L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1967 III-IV Geldi ta itsu (1967-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Esopo'ren ipuinak

 

Esopo

euskaratzailea: Igotz

 

41. Leoirik ikusi bako azeria

 

Azeri bat ba-zan sekula leoirik ikusi ez ebana. Eta alanbearrak bein pisti aren aurrean egokitu eban. Lenengoz ikuskaturik eriotzeak berak lakoxe bildurra sartzen eutson aren itxureak; bigarrenez be bidean aurkitu eban, ta izutu zan orduan be, baiña ez lenengotan aiña; atzenez, au da, irugarren aldiz ikusi ebanean, arro ta zut leoiaganaiño urreratu zan, pistiagaz autuan sartzeraiño urreratu be.

 

* * *

 

        Ipuin onek zer darakusgun? Ekanduak, gauzarik total eta ikarakorrenak be gozatu oi dituala.

 

 

42. Azeria eta arpegi-ordekoa

 

Azeria bein antzezlari baten etxean sartu ei zan, eta, aren zarpil dandarrak astindu ondorean, ederto be ederto landuriko kokomarro edo arpegi-ordeko bat aurkitu eban beste zarpil askoren artean. Kokomarroa erpartean artu ta esan ei eban:

        —Buru ederra, baiña gurunik ez!

 

* * *

 

        Gorputzez eder, baiña zentzunez meko diran giza-semeai, egoki datorke ipuin onen mamiña.

 

 

43. Gizon bi jainkoetzaz etiketan

 

Gizon bik nor ete zan andiago —Erkul ala Teseu— eztabaidan ziarduen. Jainkoak, baiña, arein txaldankeriaz suminduta, apendua artu ta txarkeria ordaindu nairik, itzalak egin ebezan bakoitzak bere lurraldean.

* * *

 

        Azpikoen eztabaidak su-erazten dabe altsuen asarrea, menpekoen kontra.

 

 

44. Iltzaillea

 

Gizon batek eriotza egin eban, eta illaren senitartekoak aren atzetik ebiltzan. Iltzailleak, igeska, Nil ibaiaren ertzera eldurik, otso bategaz topo egin eban bidean, eta, aren bildur zalako, egal atako zugatz batera igon zan.

        Baiña ara igonda egoala, zugatzean gora beragana etorren suge bat ikusi eban. Zer egin? Ibaira burua bota. Baiña ibaian ur-musker edo kokodrilo andi batek iruntsi eban gaixoa.

 

* * *

 

        Ipuin onek dirauskunez, ezek be ez dautsee —ez lurrak, ez aizeak, ez urak— gorde-lekurik eskintzen jainkoek jazarritako iltzailleai.

 

 

45. Eziña eskiñi

 

Beartsu bat geixorik egoan oso. Osagilleak ezer egin ezin eutsoen ezkero, jainkoekana jo eban, osatu ba'egien, sarraskiak eta zin-gomutagaiak opatuko eutsezala agindurik. Alboan eukan emaztea, ta onek senarrak iñoana entzunik, itandu eutson:

        —Eta nundik atarako dozu guzti ori ordaintzeko beste diru?

        —Onera egin ta indar-barritu ba'nadi, jainkoek uste don itzul-erazoko daustela? —jardetsi eban geixoak.

 

* * *

 

        Alegi onek au diño: gizonak errez egin oi dabezala egiaz beteteko asmo bagako eskintzak.

 

 

46. Koldarra eta belak

 

Gerrara urteniko koldar oskil bat, belaen karrazka entzunik, bere iskilluak lurrean itxi ta geldi lotu zan. Barriz be, gerotxoago, bere armak arturik, aurrera jarraitu eban. Baiña bigarrenez be karrazk egin eben belak, eta gudariak ostera be gelditu, jarri ta esan eutsen:

        —Egin zeinkie, bai, gogoak emon-ala garrasi, baiña asealdi andirik ez dozue nire aragiaz egingo!

 

* * *

 

        Geldo epelai dagokien ipuiña.

 

 

47. Gizona eta txiñurria

 

Itxasoz etorren ontzi bat, bein, ondora joan zan bidazti guztiakin; ondoratze a ikusi eban gizon batek, ekin eta ekin, jainkoen erabagiak etzirala zuzenak iñoan, gaizto bat bakarra galduteagatik erru bako asko be suntsi-azten ebezala ta.

        Txiñurriz josiriko lekuan jarrita onan iñarduala, zomorro orreitako batek ainka egin eutson, eta gizonak, ainka egin eutson bat bakarra zigor-azteko, beste danak be zapaldu egin ebazan. Ermes agertu yakon orduan, eta, bere zaharo edo suge-zigorraz emonik, esan eutson:

        —Esango ete zeunke orain be, zuk txiñurriak lez, jainkoek gizonak ebazten dabezala?

 

* * *

 

        Ezbearren bat gertatzean, ez asi jainkoen kontrako biraoz, geure barruko uts-okerrak arakatzen baiño.

 

 

48. Andra ezigaitza

 

Gizon batek andra zaputz bat eukon, etxeko guztiakaz beti matrakan ebillena. Egun baten, bere aitaren morroiakaz be umore bardiña erakusten ete eban jakitearren, olako atxaki bat bitarteko arturik, aren etxera bidali eban.

        Egun batzuk an emonda etxeratu zanean, senarrak itandu eutson zelan artu eben bere aitaren morroiak, eta andreak erantzun eutson:

        —Artzain-beizaiñak ertzetara begiratu oi ninduen.

        —Eguna argitzean abere-taldeakaz urten ta illundu arte etxera ez datozanak orrela begiratzen ba'zinduezan, beste areik, egun osoan zeugaz zeunkazanak, zelan ikusiko ete?

 

* * *

 

        Gauza pitiñak takian-potian andiak, eta ikusten diranak eztiranak, estalgetu oi dauskuez.

 

 

49. Malmutza

 

Malmutz batek norbaiti itz emon ei eutson, Delfos'ko igarle-erantzunak guzurra iñoala, berak erakutsi baietz. Eldu zan ortarako eguna; oker utsa, kardantxillo bat artu ta bere mantupean gorderik, jauretxera zuzendu zan. Igarleagaz bekoz beko jarri, ta eskuan eukana gauza bizia ala «bizigabea» zan itandu eutson. Jainkoak, erantzuki, «bizigabea» ba'iñoan, kardantxilloa bizirik erakutsiko eutson; «bizirik» esaten ba'eban, esku artean itoazo ta illik aurkeztuko eutson.

        Jainkoak alan be, aren asmo zitala ezagutuz, arpegira bota eutson:

        —Naikoa maltzurkeri, gizon; eure eskuetan yagok or daukana illik naiz bizirik egotea.

 

* * *

 

        Jainkotasuna edozein oto naiz ez-usteren gaiñetik dagoala, erakusten dausku ipuin onek.

 

 

50. Arroputza

 

Erritarrak mekotzat eukien kirol-zale bat, bein, erbestera joan zan. Aldikada bat kanpotik egiñik, errira etorri zan atzera be, alako ta onako tokitan gauza arrigarriak egin ebazala agirian esaka. Au iñoan, batez be: Olinpiar jokuetan koroatuak izan oi ziran kirol-zale batek berak be egingo ez leuken lako saltua, berak Rodas'en egin ebala; asko zirala marka arrigarri ori ikusi ebenak, eta egunen baten an egondakoren bat ba'etorren, berak aurkeztuko eutsela.

        Entzule batek, itz-arturik, jalgi eutson:

        —Aiko, lagun: ori egia ba'dok, ez joagu beste testigurik bear; au be Rodas dok, eta egik emen be an egiña.

 

* * *

 

        Alegiaren guna: gauza bat egiteakaz ziurpetu ezin daitenean, esan daikezun guztia alperrikoa dozu.

 

 

51. Buru-zuria eta maitaleak

 

Gizon buru-zuri batek maitale bi eukazan, gaztea bata ta zarra bestea. Urtetan zarragoa zanak, bera baiño maitale gazteagoaz artu-emona eukalako lotsaturik, ikustera joakon bakoitzean ule baltzak ateraten eutsozan. Gazteak, bere aldetik, zar bat maitaletzat ez eukitearren, ule zuriak ateraten. Gizona olan, bein batak eta bein besteak mutildurik, buru-soil geratu zan.

 

* * *

 

        Gauzak ondo banatu-ezik, beti be, biotz-miñak ekarten.

 

 

52. Itxasoan galdua

 

Atenaitar aberats bat ontzian joian beste bidazti batzukaz, eta bat-batean ekaitz zakarrak eraso ta jo ebalako, ura sartzen asi yakon ontziari. Eta itxastar guztiak, gaizkatzearren, igeri ebiltzan bitartean, atenaitar aberatsak, arrisku atatik onez urtetekotan, ainbat opari-mueta agintzen eutsozan Atenea jainkosari, etenbako ulu ta arrenean.

        Alboan igerika ebillen batek esan eutson:

        —Eska egiok Atenea'ri, baiña eure besoai be hai.

 

* * *

 

        Jainkoai deiez gabiltz askotan, baiña onez urteteko geure eskuz be lan egin bear dogula, eztaigun aiztu.

        Geure alegiñari esker, jainkoen babesa jaritxi ba'dagigu, zoriontsuak gu.

        Zori txarpean gabiltzanean, alegiña egin daigun andik urteteko; gero, orren ondoren, eskatu jainkotasunari laguntza.

 

 

53. Itsua

 

Itsu bat ba-zan oso trebea; ikutuz bakarrik ezagutu oi ebazan esku mende jarten eutsoezan abere danak, zein mueta edo erako zan esanik. Bein otsoko bat ekarri eutsoen aurrera; ikutu ta ezpaian geratu zan, igarri eziñik lez.

        —Ezin dot asmau —esan eban—; ez dakit otso ala azeri-kumea dan, edo beste abere klasetakoren bat ; baiña bildots-elian bizi izateko au jaio eztana ba-dakit.

 

* * *

 

        Dongeen izamena, sarri, itxuratik ezagun.

 

 

54. Zaplandaria

 

Gizon geixo, ez-euki batek, eriotzatik onez ateratekotan, eun idi lepo egitekoa agindu eutsen jainkoei. Argibide bat eskatzen zan, eta jainkoak laster lagundu eutsoen, galdutako osasuna barriro be beraganatuaz; gizona beingoan jagi zan ogetik. Baiña idirik ez eukan-eta, gantz-koipez moldatu ta opamai gaiñean il-azo ebazan aginduriko eunak, esanaz:

        —Ar egizue, jainkuok, nire oparia!

        Oraingoan jainkoak be lakatz ederra sartu nai izan eutsoen guzurtiari; ames bat bialdu eutsoen itxas-ertzera joateko zirautsana, milla zidar txanpon antxe aurkituko ebazala-ta.

        Zaplandaria, pozari eutsi eziñez, ur-ertzera zuzendu zan laster baten, itxas-lapur batzuen eskuetan jausirik; oneik, gerora, saldu egin eben, eta arela aurkitu ebazan milla zidar txanponak.

 

* * *

 

        Alegi au, guzurtiari datorkio bete-betean.

 

 

55. lkazgiña eta illagiña

 

Bere etxean ikaz-lanean ari zan ikazgin bat, bein, beragandik ez urrin be, bere eun edo ille-ola eukan illagiña ikustera joan zan, biak batera lan egin bear leukiela esanik; orrela, ba, adiskideago izan ez-ezik, etxe bat bera eukiaz gastu gitxiagogaz biziko ziran. Illagiñak, orraitiño, erantzun eutson:

        —Ori ezin joat nik; nik zurituko neukeana, ik kedarrez baltzituko eukek.

 

* * *

 

        Ipuiñaren irakatsia: izaera ezbardiñak, ezin korapillotu.

 

 

56. Gizonak eta Zeus

 

Abereak izan ei ziran lenengo moldatuak. Zeus'ek, barriz, oni emon ei eutsan indarra, ari bizkortasuna ta egoak aragokoari. Gizona billoisik gelditu ei zan, eta Zeus'i esan ei eutson:

        —Neu itxi nozu bakar-bakarrik, mesede baga.

        —Ez dozu aintzat artzen egin dautzudan doaia, ta andienetarikoa dozu —erantzun eutsan Zeus'ek—. Adimena dozu, ba, jainko ta gizonen artean altsua, altsuak baiño be altsuagoa, azkarrenak baiño be azkarragoa.

        Gizona ordun, Zeus'en atsegin-saria ezaguturik, jainkoari eskerrak emon ta gur-egiñez, andik aldendu zan.

 

* * *

 

        Gizon guztiak artu dabe adimena, doai andia. Nok emonda? Jainkoak. Batzuk, alan be, doe andi orren aurrean be biotz-gogor ta esker-txarreko agertzen dira, adimen eta biotz-eragiñik ez daben abereen arteko izan naiago dabela erakutsirik.

 

 

57. Gizona ta luki-emea

 

Gizon batek begitan artu eban aillagiñako kalteak egiten eutsozan luki-eme edo azeria. Jausi zan noizbait bere eskuetan, eta ari buruzko asperkunde betea aurrera eroatearren, oriotan bustitako amulu-zati bat buztanean lotu ta su emon eutsan. Jainko batek, baiña, buru-bakoaren solora eroan eban pisti ixiotua; labore-sasoia zan, eta gizon ergel arek, azeriari jarraika, negar-malkotan ikusi eban bere solo-labore guztia osorik ondatzen.

 

* * *

 

        Gaitezan parkatzaille ta neurrizko; sarri jazo oi danez, asarreak mutur-zorrotzai be kalte andiak dakartsez.

 

 

58. Gizona eta leoia, bidez-bide

 

Bein gizon bat eta leoi bat alkarregaz joiazan bidean. Nor geiago ete zanekoa eben autugai; bide-oiñean arri-tente bat idoro eben, eta gizona leoia beso artean itoten agiri zan bertan irarrita.

        —Or dakusk zuok baiño indartsuago dana —bota eutsan gizonak leoiari, arri a erakutsiaz.

        —Leoiak arria lantzen ba'lekie —jardetsi eutson leoiak, maltzur irribarrez—, askoz gizon geiago ikusiko zendukez leoien erpa artean.

* * *

 

        Itzez asko sutsu ta ausart, baiña orreik be oar-ikasiak askotan guzurtu ta lotsarazi oi ditu.

 

 

59. Gizona eta eztenkaria

 

Gizon batek bein adiskidetzako ituna osotu ei eban eztenkari edo miin-zorrotz bategaz. Eldu zan negua eta, jakiña, otza; gizonak, esku biak agora eroanaz, puzka ekion euretan.

        —Zergaitik orrela? —itandu eutson eztenkariak.

        —Otz dagolako eskuak berotzen dodaz —erantzun eutson.

        Gero jatekoa ekarri eutsoen, bero-bero, kea eriolarik, eta gizonak, zatika jasoaz, putz egion zati bakotxari. Miin-zorrotzak barriro itandu eutson ia zergaitik egian ori. Jana beroegi egoala, ta otzitu nairik, ebillela puzka erantzun eutson.

        —Entzun egik, ba —ots eztenkariak—; otza ta beroa, bardin putz dagizan ezkero, etxoat nai ire adiskidegorik!

 

* * *

 

        Ondorena: bada-ezpadakoakaz ez dogu adiskidetasunik euki bear.

 

 

60. Gizona eta irudia

 

Txiro batek jainko baten irudia eukan, eta beti ebillen dirua emon egiola ari eske ta eske. Bein, alan be, bere ezeukia gero ta andiagoa zalako, asarratu ta jainkoa, anka batetik oratuaz, ormearen kontra jaurti eban. Jainkoaren burua apurtu zan, baita urrezko txanponak zelaian iraurri ta sakabanatu be. Gizonak batu zituan eta ots-egin:

        —Dakustanez, erdikoz bazterrera daukazuz zuk gogapenak; esker gaiztoko izateaz gaiñ, gurtzen zindudazanean ez ninduzun lagundu ta orain, jaurti zaitudanean, ondasunez beteaz erantzuten daustazu.

 

* * *

 

        Alegi onek au erakusten dausku: gaizto bat aintzat artuaz ez dogula ezer irabazten, eta sarritan bera zigor-azoaz geiago lortu daikegula.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.