik, izua bikoiztuten zaio: teukrotarrak dirala bere aginterrira deituak, prigitar endakoekin naspiltzen dirala, bera ere jauregitik egotzia dala. Orduan aiek eta beren amak, bakitar sumiñak artuak, bide gabeko oianetan jauzika ari diranak, iraiñez idarrausten dituzte txikituak Amate'n izena ezpaita ezereza, ta, gudua aizatuz dei bizi arekin, andik eta emendik alkartuaz dioazte taldeak eta taldeak. Denak, ots batean, jainkoen aduen kontra aurki, oldar gaiztoak eraginda, guda aipa-lotsagarria eskatzen dute biziki. Ta, alkarren leian, Latin erregeren atarteak inguratzen dituzte. Onek, baiña, eztu nai olakorik; itxas-arkaitza bezin tinko dago ezetzean; bai, itxas-arkaitzak, euri-aize-eraso burrundatsuak eta inguruko ugiñak zakar orru dagienean, sendo ta gotor dirauan bezela; alperrik ari dira, bere aldamenetan, azpi-arri ta aitz apartsuak urubika, alaka zartatuak aien saiets-gain dindil daudela. Alaere, aolku itsu ura azpiratzeko alik iñundik ere etzun ezkero ta gauzak June biurriaren naierara joan, Latin aitak, jainkoeri eske osoan eta aize utsalak lekuko, au diño: «Ai ene!, aduak austen gaituzte, ta ekaitz eskergak garamazki! Zeuek, zori gabeok, odol deungez txautu bearko dituzute neke auek. Eta zuk, Turno, erruki-eza, oiñaze zurbilla daukakezu gain, eta beranduegiko eskarika agurtuko dituzu jainkoak. Niri, ba, atsedena dagokit
onezkero, portu sarreran oro bai daukat aurki ta prest; pakezko eriotza murrizten didazute». Eta, tautik ere geiago esateke, jauregi-ondarrean ezkutatu zan, bere egitekoen ugelak utzirik.
Esperiar Lati'n ba-zan oitura berezi bat, gero albandar uriak sagaratzat euki zutena ta orain munduko erregiña dan Erroma'k beretzat daukana; oitura ori gordetzen dute, batez ere, erromatarrak lenengo joaldietarako Marte igitzen dutenean, naiz getarreri, naiz irkanitarrai, naiz arabitarreri guda eramatean, edota Indietara jo ta Eguantzari jarraitu, naiz partarrai ikurriñak eskatzeko gertakizunak egiten dituztenean. Bikiak dira Guda-ateok; orrela deitzen zaiote izenez, eta uzkurtzez sagaratuak dira Marte (Guda) ankerraren bildurrez; borontzezko eun morroillok eta burdiñaga betikoarrak ixten dute, ta Jano, zaindari bezela, ezta ango atalasetik egundo urrutiratzen. Aberri-gurasoak burrukarako erabaki sendoa artu dutenean, kontsulek berak, kirinal txartesaz ta gabindar soingaiñekoz apainduta, zabaltzen ditu txirriots aundiko ateok; berberak dei egin oi du burrukarako ere, ta beingoan doa gaztedi guztia aren atzetik, eta borontzeko adarrak zakarki durundi dagite. Latin'ek orduan, ekandu onen ariora, guda-deia azaldu ta iragarri bear zien eneatarrai, ta ate zurbil aiek iriki. Latin aitak etzitun ikutu, ta, jauregira itzulirik, etzun nai izan arazo erratsu ori bete; itzal itsuetan ostendu zun bere burua. Jainkoen erregiñak, orduan, zerutik jetxirik, ate nagiak bere eskuz bultzatu ta orpo-gain biratuz, burnizko orriak ausi zitun.
Goritu zan otsean len paketsu ta nare zan Ausoni; bata soro-lanetarako gertu zegon oiñezkoa da, bestea zaldi mardora igorik, autsez betea, asarrekor dabillena; aiek eta auek, denak ari dira iskillo billa. Emengoak, urdai guriz, ikurdi mee biribillak eta azkon dirdiratsuak leguntzen dituzte, ta aizkorak dezteran agintzen; angoak pozarren daramazkite ikurriñak eta atsegiñez aditzen dute turuten durundi sarkorra. Bost uri aundik, ingudak jarriaz, guda-gaiak berrizten dituzte, Atina altsuak, eta Tibur arroak, Ardea'k, eta Krustumeri'k, eta Antemna dorredunak. Buru-oskol seguruak arrotzen dituzte ta sarats-gaillenak ikurdientzat makur-azo; aiek, ostera, metalezko bular-babeski ta zango-zorro ariñak zillar malguz jazten ari dira. Amore egin du an goldearen eta igitaiaren deduak, amore egin du an areakiko mitasunak oso; gurasoengandiko ezpatak egosten dituzte berriz ere su-labetan. Oska daude adarrak onezkero; zantzua ba-doa or zear, gudarako ezaugarri. Au entzunik, bata etxera dioa bere buru-babeski billa; bestea, zaldi biurriak uztartzera; sandiak, ikurdia besoratzen du; berendiak, iru bira ditun
bular-gordegaillu urrezkoa jantzi ta ezpata zindoa gerriratzen du.
Idek idazute orain, oi jainkosak, Elikona!, ta ozenagotu ezazute ene abesgaia! Au azaldu gogo dut: zeintzuk errege piztazi zuten guda, bakoitzari nundiko laguntaldeak jarraitu zioten eta zein zelaitan egokitu ziran; orduko ere, italiar lurraldea, gizaseme goikoen ama jatorra, nolako lagunartez loretua zegon; eta noren iskilloetan suak artu zun. Autaz, oi jainkosak!, gogoratzen zeraten ezkero, esan ta eralgitzeko ere ba-duzute ala; guri, ba, doi-doi eltzen zaigu ospe ta entzutearen aize-ukaldiño meea!
Tirrendar itxas-ertzetatik jeikia, Mekentzi latza, jainkoen ezeslea, izan zan gudan lendabizikoz sartu zana, beretarrak oro iskilluz orniturik. Aldamenean darama onek bere seme Laus ere; Laurente'ko Turno atera ezkero, etzan beste bat au aiña lerden eder zanik. Laus onek, zaldi-ezle ta pizti-erasle, milla guda-gizon daramazki, agiliar uritik jarraika doazkionak; alaere, alperrik jarraitzen dizkiote, Mekentzi baiño aita obe ta agindu egokiagoak merezi bait-zitun.
Auen atzetik, Abentin kementsua, Erkul zagataren semea dator zelai zear bere garaitz-abarrez ederturiko gurdi ta zaldi bizkor garailleekin; ikurdi biribil inguruan eun ziraun ta Idra sugegorria dakarzki, aitaren ezaugarri bezela; Abentin muiñoko basartean izan zun argi-lurra, Rea jaupalemeak an baitzun egotzi ixilkako erditzez; emakume onek jainko batekin izan zun aragizkoa, Tirintiarrak, Gerion'i eriotza eman ondoren, garaille antzo Laurente'ko zelaietara eldurik, bere bei iberetarrak Tirrenibaian ezkotu zitunean. Eskuetan, azkonak eta burdiñaga odolkoiak daramazkite gudara, ta erpin-gain estuko ezpataz ta igun buru-biribillez burrukatzen dira. Oiñez dabil bera, leoi-eskergan bildua; larru onek izugarri ematen du, ille-kizkur moltzoz albaiñutua; mutur ortz zuriak burua estaltzen diote. Ta Abentin, onelaxe, Erkul-jantziz besagaiñak estalduta, sartzen da erregearen jauregira.
Garai berean, anai bik, argibar gazte gartsu Katil ta Koras bikiak, uzten dituzte tiburtar esi-ormak: anai Tiburt'etik dakarte izen ori. Aurrenengo sallean, gudagaillu nahasi erdian, aurrera dioazte, odeien semeak, bi Kentaur'ek, goiko mendi gaillurretik jetxi ta beren ibilli bizkorrean Omele ta Otris elurtuak gibel uzten dituztenean bezela: oian aundiak bidea utzi oi diete beren ibilketa zangarrean, sastraka-gaillenak berriz iskanbil aunditan alboratzen zaizkie.
Ezin uts egin iñolaz Predeste uria irasi zun Kekul'ek,
mendi guztiak erregetzat, Bulkan'en semetzat euki zutenak; baso-abere artean idoro bait-zuten, sukaldean alegia. Oni jarraika ere menditar talde bat-banatu eziña dioa: Predeste goikaldea urratzen dutenak, June gabindarraren alor-zelaiak eta Ani otz inguruak lantzen dituztenak, ernikar aitzak errekastoz bustitzen diran lurraldeetakoak; Anagni joriak eta zuk, aita Amasen orrek, janaritzen dituzunak. Danentzat ezta iskillurik; ez datozki danak ikurdiz jantziak, ez dakarte danak gurdi txirrioslaria; batzuk, berun laruzko kaskabarra edatzen dute, ezkur antzera; beste batzuk, bi azkon dakarzkite, esku bakoitzean bat, eta buruan zaingarri otso-larruzko txano gorriak daramazkite; eskerreko oiñazpia utsik jartzen dute zelaian, eta abarka latzez estaltzen dute bestea.
Bitartean, Mesap zaldi-esle, Neptun'en semeak, su-burni aurka sorginduak, gudara deitzen ditu bertatik, aspaldi alperrerian dauden erritarreri ta liskar-oitura galdua duten gudarieri, berriz ere burni-tresnak eskuratuz. Berekin daramazkite baita feskenitar ta faliskar zintzoak; ots, Sorakte goikoaldeak eta plabindar zabaldiak, Kimin aintzira mendiakin eta Kapen oianak dauzkatenak. Berdintsu samar, eta erregeri abeska zioazten, bear bada kisne zuriak egurats gardenez, beren bazka-arlotik itzultzean, eztarri luzez beroien pozkari ereskoia agertzen duten bezela; ibaiak durundu dagi, ta urrutian, durundu dagi Asia aintzirak ere, dardaraztua. Iñork etzun uste izango, iñolaz ere, ura burrukara zijoan gudari iskillotuen taldea zanik, itxaso zabaletik ondartzetara datozten txori korronkalarik osaturiko odei-moltzo goitarra baizik.
Orra Kalaus ere, Sabindarren odolekoa, gudu-andana ugariaren buruzagi; aundia bera ere, ezker-eskubi dakarren talde naroaren pare; Erroma erdizka beintzat sabindarreri emana izan zanetik, auengandik bait-dator orain kalauditar gizaki ta enda, Lati osoan zear barreiaturik. Berarekin dioaz Amiterno'ren saldoa ta aspaldiko kiritarrak, Eret'en gudarozte osoa ta Mutuska oliotan jori danak daukana; bai ta Noment urian bizi diranak eta Belin'go larrosa-zelai ezoetakoak, eta Tetirka aitz izugarridunetan eta Seber mendian, eta Kasperi'n eta Porpulo'n eta Imele ibai aldean bizi diranak; Tiber'tik eta Pabari'tik edaten dutenak, eta Nusi otzak igorri ditunak, eta ortar gudarozteak eta latindar errialdeak, eta Ali izen txarrekoak bereizten ditunekoak. Asko bai asko dira guztiz, Orion biurra neguko euri-jasetan ugaltzen danean, Libi'ko itxasoak, atxurdin astun antzera bere ertzetara bultz-erazten ditun kresal-mukulu ugari bezelatsu, edo-ta eguzki barritara, galburu beteak, bai Ermo'ko zabaldietan, bai Liki'ko erein-alorretan gorrizka txigortzen diran bezela: olaxe dijoaz, olaxe ots dagite ikurdiak, eta dardar lurrazalak oin-zartakoz astindua.
Beste aldetik, troiar izenaren etsai dan Ales agamenondarrak gurdira uztartzen ditu bere zaldiak; berekin daramizki Turno'ren alde milla errialde gutxienez, uzuak oso, indarrez irabaziak: Bak'entzat ekarkor diran Masik muiñoak burdiñarez iraultzen dituztenak; aurunkotar gurasoak beren mendibizkar garaietatik eta sidikindar lau zabal ondoetatik bidali dituztenak; Kales uzten dutenak, eta Boltarno ibai urmetsuaren aldamenetan bizi diranak, bai ta satikuldar latza ta oskotar gudari-sailla be. Azkon mutur biribillak dira auen gudagailluk, ugel txit malgueri egokituta daramazkitenak; larruzko ikurdiak estaltzen dizkiete ezkerreko besoak, eta soiñez-soin burrukatu bear danerako, igitai antzeko ezpata makurrak dituzte.
Eztut iñolan zure izena, Ebal!, ene bertsoetan aipatu gabe utziko. Entzutea da, bai, Telon'ek sortu zula Sebet'eko ur-neska bategan, berandutar noski, Kaprea'k zeukanean telebootarren bakalderria; baiña aitagandik artu zitun erreiñu ta lurrekin ezin naikotua, ordurako ere semeak jaurtzen zitun Sarraste'ko errialdeak, eta Sarno'k edaratzen ditun aranak, eta Errufra'k eta Batul'ek dauzkatenak, eta Kelemne'ko zabaldiak eta sagarrez jori dan Abela'ko arresiak gain-gaiñetik begiratzen dituztenekoak. Teutondarrak oitura zutenez, auek ere gezi ariñak jaurtzen zituzten; artelatzari kenduriko azala zebillen buru-babeski; dizdiz dagite aien ikurdi-mintz biribillak, dizdiz bai ta aien galtzairuzko ezpatak.
Zu ere bai, Ufente!, ospez aundi ta iskilluz zoritsu, Nersa malkartsuak bialdu zinduan burrukara; basati-izukorra zan zure gizakia, oian trinkoetan maiz eizan aritua, ekikul arikoak, sokil gogorreko semeak. Iskillotuak goldetu oi dute lurra; lapurretatik bizi dira soilki, azken-arrapakiña gozoatsegiñen dutela.
Arkipo erregeak bialduta, bai ta etorri zan Unbor zagala, marrubitarren apaiza, koroe antzo olio-adar zoritsua oskol gain zekarrena; onek, bere eskuz ta arao-soiñuz lo-gurea sortu oi zan erensuge ta asarre-ziraun marrularietan, auen sumiña naretu ta egiten zituzten ortz-koskadak sendaturik. Troiar gezi kutsukoiak egiñiko zauriari, ala ere, ezin izan zion gaixoak osakairik ipiñi, ezta etzuten arengan aringarririk jarri asmatu oi zitan lillura lo-erazleak, ezta Marsi-mendietan billaturiko belarrak ere. Angiti-oianak negarrez auendu zan zure eriotza, leiar olatudun Funtzino'k negartu zinduan, aintzira gardenak negartu zinduan.
Birbi ere, Ipolit'en semea, gudara zioan, eder ta ikusgarri; au bere ama Arike'k bialdu zun, Egeri basoetan, an ibar musker aien ingurubil, jori ta onbera, Diane'n opalmaia zut-zut aurkitzen dan lekuan, ugatzatu ondoren. Esatea danez, Ipolit bere ugazamaren makurkeriz iroldu ta bere aitak zor zitun nekeak, zaldi izutuak zapaldua, bere odolez txautu ondoren, peoni-belarrez ta Diane'ren maite-beroz berbiztua, berriz itzuli zan zeru goi ta egurats garaietara. Aita oroaltsuak, orduan, ilkor bat leize-itzaletik argi-bizira jeiki zalako minberatua noski, berberak, txiñar batekin, estegiar ugiñetan ondatu zun Poibu'ren semea, arako antze ta arako osaki aurkitu zituna. Baiña Tribe ongileak toki ixilean gorde ta Egeri ur-neska ta oianaren ardurapean jarri zun Ipolit; italiar oian auetan bizi bearko zun, bakar ta aintza barik, aurrerantzean izena ere aldatu ta Birbi deiturik. Ortaz, orain ere, zaldi adar-oindunak uxatu oi dituzte Tribe'ren jauretxe ta baso sagaratuetatik; itxas-bidutziak ikaratuta, gurdi ta gazte ur-ertzean zear barreiatu zituztelako, noski baiño noskiago. Semeak, alaere, zelai lauan saiotzen zitun bere zaldi sukartsuak; bai burruketan sartu ere, bere gurdi zardaiñean.
Turno bera ere, gorputz ederreko, iskilotua, lenengoen artean dabil arantza ta onantza, guztien gaiñetik nabarmentzen dala. Iru motots eta bidutzi bat ditu bere buruoskol garaiak, agoetatik Etna'k lako sua dariolarik; odol-ixurtzez burrukea gordiñago ta aren orro ta sugar zurbilak ankerrago. Io, bere adar jasoekin, bai zurdaz betea, bai bei, eder agiri zan ikurdi txukuneko urrean; Argos, neskatx zain, eta aren aita (..)nak, bere kutxa trintxaz landuzko ibai nardoa ixuriaz. Oiñezko odei batek jarraitzen dio; zabaldi guztiak zear dijoaz aren gudari ikurdidunak, argibar gaztedia, aurunkar gudarozteak, errutuldarrak, aintziñako sikandarrak, sakarandar gudari-sailak, eta beren ikurdiak margoztu dituten labitarrak; zure landak, Tiberin, eta Numik itxas-ertz sagaratua goldetzen dituztenak, eta errutuldar muiñoak eta Kirke mendia burdiñarez iraultaen dituztenak; Jupiter Anxurtarrak zuzentzun ditun alor zabalak eta Feroni, bere oian orlegiakin arritu oi danak; emen datza Satura zingira beltza, ta Ufente lei-karraldoa bide-egiñez doa ibar sakonetan barna, azkenez itxas-ondarrean mustatuz.
Guzti auen atzetik, Kamile dator, bolskarra jatorriz; zaldizkoak eta galtzairuzko saldo loretsuak zuzentzen ditu. Burrukalari dugu; gorura etzitun, bada, egin ta oitu bere emakumezko eskuak, ezta Minerba'ren otarretara ere; neskatx dala, erasoaldi neketsueri bekoki ematen eztu berdiñik; oin-arin dugu aizea beste, egaz egingo luke uzta ikugearen sail gaiñez, galburu meenik ere zauritu gabe; edo-ta lioake itxaso zabal zear, olatu puztu gain zintzilika, ta urak eluke aren oin bizkorrik bustiko. Gaztedi osoak, etxeetatik irten eta soroetatik urbildudik, eta etxeko andre samalda aundiak miretsirik daude ua ikusiz; eta txundioz ta ago-zabalik begiratzen diote, ibili dabilela batez ere, nolako erregiñ-zapi gorrizkaz estaltzen ditun bere sorbalda leunak; urrezko galartzu batek nola estutzen dun aren ile-mototsa; oso txairo nola daraman Liki'ko gezi-ontzia, ta nola daraman azkenez muturrean burni josia dun artzai-mirtua.
|