L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1968 I-II Bakardade (1968-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Esopo'ren ipuinak

 

Esopo

euskaratzailea: Igotz

 

61. Gizona eta urrezko leoia

 

Izatez epel ta gelbera zan zikoitz bat, urrezko leoia bidean aurkitzean, onela asi zan esaten:

        —Zer egin orain? Izuak geldierazten dau nire errazoia; ondasun-goseak batetik eta bildurrak bestetik, eratzita naukie. Urrezko leoi au, zer alanbear edo urtzik egin ete dau? Gertatzen yatanak inki-ankaz beteten daust arimea; urrea gura dot, eta urrez egiñikoak bildurra sartzen; saka dagist naiak au artzera, ta nire berezkoak izteko diraust. Zori latz, eskiñi ta artzen izten ez dauna! Ondasun, atsegiñ bage! Jainko baten ona, oiñaze biurtua! Zer nik egingo eskuetara dakidan? Menpekoai dei egingo dautset; eta, adiskide-talde orrek leoia arrapatzen dauan artean, ni begira egongo naz urrundik.

 

* * *

 

        Ondo yatorko ipuin au, ondasunak ez ikutu ez erabilli, zalantzan dagon aberatsari.

 

 

62. Artza eta azeria

 

Arro ebillen artz bat, gorpurik ez jatearren, gizakumeak maite ebazala-ta. Azeriak bota eutson:

        —Oba, zuk biziak barik illak txikitzea, jainkoak nai ba'lebe!

 

* * *

 

        Azal-uts eta arro bizi yakuzan esku-eutsi ta lukurrak argira dakarskuz alegi onek.

 

 

63. Lugiña eta otsoa

 

Lugin batek, ur-askara eroan ebazan bere idiak. Zer-jan billa ebillen otso triputs batek areik itxitako goldea aurkitu eban soloan, eta aurrenen buztarri-ertzak miazkatzen jarri zan; ondoren, konturatu barik, samea sartu eban aren barruan eta, andik askatzeko indar egitean, erreian zear narrastu eban goldea.

        Lugiñak, itzuli zanean, au ikusirik, ots egin eban:

        —A, lapur!; eure ogibidea itxi ta lur-lanari buztartu al ba'eunke!

 

* * *

 

        Gaiztoak, onak dirala siñestarazi naita lerrenak egiñarren, arein berezko izateak ez dausku siñisten izten.

 

 

64. Izarlaria

 

Izarlari batek, izarren goraberak ikasten gau guztia emoteko oitura eban. Bein, uriko ateetatik kanpora, izartegira begira sor ebillela, onik onenean osin batera jausi zan.

        Potzu barruan deika ta negarrez egoala, ain zuzen gizon bat igaro zan andik, eta aren garrasiak entzunaz, urreratu yakon zer eukan jakin naiean; jazo yakona entzun eutsonean, bota eban:

        —Lagun! Zeruan dagoana ikusi gura dok, eta ez dakusak lurrekoa?

 

* * *

 

        Alegi au, ustez arrigarriak egin dabezalakoan arro ibilli ta bizitz-gorabera errezenetan be ganoraz jokatzeko gai ez diranai, egoki ezarri gengikeoe.

 

 

65. Igelak errege eske

 

Igelak, bizi ziran naasmen ta legerik ezaz gogait eginda, aldun talde bat bialdu eutsoen Zeus'i, errege bat emon egioela eskatzeko. Zeus'ek, arein ergel-izatez errukiturik, enbor bat bialdu eutsen egozan ur-osiñera.

        Igelak, egur aren otsaz bildurtuta, potzu barrenean gorde ebazan euren buruak; azkenez, egurrak ez egiala zirkiñik konturatu ziranean, ur-azalera igon eben barriro; eta enborra ain geldi ta bare ikusiaz, saltuka asi ziran aren gaiñetik, ezelango lotsa bage bizkarrean be ezarri ta kili-kili egiten eutsoela.

        Enbor geldo bat nagusitzat eukela-ta, lotsaturik, Zeus'en aurrera joan ziran barriro be, erregea, lengoa ergela zala-ta, aldatu egioela eskatuaz. Zeus'ek, asarre, ur-sugetzar bat bidali eutsen. Ziraun ikaragarri arek, ostera, danak arrrapau ta banan-banan iruntsi egin ebazan.

 

* * *

 

        Ipuin onek auxe darakusku: obe da gizaseme ergel ta gaiztakeri gabeak zuzendua izatea, gartsu ta gaiztoak baiño.

 

 

66. Auzoko ugarazioak

 

Zingira sakonean bizi zan ugarazio bat, bidetik aldendu samar; beste bat, aren auzokoa, bide egaleko osiñean.

        Zingirakoak sarri esaten eutson auzokoari, bizi izaten, bere ondora joateko; an obeto ta seguruago biziko zala.

        Baiña, etzan bestea errez zuritzekoa: bere oitura zarrez jantzita eukan bizitegia egaberan iztea aldatz-gora egiten.

        Bein gaixoa, andik igaro zan burdi batek, ez bat eta ez bi, oso-osoan arrapau ta zapaldu eban.

 

* * *

 

        Beste ainbeste jazo oi da gizonakaz be: lanbide kaskarretik bizi diranak, beste deduzkoago bat artu baiño, il naiago dabe.

 

 

67. Igelak eta ur-arka agortua

 

Ur-arka baten bizi zirean igel bi. Baiña osin a, udea eltzean agortu zalako, bazter itxi ta beste urezko baten billa joan ziran. Andik ona ibilliz aurkitu eben pozu sakon bat, eta a ikusterakoan igel batak esan eutson besteari:

        —Lagun!, jatsi gaitezan biok pozu ontara.

        —Baiña, emengo ura be agortu ba'dadi —erantzun eutson besteak—, zelan urtengo dogu bertotik?

 

* * *

 

        Alegi onek dirauskunez, auzietan ezta ariñegi muturra sartu bear.

 

 

68. Igel osagillea eta azeria

 

Igel bat, bein, osin barrutik abere guztiai deiez egoan:

        —Osagille nozue! Osatzeko erarik asko ezagutzen dodaz!

        Azeri batek, ori entzukeran, bota eutson:

        —Zelan osatu einkek ik iñor, eu be errena izanik, eure burua osatzeko lain ezpa-az?

 

* * *

 

        Ipuiñaren erakutsia: eskolatua eztanak nekez besterik eskolatuko.

 

 

69. Ardatza eta idiak

 

Idi-buztarri batek beiñola burditzar bat eroian tatarrez. Ardatza txirrioka joian eta idiak, atzera biurturik:

        —Entzun, lagun —sudurrera emon eutsoen—, guk garoiaguk kargea ta i alamentu egille?

 

* * *

 

                        Asko ikusi oi ditugu

                        itxuraz nekaturik,

                        egiaz lan dagienak

                        beste batzuk izanik.

 

 

70. Iru idi eta leoia

 

Iru idi beti alkarregaz ebiltzan beresian. Iruntsi nai ebazan leoi batek, baiña eragozpen yakon arein alkartasuna.

        Idiak orduan, itz zakarrakaz, alkarren artean asarre-azo ebazan, eta bata-besteagandik banatzeraiño asarre-azo be.

        Orrela, bat emen ta bestea an ikusi ebazanean, irurak iruntsi ebazan.

 

* * *

 

        Seguru bizi izatea gura ba'dozu, uste onik ez jarri arerioengan; adiskideengan bai, ostera, ta zer jazoko be, eurak ez galtzeko egizu al dozuna.

 

 

71. Erkul eta beizaiña

 

Beizain bat, auzune batera bere burdiaz joiala, au trokarte batera jausi yakolako, estuasun atatik urteteko idiai lagundu bearrean, geldi egoan beso biak gurutzan, jainko guztien artean Erkul'i deika, auxe bai eban maiteen.

        Erkul'ek, ordun, agertu ta bota eutson:

        —Ezarriok eskua gurpil bati, akulatu idiak eta ez egizak jainkoak otoiztu, euk aurretik al dokana ikusita izan ezik. Orrela ezpa-dagik, alperrikoak dozak ire deiak.

 

 

72. Ipar-aizea eta eguzkia

 

Ipar-aizeak eta eguzkiak, bakotxak bere indarrai buruz, eztabaida gogorra erabillen. Zein zan geiago ikusteko, bidez joian bati jantziak eraztea erabagi eben: ori lortzen ebana izango zan txapeldun. Lenengo ipar-aizea asi zan ortan, zakar be zakar putz-egiñik; bidaztiak bere kautan estutu zitun jantziak. Ipar-aizeak indartsuago artu eban; gizonak, baiña, otzaz aspertuta, beste soiñeko bat jantzi eban. Ipar-aizeak, amor egiñik, eguzkiari itxi eutson bere arloa.

        Au, samur dizdiz egiten asi zan lenengo; eta bidaztiak bigarren soiñekoa erantzi eban. Eguzkiak ondoren erraiñu gartsuagoak bialdu eutsozan, eta gizona, ainbesteraiñoko beroa eroan eziñik, aldeko jantziak osoan kendu ta alboko errekara joan zan bustialdi bat artzen.

 

* * *

 

        Etsimena, indarra baiño geiago izan, ipuin onek dirauskunez.

 

 

73. Leoia eta beizaiña

 

Idi-taldea larran erabillen beizain batek idisko bat galdu eban. Aren billa arakatu zitun aldamen guztiak, baiña ez eban aurkitu. Zeus'i agindu eutsan gero, lapurra aurkitu ba'egian, aume bat lepo egin ta eskiñiko eutsola.

        Joan zan basartera, ta leoi bat aurkitu eban an txala jaten; bildurraren andiz, eskuak gorantz jaso ta ots egin eban:

        —O Zeus altsu!, len, lapurra aurkitu ba'nengian, aume bat eskiñiko neutzula agindu neutzun; orain, barriz, leoiaren erpetatik iges ba'dagit, zezen bat lepo egingo dautzut!

 

* * *

 

        Ezbearren bat izan dabenai ondo datorkioe alegi au: aurrenik, izuak jota, igesbide bat gura dabe; gero, igesbide ori aurrean daukeenean, bertatik atzeratu naita dabilkiguz.

 

 

74. Saguzarra eta kardantxilloa

 

Kardantxilloak, leio-ertzeko untzetik dingilizka egoan kaiola barru, gaba izan arren, kantari ziarduan. Saguzar batek urriñetik entzun eban aren kanta-soiñua; urreraturik itandu eutson ia zergaitik egunez ixillik egon eta gabaz abeska ekion.

        —Ezta errazoi barik —erantzun eutson—; len egunez kanta oi neban, baiña atxilo artu ninduen; arrezkero zur nabil.

        —Orain ez daukazu, ba, zur zetan ibillirik; arrapau baiño len ondo, baiña orain alperrik dozu.

 

* * *

 

        Ipuiñak erakusten dausku alperrik dala, zori txarrak oratzean, illeta joka ibiltea.

 

 

75. Katemea eta Aporodite

 

Kateme bat, mutil lerden batekin maite mindu zan, eta Aporodite'ri eskatu eutson bera emakume biurtu egiala. Jainkosak, aren naiaz erruki, neskatil lirain egin eban; eta ordun mutil gazteak, aregaz zaletua, bere etxera eroan euskun.

        Biak ezkon-gelan atseden artzen ziran bitartean Aporodite'k jakin nai izan eban, katemeak gorputza aldatzean izakerea be aldatu ete eban, eta ortarako arratoi bat askatu eban areik egozan gela erdi-erdira. Katemeak bertatik, garai artan eukan izakerea azturik, oetik salto egin eta arratoia arrapau nai izan eban jateko. Jainkosak, orduan asarte ari buruz, lengo izakerara biur-azo eban.

 

* * *

 

        Izamen gaiztoko gizonak be, edu berean, egokera bestelakotu arren, berezko aria eztabe aldatzen.

 

 

76. Ogi-gaztaia eta karraka

 

Ogi-gaztaia errementariaren lan-lekura jatsi ta an aurkitu eban karraka (lima) miazkatzen asi zan.

        Aren miiñari, ekin eta ekin, odola erion laster; eta pozarren aldegin eban andik ogi-gaztaiak, miiña ondatzean burdiñeari zatiren bat kendu eutsolakoan.

 

* * *

        Ipuin onek gogoratzen dauskuz besteak asarreazoaz euren buruari be kalte dagitsoenak.

 

 

77. Agurea eta eriotza

 

Zar batek bein, basoan egur-egin ondoren, zotz-sorta bat leporatu eban etxera eroateko. Bide luzea eukan bitartean. Sortapean makur nekatu zan, eta azkenik fardela askatu ta eriotzari dei egin eutson. Eldu yakon deira ta zergaitik oles egion itandu eutsan zarrari. Agureak, ordun:

        —Egur-sorta au bizkarrera jasoten, lagundu daistazun...

 

* * *

 

        Alegiak darakuskuna: saporez, zori txarpean eta tirri-tarra ibillita be, gizaseme guztiak bizi gura.

 

 

78. Lugiña eta arranoa

 

Lugin ezeinbatek beiñola arrano bat idoro eban sare-artean atzemona; eta guztiz ederra begitandu bai yakon, sare artetik jareginda, azke itxi eban.

        Arranoa ez yakon esker txarreko izan. Bein baten, beera etorren orma oiñean lugiña ikusirik, ara joan yakon egazka, ta gizonari, buruan lotuta eukon zintea kendu eutson erpakaz. Jagi zan a egaztiaren kontra, jazarka. Arranoak jausten itxi eutson zintea. Lugiñak jaso eban, eta ona!, atzera biurtzean, len bera jarrita egon zan lekuan ormea jausirik aurkitu eban; laster konturatu zan arranoak olan ordaindu eutsola sare artetik atera ta azke itxiaz egin eutson mesedea.

 

* * *

 

        Arturiko mesedeak eskertu bear dira.

 

 

79. Nekazaria eta txakurrak

 

Eguraldi gordiñak estu ekarren nekazari bat. Jateko billa okullutik ezin urtenda, bere aariak iruntsiten asi zan. Ondoren, edurtea aurrera joiala-ta, auntzak be jan bear izan ebazan; eta, azkenez, aldi zakar a baretzen etzan ezkero, idietaraiñoko guztiak asakatu zitun.

        Txakurrak, ba, gertatzen zana ikusirik, euren kolkorako esan eben:

        —Goazen emendik; ugazabak, aurki, beragaz lan egien idiak il ba'yozak, ez dauskuk guri parkatuko!

 

* * *

 

        Ipuiñaren guna: kontuz ibilli, areikaz batez be, eurakandik urren dagozanai kalte egiteko bildur ez diranakaz.

 

 

80. Lugiña eta sugea

 

Suge batek, arako lugiñaren semea egoan lekuraiño narrasturik, il egin eban bera. Jakiña, atsekabe itzala artu eban lugiñak; eta, aizkora bat eskuratuaz, sugearen abi ondoan jarri zan zelatan, pizti gaizkillea urten-ala ilteko asmoaz.

        Erakutsi eban sugeak bere burua. Zast!, lugiñak aizkorakadea; baiña uts-egin eutson zartakoak, alboko arria bitan zatiturik. Sugearen asperkuntzaren bildurrez gero, onezkoak egin nai izan ebazan. Sugeak, alan be, erantzun eutson:

        —Nik ezin neinkek igazko sentipen onik izan, arriari erauzi dautsokan zartakoa ikusita; ik be, ezin naikek ni begi onez ikusi, eure semearen illobia aurrean dok-eta.

 

* * *

 

        Asarre andietan ezta erreza, ez, barriro onezkoak egitea ziñez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.