L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1967 I-II Itzartze (1967-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Esopo'ren ipuinak

 

Esopo

euskaratzailea: Igotz

 

21. Arrantzaleak eta atuna

 

Arrantzale batzuk bein itxasora urten ei ziran. Eta epe luzean etenak egin arren ezer eskuratu ez ebelako, euren txanel-egaletan jarri ei ziran etsietsita. Onetan, ots aundiz igeska ebillen atun jazartu batek, uts egiñik, euren ontzitxora saltu egin eutsoen. Arrantzaleak oratu ta urian saldu eben atuna.

 

* * *

 

        Zer esan nai dau onek? Sarri, trebetasunak ukatzen dauskuna, alanbearrak utsaren orde emon oi dauskula.

 

 

22. Arriak artu ebezan arrantzaleak

 

Arrantzale batzuk sarea astun eukela-ta, arrantzu galanta egin ebelakoan, pozez artazika ta oiuka ei ebiltzan, saretik tiraka. Narras, ondartzaraiño eroan eben sarea, ta arrain ordez arriak eta beste zer batzuk aurkitu ebezan. Oker arek osorik naigabetu zituan, ez guzurrak urten eutselako bakarrik, beste zerbait itxaron ebelako baiño. Euretariko zaar batek esautsen lagunai:

        —Naigaberik naiko, gazteak, antza danez ituna da ba pozaren aizta; ordu aurretik ainbat poztu garean ezkero, berezkoa zan okerren bategaz tope egitea.

 

* * *

 

        Bizitzea txit aldakor dala ikusirik, beraz, ondoren onak izan doguzala-ta eztogu geure burua lar goratu bear, ezti-aldiari ekaitzak jarraitzen dautsola gogoan artu barik beintzat.

 

 

23. Arrantzale txirularia

 

Txilibitua be oso trebetsu jo eroian arrantzale batek bein, itxasora urtekeran, txirula ta sareak batera artu ei ebazan. Mokor baten gaiñean jarririk, txirula joten asi zan, arraiñak, bere soiñu gozoz lilluratuta, uretan saltu egiñaz beregana abiatuko ziralakoan. Baiña alperreko jarduna, ez yakon bat bera be urreratzen; eta azkenean, nekatu ta gogaiturik, txirula albora itxi ta uretara bota eban sarea, arrain pilloa atzemonik. Saretik atera ta ur-ertzean areik burumutxika ikustean, ots egin eutsen arrantzale txirulariak:

        —Abere kaskarrak: nik txirula jotean ez zeunkien dantzarako gogorik, eta orain jo barik aria emoten dautzuela dirudi!

 

* * *

 

        Alegi au ondo dagokie ez-orduan dabiltzanai.

 

 

24. Arrantzalea ta arrain aundi ta txikiak

 

Arrantzale batek, saretik tira-egitean, arrain aundi bi ekarri ebazan liorrera; txikiak, ostera, uretara joan yakozan barriro, sare-gartza (mailla) artetik txirristaka.

 

* * *

 

        Gora gitxiko gizonak errezto txirrist dagie galbidetik; nekez ikusi oi da, alan be, entzute aundiko bat arriskutik onez urteten.

 

 

25. Arrantzalea eta arraintxoa

 

Arrantzale batek bein, itxasora joanda, ango uretan sarea zabaldurik, arrain txikitxo bat baiño ez eban arrapau. Arraintxoak, oindiño txiki zala-ta, itxi egiala apur baten, aundiago azi arte, eskatu eutson.

        —Aundi egiten nazanean, artu al izango nozu barriro be, ta onurakorrago naiakezu ordun —bota eutson arraintxoak.

        Eta arrantzaleak:

        —Kontxo! Kaiku ederra nintzake, esku artean dodan arrapakiña, gerokoa aundi izanik be, izan neikela-ta beste barik, jarei itxiko ba'neu!

 

* * *

 

        Ipuin onek darakuskuna: esku artean daukagun zoria, txiki dalako ustez, onura aundiago baten itxaropen barik bertan-bera iztea, zorakeria dala.

 

 

26. Arrantzalea ibai nasian

 

Arrantzale bat bein arrantzu ei ebillen ibaian. Ortarako, ertz batetik bestera zearkatzen eban ibaia sareaz; gero, liñuzko kordel muturrari loturiko arri bategaz ura zaflatu ta binbilika zerabillen, arraiñak, igikera orregaz zorarazo ta balditurik, iges egiterakoan, sare-mailla artean katigu gelditu eitezan. Urran begira eukon auzoko batek taiu orretan ikusirik, arpegira bota ei eutson ibaiko ura zikintzen eutsolako ur loia edan bearko ebala. Arrantzaleak erantzun ei eutson:

        —Neuk be, errekako urari eragin ezik, gosez il bearko yoat!

 

* * *

 

        Laterrietan be bardintsu jazo oi da: errian ezinikusi geiago erein, eta nasteak onura (probetxu) geiago izan oi dabe.

 

 

27. Martin-txoria

 

Bakar-tokia atsegin yako txori oni, eta geienik itxas-gaiñean edo errekondo ixilletan bizi da. Esan oi dabez, bera arrapau naiez dabiltzan eiztariengandik iges egiteko, labar ertzeko arkaitzetan ipiñi daroa bere abia.

        Onako martin-txori batek bein, abia egiterakoan, mendiska batera igon ta andik itxas gain-gaiñean arri-mokor bat zut-zut ikusirik, antxe egokitu ta iarri eban bere abia.

        Baiña egun batean, martin-txoria jateko billa joan zalarik, itxasoak, ekaitz zakarrez puztuta, txoriaren abiraiño eldu ta urez beterik, ito egin eutsozan bertako kumak. Ur-txoriak, biurkeran, jazo yakona ikusiaz, ots egin eban:

        —Ni bai zori gaiztoko! Lurtarren iruzur, kaltar ta lau-muturretik igeska, itxaso onen magalean babestu nintzan, txakurkeri aundiagoa aurkitzeko!

 

* * *

 

        Gizon batzuk era berean, euren areriogandiko gatxari aurrea artu arren, bape uste barik adiskide arriskutsuagoak bidean aurkitu oi dabez.

 

 

28. Azagariak Meander ertzean

 

Egun batez, Meander ertzean batu ei ziran azagariak, euren egarria ango uretan itoteko asmoz; ura, alan be, indartsu joian, eta batak bestea zirikatuta be, etzan iñor be azartu ur-tirañean sartzen.

Euretaiko batek, azkenez, itz egin eban besteak lotsatzearren, erakusten eben koldarkeria arpegira jaurtirik; eta, areik baiño errutsu ta bildur bakoago zala erakutsi gura-ta, utetara saltu egin eban oso azarri ta erabagitsu. Ur biziak, baiña, ibai erdirantza eroan bultzaka ta orduan besteak, ertzez ertz ari jarraituaz, deadar egin eutsoen:

        —Ez gaizan itxi, aizta; biur adi, ta esaigun nun edan geinken arrisku barik!

        Arek, barriz, tiraiñak eroana, jardetsi eutsen:

        —Mandatu bat daroat Mileto'ra; atzerakoan erakutsiko dautzuet leku ori.

 

* * *

 

        Irakaspen au panparroikeriz arriskua billatzen dabenentzat dator egoki.

 

 

29. Bere sabela bete eban azeria

 

Goseak illik egoan azeri batek bein, artzaiñak arte-gerri zuloan gordeta eukiezan aragia ta ogizatiak ikusi ebazan; eta, bertan sarturik, areina laster egin eban.

        Sabela aunditu yakonean, baiña, ta sartu zan lekutik ezin urten, zoritxar a zala-ta, kexuz ta zarataka asi zan. Andik igaro zan beste azeri bat be, ta alaru areik entzunik urreratu yakon eta ainbeste intziri ta ulu zergaitik eukan itandu eutson. Minadia arein zergaitia jakiñik, esan ei eutson:

        —Ba, jarrai egin or len engonan lez egon arte, ta errez urtengo az gero!

 

* * *

 

        Jazokun onek adierazoten dauskuna: aldia durduen ebazle.

 

 

30. Lukia eta laparra

 

Luki (azeri) batek bein, lar-esi gaiñetik saltatu nairik, laban eginda jausi agiñean egoala, lapar bati oratu eutson; aren eztenak, orraitiño, oiñak urratu eutsozan min emoteraiño, ta bota eutson:

        —Igana eldu nok lagun akidan, eta zauritu egin nok!

        —Irea dok errua, laguntxo; mundu guztia atxilotu bearrez ni atxilotu nok eta!

 

* * *

 

        Ipuin onek darakus: gizartean be ba-dirala ezjakin eta meko batzuk, lagundu ordez kalte egiteko prest dagozanai laguntza eske doakiezanak.

 

 

31. Azeria eta mats-mordoak

 

Azeri goseti batek, mats-parratik dingilizka mats-mordo itxura ederrekoak ikusiaz, bere ao-muturragaz arrapau nai izan ebazan; alan be, ezin izan ebazan agoraiño ekarri, eta bere kautan iñoalarik urrindu zan:

        —Eldu barik dagoz oindiño!

 

* * *

 

        Arako gizon batzuk be, euren joan-etorri ta egitekoak erara eroan ezin dabezanean, tarteko goraberai errua ezarri oi dautse.

 

 

32. Azeria eta sugea

 

Atx-iko baten ondotik bidea joian. Eta azeri batek bein antxe ikusi eban sugea lo. Aren gorputz luzea eder yakon, eta aren antzekoa izan nairik, lurrean etzun zan sugearen auzo, baita al eban bestean luzatzen saiatu be; azkenean, luzatu ta luzatu, geiago luzatu naiez indar geiegi egiñik, pizti zurezak iztanda, ler egin eban.

 

* * *

 

        Auxe jazo oi yake, eurak baiño sendoago diranakaz leikide izan nai dabenai: berez doaz lurrera, etsaiari oratu baiño len.

 

 

33. Azeria eta egurgiña

 

Eiztariak aurrean erabillen azeri batek bein, oianean egurgin bat ikusiaz, gorde leku bat billatu egiola eskatu eutson. Gizonak esan eutson bere txabolara joan eitela, antxe ostondurik. Beingoan eldu ziran eiztariak, eta abere bat andik igaroten ikusi ete eban itandu eutsoen egurgiñari. Ezetz erantzun eutsen miñez, baiña eskuz igarten emon eutsen nun egoan kuku, gordeta. Eiztariak, iñotsena siñisturik, ez eben ulertu aren kiñua. Eta azeria, eiztariak bajoiazala oartuz, urten zan itzik be esateke.

        Egurgiñak, barriz, onik atera eban ezkero, berari esker ona erakutsi bear eutsola arpegira bota eutson. Azeriak, baiña, onela:

        —Bai, eskerka nengokizun, zure kiñuak itz antzekoak izan ba'litzaz.

 

* * *

 

        Itzez ontasuna aldarrikatu ta egitez gaizkin antzera dabiltzanai oso ondo yatorke alegi au.

 

 

34. Azeria eta ibai-muskerra

 

Azeriak eta ibai-muskerrak (kokodriloak) euren jatorri garbia ei eben solasgai, berbakizun. Luzaro jardun eban ibai-muskerrak bere aurretikoen jakituriaz, bere aita ginasi-etxezaiña izan zala esanik azkenez.

        —Ez daukak zetan esanik, bota eutsan azeriak; ire narruak berak be argirik naiko yiñostak soinketa arazoan ari azala urte askotan.

 

* * *

 

        Gizartean be ori bera gertatu oi da: esanak eder, egiñak lander.

 

 

35. Azeria eta txakurra

 

Azeri batek bein, aari taldean sartu ta bildots txiki bat bular arteraturik, eregu ta losingaka ebillelakoa egiten ei eban. Txakur batek itandu ei eutson:

        —Zer dagik orrela?

        —Losinga ta jolas.

        —Ba, jarein egik berton, laster ezagutuko dituk bestelan txakurraren losingak!

 

* * *

 

        Maltzurrari ta lapur moldakatxari bete-betean yatorke ipuin au.

 

 

36. Azeria eta leoi-nabarra

 

Azeriak eta leoi-nabarrak, euren edertasuna zala-ta eztabaida bizian ziarduen. Goi-goiraiño jasoten eban leoi-nabarrak bere azal bikaiña, kolore askoz apaindutakoa. Azeriak, barriz, jardunean sarturik, esan eutsan:

        —I baiño askozaz be ederrago nok, gogoz, soiñez eztabe!

 

* * *

 

        Arimako edergailluak gorputzekoak baiño geiago dirala darakusku ipuin onek.

 

 

37. Azeria eta tximiño erregea

 

Abere batzar baten, tximiñoak dantzatu eban; eta, ikusleen naikuna oso irabazi ebalako, euren errege autatua izan zan. Azeriak, tukutsu ta bekaizkor augaitik, okela-zati bat zepuan ikusirik, ara eroan eban tximiñoa, altxor aundia, diru pillo ikaragarria aurkitu ebala, baiña berak jaso bearrean, erregetzari egokiona zalako, beretzat itxi eutsola esanaz. Artzeko eskaturik, tximiñoa urreratu zan uste onez, baiña zepuan geratu zan atxilo.

        Azeriak orduan, ziria sartu eutsola-ta asarre eukan tximiñoaki gaiñeratu eutson:

        —Tentel bat az, tximiño; ta abere-errege izan gura dok!

 

* * *

 

        Era berean gauzai ertzak ganora barik artu bage egiteko aundi baten sartzen diranak be, porrot egin ez-eze, besteen iseka ta irri-purrutera be lotzen dira.

 

 

38. Tximiñoa ta azeria

 

Tximiñoa ta azeria, bidez joiazala, bakoitzaren andikitasunaz eztabaidan ebiltzan. Biak, alkarren leian, euren andiki-agiriak zeazea azterkatzen, arako toki-unera eldu ziran. Tximiñoa, begiak itxi ta intzirika asi zan. Zergaitik negar egian itandu eutson azeriak, eta tximiñoak, erantzuki, illobiak erakutsiz esan eutsan:

        —O, zelan malkoeri eutsi, neure gurasoen morroi-jopuen illarriak ikustean!

        —Esan egik nai dokan guztia —erantzun eutson azeriak—; eurotatik eztok bat bera be jagiko ik diñokana guzurtzeko!

 

* * *

 

        Gizonakaz be orobat jazo oi da: guzurtiak, lotsa-azteko iñor aurrean ez daukeenean bakarrik euren burua goratzen dabe.

 

 

39. Axeria eta akerra

 

Bein potzuan jausi ei zan azeri bat, eta andik ezin urtenik, bertan geratu bear izan ei eban. Egarriak eraginda potzu artara joan zan aker batek, azeria an ikusirik, ura ona zanez galdetu ei eutson. Potzu barrukoak, aldi txarrari geiago egiñez, oso goratu eban ura, eder-ederra zala esanik, eta akerra otoiztu eban bera egoan lekura jatsi zedilla eskatuaz.

        Akerrak, izan be, bere irritsa onulari, potzu-oxiñera saltu egin eban; eta bere egarria arinduta gero, azeriari itandu eutson zelan urtengo ziran toki baltz atatik. Ak, itza arturik, erantzun eutson:

        —Ba-yoagu bide bat, gure gaizkapena nai ba'dok. Ipiñi egizak eure aurreko ankak ormeari dautsela ta jaso gorantza eure adarrok; ni orreitatik igongo nok, eta iri tiratuko dauat gero.

        Orrelaxe egin eban akerrak pozik, eta azeriak, bere lagunaren sorbalda ta adarretatik bizkor igonik, osiñaren goikaldea jaritxi eban, andik amen batean aldenduaz.

        Akerrak mirmor egin eutson, esana ez ebala bete ta; baiña azeriak, burua biurtuaz, erantzun eutson:

        —Entzuik, adiskide, okotzean bizar aiña gogapen ba'eukazak euki buruan, ez intzakean jatsiko potzu ortara, atzera zelan urten aurretiez pentsau barik beintzat!

 

* * *

 

        Onek esan nai dau: zentzundunak eztabela egitekorik asi bear azkena aurretik azterkatu barik.

 

 

40. Azeri buzten-motxa

 

Azeri bat bein lakioan buztena itxi bear izan ebalako, buzten barik lotsaz gorri-gorri eginda ebillen, bizi izatea be gogaikarri yakola nunbait.

        Augaitik, bere akatsa besteenakaz estaltzearren edo, beste azeriak be buztena ebagi egiela eske ta eske ebillan.

        Batu ebazan ba guztiak, eta buztana eraskin motza ez-ezik, alperriko pixua be ba-zala esan eutsen. Baiña areitan batek, jardunez, esan eban:

        —Entzun, laguntxo: onu (kontseju) au egoki yatzulako damoskuzu!

 

* * *

 

        Urko lagunai, ez arein onez, nobere onez baiño, onu emoka dabiltzanai ederto datorkie alegi au.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.