Mao Tse-Tung'en olerkiak
Mao Tse Tung
euskaratzailea: Igotz
«Kontxo, kontxo, gizon au be olerkari?», esango daust norbaitek. Bai, Mao be poeta. Kondairak ezagutu dauan diktadurarik gogorrena Txina'n sartu ta ipiñitako gizona, olerkari dozu, ta bikain samarra izan be. Anai arteko burruka garaian, Txina astindu eben unerik latzenetan, goi-argiak ikutua nunbait, poema politak idatzi zitun. Gerora, barriz, 1949'garrenean garaitza lortu ondoren, gitxi idatzi dau, bertsotan beintzat. Ona, bere liburuetan agertzen diranetatik lau, euskeraz.
I) Mendi-besangak
Mendi-besangak!
Neure zaldia zastatzen dot,
bizkorrago!,
zela itxi bagarik.
Abiatzen naz ta burua jasoten
zerua iru oiñera dago, irura, neure gaiñ.
Mendi-besangak!
Itxaso zakar iduri, olatu ausiak
jaso ta iraul-erazorik,
burruka zelaiaren erdian
burua zutitu ta ostikoka dagien
millaka zaldien antzean.
Mendi-besangak!
Zeruko urdiñean sartzen dabez
euren mustur zorroztuak.
Aren indarrak bermatuko ezpa-leuz,
orpotik egingo leukie zeruak.
(Mao'ren oarra: Erri-kanta batek diño):
Garazur mendia an, goian dago,
Altxor mendia an, beian,
zerua iru oiñera dago, irura, bakarrik.
Igaroteko, burua makurtu bear dozu
edo zelaiaren bizkarretik jatsi.
2) Tapoti
(Laugarren Muiño ostean, 1933'ko otsaillean idatzia)
Gorri, laranja, orimin,
musker, anilezko, more, urdin.
Nok dagi zeruan dantza
ta kolorezko zinta oni bira?
Atertu da euria
ta euzkia da barriroz,
eta atxartea ta munen betertzak
urdinkara dagoz.
Orro dagi, ostera be,
burrukaldi zakarrak.
Bala-zuloakaz nabarturik
agiri dira erriko ormak,
euren ederra geiagoturik.
Eta gaur muiñoen gaiñak
are dirudie ederragoak.
3) Nanchang'i eraso
Bagilla: gure gudaroste bardingeak
ustelari, gaiztoari
erasoten dautsoe,
milla metro luzeko sokaz
erensugea korapillotu naiean.
Kan ibaiaren bestekaldean
lur-zati bat gorri biurtu da,
Huang Hung-Lüeh'ren
Gudarosteari millesker.
Millaka langille ta lugin garailleak
Kiangsi amilka daroe,
ta Liang Hu'ri atseden bage
erasoten dautsoe.
Laterri-artekoa'ren sugar beroa,
aize-zurrunbillo ikaragarri lez,
zerutik nire gaiñ jasten da bira-biraka.
4) 1929'ko Urte Barri eguna
(Lenengo bertsoko errien izenok Fukien probintzian dagoz;
beroz, Mao'k eta Chu'k eguzki aldera eroezan euren gudarosteak,
an gudarako abialekua jarteko asmotan).
Ninghua! Chingliu! Kweihua!
Medarra da bidea,
oiana ezkutuz betea,
odolgia labankor.
Norantza ete goaz gaur?
Artez-artez, Wuyi mendi oiñera.
Mendiaren oiñera,
mendiaren oiñera.
An, aizeak zabal-erazoko dau,
pergaminu bat legez,
gure ikurrin gorria.
|