Ertia
Ruben Dario
euskaratzailea: Igotz
Ruben Dario Felix Ruben Garcia Sarmiento Metapa-Nikaragua'n jaio zan 1869'ko urtarrillaren 18'an. Diplomatiku lez ara ta ona, Europa'n batez be, ibilli ondoren, bere aberrira itzuli zan azkenez ta an il zan 1916'ko otsaillaren 6'an.
Espaiñar olerkia berak barriztatu eban, ia susterretik, eta gaur be, barru ta azal, gaztelar olerkiaren aita da. Paris' en bizi zala, orduko prantses olerkiaren joerak parnasotarrena ta sinbolu-zaleena, batez be arrigarriro beretu, antzemon ta egosi zitun. Olerkia bere izatean dardaraztu ta bide barriak zear jarri ebana, bera dogu: molde zarretatik urtenda, garai artako poesiak ezagutzen ez ebazan itz esangarridunak, alegi ta iduri lillurakorrak, ertzik bako ritmu ugaria, bertsoetan era ta naste izugarriak, kolore ta doiñu bereziak. Ori Ruben Dario'ri zor dautsagu. Gaur, alan be, aren eragin eta ugaritasunak zerbait aspergarri yakuz.
Amerikar idazle gartsu onen olerkiak sarri be sarri argitara emonak izan dira. Eta asko irakurriak. Guk be, naiz-ta zerbait atzeratuta, aren jaiotzetiko eun urteburua zelanbait ospatuteko, emen dakargu aren poesi bat, euskeraz, erti edo arteari buruz ak ederto egiña.
Soit: le tonnerre aussi.
Biktor Hugo.
1
Jainkoak, bere al izatean,
leia azken gabez betean,
zeruan goiz-antz ederrak erein
ta utsera ludiak jaurtzean;
oro Jainkoak egiña dogu.
Zelan? Jainko guzti-altsuak
bere buruan ekusan lezak,
bere oiñetan be osiñak;
bere izatean bertan sortua,
arnas atsa eban aizetu,
eta lezaren barru-barruan
dardara-igi bat zan sortu.
Milla goiz-izpik, ixioturik,
emon eben dizdiz guria
eta ludiak ler-egin eben
lore-pikor lez, alegia.
Jaunak eskua luzatu eban,
biziz bete zan lurra oso;
jaio-barria eban estali
soiñeko urdiñez: itxaso;
oial bigunak eundu ebazan
Eol artegari emonik,
ta buru baten eta bestean
leiar-izotzak iñaurturik;
Arek, gerora, gura izan eban
hura onetsi: poz-tokiko
usain gozotan Jainkoak berak
anbartu eban samurkiro;
eta zabaldi basatietan
ta basarte koroituetan,
zeibu-gurutz ta masti-abarrez
Berak naro jantzi ebazan;
ta igali leunak dizditu ziran
ezkur gozoz lurrindurikan,
eta urrezko tanto antzera
mahatsak euren mordoetan.
Bitzuon gaiñak, alkarri eutsiz,
apain dagie margo-lauki
lorak, egazti usain-jario;
egaztiak, lorak kantari.
Ta sumendiak azkar joiazan,
arranoa iduri, gorantza;
ta goian odei lodia itzul zan
ekaitzen magalpe belatza.
Eta izadiak, oso-osorik,
bota zun bere len-intzira;
lurbira danan dardaratzaille
izan zan aren len-pilpira.
Baiña batez be Berak, aundiak,
gauza guztien Sorle danak,
biran argia dizdiz betean
ta aldia oiñaulki daukanak;
Jainkoak berak ixuri eban
giz-barnean gogai-azia
ta biotzaren zer-izanean
maitasunerako azkia.
Ala emon zun, ezagutzea,
jakin-miña, indarra, kemena,
beroa eta gaztetasuna
ta lana ta burutapena;
eta Arek, dana banatzen daunak
bere naira ta erean,
argiak legez dana artzen daunak
ertia jarri zun lurrean.
Ertia geroz ikurratz dozu
Jaunak irarria barnean,
Berari onen deritxonaren
biotz-otsein muin ostenean.
Ta ertilariak egazka dagi
beti eder danaren billa,
Jaunak ariman irarri dautson
ikurra beraz daroala.
Sua daroa begira sistan;
sukarrez ase, itz erotu;
mundua, barriz, noizka dakusa
begiratzen eztaunan edu.
Ertilariak eztauko bada
zer-ikusirik lur-gaiñean,
eta antxe dabil goiak barruna...,
bai, trumoiaren magalean.
Eta andik beera jasten danean,
edozertarako da gauza...,
baita arrobi bati kentzeko
Moises'en arpegi zakatza;
edo pintzel bat zeru azpiko
sakonean ureztatzeko,
ta oial baten ludia sortu
ta Errapel deitu-azteko;
edo usgune itsu, ozpel goibela
gezi zorrotzez zulatzeko,
uts-sabelera jaurtirik ausart
goi-orratzak arri latzezko;
edo-ta doiñu askodun otsen
erraiak leun sakon-azteko,
ta ari tinkatu batetik zotin
ta trumoiak aterateko;
naiz olerkari izateko; t'ordun,
ba-dakizue, orrek zera
lepora jaurtzen dau borontzezko
aridun lira ezilkorra;
eta an, sumiña bordoi bakoitzak
damotso, poza, negar-auen...
Danontzat dauko eres-doiñu bat,
danentzat daki zerbait ozen.
Gudamutilla dabes bulartsu,
burrukan iñar sutsu oso;
gerkarra dabes buruzagia,
ta orduan Omer deritxo.
Ta Jerusalen artako egun
abesten ditu zori latzak...
Ez entzun soilki..., ikus dagiguz
Jeremias'en trumoi-otsak.
Aulki gaiñean doillor dagoan
jauntxo salkorra dau zauritzen,
Jubenal zalak betosko arro
ziri-bertsoz dausku agertzen.
Kopet larua tximur-asten dau
ikus-eziñaz izketari;
Musa izukorrak ixil damotsa
loaren bedarra edari;
urrats ezpaikoz or dabilkizu,
eta gogoa yakola urratzen,
bildurge!, illen egon-lekuko
baratz gozoa dau kezkatzen;
gozotasuna atzera itxirik,
jarraika doa itzalari;
ixil Jainkoari dagio soa,
irribarretsu Satan'i;
barne-miñaren erpa latzpean,
lira dau sendo bertan joten,
ta barrendiko suaren bidez
galda gori yako biurtzen;
eta miresten dauan arnasaz
asten da kanta-kantari,
ta suzko bertsoz dau gero idazten
itzalaren epopei andi;
ta asmamenaren beta jasorik
dirdaizko, derakus argia,
Jainko-gizonen aurrean Dante!
bere biotz arrigarria.
Ta jeiñu orrein atzetik gero,
beste bat areikana igonik,
arein dirdaiak miatzen ditu
eder ta andia zearturik.
Eskugoaren asmamen argi,
jarleku jaso gaiñ zankartez,
emeretzigarren gizaldiak
Gizadiari dautso aurkez;
Paris'tik bere gogai ta asmoak
ditu ixurtzen sakon-zorrotzik,
ta Aomenak mundu osoan zear
daroaz bere egoz arturik:
Biktor Hugo! Oi, aren abotsak
kantu ezilkorrak dauz sortzen...,
ta auxe da beste bat areitako,
an goitik zear bipil, guren.
2
Gogo-ludia sortzen dauana,
ez ezpairik!, dogu ertia;
ezilkorra da beraren jantzi:
fede, maitasun, poz ta argia.
Ertiaren putz jaungoikozkora
gerkar Olinpu'n zan jaikia,
ertiaren su done bizira
Kapitolitar Zeus andia.
Ta aren olatu oldar eskergan,
eder ta maite-suz asea,
nakar-margozko maskor gaiñean
jaio zan Benus Kiterea.
Grezi, erraian giza-iduri,
bertso ta maite zituna eroan,
eta lorezko zoruntegiak,
gerkar Olinpu deun ondoan;
Grezi donea, bere pentzutan
jainkoak zaindu ebazana,
onetsia zu!, an ba ertia
jainkoztua izan zan bakana.
Eta ertian t'ertigaitik
garai atan ziran eratu
Diane ederran arpei sotilla,
Marte'ren mutur igar trastu.
Marpil ta urrean zanak puztutzen,
Fidia'k damo era, iduri,
ta Minerba'ren eta Atena'ren
edertasuna or da agiri.
Eta jainkoek dirdaitzen dauen
tximist-zizta, ñirñir artean,
Partenon burgoi ezin-obeko
arpillak doaz goratzean.
Ta an illezkorrak jazten dituan
ertien dizdiatze ori,
nainun ta beti dozu aurkitzen
ta nainun dozu bera jori.
Berealdiko dozu Asia,
bere jainkozko aspaldiaz;
Txina'k arrosko gorantza dagi
bere troskazko torreakaz.
Euren erraldoi goi-erpiñakaz
azken bagea jakin-aziz
dagoz, aldiaz nagusiturik,
Aigito'ko txuntxurrak neurriz.
Eta or dago ertia naro
arri-mokor zakar orreitan,
mairutar baratz ederrean lez
burdin-sare ikusgarrietan.
Ta bere izate oro bizi da;
bere jainkozko atsa dago,
bizantitarren gangako koro
edo pagoda goratuan.
Ta xixelak bai-dau aragitzen,
arria bizirik dirudi,
artzain-txirulak eta txirriñak
daragiskuen lez intziri.
Ta ark emoten dau neurri ta aria
ta orrekin, alai ta ospa,
Omer turuta soiñuan dabil,
Bergili txirulari oska.
Ta bere doe bikaiñen bidez
aizatzen dauz buru sorleak,
nota soiñutsuz lauki ederrak,
Paro-armolez olerkiak.
Goiargi-izpiz ordeazturik
ederra azaltzen gizonari;
baiña, buruan baiño geiago
biotzean da jostalari.
Argi-begia gorrizkatzean
beraren indarra dargisku,
goiz-nabarreko egun-urratzez
larrosa margoz, dirdiratsu;
negar eztiak soma orduan
ur-kulunka bare alboko,
erlauntz langille samur artean,
abi epelen ber-bertako;
sua, emokor, urdiña zear
dardarazko dagoanean;
Arrats il-berak aldero egin
eta kiñulari ibiltean;
aize-boladak bular ekaiztsu
artean txistuz joatean;
odai-erruak, ostotsez izor,
izugarri lerregitean.
Jainkoak bada, beti ta nainun,
piztu oi dau, ta suz asea,
jainkozko sugar baten antzera,
ertiren argi amaigea,
ta argi-diz onek oldez darabiltz
arri, xixel, ari ta lira,
t'estal, igaro ta argitzen dausku
eder eta eraren bira.
Museu betea dau aberasten
ta oskidetasuna iraunaz,
eta marmoa ta aiztoa daukaz
Koliseu'ri bizi emonaz.
An antzerkiak dirdir dagie,
trajediaren su ausartak,
jost-irudien sutzar beteak,
ziri-neurtitzaren txinpartak;
an orro dagi Prometeu'k izu,
aitz zakarrari uzkaldua,
usi latzaren sugar bizitan
biotza daula kiskaldua;
antxe, opamai done gaiñean,
izkutu-sua dago keetan...;
Edipo itsuak an dagi orru,
mosua kuin-kuin odoletan;
an, ludiaren kopet erdira,
argitasun bizi antzera,
birao miña jaurtika dago
Segismundo'ren esaera,
ta maite-griñak erneten dira,
erre ta xora oi dauenak,
ta Desdemona eta Otelo
sortzen dauz andi asmamenak.
Hamlet ezpaian; Ernani'k zaurtu;
Kleopatra'k, lizun, ziria;
zerura doa leun Margarite;
Faust oldozkor; dil Ofelia;
giz-antz bikaiña da moldetua;
lerro ta doiñu dira sortzen,
ta ames-laiñozko zeru-zubia,
ta itzezko trumoi-otsa, garden.
Zu andietsiz txalokatzeko,
Jainko garai ta donetsia!,
Zuk batez bere ixio dozu
ertiaren dirdai joria.
3
Onetsi bedi, bere eskuetan
burilla zorrotz artzen dauna,
ta arri samilla eta marpilla
landu, zaurtu t'ezten dauana!
Onetsi bedi, xixelez aitza
ozkatu t'ernerazten dana!
Onetsi bedi, liraz zamatu
ta pintzela bustiten dauna!
Onetsi bedi, naiak zuzentzen
dauan esku ausartaz, ea!,
Koliseu'an zut jasoten dauna
erraldoizko aurrekaldea!
Onetsi bedi, ots kidekoak
nastu, igi ta arrotzen dauzana!
Onetsi bedi ertia, sua,
olerkia daroazana!
Azken orduan eldu ta Jaunak,
bere opamai donetsian,
eder jarteko, otoitarri bat
egin ta jaso nai izatean,
eta au jasorik, Jainkoak ekar
eutsozan bi apak artzean,
beeko amaige danarena bat
ta goikoa bestea urrean,
ordun, ori izan daitekenean,
jaunak, goian egongo danak,
ertilarian gogo gaiñera
Halduko dauz suzko miiñak.
Eta argia, illezkor oso,
betiko uiñetan ibiltean,
danetarako ots-alkargoak
bere barren-notak iotean;
Aita gurena ostenduten daun
zapiaren euna urraturik,
egaz dagilla aize usaintsuak
zeru lurriñez txit aserik;
ederrak berak, goi-jauretxean,
bere anditasun betean,
Izadiaren ontziko kea
artu daroan bitartean,
ertilariak, beti aurrera,
azkenik eztaun leia atzetik,
Jainko-atsaren mosu gartsua
asmatuko dau, os-osorik.
|